Alos-Torrea
III
Egunak joan eta egunak etorri, urteak joan eta urteak etorri, Usoa'ren osasuna gero ta okertzenago ari zan. Ugazamaren tratu txarrak eta seniden irri, iseka ta nardak jartzen zioten ezin biziak, neska gaxoa illobira zeramaten zuzen-zuzenik. Bere aitaren naitasun sutsuak bakar-bakarrik iraunazten zion eta aita etxean zanean soilki egiten zitzaion iraungarri Alostorrea'n zeraman bizi zorikabea, aita aldendu ordukoxe Deba'ko gaztelu zarra inpernu bizi baitzan beretzat. Beltran jaunak gogoan ba'zun ere bere alabaren zorikabetasuna, etxetik kanpora zanean emazteak zegizkion irain, dollorkeri ta makurkerien berri zeatzik etzun. Usoa'k berriz, bere ugazamak eta senideak egiten zizkioten txarkeriak etzizkion esaten bere aitari, au naigabetu etzedin eta sendian asarre-istillurik ez sortzearren. Ain baitzan ona Usoa! Usoa'ri egiten zizkioten txarkerien berri morroi edo neskame batengandik zetozkion Beltran'i ta naiz ta onek, Usoa'k zeraman bizikera errukarriagatik oñazerik bizienak artu, etzun indarrik emazteari, akar egiteko. Onek ziaro bere mende zeukan eta Usoa'rekin txeratsuago eta maitakorrago izateko oartu zion bakoitzean, emakume ziztriñak, berak oi zun etorriaren bidez eta gizonak zurikatzeko loxinkeriaz nai bezela iruzur egiten zion. —Usoa! —Zion bere senarrari kutunkeriak egiñaz, bere gorputzaren edertasunak nabarmenduz eta bere begi biziak gizonen lilluragarri erabilliz—. Ori da aurraren edertasuna. Nork esan dizu baña beretzat garrazkeririk detanik? —Garrazkeririk ez, —erantzun oi zion Beltran'ek emakume dollorrak zabaldutako saretan ziaro nasita, ta bere aurreneko zakarkeria legundu naian—, baño nolabaiteko oztasuna edo... nik al-dakit! —Oztasuna! Baño nola esan dezakezu orrelakorik nere Beltran, zure urrenik bera baitut nere begiko ninia... —Eztakit bada, —amaitu oi zun Beltran'ek ematen egiñaz—, norbaitek aditzera eman dit besteai añako naitasunik ez ote diozun edo... Barkatu baña, kuttuntxo, zure itza aski det-eta. —Ez dago zergatik. Ba'dakizu, enetxo, mundu au bekaizkeriz eta espaz beterik dago ta batzu-batzuk nere zoriona ondatu nairik dabiltzana ba'dakit. Onelaxe bukatu oi zan Beltran biozperaren akar egitea. Bere emaztearen emetasunak lilluraturik zeukan eta beste gauzetarako oi-zun kemena ta zentzua, ziaro galdu oi-zun emakume baten lillurapean. Azkenean ordea, Beltran jauna benetan ikaratzen asi zan Usoa'ren osasunari buruz. Arpegia zurbildu zitzaion, auleria bere soñaz ziaro jabetu, azalaren margoa txuri-orixta biurtu, mamian utsuneak egiten eta ezurrak nabarmentzen asi zitzaizkion. Alaxe bada, Beltran'ek erabaki bat lenbailen artzea pentsatu zun. Usoa amabost urteak betetzera zijoan bezperan aitak beragana deitu zun eta onela mintzatu zitzaion: —Usoa, biar amabost urte beteko dittun. —Bai, aita. —Urtero bezela erregalu bat egin nai nikenan. Alabaña, erregalurik onenak egiñarren, bai ire egunez ta bai ondorengoetan itun ta goibel zekuskiñat. Erregaluak eztin biotza asebetetzen nunbait, eztin zorionik irixten, eta nik aurten egingo diñatan opariak ire zoriona irixtea nai. —Aita, asko poztutzen nau zure niganako onginaiak baña zuk eman dizaidakezun erregaluak ezin iritxi lezake nere zoriona, ezin asebete dezake nere biotza. —Nik opa diñatan erregalua zer dan ba'ekin, ba'lekiken onenean zorion ori topa aal izatea. —Zer da ba aita? Zoriongai orren irudirik ezin sortu baitzait.
—Usoa, —esan zion aitak maiteki biotz ondoan estutuz—, ba'zekiñat ondotxo i etxe ontan nozitzen ari aizena ta ire neke-oñazeak aspaldi ontan nere biotza minberaturik zeukaten. Ire osasuna ta bizia etxe ontan utzi baño len, iretzat kabi goxo bat billatzea erabaki diñat. Gogorra izango zaidan i gabe bizibearra, baño ire zoriona iritxi diñatala jakiteak nere biotza zorionez beteko din. —Eskarrikasko, aita, ta nor pentsatu dezu? —I ezkondu bearraz nere emazteari mintzatu nintzaionan... —Eta baietsi al-du berak? —Itza jan zion Usoa'k urduri. —Bai, ta alegia, Bidani'ko Joanes Muñoa'ren seme zarrena egoki litzaikenala esan zidanan. —Migel? —Bai, Migel. Ez al-deritzan ondo? —Ez da, izan ere, mutil zuzena. —Ik zuzenduko omen den ordea. Bere gurasoekin mintzatu naun eta aiek poz-pozik entzun zitenan ire izena. Ziur omen zioztin i bezelako neska on batek bide zuzenean jarriko diñala beren mutilla. —Zorion uztean ez ote dut zorikabe aundiagorik topatuko?... Ez aita, ez... Barkatu, —dio bat-batean biotza lertu bearrez—, baño zorigaitz aundiagorik ezin topa dezaket. Esan Muñoa jaunari, baietz, ezkondu nai detala... lenbailen, lenbailen... Emendik erten, aita! Usoa'k, biotza zabal-zabal egiñik, bere barreneko mingostasuna, bere lor aztuna negarretan ustutzen du, aitak bularrondoan maiteki estutuz sedazko zapi eder batez malkoak txukatzen dizkion artean.
Alos-Torrea |