Nere gorringotik
MENDIRA HILTZERA
(2007-I-24)
Urdaburu, Adarra, Onddi, Aiako Harria eta beste gehiago ere ikusten dira hemendik, Goizueta eta Arantza gaineko mendiak, Mandoegi edo Ekaitza edo auskalo zein eta zein gehiago. Gezurra dela irudituko zaizue baina ni bi hanka hauek horietako batzuen gainean ipinia nago: hankak ez badira ere, botak bai behintzat. Ez naiz sekula oso zalea izan, oso mendizalea, eta are gutxiago mendigoizalea; hitzak atzerakada eman izan dit beti, besteak beste, uste nuelako, oso gerora arte, mendigoizalea zela goiz jaikitzen zena, eta goiz jaiki beharra zegoela, eta goiz jaikitzearen zale zen jende-modu bat zela hura, eta gerotxo arte ez nuen jakin ez zela “goiz” baiziketa “goi”: “goiz” hark ez zidan graziarik egiten batere, eta “goi” horrek ere ez gehiegi, gaur behintzat: goi, gain, tontor, gailur... gurutze eta guzti. Haraino iritsi beharra, bukatu beharra, azken baten beharra; eta gero, jakina, denbora, desnibela, antolaketa eta beharrezko materiala, osagarriak eta. hitz batean esateko, infernu bat. Nietzscheren pentsaera edo sentierarekin egiten dut bat, idatzi zuelarik, gutxigorabehera, eta buruz ari naizelarik: “Ez hadi igo gailurreraino; ez hadi gelditu erreka-zuloan ere; erdi-paretik begiratuta dituk bazterrak ederkienik sumatzen”. Goazen orain Urkiola aldera, Anbotope ingurura, Atxondo edo Atxarte edo auskalo nora; 1940-45, gehienez 1950 ingurua da, eta Eibarko gazte batzuk atxean gora, haitzean, harrian eta harkaitzean gora abiatu dira. zuzen-zuzen, ez bidetik, ez astoaren jakinduriak erakutsitako bidetik (mendiko bideak, edo haietako asko bederen, astoaren martxari begiratuta egiten edo ebakitzen ziren, zergatik? eta astoak nonbait beti toki errazenetik jotzen duelako; astoa edozer gauza izango da, baina astoa ez da tontoa, ez da ergela, tximinoa eta tximinoaren hazitik etorritako gure kasta hau bezala). Orain 60 bat urte, beraz, Eibarko gazte batzuk haitzean gora abiatu dira Anboto inguru horretan, eta. artzainak, pastoriak ikusi ditu gazte horiek eta, jakina, ezin sinetsi; “baie, baie, ze dok hori?, zoratute jazak horreik ala?”, egingo zuen bere artean. Eta deiadarka hasi zaie: “hortik eeez!! hortik eeez!! hortik eztalaaa!!”. Sekula ikusi gabea izan hura inor haitzean gora zuzen igotzen, eta larri gizona. Baina halaxe zen gauza: astoaren jakinduria edo zuhurtzia utzi eta ahuntzaren abildadeak haustera jarria zegoen tximino ergelen umea, hau da, gure kasta, arraza edo espeziea. Eromen garbi bat, zoramen hutsa zen, Urkiolako pastoriaren begietan, baina eromen hura iritsia zegoen, hasia zegoen, edo zabaltzen hasia zegoen hemen hauetan orain dela hirurogeiren bat urte. (Eibartar gazte haietako batek, 1922an jaiotako Juan San Martin idazle eta euskaltzain zenak esan zizkidan kontu horiek oraintxe dela hamabosten bat urte. Bere burua aitzindaritzat zeukan, eromen haren pionerotzat; berak ez zidan “eromen” esan: nik diot hori). Gauza berri bat zen, ideia berri bat, kontzeptu berri bat. Eromen baten hasiera. “Haitzean gora zuzen tontorreraino”. Gauza tonto bat, giza-gauza tonto bat, beste makina bat bezalaxe. Denborarekin, ordea, gauza eroa eta tontoa izateari utzi eta ideia edo kontzeptu normal eta jakina bihurtu zen, errealitatean sartu zen: gaur, aspalditxotik, ez da artzainik aztoratzen jendea haitzean gora ikusita. Haitzean gora. zertara? lanera, Olentzeroren pare? Olentzero “mendira lanera” joaten zen, ezta? Kantuak hala dio behintzat. Haitzean gora, orduan, zertara? Zerbaiti heldu beharra dagoela eta harixe heldu, pareta huts bati? Helburu batzuk behar direla, eta horiexek jarri bere buruari? halako eta holako tontor eta gailur “egitea”? (eginak ez baleude bezala) Zer da? body-building? gorputza eraikitzea? edo soul-building? beren burua gainditzea, superatzea? barruko kabitu-ezina tapatzea? Eta lanera ez bada, zertara joaten dira... jolasera? Agian hor egon liteke giltza: jolasa izan liteke, jolasean ibiltzen dira, bai... baina heriotzarekin; heriotza hor baitago zain, hantxe behean. Beheko zuloko harriaren gainera erori eta puskatuta gelditu: horrek asko edertzen du jolasa, edo edertuko du, edo bizituko du edo ez dakit ba nik... hirurogeitaka urte pasa dira ixtori hau hasi edo zabaldu zenetik hemen, baina nere moduko astoentzat oraindik ez dio utzi gauza tonto-ero bat izateari. “Kontzeptu normal eta jakina eta erreala” bihurtua dago aspaldian, bai, halaxe esan dugu eta halaxe da, baina oraindik asto askok eta askok Urkiola aldeko artzain hark bere artean zioena esaten dugu: “baie, baie, ze dok hori? zoratute jazak horreik ala?”. Ez dakigu heriotzarekin den jolas hau, baina heriotza hor dago jolasean gorputz gazteen bizia noiz ebakiko. Azkenak, gure bazter hauetan, eta denok jakin dugunez, Bortzirietan izan dira eroriak, lau batera samar, eta Sestaon beste bat. Hangoak, esan nahi dut. Eroriak non? eta Ezerezetako Paretan. Bazter horiei guztiei deitzen diet Ezerezetako Pareta, denak bat baitira, denak gauza bera baitira; sailkatuak edukiko dituzte, zailtasunaren arabera ere sailkatzen dituztela uste dut, numeroekin eta letrekin. eta bai, lanak hartzen dituzte sailkatzen, hain zuzen ere, denak direlako igo edo garaitu edo menderatu beharreko pareta: pareta bat eta bera azken batean, gure ezinbiziaren kulpa egotzi diogun pareta azken batean: Ezerezetako Pareta, deus ez dagoen parajea, ahuntzek ere etsitzen ez duten ezlekua. Eta han da, nonbait, batzuen gozamena eta atsegina. Eta bai, baliteke, baina nik ez dut sinesten. Ez dut sinesten gozamena eta atsegina denik paretan eta tontorrean bilatzen dena. Beste gauza bat da; eta da “honaino iritsi naiz”. Horretan utziko dugu: “honaino iritsi naiz”; ez diogu izenik emango, ez izenondorik, adjetiborik eta kalifikaziorik, gehienbat Sestaon, Beran eta Lesakan zenbait etxe-zoko eta bihotz-zulotan pilatzen den oinazean aztarrika ari garela esan ez dezaten. Sestaon, Beran, Lesakan, Bortzirietan, Hamabortzirietan, lautan hogei eta bortz hiri eta herrietan, hau da, aunitz hiri eta herritan, edo bertzela erranik, guztietan. Denean baitaude haraino (ezdakitnoraino) iritsi behar zutenak eta heriotza erreka-zuloan zain aurkitu zutenak. “Honaino iritsi naiz”, beraz. Neil Armstrongek ustez ilargia zapaldu zuenean esan zuena datorkit gogora: “Pauso txiki bat neretzat, pauso ikaragarri bat gizajendearentzat”; halaxe esan omen zuen Neil Armstrong eskafandratuak. Honaino iritsi naiz: honaino iritsi gara; gizajendea edo ni, berdintsu dio. Ez nekien zer egin neure buruarekin (gizajendeak edo nik, berdin dio), eta honaino, haraino eta haruntzagoko zeraraino iristera dedikatuko naiz. Gozamena eta atsegina aipatu ditugu lehenago. Zeharkako froga bat orain ikusteko ixtori hau ez dela gozamenezko eta atseginezko kontu bat. Eta froga da lanean jai hartzeko aukera ematen duela. Inork esango balio nagusiari: “Begira, nagusi jauna, hemen pare bat urte daramatzat batere zeratu gabe, eta nahi nuke jakin ea astebete emango didan jai Brasilera joan eta hoteletik atera gabe... horixe, atera ere egin gabe pasatzeko; gozamena eta atsegina oso inportanteak baitira, nagusi jauna”. Eta ez, badakigu ezin litekeen gauza dela. Baina Ezdakitnongo Paretatik Badakitnongo Tontorrera iristeko, bai; horretarako ematen dute jai. Gauza tonto-ero hura hagitz kontu serioa bihurtua baitago gaur egun, serioa eta ohoragarria. Lanean ere heriotza, gaixotasuna, ezkontza edo gurasotasunaren pare da: oso gauza serioak, lan-egunak libre hartzeko modukoak. Ez hori bakarrik: gauza tonto-ero hura gaur promozionatua dago, eta sponsorizatua. Jolas hilgarri bat, hiltzeko jolas bat, promozionatua eta sponsorizatua: autoen, autobideen eta abiadura haundiko autismoaren pare. Alde batekin: autismoaren eta abiaduraren biktimei ez zaie omenaldi publikorik egiten; hildako yonkiei ere ez zitzaien holakorik egiten, eta heriotza eta beren hutsa lagun harturik zebiltzan jolasean haiek ere. Aurreko aste horietako batean Bortzirietan harrera publiko jendetsua egin zaie mendigoizale eroriei. Egun haietan bi gauza iritsi ziren nere belarrietara, hemen ateratzea merezi dutenak, nahiz-eta omenaldi eta intsentsu giroan ongi eman ez, eta oinazezko eta galerazko giro batean belarri askori batere graziarik egin ez. Batek geldetu zidan “ea ze meritu egin duten hildako horiek beren herrian txaloka hartzeko”. Beste batek esan zidan berriz, gorpuak kiroldegi batean jendearen bistan jarri zituztelarik, “gerrako heroiak” ematen zutela, gerrako hilak holaxe jartzen omen dituztela ezdakitnon. Heroi txalogarriak, beraz. Eta hala badirudi, zerbait izango da. Paretan goiti tontorrera bidean doana heroi bihurtua dago. Zerbait ordezkatzen baitu: beren jendea, herria edo dena delakoa ordezkatzen dute. Ordezkatua den zera horrek pentsa dezan: “haraino iritsi dira, haraino iritsi gara”. Armstrongekin humanitatea ilargira iritsi zen bezala. Zerbaiten edo norbaiten izenean dabiltza eta hargatik ohoratzen dituzte bandera artean. Bestela ez da posible. Eta nik diot: “eromen hura urrutitxo ailegatu da”. Edo bestela, Urkiolako artzainak bezala esango dut: “hortik eeez!! hortik eztalaaa!!”. Edo bestela, gaurko erara esango dut: “ez nere izenean; nere izenean behintzat ez”.
Gogora ekar dezadan hemen nere jarduna bukatu bezain laster irratira deitu zuen beratarra, esanez “adierazpen askatasunaren alde” zegoela, baina min eman ziola nere erretolikak. Hari, paper-arte honetatik gogo onez goraintzi.
Nere gorringotik |