Arraldea
V Otsoaren erasoa
Esan bezala egin ere. Biharamunean Odolbeltzek garbai-nekale-jantzita gertu zen gauerako. Manttoni bederatzi eta erdietan afaldu, umea lotaratu eta sukaldeko ontziak garbitzen hasi zen. Honetan ari zela, ate joka ekiten diote... Bihotzak gorako bat egin zion ate-hotsa aditzerakoan eta berez bezala umea lotan zeukan sehaskara begiak joan zitzaizkion: barruak ikara zegion ume hura azkenengo aldiz balekus bezala. Berehala beste bi ate-hots: azkar-azkar eta dardaraz haratzen da. Gaua sorgin-zuloa baino beltzago zetorren! Luzatu argia zein ote zetorkion ikusteko eta... ene...! Kurrixka bat eginaz gorputzak atzera egin zion. «Odolbeltz ordu haietan! Zertarako gero? Onerako ez, noski». Aurreratzen zaio garbaidun-jantzian andre izutuari: goitik beherainoko soineko lodi hauts-margoduna zuen; bizkarretik berriz kate eta burni-lokiak. — Aizu, etxekoandre —esan zion— gaur garbai-nekaleetakoa naiz eta argi iezadazu bidea. Manttonik beldurraren beldurrez zer erantzunik ere ez zekien. «Odolbeltzi argi-egin gau itzal hartan! Ai ene, eta gizon hark, bera hilda, gorroto guziak ase nahiko zituen! eta hori jakinda ere joan egin behar... bai ba, garbaidunek beren argitzailea aukeratzeko eskubidea zuten-eta, nahi-eta-nahiezkoa zen argi-egitea». Hitzik ateratzeke, itsu antzean, hartu zuen argiontzia: umeari bi laztan ixil-ixilak eman zizkion eta, bihotza erdi-bi, Odolbeltz atzetik zuela atera zen. Etxe-tartean biak ixil-ixilik zihoazen; andrea aurrenen, noizean behin atzera zeharka begiratuaz eta gizonagandik ahal zuen urrutiena; gizona berriz Agurtza otoiztuaz begiak lurrean josita ben-ben atzetik. Munoara heldu zirenean, andrea etxeak alde batera utzita herritik irteteko bidea zeramatela ikusirik, geroago eta beldurtiago zihoan. — Nora goaz? —galdetu zion garbaidunari. Odolbeltzek bere otoitz-antza uzteke, ahots itzalgarriz, «Kolarkoko iturrira», erantzun zion. Emakumea toki hartara zeramatela entzuterakoan, dardaraz hasi zen. Badakizue iturri hau non dagoen. Getariako bide zabalera irteterakoan, Granadako duke-jauregi aldetik beste aldera zubia baduzue: hor bada, duke-jauregiaren bestaldera baratze itxia ikus dezakezue. Iturri hori hortxe dago: orain horma barruan noski, baina garai hartan hormarik eta aterik ez zen. Guzientzat zabalik baitzegoen. Iturria bera baino ere beldurgarriagoa zuten harako bidea. — Zergatik ote? — Orduan Getariako bitxabalik ez zelako. Orain alderdi haietan bide zabal eta argia duzue: baino gure gertari honen garaian mendia eta itsasertzeko haitz soila besterik ez zen. Manttoni eta Odolbeltzek bada, hondartzatik iturrira haitza besterik ez zuten.
Arraldea |