Alos-Torrea
I
Beltran, Alostorre'ko jaune ta Gipuzkoa'ko beste zaldun eta andiki batzuk Laxtur'ko mendi-bide biurrietan barrena dijoaz, beren zaldi mardulak aztalaz zulatuz urduri xamar. Egunak laburrak dira, udazkenak azero leenaz eskeņi oi dizkigun egoaizekiko egurraldi ozkarbi ta margotsua baita. Beltran'ek eta bere lagunak egunargiz iritxi nai dute Deba'ra, Laxtur'ko ta Itziar'ko mendibideak gaiztoak baitira txit, gautu ezkero. Obea beraz, garaiz ibilli, zaldiak ankaz beaztopa egin eta kolpe txarren bat artu baņo. Eiztariak, Gipuzkoa'ko aundiki sendietakoak ba'ziran ere, etzitzaien nabariko noski gerritik zintzilik zeramaten ezpatagatik ezpa'litz. Oial urdiņezko galtza sendoak belaunetaraņokoak ziran eta belaunberakua estaltzeko aldi artan nekazariak erabilli oi zituzten mantarreak zeramazkiten. Au, txonkatilletatik belaunetaraņo irixten zan artillezko oialki zakar bat oi zan eta onen inguraka abarken lokarri luzeak bildu oi zituzten. Soņaren estalgarri, saiak esaten zizkioten jaka beltzak ukalondoraņoko besakiz, eta buruko ille luzeak nolabait gordeaz oial urdiņezko txano biribilla. Sorbaldatik zintzilik eiztari bakoitzak ba'zekarren bere azkon-uztaia eta gerritik zintzilik euskaldun zarren ezpata zorrotza. Alostorre'ko jaunak egun artan zitun eize-lagunak aipatzea egoki izango zaigu, ondorengo orrialdetan batzu-batzun izenak sarritxo azalduko baitzaizkigu. Joanes, Zeztua'ko Lili jauregiko etxejaun zuurra, Deba'ko alkate ta erretore jaunak, Deba'ko Agirre jauregiko zaldun prestua, Azpeiti'ko Basazabal jauregiko etxejaun sutsua ta Elgoibar'ko Altzola jauregiko gizaseme on eta xaloa. Atzetik morroi batzuk zetozkien jabetutako eize piztien erakarle. Soroetan ari ziran baserritarrak edo zaldi taldearen anka otsa entzuki baserri atarira ertetzen ziran etxekoandre maratzak eta aur jostariak, arraitsu agurtzen zituzten Gipuzkoa'ko aundikiak. Zezeaga basetxeko gari-soro albotik igarotzean, baserritarrak gariketarako lurra jorratzen ari ziran. Beltran'ek bere zaldia geldiaraziz arraiki oles egiten dio nagusiari: —Eup, Txanton! Gogor ari zerate gero! —Ari bearko, gariak ereingo ba'dittugu! Dakustanez zuek ere gogortxo arituak zerate, —diotsa Txanton'ek morroiak zekarten azari eder bati begira. —Zedozer egin ba'degu ere, etzaigu nai aņakorik eskuratu. Azeri au ta amabitxo bat erbi izan da eguneko arloa. Basurdetzar arrek zauritu ondoren iges egin ezpa'lit! —Eize aberea eztana ere izango da zurean aurraren jaiotegunez, —bota zion zirika Txanton' ek, Beltran egun orri buruz prestatzen ari zan bazkariaren berri jakin nairik.
—Izango al-da, Txanton! Berrogeitamar txal, beste ainbeste urde, eun arkume ta milla ollasko etxeratu dittugu beintzat. Zuek ere, nere maizter zeraten aldetik, orritserako dei egindakoak zerate. Egun orretan gure etxeko atea jotzen duten euskaldun guziak maikide izango zaizkigu. Debarrak batez ere, nere zorionaren pozkide izatea gogo nuke. —Jaungoikoa'k egin ziņun biotz on eta esku zabal, Beltran jauna, ta Berak, ordainduko al-dizu noizpait txiroenganako maitasuna. Beltran jaunari, otzana zanez, zurikeri auek etzitzaizkion atsegin eta entzungor egiņik Txanton'en seme-alaba gazteai onelatsu mintzatu zitzaien: —Gazteak, nere aurraren bataio egunez Deba'n nai ziņuzketet. Asperraren bildurrez ez geldi, zuentzako naiko jolasa izango baita. Ziolar'ko zezenik sutsuenak erakarri ditut gazte jendien sasoia ta trebetasuna probatzeko. Gipuzkoa'ko txistularirik iaioenak ere antxen izango dira, erri guzia goizetik arratsera txistuaren txinta alaiaz betetzeko. Ia, ba, neska-mutillak, zuen dantzarako zaletasuna ta sasoia Deba'ko plazan agertu! Beltran'ek, izketan asi ezkero ikaragarrizko etorria zun eta bere naiera ari ezkero etzan konturatzen denbora aurrera zijoanik. Bere adiskideak artegaturik ots egin zioten: —Beltran, gaurko etxeratzekoan gelditu gaittuk. —Lasai, gizonak! -erantzun ondoren an erten zan Beltran bere zaldia antxintxika jarriaz. Gizonok etorkizunaren berri ba'geneki, egin-asmo dittugun zenbat gauza ez ote genittuke utziko egiteke? Alaxe bada, Beltran jaunak elittuke ainbesteko dirutzak eralgiko bere aurraren bataio egunerako prestaerak egiten, baldin, zorigaitz mingots batek bere etxea beltzitu bear lukela jakin izan ba'lu. Jaungoikoa'ren erabakiak ordea betidanikoak izan oi dira ta berak uste ezarren, orrits ikaragarri arren geiegizkeria jaio aurretik galtzea erabaki zun, samin iturri biurtuz. Jaungoikoa'ren begiai ezin atsegin izan ainbesteko dirutzak orrits eta jaialditan eralgitzea. Beltran biotz on zan eta berak zionez etzan geldituko Deba'n eta inguruetan txirorik bere aurraren ludiratzea pozez ospatu gabe. Baņa ainhesteko dirutzak jalekeri ta mozkorkeritan eralgi bearrean, ez ote litzaieke Jaungoikoa'ren begiai askoz atsegiņago bere aurraren jaiotza apalki ospatu ta jan-edan lotsagarritan ondatu bear dirutzak txiroen artean banatzea? Bere aurrekoei jarraiki ta aldi artako aundikien oikeri zanez jokatu zun Beltran jaunak, baņo, berez biozpera ta xaloa zanez Jaungoikoa'k aditzera eman nai izan zion nunbait, alako orrits eta jaialditan burugabeki diruak eralgitzea etzala bere atsegiņekoa. Maite zunez eta Bera'ganako nai zunez, ludi ontako egunak illundu bear zizkion zoribeltza bialdu zion Jaungoikoa'k. Neska eder, mardul eta begi urdin gozoak zittun aur xotil bat jaio zitzaioten Alostorrea'n egun bi geruago. Neska osasunez ludiratu zan, baņan aurraren erdiratzeak bere ama on-ona illobira eraman zun. Beltran jaunaren neke-miņak eta negar zotiņak, jai ta orrits, poz ta algara bear luken egun artan!
Alos-Torrea |