Arraldea
Nemesio Etxaniz

Iņaki Deunaren irarkola, 1923

 

 

IV

Gaixoa!

 

      Manttoniren negarrak! Bere bihotzeko ilunpe beltza! Nork neurtu gero? Inork ere. Bere ume gaixoa lepoan hartu, jaso bere besoetan, laztandu, berari begira-begira jarri eta azkenean, bihotzean estutzen zuela, negar eta negar, eta negarrez ezin ase alargun nahigabetua.

      Odolbeltz ostera, egun gutxi barru, gau eta egun jarraika hasi zitzaion, eta lehengo nahigabez gainera ikaraz eta beldurrez lotua zekarren Manttoni errukarria.

      — Mantoni, oraintxe ba: senarra hil zaizu-eta... nirekin nahi bazenuke...

      — Behin ere —erantzuten zion Manttonik.

      — Nire maitasunak zure bihotzaren hutsa beteko du. Nire zoriona zurekin eta zuretzat nire...

       Niretzat hil zaidan senarra besterik ez zen bai, eta hura joan zaidan ezkero malkoa besterik ez dute nire begiek: bihotzak berriz... Oi, hau gau beltza!

      Hitz hauekin batera negarrari ematen zion. Odolbeltz gaiztoa ordea, negarrak errukitu beharrean, su bizian jartzen zuen. Halakoxea zen bere bihotz makurra!

      — Ez al dakizu zein naizen? —erasotzen zion ikaragarri alargun gaixoari—. Onean makurtzen ez bazara ba, txarrean ondo ezagutu behar nauzu, horratik!

      Honelakoak ohi ziren gaixoaren egunak senarra hil zitzaionetik; eta gizon haren beldurrak behin edo behin bere bihotza makurtuko-ez-makurtuko bazerabilen ere, senar zenak utzitako umea ikusteak bere gogoa sendotzen zion eta alferrik ziren Odolbeltzen ahalegin guziak. Alargunaren bihotza hildako senarrean zegoen eta beste ezkontzarik ez zuen nahi.

      Urte bat, bi, hiru, Manttoni beti ere zuzen, beti ere garai. Odolbeltzen bihotzak maitasun-antz guziak behin-betiko galdu zituen, eta gorroto-ukaldiari ate zabala ireki zion. Jarri zen lehen maite zuenaren ondoren, bigundu ezin zuen bihotz hura bere aizto gaizkileaz zatitzeko: baina ardi sotilak beti ere otso amorratuaren haginetatik ihes egiten zuen.

      Halako batean, su-leizeko etsaiak-edo... gorroto zuen emakumea hiltzeko aukera egin zion.

      — Bihar —zioen Odolbeltzek—, gauaz garbaidunak batzekoak dituk, neu ere garbaidun jantziko nauk... Garbaidunei argi-egitea beharrekoa duk bai, eta bidea argitu diezadan Manttoniri hots egingo zioat... Gaua ilun... noizbait bakarrik geldituko gaituk... A, emakume harro hori bihar nire eskuetan hil beharra duk!

 

 

Arraldea
Nemesio Etxaniz

Iņaki Deunaren irarkola, 1923