Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008

 

 

AMA EUSKARA

 

(2007-VI-6)

 

      Aurtengo nere kurtsoaldi edo sermoi-urte honetan, konturatu naiz. pentsatzen jarrita ohartu naiz ez dugula, ez dudala kasik batere hitz egin euskararen gainean, euskarari buruz. Gauza ona da hori, dudarik gabe, eta oso osasungarria, euskarazko jendea euskal kontzientziaren putzura kondenatua dirudien sasoi honetan; sasoi luzean eta aspaldi haundian, dena den bezala esateko. Gauza ona, beraz, baina xelebrea ere bada nere formazio edo desformazio profesionalak zein diren eta zein izan diren kontuan harturik. Zer esan nahi du horrek? Ba, seguru asko, euskararen zeretatik kanpora ere gauza harrigarri asko dagoela bazterretan, hemen astintzea merezi dutenak. Baina nere sermoi-urtea badoa (hil honetan bukatzen omen da; hala esan didate hemen agintzen dutenek), eta ohartu naiz ezin utziko ditudala hemen atera gabe euskararen inguruko zenbait kontu politt, eta beraz, gaur euskararen inguruan hitz egingo dut, salbuespen gisa.

      Aurreneko puntua: zer gertatzen da ama euskara, ama euskal herria eta holako gauzekin? Horien zuztarrari eraginez hasiko gara gaur, beraz. Ama lurra ere hor dago, eta hau badirudi munduan barrena aski zabaldua dagoen zera dela: mother earth, madre tierra, pachamama (azkenengo hau oso maitea dute beren nortea Hego Ameriketan daukatenek). Lurra, beraz, ama izango litzateke, emea; aita zerua izango litzateke, ortzia. Horren kontra egin duenik bada, eta hemen bertan, Patziku Perurena batek beti esan izan du lurra, hemengo lurra ez dela beretzat emea, baizik-eta, izatekotan ere, arra, takarra, zakarra eta malkarra. Hortxe dago eztabaida.

      Beste eztabaida bat izan liteke, eta izan ohi da nazioen eta estatuen rotulo edo bataio-izenak sartzen direnean hor tartean; lurrak, lur-eremuak eta lurraldeak bataiatzera jartzen denean jendea. Konparazio batera, Leitzako bertsolari espaņolista famatua egin zaigun Pello Urkiolak (eta badaezpada diot: bazen ordua bertsolari espaņol bat, bertsolari espaņolista bat ager zedin; ni neu bertsolaria banintz, dudarik gabe bertsolari espaņola eta espaņolista izango nintzateke, xaltxa pixkat, bixi-punttu bat jartzeagatik gehienbat bertso-funtzioetan eta, oro har, funtzio euskalyatorretan), bada Urkiola jaunak, Nere hitze bertsoatan izeneko liburuan, eta ez da argitaratu zaharra, kantatzen dio “nere ama lurra den Espaņi”ri. Amatzat hartzen du honek ere lurra, nahiz-eta gero aita-izen bat ematen dion; eta halaxe da, zeren Espainia, nazio baten izena, estatu baten izena, ezin izan liteke ama, ezin har liteke amatzat nazio edo estatu bat. Espainia aita baten izena da, eta ez du lurrarekin zer ikusirik, eta ezta Euskal Herriak ere: Euskal Herria con-acento-en-la-i ere aita-izen huts bat da. Ez dute lurrarekin zerarik, baizik-eta lurraldearekin.

      Ama euskal herria agertzen hasten da euskarazko tradizioan xix. mendearen bigarren erdikan. Aurretik Iztuetak-eta “ama Gipuzkoa” dute ahotan. Baina hemen ama euskara dugu bereziki gogoan, eta hori ere garaitsu horretan hasten da agertzen, xix. mendearen bigarren erdikan. Zer gertatzen da hor? Bi gauza, nere ustez. Batetik, emigrazioa; Ameriketara joan beharrak indar haundia hartzen du; bestetik, euskararen ahuldade eta galera azkartuz doa. Orduan amaren irudi horrek indar haundia hartzen du. Euskal herria eta euskara amatzat hartzen dira, esanez bezala: zergatik utzi ama? Zer bihotz gogor behar du batek, hola, bere ama bazterrean uzteko, atzean uzteko, ahazturik uzteko? Hor jaiotzen da, nere ikerketatxoen arabera, ama euskal herria, eta bereziki ama euskararen zera hori. Hor jaiotzen da ama euskara; hor bihurtzen da euskara ama.

      Emetua lehendik ere bazegoen. Larramendik, xviii. mendean, hala dio: “[euskara] zartu dek, atsotu dek, ainbeste urteren epean atsotu bear; baņa itxok, oraindikan bizkorra zeagok” (atsotu, eta ez aguretu). xx. mendearen aurreneko muturrera pasatuz, Txirritaren “Amets bat” izeneko bertsoetan amona bihurtua dago; “bart ametsetan amona xar bat / inguratu da nigana” hasten dira bertso horiek, eta halako batean dio: “baju-bajutik galdetu niyon: / ‘Ama Euskera al zera?’. / Erantzun ziran: ‘Bai, alaxe naiz, / baņo egin det zartzera’”.

      Eta hau dena honetara dator, honako hau esatera; hau da gaurko tesi edo hipotesia, belarriak ondo zabaldurik entzun beharrekoa: ama euskara ia osotara ezkutatu da, zeren ama euskarari, azkenengo 25-30 urte honetan, takar antzean esanik, potroak hazi, sortu edo jaio baitzaizkio. Ama euskara aita euskara bihurtu da: horra nere gaurko tesi edo hipotesia. Eskolako hizkuntza bihurtu da, eskola-orduetakoa behintzat bai; lanerako ere behar da, lan batzuetarako behintzat derrigorra da leku askotan; mundu ofizialean ere esistitzen da, gehiago edo gutxiago. Aita euskara gehiago da gaur, ama euskara baino. Horrek beste aldaketa bat ekarri du: xx. mendean euskaltzaleak oso kezkatzen ziren emakumeen erdararako joerarekin. Gaur egunean nik esango nuke gauzak oso bestelakoak direla: euskara gutxiko herrietan, hau da, ia herri denetan, mobida euskaltzaleetan, euskararen aldeko kontzientzian eta praktikan emakume gazteak gehiago dira, oro har, mutil-jendea baino. Emakumeak... eta gay-jendea ere bai, hori bistakoa den neurrian; esan daiteke gay-jendea lehengo aldean euskaltzaletu egin dela. Hau da: euskaltzale izatea, euskara maitatzea. gauza emea dela gehienbat gaur, gauza emea eta gay-kutsukoa; edo, gizaseme gogortxoen tankeran esanik, emekeria eta marikonada bat. Eta hori dena, esanda bezala, ama euskara aita euskara bihurtu delako. Badakit hau tesi edo hipotesi folkloriko edo psikoanalitiko merkea izan daitekeela, baina horrek ez du esan nahi derrior dena gezurra denik.

      Gaur esatera etorri naizen bigarren gauza da huts haundi bat aurkitzen dudala euskaltzaleen eta euskalgintzaren politikan. Gaur zortzi esan genuen “euskaraz bizitzea” eta horiek ez direla gauza zailak, oso erraztua dagoela hori, eta hemen askori lanak emango lizkiokeena “euskaraz hiltzea” dela. Ba hor dabiltza euskaltzaleak aita euskararentzat lurralde berriak irabazten: administrazioan euskaraz; epaiketak euskaraz; lan-mundua euskaraz, eta abar eta abar. Hau da: dena mundu ofiziala, mundu deklaratua, mundu zuria. Baina hizkuntzaren bizitasuna, edo bizitasunik eza, deklaratu gabeko mundu edo azpimunduetan gehiago nabarmentzen da, eta hori jakiteko ez dago soziolinguistika masterrik egin beharrik; aski da zentzu komun pixkat.

      Neri buruan sartzen ez zaidana da zergatik ez zaion, nik dakidala, inori bururatu honako gauza hauetan euskara sartzea: Viciosisima. Aniņada. Frances, griego. Bien dotado. 23 cm. reales... eta abar luze ongi osatutako bat. (Badaezpada esan, reales horrek benetakoak esan nahi du, ez erregetiarrak). Hau da: egunkari prostifikatuetan Relax deitzen den mundua, lan pribaturako eskaintza publikoak. Zergatik ez du inork eskatzen mundu hori euskalduntzea? zergatik ez du inork lanik egiten mundu hori euskarazkotzen? Inork uste al du benetan, hizkuntzaren bizitasun edo indarraren aldetik, epaiketak euskaraz egitea inportanteagoa dela beste mundu hori euskalgirotzea baino? (“Euskalgirotu” hizkuntzaren aldetik esan nahi dut, jakina).

      Orain hilabete batzuk, Diario V. Gipuzkoako egunkari prostifikatuenean honako hiru ale hauek aurkitu nituen, Relax izeneko sailean, euskara pixkat zutenak: (1) Arantxa. Euskalduna. Complaciente, morbosilla (...) (bo, hemen ere badugu Arantxa bat, euskalduna, konplazientea ez dakit, baina sillan eseria dago, eta morboa eman lezake, bai); (2) Euskalduna. Maite. Cariņosa, elegante; eta (3) Euskalduna. Mertxe, potxola, goxoa, madurita. Grandes pechos. Discreto.

      Eta egun horretan bertan Noticias de G. izenekoan, honako hauxe, hasi eta buka dena euskaraz: Etxeko andrea. Ez profesionala. 35 urte. Gozoa, gozoa. Holaxe, bai jaunak! Ez naiz ezer asmatzen ari: “gozoa, gozoa”.

      Huts haundia dago hemen, beraz. Eta zerbitzu eraginkor baten premia. Nik neuk ez nuke batere eragozpenik izango, adibidez. hobeki esanik, ohore haundia litzateke neretzat putetxetik putetxera ibiltzea horko langile nobleei euskarazko hizketa gozoa erakusten: gozoa, gozoa. Putetxera doan mutilzaharrak eta batik bat gizon ezkonduak horixe behar baitu: gozotasun pixkat, larru-paxaratik aparte. Erakutsiko nieke, beraz, beren bixitari edo bezeroei galdetzen, ama-jendeak galdetzen duen doinuarekin eta gozotasunarekin: “ze nahi zenduke, xeme?” (zer?, nola?, nondik?, nora?...). Edo hiztegitxo txukun batzuk ateratzen ere lagun nezake, munduaren lau ertzetatik etorritako larru-langileei erakusteko “le langage de l’amour” euskaraz antzezten jator eta gozo. Askoz inportanteagoa baita ama euskararentzat... aita euskararentzat ez dakit, baina ama euskararentzat askozaz inportanteagoa baita hori, inondik ere, inprimakiak euskara lehorrean betetzea baino.

      Proposamena egina gelditzen da, ama euskararen ume zintzo honen partetik.

 

 

Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008