Nere gorringotik
Iñaki Segurola

Alberdania, 2008

 

 

HILDA EGOTEA

 

(2006-XI-8)

 

Zer-esan pixkat ematen digu, hasi aurretik, “kamasutra intelektualak”: eserita pentsatu, etzanda, zutik, hanka-geldian, ibilian...; Nietzscheren harako hura ateratzen da: espirituaren kontrako bekatu handiena geldirik pentsatzea dela.

 

      Gaur zortzi ez genuen saiorik izan, egun gorria baitzen egutegian, egun beltza, egun gorri-beltza. Hildakoen Eguna izan zen, eta badirudi horrek heriotzari buruz hitz egin beharra dakarkigula. baina lasai, ez gara hasiko ordu hauetan, dijestioa zeharo egin gabe, hiltzeari buruz hitz egiten. Heriotza, hiltzea, bizitza, bizitzeaz jardutea zail eta neke da beti, baina ez da hain zaila hilda egoteaz eta bizirik egoteaz jardutea. Ez dirudi behintzat. Eta ez dirudi gainera hilda egote hori oso gauza zaila edo apartekoa denik. Egon, egonean egon, lasai, eroso, gozo, lurpean etzana edo ontzi batean hauts bihurtua, ez hotz eta ez bero, ez gose eta ez egarri, ez jai eta ez aste, ez gau eta ez egun. Egoten jakitea besterik ez du eskatzen. Bizirik egoteak ere horixe eskatzen du. Ez dago mila alderik.

      Hildakoen Eguna esan dugu lehenago. Baina gure kristau kultura honetan gehiago da hildako batzuen eguna. Eliza ama santarentzat “Santu guztien eguna” da azaroaren 1a, Domusantu, Omiasaindu. “Guztiak”, bai, baina santu direnak eta ez beste inor. Hurrengo eguna, azaroaren 2a, “Animen eguna” da, edo zen, zeren terminologia eguneratuan deitzen baitzaio “Hildako fededunen eguna”, Arantzazuko egutegian ikusi ahal izan dudanez; pertsona onak, fededunak, Ipuina sinetsi zutenak. baina ezin esan seguru zeruan daudela. Badago, beraz, hemen, star system bat, eskalafoia, sailkapena, piramidea, eta erpinean, goi-gorengo kategorian leudeke izendunak, ezagunenak, ezagutuenak, gizon-emakume haundiak; gero daude onak, eta azkenik daude beste guztiak. Bizitan bezala hilda gero ere. Ari gara esaten ez dagoela mila alderik bizien eta hildakoen munduen artean, hilda dauden eta ustez bizirik gaudenon munduen artean. Heriotzak oro batzen eta berdintzen zituela? Heriotza, batzuek itsuski zioten bezala, “demokratikoa” zela? Alde batera egia, baina bestera gezurra galanta. Edo begiratu bestela eskeletan, eskela kopuruan eta klaseetan, loreetan, hiletetan, hilobietan dauden gorabeherei: badago alde ederra primerako hildakoak eta hortik beherako segunda edo tertzerako guztien artean.

      Bestalde, biziak bezalaxe, hildakoak ere norbaitenak dira (nork bere hilak ehorzten, ohoratzen eta oroitzen ditu), eta nonbaitekoak dira; hildakoak norbaiti hil zaizkionak dira: “ama hil zaigu”, “laguna hil zaiT” esaten dugu, ni-ka edo gu-ka; aproba egin daiteke ea norbaiten heriotzakoan zait edo zaigu erabiltzea ateratzen zaigun, ikusteko zenbateraino den “nerea” edo “gurea” hildako hori; ze efektu egiten duten belarrian, konparazio batera, “Franco hil zaigu”, “Reagan hil zaigu”, “Jainkoa hil zaigu”...; azkenengo hori ezin litekeena da, zeren Jainkoaren heriotza dekretatzen duenak seinale du ez zuela oso berea edo oso maitea.

      Bazter guztietan dira hildakoak norbaitenak. Orain hamabosten bat urte, bidaiatzen nuenean, hobeto esanda, turismoa egiten nuenean (orain urrutiena Logroñora joaten naiz), Mexikon izan nintzen, San Felipe Tlalmimilolpan izeneko herrian (kosta zitzaidan ederki izena ikastea!), eta han ezagutu nuen “el día de los muertitos”; hildakoek bixita egiten zuten, edo egin zezaketen, eta badaezpada gela bat propio preparatzen zen haientzako, jateko, edari, erreki eta abar guztiez ederki osatua; opil berezi bat ere egiten zen egun horretan. Hildakoa jeneralean ez zen etxera agertzen, baina badaezpada horiek denak jarri beharra zegoen, arriskua baitzegoen azaldu eta ezer ez aurkitzeko, eta orduan hildakoak biziak penaraziko baitzituen gogotik. Gero gaupasa egiten zen hilerrian, festa-giroan, musika, zurruta lepo; hiltzeko hotza egiten zuen, 1500 bat metrotan omen zegoen herria, eta zerbait behar barruak berotzeko, barruak bero dituena ez baitago hila, eta barruak erreta dituena ere ez; festa-giroa, parranda, baina nor bere hildakoen ondoan, horixe nabarmendu nahi nuen.

      Ritualean sartu gara. Heriotza kontu honek oso berea du rituala. Hiltzea bera ere ez al da ritual bat? Baina hil-ondoko ritualarekin gaude: beltzez jaztea, erdi-beltzez; elizkizun, bederatziurren, urteurren, gaubela; hileta ondoko ogi, ardo, ardo goxo, pattar, kafe eta abarrak... hildakoaren etxekoen kontura, hemengo herrietan (sasoi batean ikaragarrizko jan-edanak egiten omen ziren zenbait euskal herritan, eta legez debekatu ere egin ziren, diru gehiegi gastatzen zela-eta, edo zarata haundi xamarra atera); gogora ekar litezke, bestalde, garai bateko negarti, negargile, erostari edo mindunak, negar batean hildakoaren dohainak eta bertuteak famatzen zituztenak; hor daude oraingo hauts-botatze edo txalaparta-jotzeak ere.

      Hildakoen agerpenez zer esango dugu? Bidegurutzeetan agertzen omen ziren, itzal gisa edo baita argi gisa ere, hil ziren egunean soinean zituzten arropekin jantzita; zenbait tokitan, hildakoen arimak Gabon gauean itzultzen omen ziren etxera, eta hanka-markak uzten sutondoko errautsen gainean; Barandiaranek esatera, hildakoen agerpenak, arima herratuak eta abarrak mundu guztiak sinesten omen zituen hemen hauetan 1900 inguru arte, orain diruaren prezioan edo elektroian sinesten dugun bezalaxe: erraztasun berberarekin, esan nahi nuke. Ritualak oso inportanteak dira hemen, zeren rituala da, nolazpait esan, gogora ekartzea; lagunarte, komunio edo koraltasun bat sortzea, heriotzak, bizirik gelditzen direnentzako, duen ezin irentsia, ezin ulertua, ezin onartua edo bereganatua. zeratzeko, ezin hori arintzeko-edo. Edozeinek asma litzake ritualak, eta hortik datoz ezdakitzenbat denboran hildakoarena zen aulkia hutsik edukitzea, hildakoaren irudia edo panpina ezdakitnon jartzea, nik dakidan batek oraintsu egin duen moduan: anaia hil eta haren ordezko panpina bat jarri kotxean, beraren aldameneko jarlekuan. Zer da hori, eromena? Eta etnologoek edo antropologoek mundu zabalean barrena jasotako ritual horiek guztiak. zer? Tontoak al ziren lehengoak? primitiboak? inuxenteak? Ez jaunak, ez: gertatzen dena da heriotza ezin daitekeela gordinik irentsi; heriotza egin behar da. egosi. Eta ritualak, koraltasun kolektibo edo lagunarteko batek lagundu egiten du irentsi ezin den hori egosten. Negarra eta festa nahasirik, ezin ulertuzko moduan nahasirik, ezin ulertuzko gertakari bati dagokion moduan. Ritual horietan, agerpenetan eta abar, “hila bizirik balego bezala” da, era batean; edo bizirik eta hilik aldi berean; hilaren presentzia eta ausentzia nahasi hori da antzezten, iruditara ekartzen, gertarazten.

      Sendabide bat dago hor, edo arinbide bat, munduan barrena mila modutan egin izan dena, baina “medikuntzaren teologiak” galdu duena, edo galarazi nahi lukeena; orain, minduna, heriotzaren zaztada barrenean daramana, psikologoaren kontsultan penatzen da bere bakarrean, soilean eta lehorrean; hantxe dago hautsia, psikologoari saldua eta lehenaz gain gixaixotua. Realismoa erakusten dio psikologoak: “onartu + gainditu”. Tokitan gelditu da ritual kolektiboetan mina haizatzen, uxatzen, urtzen, egosten eta egozten saiatze hura! Kontsultan konpondu behar orain, garesti, oso garesti, ezin irentsizko eta ezin egosizko heriotza min batekikoak; hantxe, alfer-alferrik, “nahiago nuke neu hilda banengo” dioelarik bere artean; neu, “eta psikologo txoixo hau ere bat, bide batez”.

      Kontu xelebrea da heriotzarekiko hau. Hainbeste kopla eta penatze, hainbeste eginkizun eta ezinkizun jartzen dizkigu hil-beharreko tramite horrek... eta, ondo pentsatzen jarri ezkero, zer da dena? Hutsa edo hutsaren hurrena: bizirik egotetik hilda egotera pasatzea. Egotetik egotera, egoteko modu batetik bestera. Ez baitago mila alderik hemen ere; gutako gehienon bizimodua eta hilda egotearen artean, esan nahi dut. Hilda gero bat ez da egoten oporren zain, edo igandeko partiduaren zain. Ez da zain egoten. Hori izan liteke bi egoteen arteko alde haundiena: hiltzea, hilda egotea, izango litzateke zain ez egoten ikastea, zain egoteari uztea, eta, bereziki, heriotzaren beraren zain egoteari uztea.

      Aproba egin nahi nuen, eta egin dut: heriotzarekiko kontu hauek nork bere bakarrean eta bere buruarekin buruz buru dagoela esan edo gogoan erabili ezkero, ez dute onik egiten eskuarki, baina hemen zuen aurrean, aditzen daudenen aurrean, edo gainean, edo azpitik, edo ez dakit nondik esan, baina uhinetara bota edo zabaldurik. beste gauza bat da, eta lehen aipatu dugun koraltasun horrekin lotzen gaitu, eta balio lezake, hala iruditzen zait, egosi beharrak egosteko.

 

 

Nere gorringotik
Iñaki Segurola

Alberdania, 2008