BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1915-08-07
armiarma.eus, 2016

 

SAVONA (ITALIA)

 

      Ba dakizue zer esan deustien gaur euskaldun batzuek? Hara eurak esan deustena erderaz: El vascuence es un idioma sin literatura, sin poesía y sin historia (1).

      Ganera esan deustie ganorearen (2) piskatxu bat ez daukela gure izparringi horretan idatzi ohi doguzan idazkiak, danak dirala errietako izparrak eta bape literatura (3) barik eginak. Horra ba, esate baterako Beketzeko Petornilla ezkondu dala Prantzisko Zamaluzegaz, eta gauerako aparitarako esne sopa bakarrik eduki dabela, eta hau jan ondoren koltzara joan eta artaburuak zuritzen ekin dautsela eta holakoak, izpar ben-benak ipini beharrean. Ipiniko bageunkez, gure izparringi horregaitik txakurrenak esango leukiez horreek morroiok, eta barriz izpar hori erderaz idatzita ipinten badau Madrileko Heraldo edo besteren batek, orduan ederki, ezta?

      Neure bihotzeko adiskideak zarien Arriandiagatar Imanol, Elairetar Koldobika, eta beste enpaiduok ez naizue itxi oingoan umezurtz eta ipini zuez gure izparringi horretan zelan diran gauza honeek: ¿Qué leyes tiene el euskera para la poesía? ¿Qué reglas de acentuación se usan en euskera? Si es un idioma que posee poesía, tendrá sus leyes para hacerla, dinoste nire etsaiok.

      Esan dautset ba gure Enbeitak ba dakiala poesiak egiten eta sarritan izan dala txalokatua, baina honeri erantzun dauste: Nok txalokatzen dau Enbeita? Bakarrik baserritar ezjakin literatura zer dan ez dakienak (4), beren bertsoak ez diralako poesías, saetas eta couplets baino. Horra ba, ene anaiak, ez naizue itxi umezurtz oingoan eta idatzi egizue zelan erantzun honei (5).

      Horrez ganera nahi neuke jakin Larraskitu abizenaren jatorria edo nondik datorren.

Batxi

 

[KIRIKIÑOREN OHARRAK]

      1. ¿Y qué? erantzungo neuskioe nik Salomon merke horrei; hitzertirik, olertirik, ez edestirik eduki ez arren ez da ardura, geure-geurea da ele hau, eta maite dogu, eta ba darabilgu, eta berau lantzen dinardugu, eta inoz izango dauz hitzerti, olerti eta edestia. Euskaldun erdaltzale horreen gogoko elea be, aldi baten, literatura eta poesía eta historia barik egoan, eta hori gorabera, espainiarrek maite eben, euskalduntxo horreek baino abertzaletasun eta gizontasun gehiago eukela erakutsirik, eta maite ebelako, erabili, landu, aberastu eta indartu eben.

      Eta espainiarrek euren eleaz egin ebena berbera egin eben frantzitarrek, italiarrek, doistarrek, eta abar eta abar, bakotxak bere eleaz, abertzaleak eta gizonak ziralako. Batxiri salomonkada hori jaurti dautsoen euskalduntxo horreek lakoak izan balitzaz alde guztietan, ez litzake gaur ezagutuko ludian literatura eta poesía eta historiaren izpirik be; oingo, hitz egitea bera be ahaztu izan izango jaken gizonei, arrantzaren bat edo beste alkarri jaurtitea nahikoa izango litzakean, lurrean bira-biraka batzuk hankaz gora egin ondoren.

      2. Ganorea aitatu baino len ondo izaten da zer dan jakitea. Orreek uste dabe, Zamoran lez itz egin ezkero beti dagoala ganorea; barriz, Munitibarren lez izan ezkero, ganorarik ezin egon leikela. Eta eurok, Munitibartik urrekoak eta Munitibartarren abendakideak dira; beraz, euron ganorea be ez da agiri. Zerurantz arria jaurtizu, eta urrean buruan joko zaitu.

      3. Guk, euskal idazle guztiok, esaten doguna ez da izaten jakintsuentzako, geu be ez gara jakintsuak eta, Jaunari eskerrak. Batxigaz hitz egin daben Salomon horreek behar daben literaturea guk ezin daikegu emon; orretarako hor dagoz El Tío Conejo, Los Sucesos, Sol y Sombra, El Tío Jindama, La Hoja de Parra, eta beste asko; horixe dabe jakintsu horeek euren literatura-egarri itogarria. Literaturea zer dan ete dakigu gero, gizontxo maiteak?

      4. Tío Conejo-tarrak ezin leie igarri nor dan ez noraino heltzen dan geure Enbeita.

      5. Batxi, astia alperrik galduko dozu horretarikoakaz benetan bazabiltz; horreek ez dabe gogorik euskeraz irakurteko, eta atxakia beti gertu dauke; orain dinoe gure gauzak ez dirala benak; gero, benak ipiniko bagenduz, inoz gure izparringian agertu diran lakoak (adibidez, Zinkunegi osalari bikainak behinola bidaltzen euskuzanak), esango leukie beste gauza bat. Gogorik ez daukonari ezin haserik emon leio. Horretarikoak izaten dira harro-eretxi gogaikarriak, eta ez dago gauza hoberik, eurai gogait eragitea baino. Eurak gure elearen kaltez ezer esaten dabela? Gehiago esan eurak maite daben elearen kaltez. Norbera ez hasarratu behin be, eta eurak hasarratuta aidean erabili. Euren atakeari kontratakea egin. (Orain gudaldian hau esan leike.)

 

BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1915-08-07
armiarma.eus, 2016