Alos-Torrea
VII
Bela-Beltz'ekin izan zun izketaldiaren sumiņak eraginda, Beltran'ek egun bertantxe Deba'tik alde egitea erabaki zun, naiago baitzun orron eta noragabe ibilli bere etxekoen arpegiak ikusi bear baņo. Salegi'ren arroztegian bazkaldu ondoren, bere izkilluak arturik atera zan Deba'tik zaldiz, aurreneko gaba Zumaia'n egiteko asmoz. Biaramonean Bidani'ra joango zan bere suiaren etxean egun batzuk igaroaz atsekabeak aztu ta animaren zauri biziak alaba kuttunaren maitasun ukenduz sendatzera. Ondoren, Jaungoikoa'k esango... Moruen aurka borrokatzera joateko asmoa artu zun bere ezpata dirdaitsua kistartasunari eskeņiz. Gizona sarritan oi da aldakor, batez ere bere asmoak beroaldi baten ondoren artzen dittunean eta Beltran'ek zirriez pentsatu bazun ere aurrenean morotara joatea, irizpide au gero ta aultzenago joan zitzaion Ernio'peko uri paketsuan. Bidani'n, bere animako pakea ta zoriona arkitu zittun, alabaz, suiaz eta geroago bere billobatxo maitagarriaz inguratuta. Beltran'ek bere gudurako asmoa etxekoai agertu orduko, auek alegindu ziran alako zentzugabekeria burutik uxatzen. —Aita, Jainkoarren etzazula orrelakorik egin, —zioten sui-alabak leiatsu—, etxe ontan arkituko dezu Deba'n billatuarren ezin idoro zendun txera, naitasuna, zoriona. Guk maiteki zaituko zaittugu, biotza atsegiņez bete, galdutako poza ostera animara erakarri. Zoriona iritxi dezun garaian etzazula zure bizitza moro-lurretan saminki galdu. Egin ere alaxe egin zun. Etxekoei, egin zien abegi ederragatik eskerrak egiņaz, Jaungoikoa'ri ere egin zizkion, berari ta bere alabari zoriona ekarri zion egoitza ta Bidani'ko uri osoa oparotsu onetsi ta bere eskerrez bete zezala eskatuz.
Beņola, Deba lur gaņeen ba'zanik ere aztu xamar zeukanean, Beltran eta Migel Azpeiti'ra jatxi ziran, Loiola'ko gazteluan Gipuzkoa'ko guda-gizonak izan zuten batzar nagusi batera. Batzar ontara, beste zaldun askoren artean Deba'ko Lope Agirre'tarra ere etorri zan eta orra nola alkar ikusi zuten berriro aurtzarotikako bi adiskide zarrak. Urte bi ziran, Beltran, bere adiskide miņena agurtu ere egin gabe Deba'tik suntsitu zala. Orra ba, Lope arriturik gelditu bere antziņako adiskidea ustekabean Azpeiti'n ikustez. Alkarganatze arrek bi adiskideak pozez bete zittun eta euren arteko izketaldiak etzun azkenik izan bi urte luze aietako bakoitzaren gora-berak alkarri azaldu arte. Beren gertaerarik nabarmenenak azaldutzat jo zittuztenean, Lope'k sorbaldako bat emanaz bere lagunari esan zion: —To, Beltran! Neretzako lekiken berririk pozkarriena ia-ia esateke utzi diat! Malentxo nere alabarik zarrena gaur amabost ezkontzen zaidak! —Bai ote? Eta norekin? —Urruti xamarkoa dik mutila, baņo Gipuzkoa'ko leņurik aundiki ta aberatsenetakoa. Segura'ko Santxo Lardizabal'en lenen semea. —Eztek ezkontza makala, to! —Ekin zun Beltran'ek txundituta—. Aita-semeak ondotxo ezagutzen dizkiat eta nekez sortu leiokekan ori baņo aukera oberik. Aberatsak eta lezaketenak izateaz gaņera mutillik onena ta xaloena dana entzun diat. Baņa, Lope, ekatzak bosteko ori! Berri au bazkari on batez ospatu bear diagu. —Gaurdanik ezteietara otsegiņa ago. Nere adiskiderik zarrena aizenez, nere alboan exertaziko aut. Beltran asaldatuta gelditu zan itzoek entzutez, emaztea ta alabak Deba'n zittun artean ezpaitzun erri ontan oņak jartzeko asmorik. Apur bat mintzul gelditu ondoren: —Deba'ra? —Galdetzen dio. —Noski, nere jauregira. Beste ixilaldi baten ondoren erantzun zion bat-batean: —Orra ba; joango nauk... Baldintza koxkor bat jarriko diat alabaņa. —Bota. —Nere etxekoei ezteietara ez otsegitea. Ez nazak gizatxartzat jo au esan diatalako. Euk ba'dakik aiek eta ni ezin gaittukela aurrez-aurre egon. Lope Agirre'tarrari itza eten zitzaion Beltran'en baldintza jakitean. Nola utzi bear zuten Deba'ko sendirik nagusiena ta Agirre'tarren adiskiderik sakonenak ezteietara ots egin bage? Zer aitzeki billatuko zuten sendi arrekin urratu gabe utsegiteko? Gaņera, Lope'ren emazte ta seme-alabak nai izango ote zuten Beltran'en apeta bategatik Alostarra'kin utsegin eta erabat urratu, beraz? Ez al-zan konturatzen Beltran bere adiskidea jartzen zun estuasun larrian? Edo, bere sendiaz apentzeko aukera bat zetorkiola ikusirik zauri zarrak biztu zitzaizkion eta etzun galtzen utzi nai? Arlo gaitza benetan Beltran'en asmo sakonak aztertzen. Lope'k, ixilaldi luze baten ondoren onela erantzun zion: —Estuasun gorrian jartzen nauk, adiskide, ire baldintzaren bitartez. Ire emaztea su-jario jarriko dek otsegiten etzaiola jakitean. Izan ere Deba'ko aundikienak eta adiskidienak zuek baitzaittutegu. —Aundikiak eta adiskideak izenez edo egokieraz bakarrik dittuk olek, izatez azaluts kiskillak. Oien adiskidetasuna galtzearekin eztezute gauza aundirik galdu. —Ori bakarrik balitz... baņo ba'dakik, Deba bezelako uri koxkor batean egunero aurrez-aurre bizi ta alkarrekin ondo eraman bearra zegok. Gaņera, nere emazteak... —Nai dekana egin ezakek, —erantzun zion Beltran'ek Agirre'ren zalantza nabaituz—, baņo nik eztiat ematen egingo esandakoan. Aiek edo ni. Erorrek aukera. Lope, pittin batean burumakurrik eta oldozkor gelditu zan auzi gaitz ura ezin erabaki. Etzun biotzik bere benetako adiskideari ezezkorik emateko, ta oni baiezkoa eman ezkero, Alostarrakin ez-eze bere emazte ta sendi osoarekin asarrealdi mingotsa izango zun. Azkenik betazalak jaso, eta bekokia kiņu batez zimurturik, zorrozki begira zeukan gizonari esan zion: —Beltran, atsekabe koxkorren batzuk ekarriarren ere, adiskide zarra dek lenengo!
Alos-Torrea |