Arraldea
VI Ilunpean argi
Utz ditzagun pixka bateko gure garbaidun eta berekin doan emakume izutua. Beste garbaidunak ikusi behar ditugu. Irakurle, ohitura harrigarria ikusteko zaude. Zatoz nirekin eta sar zaitez, arren, ixil-ixilik Azpeitirako bitxabalean. Han datoz herri aldetik bana-banaka, orain askok barrez ikusiko lituzketen, baina orduan begirakunez eta lotsaz ikusten zituzten garbaidunak. Gure aurrekoak dira. Ez zaitez zu behintzat barrez hasi: ordukoak bezala, begirakunez eta harrigarriz geldi zaitez beren aurrean. Haien sinismen sendoak gure artean iraungo balu, ez ginateke oraingo euskaldunik asko garen bezain lotsagarriak izango! Ez horixe! Hara hor bide erdian guregana datorren argi bat. Aurretik argiarekin datorrena, Zarauzko etxerik ospetsuenetakoa duzu: haren atzetik, zaku zahar bat bizkarretik bera, esku-oinak katez lotuak, begiak lurrean eta ezpainak otoika dakarzkien horrek ez zuen orain arte horrelako apal itxurarik. Bera ere etxe oneko jauna eta argi-egiten doakionaren etsai amorratua zen: baina orain gorroto-kutsuak Jainkoaren aurrean garbitu nahirik, lehen gorroto zuenaren ondoren apal-apal bekatari-jantzian doakizu. Hori bide zuzena! Eta urrutiago datorren beste bikote hura? Ene! Horixe da harritzeko bilguna! Ile zuria batek buruan eta besteak berriz ume-irria aurpegian. Nola ote? Garbaidun-eguna heldu denean aitona zaharrak bere soineko zakarra jantzi du: han dago iloba txikia aitonaren soinekoari beldur-antzean begira. Aitonak eskutik heldu eta: «Ilobatxo maitea, diotso, zatoz gaur nirekin. Niri horrelaxe erakutsi zidaten nire aurrekoek eta zuk ere jainko-barkapena nola eskatu behar den, gaur gauean ikusiko duzu. Zatoz: zu aurretik argi-egiten; ni Jainkoari erruki-eske zure ondoren». Eta hala datoz biak. Hor beste bi ere. Ama —gaixoa!— hil zaie-eta, haren gogoa lehenbailehen zeruratzeko, beren buruen beratze hau Jainkoari eskaintzen diote. Seme onak hala behar! Horien antzera beste argi eta argiak ere nonahi azaltzen dira. Bide bihurrietan harantz-honanzka agertu eta ezkutatu: behin ezkerrera eta beste behin eskuinera: herritik eta inguruko baserrietatik. Gau honetan ez da gizon edo emakume hazirik etxe barruan gelditu: umetxoren bat zaindu beharrik-edo ez izanik behintzat. Zarautz guzia hementxe bildu zaigu. Argitzaileek lehen esan dugun jauregi alderaino laguntzeko beharra zuten; ez baina handik herrira berriz itzultzeraino. Inoiz garbaidunak berak bide erdiraino bakarrik laguntzeko agintzen zion bere argitzaileari, eta orduan haraino bakarrik lagundu behar zion. Hala ere askotan argitzaileak, berriz herriratu arte bere gogoz lagundu ohi zion. Odolbeltzek, ikusi dugunez, Kolarkoko iturriraino bakarrik laguntzeko agindu dio Manttoniri hara ezkero ez du behar gehiago lagundu beharrik. Geroxeago hauei ere jarraituko diegu: bitartean beste garbaidunekin egongo gara. Hara poliki-poliki bi mordoxkatan nola zatitzen diren: baita banaka-banaka bidearen bi ertzetatik herriratzen nola ekiten dioten ere. Orain gu eliza ondora goazen, handik etorrera hobeto ikusiko dugu-eta. Lehenengoak bide muturrean agertzen hasi dira zuhaitz artean bi argi-lerro luzatzen-luzatzen... Sorgin-talde bat edo anima gaixoren batzuk ote diren ere esan liteke! Halakoxe ixil eta astiro datoz. Ez beti baino; inoiz ixil beldurgarri hura kate-hotsak urratzen du... garbaidunen kateena duzue... Itsasoko olatuen burrunba haien otoitz-zurrumurruaz nahasten da, eta bien bitartean herriko etxe banatuak argi gorri-ilunez janzten ari dira. Garbaidun gaua! gau itzalgarria! Beren argia garbitokiko su-txinpartak dirudi: Miserere me!... Erruki ni! erruki ni! hoska ari zaizkigula esan behar. Ai, anima gaixo haiek lurrera etorri ahal balitezke! zer gorputz-urratze eta zer neke eramango lituzketen beren hutsak garbitzeagatik! Su-leizetik ere deiadarka ari zaizkigula dirudi. «Oi nire zorigaitza! oi nire gau beltza! Oraindik lurrean zaudeten gizonok, hor zaudeten bitartean zeuen bekatuak garbi itzazue. Gero garbitzerik ez dago-eta. Ai hau hil-ezina! Ai hau betiko beharra». Garbaidunak beren azken otoitzak egitera elizan sartu dira. Oraintxe itxi du azkenengoak elizako sarrera, eta handik ate gelditzen zen argi pittina berarekin urtu da... Oi, hau beltz gelditu da herri-barrua! Akelarreko zapoak ere ixilik daude gau honetan. Lur guzia ilunak irentsi duela dirudi... Baina... zaude geldik!... zer zarata da hori? zer oin zalaparta? Emakume-kurrixka bat entzun ote dudan, nago... Bai... hara berriz ere... Orain gizonen baten hitz haserretua... emakumearen ondoren aizto bat eskuan duela, doa!... Oi! bera da? Odolbeltz!... eta ihesi doan emakumea... Manttoni! Zer dute? nondik nora agertu zaizkigu hemen? Zatoz nirekin pixka batean eta lehenago utzi ditugun tokian bertan har ditzagun biak. Munoan, hondartzatik zehar iturrirako bidean ekitekotan utzi ditugu lehen. Goazen haraxe eta beren begietatik ezkutu, jarrai diezaiegun.
Arraldea |