BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1915-04-06
armiarma.eus, 2016

 

BATZUK ETA BESTEAK

 

      Itsasoan ingalandarrek eta doixtarrek alkarri oratze garratzak egin dautsiez orain arte.

      Bada ingalandarrek ei daukez mila doixtar inguru bizirik harrapauta honeen ontziak ondora joan izaten diranean. Eta doixtarrek, barriz, ez ei dauke ingalandar bat bizirik itsasoan hartuta.

      Beraz, batzuek ahalegina egiten dabe arerioak gaizkatzeko (salbetako) uretara jausten diranean eta besteak ez dabe zereginik horretan hartzen euren aurrean arerio guztiak itoten badira be.

      Hau honantxe ei da, eta honan dala, ingalandarrek darakuse doixtarrek baino gizontasun gehiagodunak dirala.

 

IGARLEAK EDO PROFETAK

 

      Nik inoz esan dot guk euskaldunok halako pilosopo parrastada bat badogula geure odolean: adibidez, hor daukozue Zarrontzale Asuako seme argidotarra, sekuleko apizionea dauana polemiketara, dialeketikea txirikilan erabilten dakiana.

      Ba guk pilosopiara joten dogun lez, gure auzoko espainiarrek porropeta parrastadea eduki behar dabe.

      Lehengo baten egon zan hemen harako Vazquez, eta alde egin ebanean (ez genduan uste ain arin joango zanik, hilebete bakarrik egin eban) itxi ebazan porropezia batzuk. jaimistentzat, Goteun (Jaungoikoa) berberak esan baleuz lez. Beste enparauentzat, ezebez, lelokeriak baino ez ziran eta.

      Atzo irakurri dogu beste igarle edo porpeta batek, Alvarezek (Melquiades) esan dauala Espaina laterria, bere ustez, ez dala urtengo bakean egotetik, Italia doixtarren aldez urteten ez bada.

      Hara garbiago: Italia geldi badago edo Alkartuen aldez hasten bada, Espaina geldi egongo da. Italia Doitxen aldez jarten bada, Espainia jarriko dala Ingalanda eta Parantzen aldez, eta orduan Lugarte Itsasoan (mediterraneoa) jazoko litzakezala gudaka harrigarriak. Berak Alvarezek, horraitino, ez dauala uste Italia jarriko danik Doitxen aldez eta baketik ez garala urten­go.

      Vazquezenak baino jakingarriagoak dira Alvarezen porropeziak.

      Alvarezek hartu-emon handia dauko gaur Espainian agintzen dabenakaz; eta beronen porropeziak, beharbada, izango dira, Italiari jakin eragiteko Espainia bere arerioa izango litzakela Doitxen aldez jarteko usterik baldin baleuko. Honetara beldurrago izan daiten Doitxe aldera jausten.

      Ingalandaren eragite edo maniobraren bat ete da?

 

BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1915-04-06
armiarma.eus, 2016