BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1916-01-16
armiarma.eus, 2016

 

BILBAO ETA ELGEZABAL'TAR BATXI

 

      Harainegun goizaldean, euskerazko geure saila atondu eta gero, etxera joateko gengozanean, Madridetik emon euskuen izpar baltz ikaragarria, Bilbaoko itsasontzi Bayo Parantzen mina bategaz jota, apurtu eta hondoratu zala, eta bere barruko gizon bat bakarrik hartu ebala itsasoan La Rochelleko ontzi arrantzale batek.

      Jakinik gure Batxi maitea bertan joiala, ez dago esan beharrik zelako mina eta atsekabea izan genduzan. Lerrotxo baten edo bitan izpar hori euskeraz ipinteko asmotan be egon ginean apur baten. Baina halako itxaropen irristu bat geukon ondino, ontziko batzuren-batzuk, eta Batxi euren artean, agertuko zirala bizirik hango bazterren batean, eta hauxegaitik ez genduan idatzi hain astuna eta iluna jakun izpar hau.

      Baina, zoritxarrez, atzoko izparrak sendotzen dabe harainegungoa; Bordeauxko izparringi batean irakurri dogu bizirik uretan harrapau daben itsasmutilak esan dauanez bera bakarrik gaizkatu dala, eta enparauak galdu dirala.

      Beraz, Batxi gure lagun maitea han galdu da. Bemotso Jaunak betiko atsedena gixajoari, ontziko beste bere lagunekaz batera.

      Zein pozik idatzi euskun lehengo egunean Huelvatik, Bordeauxera joiazala eta handik hona, Bilbaora, etozala, urte bete eta erdi hor itsasoan zehar ibilita gero? Hak eukon poza aberrira etorteko, bere emazte eta alabatxoak laztandu eta bere adiskide eta abertzaleei besarkada bat emoteko, eta bere jaioterri honen altzo bigunean nasaialdi bat hartzeko!

      Eta horra, poz-pozik gengozanean danok, bera eta bere sendia eta geu, Jaunak beste gauza bat erabagi dau. Min handia dogu, baina makurtu gakiozan apal-apalik Jaunaren erabagi horreri eta otoi sutsu bana egin daigun hildakoaren aldez eta gertau gaitezan guztiok heriotzordu latz horretarako, usterik gitxien daukogunean heldu leikigu eta. Jaunak ez dau behar ba itsasorik, ez gudarik, ez horreetarikorik, guri Beragana deitzeko. Ohean geldi-geldi gagozala, bat-batez hondoratu geintekez, Batxi eta lagunak itsas-mineaz jota hondoratu diran baizen agudo.

      Bihotz bete-beteko gizona zan Batxi. Bere idazkietan beti erakusten eban maitetasun goria bere sendiagana, bere adiskideekana, bere aberri Euzkadigana, euzkotarren ele garbi honengana. Zenbat bidar aitatu ete ditu guztiz maitero bere umetxoak! Hemengo bere aberkideei zer emoi edo erregalo ekarriko oldozten egoten zan gixajoa. Ondino lehengo egunean itanduten euskun ia Bordeauxtik zer gura genduan berak guri ekartea. Heltzen zan alde guztietan bertako ekanduak ikusi eta hemengoekaz neurtzen zituan, beti oldozturik hemengoen aldean ez ebela ezer balio. Euzkadik ez eukon beretzat akatsik, semearentzat amak edukiten ez daben lez inoz.

      Euskerearen zale hutsa zan. Hori danok dakizue, gure izparringi hau argitu zanetik gehiago txitean-pitean irakurri dozuez ba bere idazki politak. Bere ontzia Genovara, Newcastlera, Liverpoolera, Rotterdamera, nahiz beste edozein itsasuri batera heltzen zanean, jakina zan, handik egun bi edo hirura Batxiren idazki pilo bat etorren.

      Eta berak eukon eskola apurragaz (ba gaztetxoa zala hasi zan itsasoan ibilten eta ez eban izan astirik eskoletan luzaro ibilteko) polito idazten eban. Batez be, hurien azalkundia (deskripzionea) egiten eta ekanduen barri emoten, aurrenengoa zan. Gomutan daukoguz hemen irakurri doguzan bere azalkundiak Rotterdam, Newcastle, Konstantinopoli, Cardiff eta abar huri ospatsuetakoak. Hamaika barre be eragin dausku ekandu barregarriekaz, esaterako Savonako makarron saltzailearena lez.

      Sendokotea, azal argia, bibote mardo gorri-gorriduna, begi-urdina, 28tik 29 urtera ebazan. Holakoxe eusko eredua izan da gorputzez Batxi (Jon Ugutz, Juan Bautista). Emaztea eta hiru neskatotxo itxi dauz umezurtz.

      Goian bego lagun maitea. Euskal irakurle guztiok, entzun: ez daigun ahaiztu gure laguna bere aldez otoi egiteko, eta ez daiguzan ahaiztu bere bihotzeko zatiak.

 

* * *

 

      Hor goragokoa idatzita gero jakin dogu ontziaren jabeak atzo arratsaldean gure izpar-mutil bati esan eutsona, hara:

      Berak uste handia daukola batek baino askozaz gehiagok urten ahal izango dabela bizirik, ontzia galdu dan lekuan ur gitxi dagoalako. Minak ontzia azpitik zulatu egiten dabela eta, berehala ondora joan arren, leku hartan (zortzi kana inguru sakon) batek bakarrik urten ahal izatea berak ezin dauala sinestu. Batez be eguna zabalduta gero jazo zan ezkero eta beraz jagita egonik gehienak. Eta ondino itxaropen guztia ez dauala galdu.

      Holan balitz...

 

BATXI KIRIKIÑORENEAN
Kirikiņo

Euzkadi, 1916-01-16
armiarma.eus, 2016