POESIAREN KRIMINALAK Batzuei beti iruditu zaigu susmagarria, literatura generoetan sailkatu nahi izatea. Literatura mota bati edo beste bati genero bat atxikitzea, etiketa bat jarri nahi izatea da. Literatura mota jakin bati, edozeini, etiketa bat jartzeko asmoaren atzean, beti dago asmo konfesaezin bat. Izan daiteke errealitatea kontrolatuko delako asmo barregarria; izan daiteke liburu gehiago salduko delako asmo komertziala; izan daiteke azterketa errazago gaindituko delako asmo didaktikoa; izan daiteke ezjakinari orientazio pixka bat emateko asmo praktikoa; izan daiteke norberaren jakintza besteenaren gainetik jartzeko asmo handinahi, eta aldi berean, hutsala. Edo, izan daiteke, seguruenetik, asmo horiek guztiak eta beste batzuk bere baitan, nahasita, eramanen dituen asmo hibrido eta nabarra. Berdin da. Literaturari etiketak jarri nahi izatea itsasoaren koloreen tonuak, elurraren zuriaren intentsitateak edo euri-klaseak sailkatu nahi izatea bezalakoa da: saihestezina, ulergarria eta are txalogarria ere, baina beti frakasora kondenatua. Makina bat jende saiatu da, eta sekula ez dira erabat konforme jarri. Literatura, itsasoaren koloreen tonuak, elurraren zuriaren intentsitateak edo euri-klaseak bezala, neurri batez, sailkaezina baita. Horrela, guk orain eta hemen Manuel Vazquez Montalban, Jean Claude Izzo, Leonardo Sciascia, Agatha Cristhie, Dorothy B. Hughes, Itxaro Borda, Jon Barberena, Omar Nabarro izenak ematen baditugu, zuetako askok berehala esango dute; a, bai nobela beltza idatzi duten idazle handi batzuen zerrenda ematen ari dira. Bai eta ez. Bai, egia da, baina ez da egia erabatekoa. Zeren gaur hona dakartzagun idazleen ezaugarri bat da, nobela beltza idatzi zutela, baiki; baina beste bat, orain kontuan hartuko duguna, hain zuzen poesia ere idatzi zutela da. Eta noiz egiten ari ziren literatura Vazquez Montalban, Izzo, Sciascia, Agatha Crhistie…? Nobela beltza idazten ari zirenean edo poesia idazten ari zirenean? Antzerkia idazten ari zirenean bai, saiakera idazten ari zirenean bai, ipuingintzan ari zirenean bai, eta nobela beltza ari zirenean, ez? Zenbait kritikok balioa ukatzen omen diote genero beltzari, eta beltza idazten duen zenbait idazle horregatik kexu omen dira. Baina genero bat edo beste bat erabiltzeak ez du inor idazle egiten, ez idazle izatetik salbuesten. Idazle bat ez da txarra genero beltza erabiltzeagatik; ezta ona ere. Generoa eta kalitatea bereiz doaz. Idazle txarra, txarra da, edozein genero erabilita ere; ona ere berdin: ona da erabiltzen duen generoa zein den aparte utzita. Gainera, asko eta asko dira hainbat generotan saiatu diren idazleak. Zerrenda amaigabea da. Gaur eta hemen nobela beltza eta poesia, biak, idatzi dituztenen lagin txiki bat bildu dugu, zuei erakusteko. Poesiaren kriminalak dira, beren lanarekin demostratu zutenak generoen gainetik idazleak zirela; eta etiketen gainetik, literatura egiten zutela.
POESIAREN KRIMINALAK |