Arraldea
VII Haitz-artean ihesi
Emakume errukarria geroago eta kezkatsuago zegoen: Odolbeltzek noiz erasoko beldurrez, beti ere atzera begiraka. Alderdi guzia ixil-ixilik! Inoren aztarrenik ez: garbaidun gaiztoaren kate-hotsa bakarrik. Noizbait haitz-artean zehar hasi ziren. («Arraldea» zaio izena toki hari, harriz betea dagoelako) eta emakumea gizonagandik ahal zuen urrutiena zihoan. Inoiz gizona katez lotua zetorrelako, atzeratu egiten zen eta Manttoni haitz gainetan, hura igo zain, argi-eginaz gelditzen zitzaion. Odolbeltzen aurpegiak Arraldeko ilunpean izugarriagoa zirudien: itsasoko olatuak hondartzan lehertzerakoan, barru-barrurainoko ikara beltza zemaioten Manttoniri. «Hara nire azkena! zioen. Oraintxe erasoko dit gizatxar horrek, hemen dut laster bere aizto gaizkileaz nire bihotza erdibitzera! Hau larria! Hau egoera beltza!». Azkenengo haitzera heldu ziren. Odolbeltz kateagatik nekezago zetorren artean: Manttonik berriz, ohi zuenez, arin-arin haitz-muturreraino igo zuen. Zer egingo? Hantxe zegoen iturria: Odolbeltzek haraino bakarrik laguntzeko agindu zion lehentxeago. «Agindu bezala egin dut, esan zuen bere artean emakumeak. Une bat gehiago gelditzen banaiz, hementxe hilko nau gizatxar horrek. Aingeru Zaintzailea, zaindu nazazu!». Besterik gabe hartzen du argiontzia eta, gizonak bere zain han dagoela sinistu dezan, haitz-gainean uzten du. Gero tximista baino arinago haitz-artean ihesi ekiten dio. Beldurrak hegoak zemaizkiola zirudien. Haren lasterketa!, haren haitzulo-gainak azkar igarotzea! Odolbeltz, emakumeak uste bezala, haitz gainean zegoen argia ikusirik emakumea ere han zuelakoan, bazihoan. Baina haitza gaindu zueneko bere atzipena eta emakumerik eza ageri zitzaizkion. Bertan aho beltz hark birao nazkagarri bat bota zuen. Alde guzietara begira ekiten dio: gauaren ilunpe beltza besterik ez... Amorruaren amorruz kate gogorraz soina joka hasi zen, halako batean andrearen gona gorria Munoan gora begiztatzen du. Ai, ikusi al duzue arrano beltza bere atzaparrak gerturik; oinaztarria baino arinago arkume gaixoaren gainera erortzen; eta lehenengo erasoaldiak huts egiten badio, bigarren aldiz amorru biziagoaz begi-ireki batean goi-goitik bera zorrotz bere burua botatzen? Halaxe ba Odolbeltzek, bere atzaparretan zekarren emakumeak ihesi eta berriro nabaritu zuenean, begi beltz haiek ilunpean argitu zitzaizkion, eta soinean zituen kate eta guzti gorroto-zantzo bat eginaz, iparra olatu gainean baino arinago, haitzez haitz hondartza aldera lasterka ekin zion. Gaizkileen begiek zer dutenik ez dakit nik baina ilunperako eginak dirudite. Beren azkena tokirik ilunena, su-leizea ohi dutelako ote? Hala nonbait. Odolbeltz une batean, haitz guztiak igaro eta, hondartzaratu zen. Alboko gauzei begiratzeke itsu-itsu zihoan. Emakumea bakarrik. Ihesitako emakumearen gorroto itsu-amorratua bere bihotz kixkalduan. Itsasoa goraka zetorren eta uhin bakoitza hondartzan lehertzerakoan, olatu gainean mamu arin-taldea hegaka hurbiltzen zen. Mamu arin haiek Odolbeltzi belarrietaratzen zitzaizkion eta bere amorrua gehitzeko, barrez ekiten zioten esanaz «A, kaskailu zaharra! Heure eskuan eduki emakumea? eta azkenean bizirik ihes egin ere bai? Ez daukak berriz harrapaturik, halako kirten horrek». Honetan beste olatua lehertzen zen eta han ziren piloka beste mamu-taldeak. Joaten zitzaizkion Odolbeltzi eta batek oinetatik, besteak bizkarretik bultzaka ekiten zioten: Ea Odolbetz! Pixka bat azkarrago... eta heure eskuetan duk emakume harro hori. Jo horretan! Ea herri barruan bada ere harrapatzen duan! Guziak garbaidunetara joan dituk eta herria hutsik zegok. Helduiok hantxe eta inork ikusteke, hil eta kito. A, orduan bai pozik hire bihotza eta ase hire gorrotoa! Eta honela ziotela bultzaka zeramaten gizatxar hura. Mamu haiek txerrenak ziren eta, ohi dutenez, Odolbeltzen gogo lizuna gaitzera gehiago makurtu nahi zuten. Honek, txerrenen esanak entzunda, gorroto-bururapen biziagoak zerabilzkien bere barrenean: eta zeinek hitz egiten zionik ez bazekien ere, txerrenen iseka eta algarek amorru-labe goria izutzen zioten bere bihotzean. Bitartean emakumea arnasestuka, Munoa igarota, kalean zehar tximista-hutsean zihoan. Baina haitzetik harainoko bideaz indarrak ahuldu ere baitzitzaizkion eta gizona geroago eta hurreago nabaritzen zuen. Hantxe zegoen bere etxea Itsas kalea igarota berehalaxe, baina atzean aditzen zuen oin-hotsak argi asko adierazten zion etxera baino lehenago gizona gainean zuela. Orduantxe, kale mutua okertzerakoan, orpoz orpoz zetorkion Odolbeltz: eta bere azkena han zuelakoan uste guztiak galdu zituen. Odolbeltzen aiztoak gauaren ilunpean dirdai egin zuen: arnasestu bat gehiago, eta Manttoniren lepoan zen aizto galgarria. Baina oinetan irrist eginda luze-luze erori zen gizagaiztoa: baita hura zapoka eta biraoka zegoen bitartean, emakumea etxeko atera azkar heldu ere. Bi haga luze-astunak batetik bestera sartzen ditu. Une bat geroxeago han zen Odolbeltz atea bota beharrean. Manttoni beldurrez eta ikaraz koxkolduta noraitu ez zekiela, atea noiz eroriko zain zegoen. Etxean bakar-bakarrik; auzoan laguntza eske hasteko ere inor ez!
Arraldea |