Irudiak: Santos Etxeberria

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950

 

 

VI

 

      Poliki-pollki, bere aitaren ardura ta maitasun beroari eskerrak, Usoa sendabidean zijoan. Sukarrak aldegin artean Beltran etzan mugitzen bere alabaren ondotik, bere ugazamak artutako morroi-neskametan uste-onik ezpaitzun. Bera aritzen zitzaion morroi, berak egiten zion aldia igarokor, kanta zarrak abestuz, Euskalerri'ko elezar eta gudako gertakizunak kontatuz, berak ekarri oi-zizkion baratzeko igalirik ederrenak eta erregalurik atsegiņenak, berak ezetzen zion goizero usaiki ederrez, garai batean ain zabar eta zikin euki zun adats ederra.

      Amabost egun barru oietik jaikitzeko tankeran jarri zan eta aitak berarekin atera oi-zun eguerdiro baratzera eguraldi ona zanean, urrilburuko eguzki epela artzera ta birikak gezalez asetzera.

      Ogei egun barru, aita-alabak beren gaztelua utzi ta Salegi'ren arroztegira joan ziran bizitzera, Salegi'neko etxekoandreak baņo obeto ta txeratsuago Deba'ko uri osoan bere alaba iņork zaituko etzula bai-baitzekin.

      Aita Gaztela'tik eldu ta iru illabete barru Usoa osasunez bete zan, ikaragarrizko kolore ederra jarri zitzaion eta batez ere, ainbesteko leiaz bere bizitzan billatu ta arkitu etzun zoriona iritxi zun. Usoa Deba'ko neskarik xaloena ta apalena bezela bizi zan; bere lagunak bere aldean txiro ziran baņo gizamail nardagarriak berexten zien indarra, aula, utsa zan animaren doai ederrak alkartzen zienaren ondoan. Arrezkeroz Usoa'k, ez aita bakarrik, bere seme alabak ainbat maite zun ama on bat ere arkitu zun: Salegi'ren emazte biozpera. Onen seme-alabak berriz, bere adiskiderik aundienak ziran.

      Alabaņa, Deba'ko aundikirik nagusienak ezin bizi zittezkean arroztegi batean beren egoitza alboan eukita ta bertan, zuzenbidez eta nagusitasunez bailegozkean Beltran'en emazte ta alabak. Beltran'ek salatu zezakean emaztea izorkeriz eta bere ugazalaba il naiez, baņo etzun ez agiririk, ez lekukorik eta naiago izan zun burua makurtu ta itxoin agiri edo testigutzarik gabe auzitan asi baņo.

      Jendearen begitan ordea, berak ziran etxetik jaurtigiak eta emaztea sendiko auzi artan garaille izan zana. Onela ezin zezaketen jarrai ta Beltran'ek bere alaba lenbailen ezkontzea erabaki zun.

      Udaberriko eguzki alaiak bere izpi langillien bitartez kimu lotiak ernetu ta zabaltzen zittun garaian, Usoa, Bidani'ko Migel Muņoatarrarekin ezkondu zan. Ezkontza ordea etzan Deba'n egiterik izan Beltran'en gogoa zanez, andre Otxanda'k Alostorrea'n jaun da jabe jarraitzen baitzun, azalez beņepein eta onetxegatik ezteiak Bidani'n egin zittuzten. Beltran'ek Alostorrea'n ezin azaldu zezakean beartsuenganako eskuzabaltasuna Bidani'n erakutsi zun, Ernio inguruko landerrak sabela nun ongi bete izan baitzuten eta egun eder baten oroimena gelditu zitzaien etxeratxekoan.

      Nunbait aitatu degu, Migel, izatez gaiztoa ez izanarren, Berri-Onak aditzera ematen digun seme zarraztelaren tankerakua zala. Onetxegatik, aurrenekoz, Usoa'ren kezka Muņoa'ren semearekin ezkontzeko, bildur baitzan Alostorre'ko bizi zorikabeari igestearren txarragoan erortzea.

      Izan ere, Alostorrea'n ezin bizia jarri zioten Usoa'ri, Otxanda'k bere mende baitzeukan Beltran emakumezko sorginkeriz lilluratuta, eta iņoiz-edo akar egiten ba'zion emazteari Usoa'ri txarkeririk ez egiteko edo beraganako naitasun geiago izateko, Alostorre'ko sorgiņak berealaxe iruzur zegion senarrari, egia gezurkeriz estalirik. Usoa berriz onegia zan eta ixil-ixilik eraman oi-zun bere gurutzea.

      Guda bitartean Otxanda'k Usoa'ri egin zizkionak ikaragarriak izan ziran eta azkenean, berak izorkeri bidez izan zun aurra Usoa'rena zala zabaldu zun, morroi, mirabe ta adiskide batzuk diruz ondo igurtzirik. Azkeneko tratu txar eta iraņak Usoa errukabea erio alboraņo eraman zuten eta ez lioke eriotzari iges egingo aita etxeratu ezpa'litzaio.

      Onetxegatik, ugazamaren irudi nardagarriari igestearren, geroari begiak itxirik, aita gudara joan aurretik ezkontz itzez bere burua lotu zun Muņoatarrarenakin eta orain Otxanda'ren mende ezpa-zegon ere, etzan egoki emandako itza nolanai jatea.

      Jaungoikoa'k ordea, alako aingeru errukabeak Bera'gatik egonarri gurenaz aski nozitu zula etsirik, zoriona oparo ematea erabaki zun.

      Izan ere, Migel, Usoa'ren senarra, bere emaztearen ontasun eta edertasun berdingabeaz lilluraturik gelditu zan eta ezkongai aldiko ordikeri ta likiskeriak aldebateratuz, bere gogo-biotzak Usoa'ri ta onengandik izan zittun seme-alabatxoai eskeņi zizkien. Onatx bada, Usoa'k Ernio'peko zelaigune zoragarrian bere zorionbetea arki.

      Otxanda'k, Usoa ezkondu ezkero Beltran'en txera ta onginaia irabaziko zula uste izan zun eta onetxegatik ugazalaba ezkondu artean egonarriz irautea pentsatu zun. Alabaņa etzan berak uzte bezela gertatu, iņoiz edo kalean ikusten ba'zun, berak, irabazi naiez atseginkor egiten zion agurrari zaputz egiten baitzion eta ikusi ezpailukean aurrera jarraitu.

      Bizikera au, nekagarri ta atsekabea bakarrik ez, makurgarria ere ba'zan Otxanda bezelako emakume arro, apetatsu ta aundinaiarentzat. Onela ezin zezakean jarrai ta larrigiro arretan nolabait zirt edo zart egiteko erabaki sendoa artu zun.

      Beltran'ek oraindik ere ba'zittun artu-emanak bere bi alabakin eta batez ere Bela-Beltz'ekin, oni, bere adiskide on batek ezitzeko utzi zionez, beti izan baitzion zaletasun aundia ta beronek egin oi-zittun okerrak beti gutxietsitzen zittun. Auek Otxanda'ren esanekoak ziran eta beren errua etzan ainbestekoa orretxegatik. Gaņera, beren aita zanez oiekiko artu-emana ez urratzea erabaki zun, jendeak aita gaiztotzat joaz, beragan iņork gaizpiderik izatea ezpaitzun nai.

      Beltran'ek beraganako zun zapuzkeria Usoa'gatik baņo sasi-aurragatik geiago zezakeala iruditu zitzaion. Bere ustez, eta etzan gaizki ari, Beltran, aurra berea izan zalakoan zebillen, berak morroi ta adiskide bidez Usoa'ri egiņarren erru, eta izorkeriz salatu ezpa'zun, nunbait agiririk etzulako zan. Alaxe ba, zedozer egitekoz etzegon betarik galtzeko.

      Oi bezela, Otxanda'k azaldu zion zeazki bere aitarekiko eginbearra Bela-Beltz'i; zer esan, nola esan, noiz arkumea baņo otzanago jarri, noiz burua arro azaldu, ta leunkeririk bigunenak nola egin. Axarikeri asko erakutsiarren otsoa beti otso ta Bela-Beltz baldarregi ta kankalluegi zan Otxanda'ren axarikeriak ikasteko.

      Beņola, aita plaza nagusi barrena zijoalarik Bela-Beltz gerturatu zitzaion bere erasoari ekiteko une egokia etsirik:

 

 

      —Kaixo, aita. —Oles egin zion Bela-Beltz'ek, atseginkor agurtuz.

      —Kaixo, seme; zer diok.

      —Ementxe; egurasteko giro txarrik eztago-ta.

      —Ez; ala dek.

      —Ajolik ezpa zaitzu, egurastuz izketatu gaittezke.

      —Ezer azaldu bearrik al-daukakidak? —Erantzun zion Beltran'ek zedozer igarriz.

      — Bai, aita; aspalditxo mintzatu nai nintzaizun eta ez deritzat egoki luzestea. Alegia, amatxoganako dezun erdeņu ta zapuzkeria aditzera eman nai nizun.

      —Ori eztek iri dagokikan gaia, Matxin.

      —Bai, aita, gu etxekoak geranez, gurean pakea ta zoriona nai degu.

      —Arritzen natxiok. Noizkoa dek egoaize ori?

      —Aita!... Zer aditzera eman nai diguzu orrekin?

      —Ba'naitteke berankor batian ez aazkor, seme. Ba'zekiat eta ondotxo ala're, gazteluko pakeaz noiz gogoratu zeraten.

      Bela-Beltz'ek etzittun ontara ezkero bi bide besterik: aitarekin erabat asarretu edo aitaren akarrari ez entzun egiņaz, leunkerian asi Otxanda'k esan zionez. Ortzak estutuz garaitu zun bere aundikeria ta ekin zion bere aitari, bigundu naiez:

      —Konturatu zaittez ordea, Milia ta Xemene gaztetxoak dirala ta amari dagiozun zapuzkeria gaizpide litzaiekela, oker pentsa lezaketela. Aita: Militxo ta Xemene'gatik besterik ezpa'da ere onezkoak egizkizu amatxorekin. Ama, bere aldez, Usoa'rekikoaz damututa dago ta zuri barkapena eskatu nai lizuke.

      —Gauzak bere izenez esaten asi aizen ezkeroz, ni ere garbi mintzatuko natzaik, Matxin. —Ekin zun Beltran'ek azkeneko itzetan uste aundirik jarri gabe—. Ni Gaztela'n niņukala Alostorrea'n aur bat jaio uken.

      —Ain zuzen ere orretxegatik mintzatu natzaizu. Ez bezate uste izan zure alabak aur orren ama berena izan danik. Zuk, oraingo jokaeraz bide egiten diezu.

      —Ba'littekek, baņo berarekin onezkoak eginda beste bat salatuko nikek... eta bestia ezta... ezin litteke... ez, ez!

      —Nik dasaizuket bada, zure emaztea errukabe dana.

      —Zer esan nai didak orrekin? Usoa'k bere errukabetasuna galdu egin zikala? —Ekin zion Beltran'ek sututa.

      —Jendeak ala dio... —erantzuten dio parraskiro Bela-Beltz'ek.

      —Gezur ziotek! Usoa'ren garbitasunaz ziņeste osoa zeukat.

      Itzoek entzutean Bela-Beltz bere onetik atera zan, eta suge pozoidunak aginkada sartu oi-dun antzo, itz oetan ustu zun bere aitaganako gorrotoa:

      —Beraz, emaztea ta alabaren artean, emaztea salatzen dezu gizonkeriz, naiz ta erri osoak Usoa'ri erru egin. Jakin ezazu bada, aita: alakorik egitean irain dagiozu emazteari, Usoa'ren pekatua berari erantsiz.

      —Aski dek! —Ekin zun sututa Beltran'ek abotik pitsa zeriola—. Seme dollor eskergabea! Gaurkoz eztiat agiririk emaztea izorkeriz salatzeko, baņo aurki izango al diat, denborak dana argitaratzen baitik! Euk, urde kiskil orrek, neuk baņo obeki dakik erruduna nor dan. Guziok etsai zatzaizkidak etxean; orok azpisugearen gixa zurikerian ibilliarren, nigandik noizpait zedozer iritxi ustean, Usoa bezain gorrotagarri natzaizute. Emazteak gorroto natxiok, euk gorroto nauk eta alabak gorroto natxiotek.

      —Onezkoak nai dittuzute, —jarraitu zun aroasaldi baten ondoren—, nere ogasun eta diruen atzetik baitzabiltzate, ez nere naitasunez... Baņa, nik ere gorroto zaittuztet suge narraztariak eta etzaitutet geiago nere begien aurrean ikusi nai.

 

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950