Arraldea
IX Jainkoak hala bekigu!
Aita isildu zen: eta lehenbizi elizan eta gero S. Frantziskoren semeen lekaidetxean ordulariak bana-banaka hamar dan-dan jo zituen. Anaia guziok elkarri begira genion eta, beldurrak eraginda, aitaren ondoragotu ginen. Baina hura, ordua aditzerakoan, jaiki zen eta bere ahoskera aldatuaz: «Hamarrak, dio, eta oraindik lotaratzeke? Jaiki eta goazen logelatara. Gau on Jainkoak dizuetela! — Baita zuri ere. — Ondo lo egin! — Bihar arte!...». Ni txikiena nintzen eta ez nion aitari alde egin. — Aita nik gaur zurekin lo egingo, bai? — Zergatik, seme? — Odolbeltzen ipuinak oso beldurtu nau-eta, bakarrik lotaratzen ez naiz ausartzen. — Zatoz bada nirekin —esanda berekin eraman ninduen. Kalean haizea gogor zebilen, eta kazkabarra kristalak hautsi beharrean zen. Soin guzia ikaraz nuela oheratu nintzen: gero luzaro loa nire begietatik urruti izan nuen. Noizbait horratik, loak hartu ninduen. Haiek ziren ametsak! Han nintzen laster Arraldeko haitz artean: —«Ene! zein da hori? Odolbeltz!! Hara bere aiztoaz niregana... Aita! aita!...». Honela esnatu nintzen ohe gainean zutik eta aitak eskutik helduta maiteki galdetzen zidala. — Zer duzu, seme? — A!... —erantzun nion—. Odolbeltz ametsetan nireganatzen ikusi dut, baina... ez da egia, ez aita?... — Ez zaitez beldurtu, seme: hara ilargia zeruan inoiz baino ederrago. Halaxe zen: eguraldia oso aldatua zegoen: zerua oskarbi, izarrez apaindua eta ilargia bazter guziak argitzen zituela. Goizeko ordu biak ziren... Hurrengo egunean lagun koskor guziok Munoan batuak geunden. Gure begiak Arraldera zihoazkigun, baina ez zen inor haratzeko gauza. Odolbeltzen ipuina entzun ezkerotik, urrutitik begiratzen genion alderdi hari. Honela ibili ginen egunetan goiz-arratsaldero geure ogi puska eskuan genuela bakoitzak ipuin berriak kontatuaz. Batek lapur-heriotzak, besteak itsas-ekaitzak: Pernando Amezketarra honek, Juanito Txistularia hark, eta abar. Gerora, urteak joan, urteak etorri, Arraldeko Garbaidunaren irudia gure buruetatik ihesi zen, eta irudiarekin batera beldurra ere joan zitzaigun. Orain berriz bururatu zait, eta pozez eta nahigabez ibili ohi naiz Arralde haitzetan. Nahigabez, gure herriak zituen hainbeste eta hainbeste ipuin zahar eta hasele eder galtzen ari direlako: pozez, ostera, euskal-gogoa berriro ernetzen hasi delako, eta ernetze honek euskal asaben bihotzak gureetan piztuko dituelako. Jainkoak noizbait zorion hau bekigu!
AZKENA
Arraldea |