Arraldea
Nemesio Etxaniz

Iñaki Deunaren irarkola, 1923

 

 

VIII

Hil da!

 

      Halako batean Odolbeltzen indarrak atea hausten du, eta orduan ditu Manttonik estuasun eta larri guziak berekin. Odolbeltzen begiak atea erori zeneko, otso gosetiarenak bezala, argi-argi agertu ziren Manttoniren begietan. Orduantxe bai ez zitzaiola ihesiko bere esku artetik! Hantxe ordainduko zizkion hainbeste egunetako bihotz-min eta gorrotoak!

      Hala uste: baina jaunaren begiak halako gaiztakeriarik ez ikusiko, ez horixe! Gaizkileak noiz-edo-noiz bere gogo zimurrak betetzea baliteke, baina noizbait helduko zaio hari ere jainkoaren ezpata zorrotza, eta burnia uretan bezala, gaiztoaren gogoa su-leizeko zoko beltzenera eroriko da.

      Estuasunean, zeruak ate berri bat ireki zion Manttoniri. Odolbeltz gainera zetorkiola, badoa ihesi ukuilura: han dago etxeko zezena askan lotuta. Etxeko guztiak ondo ezagutzen ditu eta hala Manttonik beldurrik bat ere ez dio. Askatzen du aberea: adarretatik heltzen dio, eta gizona sartu zain zutik gelditzen da.

      Hura bilguna emakume eta zezenarena! Hau lepo sendoa okerka, adar-zorrotz, sudur-hoska, emakumearen galtzoria usmatu balu bezalaxe eraso zain. Hura berriz, haitzurdin-irudia zirudiela, eskuak zezen adarretan: begiak atean josiak: aurpegia zuri-zuri: ileak harantz-honantz. Antzinako emakume garaile bat zela, esan behar.

      Une bat geroago izan balitz, galtzen zen Manttoni. Odolbeltz, aizto gaizkilea eskuinean eta argia ezkerrean duela, ukuiluan sartzen da. Emakumea ilunpean begiztatu orduko, ez zezen eta ez beste, barruko gorroto guziak eragiten diola, itsu-itsu bere gainera doa.

      Gero... emakume-garraxi bat... zezen-orro ikaragarria hurrengo, eta herio-deiadar larria eginaz gorputz bat luze-luze lurrera dator. Hil da!...

      — Zein...? zein, aita? —eraso genion anaia guziok batera.

      Aitak begiratu zigun eta isil-isilik gelditu zen. Txingorrak gogor jotzen zuan leiho-atea, eta haizeak, zirrikixtotik zehar, intziri luze bat bidali zigun.

      — Manttoni errukarria!... —esan nuen beldurraren beldurraz aitari gogor eutsirik.

      — Ez zen Manttoni, seme —erantzun zidan.

      — A... —egin genuen anaia guziok arnasa hartuaz.

      Eta aitak, bertan ikusiko balu bezalaxe, honela jarraitu zion:

      — Ez da Manttoni, ez. Odolbeltz da. Zezenaren adar zorrotzak saihetsa ireki dio eta ukuiluko ate aldera odol-jario luzea doa.

      Manttonik begiratzen dio pixka batean; gero zerura begira: «Eskerrak Zuri, dio, nire Jainko maite horri!» eta beste hitzik gabe lurrera erortzen da. Ordu arte beldurrak eusten zion, baina aske aurkitu deneko, hainbeste neke eta larritasunez etenda! gaixoa! zorabiatu egin da.

 

* * *

 

      Hurrengo goiza... Eguzki-izpiek ukuilu atetik sartuta barrua argitzen dute. Ate ondoan emakume bat dago, arnasa gabe dirudienez harantzago, gizon bat datza: eta bien artean odol-erreka luzea... Zezena bakarrik bizi dela dirudi, han dago gizonari sudur-hoska jaikitzen ote zaion zain bezala, baina, ez alferrik!

      Emakumea ostera, berriro arnaska hasten da, begiak irekitzen ditu: eskuak bekokira badaramazki... ez daki zer gertatzen zaion... Honetan besoak beheratu eta «Ene, odola!» dio, eta bat-batean gaueko gertapen guziak burura zaizkio. Hau beltzak, nire Jaungoikoa!

      Baina era batean bere umetxoaren zotinak entzuten ditu, eta bizi-bizi haren sehaskara doa. Haurra irribarrez goiz-argiari agurka ari zen. Manttoni makurtzen zaio: bere besoetan estu-estu hartzen du: eta ama-bihotzak bakarrik lezakeen eran laztanduaz: —«Ene semetxo maitea —dio—, ai! eta zure amatxo bart hil balitz...!».

 

 

Arraldea
Nemesio Etxaniz

Iñaki Deunaren irarkola, 1923