Irudiak: Santos Etxeberria

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950

 

 

IX

 

      Deba izan zan, alabearrik, Beltran Alostarrarentzat bere zorigaitzen iturburu ta osiņa. Bere jaioterriari lotzen zizkioten lokarriak autsi aal izan zitunean, zoriona lagun etorri zitzaion eta ba'zirudin beretzat pakez eta zorionez beteriko bizi berri bat asten zala. Beņola ordea, ludi ontara ekarri zun erriaren oroimiņak eraginda, bere Deba zaarra ikustatuz sartu-erten bat egitea otu zitzaion zorigaiztoko orduan. Deba'ko uriak ordea etzion bere zaldunik nagusienari arrera onik egin eta ezkutuan gorderik zittun almen gaizkiņak Alostarraren gaņera jaurtigi zittun.

      Ipiola bertsolaria zanaren eriotz errudun egin zuten Gipuzkoa'ko epaitegiko agintariak eta Bergara'ko espetxean baitu zuten amar urte luzez.

      Baiturik egon zan bitartean, astero-astero, iņoiz uts egin bage, Bidani'tik Usoa bere alaba kuttuna ikustatzera joaten zitzaion, bere semeak, senarrak edo aitagiarrebak aldizka lagunduta. Espetxeko goibeltasun artan, bere itxaropen iturria ta bere gogo-oņazearen burua igandia oi-zan, orduan etortzen baitzitzaion Usoa bere jardunaldi zuzpergarriaz bere anima nekatua pozkidatzera. Ikustaldia amaitzean, goibeltasun aztun bat bere animaz jabetzen zan eta lor auek menderatu ta ondatu etzezaten bere buruari gogor eraso bear zion urrengo ikustaldiaren itxaropen gogoz anima janarituz.

      Beltran'en emazte-alabak eta Bela-Beltz'ek jakin zuten Beltran gizarajoa amar urteko baitu zutela, baņan ba'dirudi beren biotz kaxkarrak errukitu ez-ezik poztu egin zirala, bitarte ontan ikustaldi bat egitera ere ezpaitzitzaioten azaldu, Eguberri'z beņepein opari txiki bat egin ez ta Bidani'koai bere osasunaz galdetu ere ez. Andre Otxanda'k berak uste baņo gurenda aundiagoa iritxi zun Ipiola gizarajoaren bitartez. Bertsolariaren eriotzak etzittun noski katamotz emearen erraiak askorik bigunduko. Ainbat obe, pentsatu bide zun bere kolkorako, gizon illak ez dittun mintzatzen.

      Alabaņa, Jaungoiko ona kupitu zan Beltran'ez amar urteko epea bete baņo len, eta garai batean Usoa'rekin bezela, noziketa bidez bere animaren zintzotasuna aztertu ondoren, bere lain etsi zun. Alaxe, bost urteko epea egin ondoren, epaikariak, Beltran'ek egin-eriotza beragarri etsirik, aske jartzea erabaki zuten.

      Beltran'ek, jaregitera zijoakiotela jakinerazi ziotenean, etzun izan nai Bidani'koei gaztigatzerik. Etxekoai ustekabeki azaldu nai zitzaiela egin zun aitzeki, baņa Beltran'ek ba'zerabilkin aspaldi artan beste zerbait buruan.

      Irakurleari ziņeskaitz ba'zaio ere, Beltran'ek bere lenengo ta ustekabezko azalketa Alostorrea'n egitea erabaki zun.

      Burutik egiņa ote zegon? Galdetuko du norbaltek zentzuz. Ainbeste zorigaitz erakarri zizkion errira zertara joan ostera? Eskergabekeria ta gorrotoa besterik azaldu etzizkiotenak ikustatzera zijoan eta bere errukiz eta maitasunez urtu ziranentzat oroitzapenik ere ez? Edo agian, pentsa lezake norbaitek, apentzaren egarriak eraginda ezbearren bat egiteko asmotan ote zijoan eta bere egunak Alostorre'ko zorigaitz-osiņan bukatu nai, bere buruari bizia kenduz?

      Jarraitu gakizkion Alostorre'raņo eta bere egiņaren lekuko izango gera.

 

 

      Deba'ra eldu zanean, zuzen-zuzen Alostorre'ra jo zun iņun geldialdirik egin bage. Arratsaldeko bostak inguruan iritxi zan gaztelura ta emaztea ta bi alabak etxean idoro zittun iruten. Bere arpegia ate ertzean ikusitakoan iru emakumexkoak txundioz zurbildurik gelditu ziran eta Otxanda'ren eztarriak karraxi ikaragarri bat jaurti zun, ateondotik ain zorrozki bere begira ikustean irurak iltzera zetorrela uste izan baitzun. Beltran urreratu zitzaien alboraņo ta esan zien leunki:

      —Ez izutu: ez natorkizute gaitzik egitera.

      Ondoren; emazteai ta alaba biai muin egin zien bekokian bere pake asmoaren ezaugarritzat.

      Emaztea ta bi alabak aitaren jokabideaz zurturik jarraitzen zuten itz erdirik esaten ausartzeke. Beltran'ek igarri zion etxekoen larritasunari ta estuasun artatik ateraztearren berak itz egitea erabaki zun:

      —Nere jokabideaz damututa barka eske natorkizute. Ipiola bertsolariak esan zizkidanak ezin eramanaz nere eskuz itto nun, naiz-ta nik bizia kentzeko asmorik ez izan. Espetxeko bakartasun eta pakean nere anima lasaitzen joan zan eta lengo zauri biziak erabat itxi zaizkit. Nere itxukeriari argi egiņik, nere zuenganako jokabidea zuzena izan eztala igarri det. Alde guzitatik estutzen niņuten lerak baztertu ondoren, egiaz jabetu naiz, ta zuri, emazte orri, batere oņarririk gabe egindako iraņa ta zuek lagata aienatuz egin utsegitea ta okerra aitortuz, barka eske etortzera erabaki det.

      —Barkatua zaude. —Esan zun bereala andre Otxanda'k eta aien ondoren bi alabak, lenbiziko bildurra oraindik aienatzeke. Gero, berak ere Usoa'rekiko utsegiteak betebearrez, esan zion apalki antzean:

      —Zuk ere barkatuko al-didazu Usoa'rekiko makur jokatu ba'det.

      Beltran'ek barkatu zion bere aldez eta Usoa'k ere pozik barkatuko ziola esan zion, biotz on-ona zala-ta. Ondoren onela mintzatu zitzaion:

      —Eztakit, azken urte auetako zorikabe ta nekaldi gogorren ondoren nere gorputzak luzaro iraun al izango dun. Bildur naiz aurki ilko ote naizen, gorputz-animaz garaitua ta ondatua bainago txit eta ez nuke ludi txatxar ontatik aldendu nai iņorenganako gorrotoz edo iņoren gorrotagarri izanaz. Debarra ta Alostorre'ko nagusia naizenez emen utzi nai det bizia ta gazteluko nere aurrekoen illobian nere ezurrak dezatela atseden gogo nuke.

      —Beltran, etzaitez orrela mintza, —esan zion zurikeriz Otxanda'k—, oraindik gizon gordiņa zaude ta urte luzeetan zorionez bizi bear degu.

      —Bai, aita; orlakorik esango dezu bada? —Esan zioten alabak amaren leunkeriai berenak erantxiki.

      Beltran'ek ordea bere burua ondo ezagutzen zun eta illabete baņo len sukar gaizto bat nausitu zitzaion gorputzaz eta ziaro akitua oidara bear izan zun. Sendagillea ekarri zuten baņo ezin izan zun bere eritasun indartsua gelditu. Beltran egunez-egun gaizkiagotzen zijoan eta egun gutxi barru Elizakoak ekarri zizkioten. Aitortza on bat egin eta zaleki jaunartu ondoren bere anima Guztiz-Altsua'ri eskeņi zion.

 

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950