POESIAREN KRIMINALAK Orduan esaiezue erleei: Omar Nabarro hil da! Eta esaiezue harekin batera hil direla Jimenez eta haren beste heteronimoak, eskola urteetako goitizenak, etxekoen izen sekretuak, soldadutzakoak eta beste, eta horiek guztiak edonork erabiltzeko libre direla: lehen izan diren bezala orain.
Eta erlerik ez bada esaiezue aramuei, ingumei, eltxoei, pinpirinei, euliei izan ezik hegan doan intsektu orori, baita airean nekez doazen koleopteroei eurei ere: Omar Nabarro hil da: egizue hegan, eta albistea eroan.
Eta heriotza ortzegunez bada, gogora ekarri Cesar Vallejo, batik bat euria ari badu; eta bestela bada, martitzenez edo bada, begira, begira egizue gora gauerdian, asturu gorria, Martitz, han ote den, eta egizue negar munduan isurarazi den hainbeste odol- eta gezur-olderengatik. Asturu gorriak Esaiezue ba, edozein egun izanda ere; gero ehortz nazazue itsasoaren aurrean, Robert Louis Stevenson bezala, jakinik nire bihotza aspaldi datzala lurperaturik Wounded Knee-n; jar nazazue oinak iparrera burua hegoaldera, mokozabalen eta lertxunen igaroaldien ardatz zehatzaren gainean. Ez ezazue nigaz kerik atera, keak erleak eta besteak ere uxatuko lituzke-eta:
haragi bizirik errearen keak, zeuon haragi bizi errearen keak erleei, haragiaren keak erleei, Graziana, eragotzi egin ote zien halaxe eman zizueten heriotzaren berri izatea, eragotzi ote zien, Graziana? Kea izan ote zen ekarri zizuena heriotzaren tenorean negarra, Graziana, ekarri begietara, eta betiko bertan lehortuta utzi? Kea, Graziana?
Ez ezazue nigaz kerik atera, ba, eta ehortz nazazue kaioen hegalezko ortzi-sabaiaren azpian, Paul Valery gogoan; amilotxen eta buztanikara horien, txonta eta birigarroen, erleen belartzako zokoan, han, indio egin ninduten ama eta amamaren ezerez gardenaren alboan, mestizo bihurtu ninduen aitaren isiltasunaren belarri-belarrian, Kantauri Natural History Museum horretan, nagoen hor, espeziea ere hortxe den bitartean amoniteek izan zuten amaieraren esperoan.
POESIAREN KRIMINALAK |