Irudiak: Santos Etxeberria

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950

 

 

V

 

      Beltran gazteluratu zanean, jauregitarrak areto nagusian aparitan ari ziran. Beltran'ek morroiari bere nortasuna azaldu zion atea zabaltzean, baņo etxekoai bere etorrera iragartzen etzion utzi. Bera azalduko zitzaien ustekabeki.

      Jangelara urreratu zan eta Usoa'ri buruz ezer ezpailekikean ozenki agurtu zittun berak oi zunez:

      — Gabon, etxekoak!

      Etxekoak txunditurik gelditu ziran Beltran'en abotsa entzun eta bere soņa aurrez-aurre ikustean. Maikideak, zurbildu xamarrik, altxa ziran eta bat-batean biotzak eragindako pozaldiaren gezur-irudi egiņaz, urreratu ziran bana-bana aita besarkatu ustez: Onek ordea, nazkak eraginda zapuztu zittun azalutsok eta Usoa egon oi-zan leku utsari zorrotz begira, galdegin zien salakor:

      —Nun da Usoa?

      —Gaixorik datza. —Erantzun zion emazteak izukor.

      —Gaixorik? Ez ote dago illurren? Enaramazute bertantxe beragana —diotsa emazteari aginkor.

      —Ez al-dezu aurrena apaldu nai? Nekaturik eta goseturlk etorri bide zera, gaixo ori.

      —Gauza guzien aurretik neska ikusi bear det.

      —Bai, Beltran, bai, ulertzen dizut. Elitzake egoki ordea zure alabak soņeko zar orrekin ikustea. Jantzi garbiak aterako dizki...

      Etzun bukatzerik izan. Beltran konturatu zan bere emaztea luzapen aien bitartez denbora irabazi nalean zebillela ta beso batetik eldu ta astinduz esan zion zorrozki:

      —Ez neri txintik atera gero! Goazen!

      Senar-emazteak joan ziran zurubian gora Bela-Beltz eta bi aizpak alkarren artean zizaka gelditu ziran artean.

      Lenengo bizitzara eldu ziranean, Otxanda'k bigarren bizitzara igotzeko zurubia artu zun. Beltran arriturik gelditu zan eta galdetu zion emazteari espatsu:

      —Zertara naramazu bigarren bizitzara?

      —Ez al-dezu Usoa ikusi nai?

      —Noski. Baņa ni gazteluan niņunan artean, —erantzun zion zuketaren leuntasuna urratu gogoz—, Usoa'k lenengo bizitzan lo egiten ziņan.

      —Orain azkenean bada. -Erantzun zion zakar bere emazteak bere okerkeria ezkutatzerik etzula ikusirik.

      —Zer dion?

 

 

      —Entzun dek. Ganbaran zeukat.

      —Sorgiņaaa!!

      —Entzun zak iņori iraņik egin baņo len. —Bota zun Otxanda'k diabruzko asmanen batek bere buruan argi eginda—. Aspaldi ontan eroaldiak izaten dizkik Usoa'k eta eskuan aiztoa, aizkora edo atzematen dikana artuta, aurrena ikusten dunaren ondotik il bearrez joaten dek. Azkenengoan, oraintsu illabete bi, Xemene'ren atzetik joan uken eta Matxin alboan egokitu ezpa'litzaio, labainkadaz josita...

      —Etzan jarraitu, abo ustel orrek, bestela neronek josiko aut-eta labankadaz. Amaika aldiz iruzur egin didan baņan ez didan amabigarrenik egingo.

      —To giltza ta ikusi zak erorrek, nik eztiat iņundik bere atzaparretan erori gogo.

      Beltran'ek giltzatzar erdoitua emazteari eskutik kenduz esan zion:

      —Ganbaran eta giltzapeturik! Urdakumea! Ua, ez aut begien aurrean geiago ikusi nai-ta, baņa Usoa ontatik bizirik ateratzen ezpa'den, erorri joango akion atzetik illobira.

      Beltran ba'dijoa laisterka torreko ganbarara, sartzen du giltza zerrallan eta biurtzen du emeki. Zerralla erdoiak jana zegon eta idikitzerakoan karraaka garratz bat egin zun. Giltzaren karraska soņua entzutean, abots eme aul bat atera zan gelaren barrutik eskarikor. Beltran gelditu zan pitin bat ots kupidagarri arrek zerion itza entzutearren:

      —Ama... ez, ez! Barkatu!... Ez jo... ama!

      Beltran'ek igarri zun orduantxe zergatik aldendu zitzaion emaztea. Gaixorik eta ia iltzear zegola oraindik, bere emazteak txarkeri beltzenak esaten zizkion eta jo egiten zun gaņera. Ai, une artan emaztea alboan izan ba'lu! Lepoa biurritu ta bertan txirtxillatuko luke!

      Beltran'ek piztu zun kandel bat eta ateorpoak kirri-karraka ikaragaņa egiņaz zabaldu zun atea. Kandela gora jasoaz argitu zun ganbara al ainbat. Jostaketan zebiltzan arratoi aundiak argia nabaitzean igesiari eman zioten eta aurki, pareta bazter batean, oltzar batzuz egindako kamaņa koxkor bat nabaitu al izan zun; bertan, belarrez betetako lastai zikin baten gaņean gorputz eme bat arnas-estuki zetzan. Ikuskizun erdiragarri arrek Beltran'i biotza ler jarri zion eta bere alabatxo gaxoagana urbilduz:

      —Ez bildur izan, maiteņo, —esan zion— enaiz zure ugazama gaiztoa, zure aita maitea baizik, gudatik elduberririk dan zure aitatxo.

      —Aita! —Oju egin zun Usoa'k aita besarkatzeko bere beso medarrak luzatuz.

      —Usoa! Nere biotza! —Esan zion aitak bere besotan estutuz ezur besterik etzan gorputz zurbil ura.

      Aitak ezin ezagutu zezakean kandelaren argipean garai bateko bere Usoa begi urdin ederduna. Arpegia margul zeukan sei illabete aunditan eguzkiaren eta egunaren argi izpirik ezagutu gabe. Soin enborra eta soin adarrak zurzuri baten antzo argal eta medar; beso-arpegiak autsez eta krakaz estalirik, azkazal luze-zikiņak sorgin baten gixa ta ia gerriraņoko txima luzeak sorbalda gaņean sakabanatuak. Gorputz guzitik, iguin egiteraņoko izerdi ta zikin usaia zerion eta soņean zeraman atorra ta oieko maindirea etzizkioten aldatu gaixotu ezkeroz. Beltran'ek bere masallaz alaba gaxoaren kopeta ikutu zunean, sukar aundi baten mende zegola berealaxe antz eman zion.

      —Jainkoarren etzaittez il, alabatxo kuttun ori! —Jarraitu zion aitak eztiki.

      —Ez aita, enaiz ilko, zu emen ikusteak bizi berri bat ematen baitit. Egun batzu geiago luzetsi izan ba'zenu nereak egin luke. Zuk ordea bizitzeko indarra damaidazu.

      —Gaurgero, etzaittut geiago ugazamaren mendean utziko. Arekikoa egin det eta zu ezkondu artean etxe madarikatu ontatik kanpora biziko gera.

      —Bai, aita; arren, sendatu nadinean atera nazazu gaztelu ontatik, ormatzar auek ber-bertan itto ez nazaten.

      —Sukarrak alde egin bezain aguro, txikitan bezela, trakarran-trakatan zaldi gaņean, gogoratzen al-zera? eramango zaittut zuzpertu zaittezen, zure birikak bear-bearreko duten gezalaz eta mendiko aize guriaz ase dittezen eta zure masail margulak eguzkiak bizitu ta beztu ditzan. Aurki sendatuko zera ta orduan Alostorrean ezagutu diran eztairik bikaņenak egingo dira zure ospez. Jaungoikoa'k ez al-du gaitzetsiko zure jaiotegunean bezelaxe!

 

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950