POESIAREN KRIMINALAK
Itxaro Borda

(h)ilbeltza 2020
armiarma.eus, 2020

 

Bai, zuek ez dakizue, baina nik badakit

heriotza ondoan gizakiari zer gertatzen zaion.

Zerura doakeela, hori bi mila urte hauetan

sinetsarazi diguten gezurra da.

Bai, zuek jakin nahi zenukete eta

nik badakit, badakit zer gertatzen den.

 

Heriotza ondoan gorputzean ur bitxiak pizten dira,

zelula hilak ezeztatzen hasteko,

ur keldartsu horrek, hiroduraren bidea irekiz,

bakteria emankorren goseak susta ditzake.

 

Eta dantzaren zorabioan sartzen dira,

haragia usteltzen, urrintzen, ziringatzen,

ihaurrika nahasian parteka erortzen ari denean,

sartzen dira arbiskak eta herrestariak,

har sortu berri malatsak, zizare familia osoak,

mamutxar asegaitzak, eta airean,

kinka kaltekor honetaz baliatuz

zirurikan, haserrez ziztaka, idurikan antsiaz eta zaunkaz,

ulu beltzurdinak, miruak, lespadak eta arrano gosetiak.

 

Denbora gutiz gorputza ezer ez da:

eskeletoetako hezur gisukiz hustuak

lur barnean edo gainean

ahanztearen eguzki erreak zurituko ditu.

 

Datorren larrazken hegotsuan

bare karakoilak, arkamelu eltxarrak,

suge hotz nagiak eta kuxkandel hormatuak

neguaren iragaiteko kaskezurraren ziloetan,

giharrez eta zainez beteak ziren zilo guzietan,

kabituko, kokatuko, lokartuko dira.

 

POESIAREN KRIMINALAK
Itxaro Borda

(h)ilbeltza 2020
armiarma.eus, 2020