Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008

 

 

GORRINGOA ETA ZURINGOA

 

(2006-X-18)

 

      Arrautzak dakartzat gaur, eta arrautzen gainean hitz egiteko asmoan etorri naiz.

      Hasiko gara esanez arrautzaren grazietako bat, eta ez txikiena nere gusturako, bikoitza izatea dela, duala, bitarikoa. Horregatik da, besteak beste, gure gustukoa arrautza. Zuringoari eta gorringoari esker dauka arrautzak bitarikotasuna eta dualtasuna. Horretaz ari naiz ni; ez arrautzak platerean binaka ikusteko daukagun ohituraz. Ni, bestalde, tortilleroa ere banaiz, tortillero gastronomikoa bai behintzat, ez tortillero sexuala oraingoz behintzat, eta ezta tortillero pentsamenduzko edo jardunezkoa ere. Zergatik? Tortillan, arrautzopilean, dena bat delako, ez delako bereizten gorringorik eta zuringorik, eta neri “dena bat” horrek, “dena erabat”, “denok bat” eta horrelakoek ikara ematen didate eta bihotzerre esistentziala. Biko horrekin ez dugu esango ikaragarri lasai gelditzen naizenik, baina lasaixeago bai inondik ere. Hirua dut nik bestela maiteena, eta numerorik eza oraino maiteago, baina aukeran bataren eta biaren artean bia dut nahiena: “bat eta bestea”; “hori bai baina beste hori ere bai” edo “beste hori ez”, “gorria bere zuriarekin”, “zuria bere gorriarekin”; dialektika, kontraesana, kontraizana, edo nahiago bada, federik ez bat den ezerekin, bat den ororekin; federik ez litsik eta birbitsik ez duen bat bete batekin.

      Zuringoa eta gorringoa ikusteko eta probatzeko hautsi beharra dago azala eta oskola. Hauts dezagun bada, eta esan dezagun hemen, mintzaleku honetan, ahal dela gure gorringotik mintzo garela, eta gorringoari gustatzen zaizkiola gauza onak. Hori da gorringoaren zera: gauza onak gustatzea, hau da, bizitzea, egia esatea edo gutxienez gezurra salatzea, eta ondo pasatzea. Gauza onak, arrazoizkoak eta bihotzezkoak. Ondo pasatzea esan dut, baina ez merkatuan dauden entretenigarriekin konturatu gabe aspertzea; “ondo bizitzea” ere esan nezakeen, baina hori oraindik arriskutsuagoa da, zeren merkatuak eta administrazioak hori ere neurtua baitaukate bere erakusgarri edo indikadore ekonomikoen bitartez, eta aise deklara dezakete gure aspermen, nazkamen, itomen eta gainerako men gaizto guztien gainetik, gu oso ondo bizi garela, hemen oso ondo bizi garela; indikadore horien numeroek ez dutela gezurrik esaten eta are gutxiago gure paradisu honetara etorri arteko onik ez zeukaten itotako subsaharianoen gorpuek.

      Bo, gorringoaz ari ginen, baina zuringoaren txanda da. Zuringoari, marka da, baina ez zaizkio gauza onak gustatzen; gustatzen zaizkio inuzentekeriak, ergelkeriak; gustatzen zaizkio koipea, aparra, kea, gizena, gauza zuriak, ezgauzak. Gure zuringoa ez da biziaz, bizitzaz axolatzen; gure zuringoa gehienez ere biximoduaz axolatzen da, bixi-teatroaz, baina bereziki axolatzen, arduratzen, kezkatzen eta kakazten da esistitzeaz: horixe da bere gerra eta ezinbizia. Gure zuringoak hain maite duen esistitze hori da azaltzea, han eta hemen azaltzea, izena eta omena, fama, ospea, entzutea, ohorea, dirua, bedeinkazioa. Bizitzea eta esistitzea oso bi dira, oso bana dira. Eta hain da hori horrela non herri-hizkeran oso errotua egotera iritsi baita bizitzea eta esistitze hutsaren arteko kontrajartzea. Gure bailaran oso arrunta da, arruntegia eta ohizkoegia aukeran, konparazio batera, “ze, bizi al haiz?” galderari etsipenezko “bizi? bo, esistitu” esanez erantzutea. Eta oraino garbiago: esistitzeko, azaltzeko, aipatua edo referentea izateko ez dago berez bizirik egon beharrik ere. Hilda gero ere, asko, ikaragarri esisti daitekeelako, eta ezin ukatuzko referente izan. Eta, egia esan, referente garbi eta esistitzaile huts izateko ez dago hilda egotea bezalakorik. Hilda, hau da, mutu, baina oso aipatua.

      Zuringoa oso umea da gorringoaren aldean; umekeriazko umea esan nahi dut, umea zentzurik txarrenean. Umekeriazko umeak aitatxorengandik espero du entzutea “oxo ondo ari xara, mattea”. Gure zuringo umetuak ere hitz politak entzun nahi ditu nonahi, igurtxiak eta mattematteak. Izen ona herrian, ospe ona auzoan, diru polit bat bankuan. Eta pretentsiodun jendearen, afaneko jendearen zuringoak nahi duena da asko esistitzea; gaur esistitzea ondoena neurtzen den tokian asko azaltzea. Toki hori gaur pantallan ikusten da hobekienik, eta toki horrek izena du Google. Honenbeste aldiz agertzen da zure izena Sarean, dena dagoen sarean; direnak, ez direnak eta ezin litezkeenak dauden sarean. Zure izena, zure izana eta zure irudia ere bai beharbada. “Honenbeste gugelaldi, horrenbestetxe zara”: holaxe da neurtzen gaur ospea eta esistitzea, gure zuringoaren barrutia.

      Gorringoarekikoak ez dira hortain errexak neurtzen, numerotara ekartzen. Zenbat bizi da bat? Zentzurik ba al du horrek? Esan ere, esan al daiteke belarriari ondoez pixka bat egin gabe? Asko bizi, gutxi bizi, honenbeste bizi, ezdakitzein baino gehiago bizi, edo gutxiago bizi edo berdintsu... Ez, ez da hain errexa. Ez dago hori neurtuko duen gugelik, hori harrapatuko duen sarerik.

      Sinetsarazi nahi zaiguna da zuringoa gorringoa dela, hau da, bizitzea esistitzea dela. Zuringoa gorringoa da, gorringoa zuringotzat har dezagun. Horixe da lortu nahi dena. Eta orduan, zuringoa gorringoa baldin bada, bizitzea esistitzea baldin bada, orduan, bizi-eredua, biziaren ispilua asko esistitzen duten edo direnen bizia da. Haietxena eta ez beste inoren bizitza eta bizimodua. Halakok hau-eta-hau lortu du, hau eta hura erosi edo saldu, han eta hemen izan da eta badoa berriro ere ezin atertuzko abiadan eta jasan; holako oso ezaguna da, eta oso aipatua: referente bihurtua dago, pertsona referentziala da gaur eguneko modan, politikan, artean; beste hura 13 kilo eta erdi argaldu da eta ikustekoa zegoen alfonbra gorriaren gainean beintiziko baino dotoreago; beste honek berriz 650 orriko tesia egin digu, alajaina, eta bazterrak harritu eta harrotuko omen dituena gainera. Horixe da zuringoa, gure mundu zuringotua, gure zuringoaren araberako mundua, desmundua, ezmundua. Baina kontuz: hori saltzen zaigu benetako bizitzat; hori saltzen zaigu gorringotzat, eta. ez ba, ez ba: zuringoa ez da gorringoa; bizia ez da esistitzea. Ezetz eta ezetz. Horixe esaten ikasi beharra dago. Eta aurren-aurrenik geure buruari, zeren exkaxaldietan, beltzaldietan, pattalaldietan. aise amiltzen da pertsona zuringoaren mendera. “Ba ote daki herriak, auzoak, munduak nere berri?”. “Ze uste ote dute benetan, ze pentsatzen ote dute nitaz?”. “Pena ematen ote dut?”. “Ez ote didate inbidiarik ezertan edo ezergatik?”. “Inor gelditzen al zait kalean begira?”. “Inork bururik jiratzen ote du kalean pasatzen naizelarik?”. “Zenbat agerraldi dauzkat gaur Googlen?, atzo baino gehiago?, lehengo astean baino gutxiago?”. Bai, pertsona eskasa da, eta bere bakarrean eskasago, txepelago, izuago, eta gorringoa zuringoa dela sinestera emanago, bizitzea esistitzea dela pentsatzera ekarriago.

      Arrautza famatu dugu lehen, eta arrautzaren konparazio hau ekarri dugu gaurko irratiko uhinetara. Arrautzak daukan akatsik haundiena da, nahiz dela prejituta edo nahiz dela egosita, beti zuringoa gelditzen dela inguruan edo bistan. Zuringoak daukala gorringoa mendean hartua bezala, inguratua, setiatua; zuringoa dela ikusten errexena eta, adibidez, arrautza egosi bat sekula ikusi edo probatu ez duenak erremedio gabe usteko du aurreneko begiratuan arrautza gauza zuri bat dela eta kito. Orobat uste du mundu ergel zuringotu honek; azaltzea, esistitzea eta izen baten jabe egitea dela munduan egin daitekeen gauza taxuzkoena.

      Lehen ere esan ditugu pantallaren kontuak, baina ahaztu egin zaigu esatea mundu guztiak dakiena: azaltzeko eta esistitzeko makina boteretsuena oraindik ere telebista dela. Hargatik gaude gu hemen irratian eta ez beste ezleku katodiko horretan. Ahal dela gorringotik mintzatu nahi genukeelako, eta diogun pantalla horretan azaltzeak egiten duelako gizabanakoa lehenaz gain tontotu, harrotu, tonto-harrotu eta zuringotu. Baina hori hutsa da edo kalte kolaterala; latzena da han esan litezkeen zuringokeriak eta pailazokeriak gorringotzat aurkezten eta saltzen dizkigutela. Horixe da beltzena.

 

Esatarietako batek nere izen-deiturak sartu ditu Googlen, eta 28600 agerraldi atera zaizkio; nik berriz, ezin litekeela, akatsen bat egon behar duela; akatsa zuzendu eta 476 gugelaldi omen dira benetan. Nere gorringoak arnasa hartu du; zuringoari ez galdetuta hobe.

 

 

Nere gorringotik
Iņaki Segurola

Alberdania, 2008