Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008

 

 

TXOKOTIK UNIVERSORA

 

(2007-III-28)

 

      Gure txokotik kanpora goaz gaur. Gure bazter, zilbor, zoko jakinetatik kanpora. Bai: gu ere internazionalak, kosmopolittak, irekiak eta noranahirako lotsarik gabeak gara. Zein dira gure betiko txoko edo zilbor horiek? Jakinak dira: New York, Berlin, Konstantinopla, Bartzelona, Xangai, Marraketx, London... Ez: hori baino irekiagoak gara gu hemen. Nora joko dugu gaur orduan? Erantzuna haizean dabil, edo airean, blowing in the wind.

 

(Entzuten da Laja eta Landakandaren “Gure estuasunak” piezatik azken puska:)

 

            Hola izaten omen da neskatxa hoien jira, (bis)

            deskuidatzen danari poltxikotik tira;

            eskerrak gure andrak ez dauden begira,

            hemen ez dek giro ta goazen Azkoitira.

 

      Landakandaren ahotsean jakin dugu mundu zabaleko zein tokitara jo behar dugun gaur: hemen ez dek giro ta goazen Azkoitira. Ze nobedade, ze berri dago Azkoitian? Ze galdu zaigu han? Ze aurkitzen dugu? Nobedadeak gero eta bakanagoak dira, propagandak besterik badio ere, eta hainbestetan esan beharra daukanean zeozergatik izango da; hemen iruditzen zaigu mundua gero eta berdinagoa dela, mundu zabala gero eta zapalagoa dela. Globalizazioa esaten diote batzuek, baina globoa baino gehiago laua eta zapala dela esango nuke gure zera hau; beharbada hustutako globoa izan liteke, zapal-zapala ez bada ere.

      Globoa utzi eta logoa hartuko dugu kontuan. Azkoitiak logo bat asmatu du bere buruarentzat. Logoa: irudi korporatiboa edo indentitate korporatiboa deitzen dutena; industriaren produktuetan “marka” izaten dena, marka errejistratua, trade mark.

      Lehen, mundua horren zapala ez zenean, zabala zenean (mundua irekia da orain oso, dakigunez, baina ez da zabala, baizik-eta gero eta estuagoa), lehen beraz, armarriak izaten ziren etxe on edo haundietan; irudi enblematikoak, ikurrak eta abar zabal bat ezagutu dira; gaur logoa, irudi edo identitate korporatiboa da dena. Gauza guztiak, erakundeak eta abar, korporazioen pare jarri dira, korporazio industrial eta merkataritzakoen pare. Helburua saltzea da, eta dirua mugitzea. Pertsonak izena (gehi zenbakia) eta maskara dituen bezala, geure burua giza-merkatu, azoka edo ferian saltzeko, erakunde edo entitateek ere izena edo siglak eta iruditxoa dituzte, logoa: ez dago gaur egunean ezer, ez omen da ezer saltzen, logo, marka, irudi, identitate eta holakorik gabe. Logogintza bera ere industria haundi xamarra bihurtua egongo da; dudarik ez dut egiten. Eta beraz, panorama honen erdian, Azkoitiak ere bere burua saltzeko, hobeki saldua izan dadin, bere logoa atera du. Hauxe da berria, nobedadea; berria ez den berria, korporazio edo entitate guztiek egiten dutena egitea, ez baita berez ez berri eta ez nobedade.

 

 

      Nolakoa da logoa? Zer ikusten duzue logo horretan? (Zer-esan pixkat ematen digu logoaren itxurak: itxi gabeko borobil bat ote den; barruko puntua lotsatuta ote dagoen edo irten nahi ezik; beste biak ote diren sarrera aurkitzen ez dutenak, eta hola). Nere begientzat, ustez berritzailea, modernoa eta ausarta bezain itsusia da, edo hobeki esanik, ezereza, ezer ez dena eta ezer ez duena, ez graziarik eta ez ezer, baina, nola ez!, oso esanguratsua edo esanahi haundikoa da; hori baita arte modernoaren gaitza, sorrerako gaitza: ezer ez du esaten eta horregatik da esanguratsua, asko esan gura edo nahi duena, eta ezer esan ezin duena, eta, ordainetan, hitz gizenez hainbeste esanarazi behar zaiona. Gure zera honetan borobila, borobil gorri edo laranja, ez da osoa, etena bezala dago; hiru puntu urdin ere badaude, kanpoan haundixe ta txikixe, eta barruan entrebittartekue; osoa ez izate horrek, borobil etenak, irekitasuna adierazten du; zer adieraziko du ba gaur egunean “irekitasuna” ez bada? Irekitasun osmotikoa, osmosia, ez dakit gogoratzen zareten eskolatik zer zen, kanpotik barrura eta barrutik kanpora edo. Esan-postura edo erretorika standard, txepel eta gauzeztan guztia bereganatu dute Azkoitiko gaurko agintaritxo edo kakalleritoek, eta erretorika hori da, jakina eta jakinegia denez, gune irekiarena: herrixek kanpoan bere balioak erakutsi eta aldi berean kanpoko eragin eta ekarpenetara irekia egon (hala esplikatu dute beaxek). Dena da gaur gune irekia, eta horregatik da ezer ez esatea bezala. Guggenheim gune irekia da eta gaztetxe bat ere bai, edo herri bat, edo, zergatik ez, pertsona bat ere bai, eta kartzelako edo zoro-etxeko zuzendariari galdetu ezkero, hark esango digu baietz, hura ere gune irekia dela bere gisara.

      Beste gauza bat ere badago, eta deitzen zaio megalomania, edo haundinahia, haundikeria: gauza haundiak egitea, krixtonak, eta hau ez da Azkoitiko agintaritxo edo, hitz zatarragoz diogun bezala, kakalleritoei etorri zaien gaitza; bazter guztietara sartu den gaitza da. Beste adibide bat jartzeko, herrixen bertan, Azkoitiko herrixen, Pilotaren Zentroa dago edo ari dira egiten, haunditzen eta haunditzen, eta hor daude dagoenekoz 6 frontoi esperimental (sic!), euskal herriak aina frontoi, Nafarroa bakarrarekin: “Oteizaren frontoiak” deitzen dira, edo diete. Haundikeria, faraonismo hiritar garaikidea. Artearekin eta kulturarekin lotzen dute Azkoitiko ideologoek herriaren identitate edo dena delakoa, baina gero, konparazio batera, 10 urte pasa gauzak behetik antolatzen ari den matadei zaharra bota egin nahi dute, kakallerito planifikanteek mahai gainean edo pantalla batean ez-dakit-zer eraikin edo eraikuntza “aurreikusten” dutelako. Gauzak egite hutsak ez die graziarik egiten; gogoz eta gustuz egiteak ez die ezer esaten: fakturazioa behar dute, diruaren mugimendua, trapitxeoa, edo beren hitzez esanik eta gainzuriturik, hazkundea, garapena eta berrikuntza. Horretarakoxe asmatu dute logoa, besteak beste: saltzeko.

      Baina agintaritxo edo kakallerito jende honi, laineza, txoro-haizea eta satisfaixue sobran edukitzeaz gainera. zer gertatzen zaio? Ba, gertatzen zaio, ailegatzen ez den jendea dela, hau da, motza. Honetan ere ez dago salbuespenik: boterean dauden denak dira holakoak, dira eta izan beharra daukate, zeren boterea ailegatzen ez den jendearentzat baita, hots, sinestera eta obeditzera ailegatzen den jendearentzat da, eta ez beste ezertara (agintzen egoteko aurrenik obeditzen ikasi beharra dago). Orduan, ailegatzen ez den jendeak maiz egiten duena da jo-ta-pasa: neurri denak hautsi eta beren haundikerian parregarri gelditzen dira, eta horixe gertatzen zaie Azkoitiko agintaritxoei eta hauei agintzen dieten tekniko eta ideologoei. Beste behin ere esan genuen nola garai bateko zoro deklaratuek, haietako askotxok, Napoleontzat eduki ohi zuten beren burua; ailegatzen ez den jendea izatea, ez ailegatzea eta botere-gose neurrigabean jo-ta-pasa egitea oso bat eginik aurkitzen ditugu historia garaikidean ez ez-garaikidean.

      Baina logoa ikustea ez da aski; has gaitezen logoan jartzen duena irakurtzen, han baitago hitzez emana herriaren zertasuna edo nortasuna. Zer da Azkoitia? Zer ageri da logoan? Honako hauxe: euskaraz, gure ezkerretara, kultura eta artearen txokoa, eta erdaraz, eskuinean, universo del arte y la cultura.

      Artea eta kultura ordena diferentean ageri dira batean eta bestean, baina hori huxkeria da haundienaren aldean. Zeren haundiena, izugarriena, gaurko agintaritxo edo kakalleritoak Historiako liburuetara pasaraziko dituena, disparatearen historiara esan nahi nuke, honako hauxe baita: entzun beza ongi munduak: Azkoitia, euskaraz, txokoa da, eta erdaraz universo! Hau da jendetxo honek gizajende edo humanitateari egin dion ekarpena; ez kulturari, ez politikari, baizik-eta espezieari berari, munduaren pertzepzioari, ikusteko erari... zeri ez?

      Unibertsoaren zera hori oso arriskutsua da. Bang Haundian hasia omen da eta Crunch Handiagora doana, kolapsora edo hondamendira; mugak omen ditu baina zerekin den mugakide jakin gabe; hedakorra omen da, baina nora hedaturik ez daukalarik, Dagoen Dena delarik. Unibertsoak ukitzen duen oro gezur bihurtzen du: Miss edo Mister Unibertso izendatua dagoena denik-eta gorputz ederrena izatea... jakina da gezurra besterik ezin izan daitekeela; orain urte batzuk Euskararen Unibertsoaren zirkua ikustea ere tokatu zitzaigun: euskararen txokotik euskararen unibertsora egin zen jauzia orduan, eta badakigu nola ibili zuten ama euskara estadioetako ikuskizun bihurturik. Nik, esan beharrik ere ez dago kasik, nahiago dut txokoa; kasik edozein txoko nahiago dut unibertsoa baino; erosoago eta gozoago sentitzen da bat txoko polit tamainako batean unibertso beldurgarrian baino. Neri gustatzen ez zaidana da betiko partizio hori: euskaraz txoko, erdaraz universo: hori da parregarrikeria, lotsagarrikeixe ta lotsagabekeixe. Zergatik ez aldrebes? Euskaraz unibertsoa eta erdaraz rinconico del arte y la cultura? Ez, hori ez: nola ba?

      Lehen esan duguna: ailegatzen ez den jendeak maiz jo-ta-pasa egin eta parregarri gelditzen dela. Bilbo hautsi du Azkoitixek: Bilboren, Bilbaoren haundikeria hautsi du, zeren Bilbo mundua baita (“mapamundi de Bilbao”), baina Azkoitixe unibertsue; barkatu: universo.

      Frontoi esperimentalak eta denak egingo zituzten, baina agintaritxo kakallerito hauek ez dakite Atanok, Atano III.ak, Mariano Juaristik egiten zekiena egiten. Zer? Txokotik zabalera sakatzen ez dakite. Hark egiten omen zuen hori egoki. Nik ez dut sekula inor ikusi txokotik zabalera ateratzen, baina hark ba omen zekien horretan ere. Hauek ez dakite, jakina, txokotik zabalera ateratzen; hauek txokotik unibertsora sakatzen dute, eta jo-ta-pasa egiten dute beti.

      Askotxo esatea da hori gainera. Neretzat jendetxo hau beti dago zabalean; zabaleko arrastotik haruntz beti. Handikoaldien. Eta jokoari, jolasari eta biziari bizkarra emanda. Dirua mugi eta mugi. Jokatu egiten dute, bai, baina pilota-barruan dirua dutela, diru-papera. Hauek, partidu honetan, korredoreak dira, artekariak dira eta ez besterik. “Ehun berrogeiri” eta “mila ehuni”, eta diruaren numeroak ahotan beti. Korredore, trapitxero edo exekutibo diru-kantariak.

      Jar dezatela garbi logoan: Azkoitia, dirua mugitzeko artearen eta dirua mugitzeko kulturaren beste txoko unibertsal bat, mundu zapal honetan.

 

 

Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008