Irudiak: Santos Etxeberria

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950

 

 

IV

 

      Asmoak asmo, egiņak egin...

      Beinbat geiago, Alostorre'ko jaunari okerreratu zitzaizkion Usoa'ri buruzko asmoak. Bidaniar ta Debarrak alkar artu ta errian bi jauregitarren arteko ezkontz susmurra zabaldu ondoren, guda baten dunbotsak ezkontz asmoak urratu zitun.

      1002'garren urtea sasoiturik zan. Almanzor, morotar buruzagi izukaitza gudari sail ikaragarriak berekin zittula, aldi artako Euskalerri mugetara irixten ari zan, ankapian artzen zittun erri ta lurrak, baso ta uztak errez ta kiskalduz.

      III'garren Santxo Nagusia aldi artako Naparroako Errege, beste errege batzukin alkar artuta bere gudaritaldeakin bidera erten zitzaion; morotar buruzagi oldartsua garaitzen ezpa'zuten, erlijioaren il-zoria bakarrik ez, Euskalerria'rena ere ba'zetorrela bai-baizekusen. Aldi artan zorionez Euskalerria alkarturik zegon eta Gipuzkoa Naparroa'ko erregeren mendeko zan. Beltran Alostarra Gipuzkoa'ko gudaritaldearen buruzagitako barri zan eta bere mutillakin Iruņa'ra bereala biltzeko Errege'ren deia izan zun, morotar ezigaitzen aurka Gaztela'runtz atera zittezen.

      Alaxe bada, ezkontz asmoak guda ondoren betetzeko utziz, Beltran Alostarrak utzi zun Gipuzkoa'ko lurraldea, berriz ikusterik izango zun jakiteke.

      Andre Otxanda ta bere belakumeak arras poztu ziran Beltran gudara ertetzen ikustean, morotan ziraun bitartean, tratu txar ta naigabe bidez Usoa'renak egingo zula uste baitzuten.

      Usoa'rentzat berriz, altaren ertetze ura eriotza baņo garratzagoa izan zan. Zorionaren atetaraņo eldu ustetan, ukaldi batez, erio luze ta neketsu baten atzaparretan erori zan. Beltran'en itzalik eta beldurrik gabe, Otxanda'k ezin bizia jarriko zion Usoa'ri ta bere osasun aula ondatzen eta ugazalaba illobira bidaltzen etzun lan aundirik izango. Bear ba'litz, Usoa'ren osasuna uste baņo gogorragoa gertatu ezkero, edena erabilli zezakean Usoa'k bizia gal zezan. Alabaņa, alakorik egin bearrean arkituko zanik etzun uste. Zigorrak, iraņak, naigabeak, irri ta parrak aixa galduko zuten Alostorre'ko lenen-alaba aita gudatik etxeratu baņo len.

 

* * *

 

      Beltran Alostarra gudura erten ezkeroz urte luze bat igaro da.

      Urrilla aurrera xamartua dijoa; egoaize zakarra erasoka ari da, zugaitz eta etxeak errotik atereaz eraman nai bailittukean. Bere orruak aundiak dira baņo indarrez aula da. Zarata ta txistu otsa ba'dakar munduaren jaun da jabe bailitzakean, baņo bere indarrak urratuak gelditzen dira etxerik kaskarrena edo arbolik medarrena jotzean eta auek erroz atera nairik bere beso aulak ezindurik gelditzen zaizkio, illurrenik dauden ostoak orbel biurtuz edo tella koxkorren bat lurreratuz etsi bearrik azkeneko.

      Egun artako egoaize zakarrak Alostorre'ko tantai errotsuak billutsik jarri dittu geientsu ta billustasun gorri onek gazteluaren goibeltasun eta zorroztasuna nabarmenago dagi.

      Jauregi guztia ixilpekoak menderaturik dute ta debatar guztiak ango gertakizunak igarri nairik asmamena dabilkite langille. Gaztelutarrak noizpeinka azaldu oi dira kalean, baņo Usoa iņork ikusi eztula sei illabetetik gora da. Jenderik geiena andre Otxanda'z marmarioka ta gaizki esaka aritzen da egitekorik gaiztoenak berari erantsiz.

      Batzuk ziotenez, Usoa oso gaxorik, ia iltzear zegon. Bestetzuk berriz, ugazamak izorkeri bidez aurra izan ondoren, Usoa'rena zala zabaldu, ta jende aurrean errudun agertu zedin lerro beltzezko ta berdezko zapiz burua estali ziola kalera atera nai ba'zun, baņo errudun agertu baņo naiago izan omen zun bere soņa gazteluko ormatartean usteltzen utzi. Bestetzu berriz, aita gudara joan ezkeroz, billurrez lotuta torreko ganbaran ur-ogirik zeukala. Andre Otxanda'k bere eskuz lepoa biurrituta itto zula ziotenak ere ba'ziran.

      Esamesak erruzka zebiltzan Alostorrea'ri buruz. Beltran jaunak aldegin ezkeroz ixilpekoz eta sorginkeriz betea zegon. Orok ba'zekiten, orma eze illun aien artean trajedi izugarri bat gertatzen ari zala edo gertatu berria zala. Baņo etzegon agiririk; garbi esateko iņortxok etzekin ezertxore.

      Eguna illundu ta gero, arratsaldeko zazpi t'erdiak inguruan, eguzkiak arpegia erretako jaun bizartsu bat Deba'ko Salegi jaunaren arroztegian sartu zan, apari ta gau ostatu eske.

      Arpegi ura arrotz zitzaien ostatuko jendeai ta apari zai maian exerita zegon bitartean jendea zizaka ari zan nor ote littekean. Esan bezela bizarra txit luzea zun eta txano sakona kendu ezik bere nortasuna ezagutzen etzan giro.

      Ostatu barrengo beruak eraginda, etor-berriak kapusai beltza kendu zun, eta aren azpian, arabaki batzuz jositako euskaldun gudari baten jantzi xe ta maiztua azaldu zan bere ezpata ta guzi.

      Apaldu zunean, arrotza urreratu zan sukaldera ta etxeko guziak agurtuz izketarako gogoa azaldu zun. Bai ostalariak bide egin ere, ura nor littekean jakin gose baitzeuden.

      —Gezna zail batek Alostorre'ra narakar. —Izan ziran agurtu ondorengo bere lenen itzak. Mintzo au entzutean aditzalleak abozabalik gelditu ziran. Nora ta Alostorre'ra!

      Nagusiak, berri ura jakingarri zitzaiola aditzera emanaz, galdetu zion bereala:

      —Berri txarrik ez dakartzu, nunbait.

      —Alostarrentzat littekenik txarrena. Beltran, nagusi jauna, Calataņazor'ko gudaldian il da.

      —...?

      —Bai, —ekiten dio ziņez arrotzak—, oraintsu bi illabete, Gaztela'ko lurretan, Calataņazor deritzaion urixka ondoan, munduak ezaguturik dun gudaldirik ikaragarriena jokatu dute morotar eta kistarrak. Almanzor, beltzen buruzagi izukaitza, gizonaren begiak ikusi duten gudari sail aundienakin azaldu zitzaigun Gaztela'ko zelaietan. Gudaritalde bien alkar jotzeak, trumoia ortzearen jabe egiten dan unea irudi zun. Ango ojuak, deadarrak, karraxiak eta aiotsak! Soria'ko zelaietan egun artan jaiotako odol ibaiak, Gaztela'ko lur agorrak luzaroko ezeturik utziko zittun. Jaungoikoa'k ordea, gurenda bere gudari zintzoai emanaz bere almena azaldu zun. Morotarrak, Calataņazor'en berebiziko jipoia artu zuten, irurogeitamar milla oņezkari ta berrogei milla zaldizkari baņo geiago galduz. Almanzor bera, gudaldiaren galtzeak ekarritako mingostasuna ezin eramanaz, naigabez eta bere buruaz lotsatuta il zan. Gudaldi ikaragarri artan ordea, Beltran Alostarrak bere odola kistar ziņesmenaren alde eman zun.

      —Bere anima zeruan gerta dedilla. —Otsegin zun ostalariaren emazteak eskuak burura eramanaz.

      —Usoa gaixoa! —Ekin zun senarrak bere aldez—. Aurki egingo du zureak... oraindaņo bizirik ba'zera.

      Au entzuteak arrotzari zirrara ikaragarria egin zion, baņo bat-batean bere buruaren jabe egiņik eta norentzat ari ziran ezpailekikean, galdetu zun dardarizuz:

      —Ondo al-dira Alostarrak Beltran jaunak aldegin ezkeroz?

      —A, batzuk bai, —ekin zun etxekoandreak suminki—, ondo ez-eze ondotxoegi ere bai. Bere emaztea, edo alarguna obeki mintzatuz, sorgintzar bat besterik ezta, ta iņork eztaki Beltran jaunak bere aurreko emazteagandik izan zun alaba bizirik dagon ala laidoki il ote dun.

      —Ain okerra al-da ba?

      —Okerra? Akelarreko sorgin guztiak alkartuta baņo okerrago. Emakume orren lepoak eta Bela-Beltz bere semetzakoarenak urkamendian bear lukete aspaldi ontan. Beltran jaunak, (goian bego bere anima) mundu ontan okerrik izan ba'zun, emakume ziztrin eta likits orrekln ezkontzean egin zun.

      Itz oek entzutean arrotza ziaro asaldatu zan, eta etxekoandrearen azken itzari lotuaz, galdetu zion arritu xamarrik: I      —Likitsa diozu?

      —Likitsa ez-eze, irainkumea. Beltran, jauna gudan zala, orain Zarauz'ko baserri batean azitzen duten aur bat jaio zan Alostorrea'n. Alostorre'ko morroi-neskameak egiaren zale nai bearrez, diruaren morroitzako egiņik, aurki zabaldu zuten sasikumea Usoa'rena zala ta giza-emakumerik dollorrenak eta marmariozalienak diruz igurtzirik, alakoxeko iraņa bazterrik bazter zabaldu da.

      —Ta, dizkiozun guztiok egiak dirala nola dakizu?

      —A, jauna, jauna! Nik ondotxo ezagutzen det Usoa ta bai bere ugazama ere. Urtebetean Usoa'ren aurzai izana naiz ezkongai nintzalarik, eta baten biotz ontasun eta xalotasuna ta bestearen zitalkeri ta apetak ezagutzeko beta izan det.

      —Usoa! —Jarraitu zun etxekoandreak aiots artean—, Zeruko aingeruak ekarritako emakumetan onena!... Otxanda!... —ekin zun ondoren suminki—, Ondotxo jarri zitenan izena, bai, otsoeme, petral, ziraunkume, odolzale orri!

 

 

      —Aski da! —Ekin zun berealakoan arrotzak ukabilkada ikaragarri batez sukaldeko maia aslinduz—. Ni naiz, ezur-aragi Alostorreko jauna! Nere emazteari egindako iraņa...

      Bat-batean ordea Beltran'en abotsa itzali zan, atera zitzaizkion itzen damuz. Ostalariak mintzulik gelditu ziran izuaren mende alako aitorra entzutean. Beltran'ek ordea, abotsa beeratuz, bere azken itzak apalki zuzendu zittun:

      —Barkatu, jaun-andreak, barkatu. —Esan zun damukor—. Ezkutuan etorri ba'naiz, nor naizenik azaldu ezpa'det, erriko jende xearen aboz etxeko berri egitsuak jakitearren egin det. Une batean berotu egin naiz, oraindaņo emaztea maite bainun; bildur naiz ordea gaurgero beraganako maitasuna gorroto biurtuko ez ote dan... Bizirik ote da nere Usoa?

      —Iņork eztaki, Beltran jauna —erantzun zion Salegi'ren emazteak zaldunaren azken itzaz zuzpertuta—. Baņo zalantzan obe dezu gaur joan biarko utzi gabe. Gaur, bizirik ba'da, ikusiko dezu ta agian zure ikustez salbatu ere egin dezakezu; biar, apika, berandu izan dukezu.

      Itzoek entzutean, Beltran jaunari larrikara batek gorputz osoa alderik alde igaro zion eta bere Usoa zorikabearen oroimenak biotzean zirrara ikaragarri bat eginda, gazteluak zer opako zion asma eziņik, an atera zan egiņalean Alostorre'ra biotza naigabez erdibituta.

 

Alos-Torrea
Jon Etxaide

Itxaropena, 1950