Arraldea
Nemesio Etxaniz

Iñaki Deunaren irarkola, 1923

 

 

III

Odolbeltz

 

      Garai hartan herriko gizonen artean, bazen gizatxar bat: betoker, bekozko-ilun, bihotz-gogor eta lapurra. Bere eskuetan errukarriren bat hil ote zuen ere, bazen zurrumurrua bazterretan. Guziak haren asmo okerren beldur ziren, eta umeek bere izena entzutea aski zuten bertan-berehala ihesi ekiteko.

      Izena ere bere izaerari zegokiona zuen: herriak, ohi duen bezain egoki, jarri baitzion: Odolbeltz deitu zioten eta Odolbeltz gelditu zitzaion betiko. Gazte-garaian, ohi denez, maitasun-izpi-antza sortu zitzaion bere bihotz beltzean: baina beste gizonei bihotz-bigun eta gozatzaile ohi zaiena, hari bihotz-garratz eta urratzaile izan zitzaion.

      Herriko nexka garbi, apal, begi-urdin-ezti bat behin begiz jo zuen, eta gogorik txikiena ere bere buruari ukatzen ez zekielako: oraingo bere maitasun honi galarazpenik ipiniko ziotenik ere, ez zuen uste. Hala zen bere ustea, baina haren usteak uste, jokoak gaizki irten zion, eta Manttoni (ala zeritzan neskatxa) beste gazte on, langile eta kideko batekin ezkondu zen.

      Odolbeltzek Manttoniri zion gorrotoa, ordutik ezkerokoa. Eta zoritxarrez, Manttoniri bi urteren buruan, umetxo bat uzten ziola, senar gaztea hil zitzaion. Heriotza beltza eta ezkutukoa hura! Goiz-goiz lanera zihoazen baserritar batzuek, bide-ertz batean luze-luze zetzala, bilatu zuten. Nork hil ote? Nola? Zergatik gero? Guziek erantzun berbera zekarten: «Hamaika arraiopola! Heriotza horretan Odolbeltzen eskua ez dela zuri gelditu! Bai, gizatxar hori horrenbeste eta gehiago ere egiteko lain baduk». Garbi hitz egiteko kemenik inork ez ordea: Odolbeltzi beldur baitzioten.

 

 

Arraldea
Nemesio Etxaniz

Iñaki Deunaren irarkola, 1923