Bethi gibelekoz aintzina
Mattin Irigoien

Maiatz, Uhargi 23, 1991ko abendua

 

Argitzeko xedearekin...

 

Aberrant

        Arto azitakoan, kurutzatu nahi diren bi arto motetarik kanpo, han hemenka agertzen dira beste mota batzuetako artozango batzu: horiek dira aberrantak. Laborariak errotik kendu behar ditu, bestela arto bihi baxtartak, azi onarekin nahas baiditazke.

 

Aduana

        1993ko Europa eraikiko delarik, muga guziak hautsiko dira... omen. Beraz, aduanaren lana ere aldatuko da azkar. Hortako dira Donapaleuko 10 enplegu galduko ofizio sail hortan.

 

Agri-manager

        Hau dugu biharko laborari arraza hiper-produktibista. Aitzurrik ez du sekulan ikusi, bainan New Yorkeko burtsako harat hunaratetaz jakinian da. Bere etxaldea, lantegi haundietako kriterio berekin erabiltzen du. Igandetako arropak astegunez ezartzen ditu, eta igandetan, astegun arropetan egiten du footinga.

 

Artoa (Amikuzen: Arthua)

        Landare horrek, ber izeneko bihia emaiten du. 1523aren inguruan etorria omen da landare hori Ameriketatik Euskal Herrirat. Mendigune patartsuenetarik kanpo, mekanikaz ibiltzen ahal den eremu kotsia den ber, artoa egiten da eskualde hauetan. Kabalen bazkatzeko, bixtan dena. Uzta politak emaiten ditu oro har, hemengo aroak eta lur motek laguntzen baitute (Siberian baino gehiago behintzat). Amikuzen, oraino, artoa baino hobea egiten dute: arto azitakoa! Mundu guziko laborariek, ondoko urtean, baliatzen ahal dute Amikuzen egin arto azia. Haatik, Parise inguruko laborantxa haundiek, Afrika zolakoek baino aipamen gehiago izaiten dute. Azitakoen merkatua, multinazionalen eskuetan dago mundu guzian. Tokiko koperatifak kontratu bat dauka beraz multinazionala batekin, eta laborariek koperatifarekin. Sistima produktibisteko sail abantailatsuenetan gira hor. «Azitakoak berea emaiten du». Eta laborariek, teknizianoen erranak, dudatu gabe, betetzen dituzte. Ondoko urtean, azitako eremu gutiago izaiteko larderia hor baita...

        Beraz, Amikuzeko laborantxaren osagarria, arto azitakoari zor diogu. Lur Berri Koperatifarena ere. Berrehun langiletaraino badira hor, ez baita guti. Eta beste mozkin batzu lantzen badira ere (zerri, behi, ardi, ahate...). Koperatifaren indarra, arto azitakoari datxiko.

 

Avenir du Canton taldea (Kantonamenduaren Geroa)

        1990eko larrazkenian agertu da talde hori. Laborari eta langile sindikat guziak, burraso elkarteak, eta Donapaleuko komertsanten elkartea dira bilduak talde hor tan. Hainbeste jende desberdinen elgarretaratzea bi arrazoinek esplikatzen dute:

        —lehenik, denbora laburrez, kasik 60 enplegu galtzekoak ziren lantegi desberdinetan.

        —bigarrenik, podere publiko, hautetsi ala gidari ekonornikoek ez zuten iduri biziki arrangura zirenik...

        Ondorioz, taldearen helburuak hauek dira:

        —enpleguaren defenditzea eta sustengatzea.

        —Amikuzeko sozial eta ekonomiko kenka larriari aterabideak proposatzea.

        Elkarteak eraman lana arras zabala izan da, hasirik zerbait egin zezaken jendearen elgarretaratzetik eta publikoari informazio zabalena emaiteraino, mobilizazio zabal bat egin zadin. Mobilizazio solasetan, ezin dugu ahantz «Avenir du Canton» taldeak dituela 1500 jende bildu Donapaleuko karriketan 1991ko urtarrilaren 18ko manifestaldian. Talde honek gehienik aipatu problemak ondoko hauek dira: Donapaleuko hiltegien hestea, EDF zerbitzuen ezeztatzea, SPAVIAren desagertzea eta Aduanaren ixtante partitzea. Ondoko lerroetan bakotxaren kasua esplikatua zauzue.

 

Bethi Aintzina

        Mende erditik hunarateko Amikuze eskualdeko ttarrotze ekonomikoa sinbolisatzen du slogan hunek. Orduko ortografia ere segitu zaio. Gaurko politikero eta jaunttoek, oraino ere, erreferentzi sinboliko bezala daukate lema hau. Ez dakite Euskaltzaindiak Iparraldeko euskara ere bahean pasatu duela eta «h» parrasta bat kendu. Ez, hemen oraino, epoka lilluragarri hartan bizi gira eta «Bethi aintzina» mitho bat (h-rekin?) da. Zendako dabiltza, ortografiatik haste iraganari lotua den folosofia bati dei eginez?

        Gaurko eritasunak leheneko erremedioekin sendatu beharrez menturaz...

        Ala ote gaurko beharrer dohazkien proiektuak eskas dituztelakotz???

        «That is the question» erranen zuen besteak...

        Bestela «Bethi Aintzina» lema pertsonifikatzen duen politikeroa Jean Errecart zena dugu (1909-1971). Auzapez izaiteaz gain, senatur zegoen. Gaur Amikuzek dauzkan egitura sozial eta ekonomiko gehienen sortzaile eta bultzatzailetan dugu (Lur Berri koperatifa, Herrien arteko Sindikata, Klinika, Laborantxa eskola...). Bere burua norbait daukan edozoinek, Errecart jaunak inspiratzen duela salatu behar du eta mintzaldi guziak «Bethi Aintzina» bururatu, euskaraz balin bada ere...

 

Brabanta, Herse rotative, Rota-labour eta trunkoa

        Lurra lantzeko erabiltzen diren hainbat tresna.

 

Burgaintzi

        Burgaintzi dantza taldeak, 15 urte egiten ditu aurten. Arberatze, Arboti, Behaskane eta inguruko herritakoak dira gehienak. Dantza talde hunen ateraldi eta bidaiak ez dira gehiago kundatzen, hainbeste baitira. Burgaintzik du Toberetako kabalkada muntatu.

 

Basco Folies Band

        Hau da Donapaleun kokatua den Banda edo txarranga bat. Arraileria, pesta eta Jazza maite dute putiko alai horiek. Toberetako musika saila segurtatzen zuten eta bereziki pertsonaien sar ateratzetakoak.

 

Défusion-ia

        Hitz bitxi hori erabiltzen da Garruzek Donapaleutik bereixteko duen asmoari. Duela urte batzu, Donapaleuk Garruze herria irentsi zuen administratiboki. Gaur, Garruztarrak elkartuak dira eta egin ahal guziak egiten dituzte bereixteko. Donapaleuko herriak ez du iduri prisan delakorik. Garruztarren elkarteak atera liburu ederra aurkitzen baduzie, ixtorio guzia xehean xehe ezagutuko duzie.

 

Donapaleuko hiltegiak

        Nunbait 5000-5500 tona haragi eskuetan pasatzen zituztela 1990a arte, aktibitate, erditaratu bezala zitzaien laborantxa koperatifak «etxe» zerriak Salbatarren hiltzean. Ber denboran, sahetseko haragi pikatzeko lantegiak ere, gero eta lan gutiago egin arazten zuen hiltegietan. Orduan, hiltegiak zerratzerat dedikatuak ziren, gastuak nagusi zirelakoan herriarendako. Behin 1990ko urte undarrean hetsi beharrak zirelarik, Lur Berri-k beste hiru hilabetez alokairuak pagatu zituen eta holaz 1991ko martxoaren 29an dira lizentziatuak izan horgo 21 langileak.

        Diotenaz, gain horietan, deliberatua izan da Paueko eta Baionako hiltegiak aski direla eskualde huntako. Horietan dotzenaka miliun xahutzekoak dituzte. Eta Donapaleun, hiru miliun libera berriko hori aski omen zen baliagarri gelditzeko. Hesten laguntzeko bost miliun etortzekoak omen direlarik podere publikoetarik... No comment. Eskandala, hein hortan zen, Toberak eman zirenian.

 

Doyena

        Apez multxo baten apez nagusia.

 

EDF

        Donapaleuko EDFian 10 langile ari ziren lanian. EDFak Frantzia mailan duen politika dela medio, Donapaleuko zentroa hestea deliberatu du. Sindikatek eskutan duten txosten sekretu batean, EDFak honela justifikatzen du: «Amikuze desertu ekonomiko bilakatuko da». Hortan da gakoa. Aintzinetik bazakiten! Hortako dira hain segur, lehenetarik partitzen. «Kantonamenduaren Geroa» taldeak EDFaren partitzea ez du behin ere onartu. 1100 protesta gutun, 300 sos tiratze automatikoen ezeztatze, elektrika galdoen pagamenduen gibelatzea, manifestaldi bat Baionako bulegoetan, Donapaleuko bulegoen okupatzea eta azkenik Buruilaren 20ean desmenaiatze sinbolikoa herriko etxe aintzinerat. Hautetsiek ere jakin zuten errespontsabilitatea bazutela hor. Gaur, astean bi aldiz, bulego komertzial bat idekitzen du EDFak Donapaleun.

 

Enfouisseuse

        Unkailua lurraren barnerat emaitekoa.

 

Enrouleur, intégral eta rampe

        Urtatzeko baliatzen diren tresneria desberdinak.

 

Fortza Bazka edo Indar Jokoak

        1951an abiatu dira Indar Jokoak Donapaleun. Diote, hemen sortu direla... Euskal Herritik kanpo, Biarnoan eta urrunago ere ezagutuak dira. Urte guziz, Andre Dena Mari ondoko iganden ospatzen da gizon indartsuen omenaldi hori.

 

Gesatope

        Belar pozoin marka bat.

 

Golkoko gerla

        1991ko urtarrilaren 17an, ostegunarekin abiatua. Ostiralean, Donapaleun, manifestaldia merkatukari. «Kantonamenduaren Geroa» taldeak antolaturik, 1500 jende karriketan... Amikuzeko egoera ekonomiko lazgarriak eraginik izan zuena ote Saddam Hussein-en planetan? Nork daki...

 

Journal de St Plais

        1884ean sortua da astekari hau. 107 urte dauzka beraz. Joan den gerlatik landa, kaseta gehienek izena kanbiatu behar izan bazuten, naziekin kolaboratu zutelakotz, hunek jarraiki du lehen bezala. Hori tituluaren aldetik... Mamiaren aldetik irakurlea da juje... Tokiko heriotze, sortze eta ezkontzetako berrietaz aparte, irakurle berriari gomenda ginezazke lehen ostoko editorialak, zinez buru muinen gozagarri balio-setarik baitira.

 

Junta giten elgarri

        Kantu hau egina izan zen Lur Berriko langilek greba bat gogorra egin zutelarik beren lankide bat -nagusiek zuzenik gabe kanporatua berriz bere lanpostuaz jabetzen laguntzeko (1976). Bigarren bertsua mintzo zaie greba egiteko zalantzan lagozkeen batzuri. Eta hirugarrenak aipu ditu Iholdiko Toberak (1974), Baigorriko Toberak Lasan Markesa batekilako kordokez orhatuak (1975).

        baholatu = vanner le blé

 

Kintala

        Euskaldunen kintalak 50 kilo ditu, frantsesenak aldiz 100 kilo. Hortako gira euskaldunak azkarrago. Guk kintaleko bi zaku erabiltzen ditugularik bizkarrean, frantsesak bat baizik ez baidezake erabil.

 

Kremakilako bixkotxa

        Filma zahar eta zirka guzietan erabiltzen den gag hori, ez da ustegabetarik agertu Toberetan. Donapaleuko komertsanten elkarteak deliberatu zuen, joan den primaderan, merkatu egunez eliza ondoan plantatzen diren mahaiak hiri erditik hurbilago egon behar zirela. Herriko etxeak ez zeien onartu galdera hori. Ekainaren 21ean, udako lehen egunkari, Donapaleuko komertsant batzu eliz'ondorat joan ziren beren asmoak egitate bihurtu nahiz. Mahai horietarik bat, bixkotxa egile batena baitzen, komertsantak elgarren artian pataskatu ondoan, krema bataila bat izan zen... Eta hara, jendeak guti aski duela bestenaz irri egiteko...

 

Krexa edo Haurzaindegia

        Hiru urte hauetan, ama familiako gazte batzuek haurzaindegi baten sortzeko asmoa daukate. Herrietako auzapez, kontseilu orokor, podere publiko, denak ikusiak dituzte. Beharra badagola, nehork ez du ukatzen. Behar dena emaiteko haatik, besterik da. Batean hitzeman, bestian ezezta..., eskuin eta ezker ibiliak dira «Ttipi haundi» elkartekoak. Anartean, haurzaindegirik ez da oraino Donapaleun.

 

Lizia edo Ikastegia

        Euskal Herri barnekaldean, ikastegi bat egin behar zen. Maule, Donibane Garazi eta Donapaleu artean egin beharko zen. Oraindik, Donapaleurendako ez luke iduri manera haundirik badenik. Alta ez dira pizuko gizonak eskas...

 

Mattini omenaldi

        Ahetzeko Mattin Bertsolari famatuari omenaldi haundi bat egiten zitzaion bere sort herrian, Toberak eman ziren egun berean.

 

Remenbramendia

        Herri baten mailako lur jabeen arteko eremu trukatzeak, etxaldien hobeki antolatzeko helburuarekin.

 

Seguette

        Donapaleun egon jinekologo baten deitura. Haurrak klinikan ukan arazten zituen. Klinikako nagusiekin zerbait pasaturik, kanpo ezarri nahi izan zuten. Klinikarik gabe, bere ofozioa ezin baitzezaken egin, azkenean amor eman zuen eta lekutu eskualde hauetarik. Afera horrek gaitzeko mugimendua sortu zuen, bereziki emazten artean, Seguette-n alde mugitzen zirela ainitz. Ezin zezaketen onart mediku batek kanpoa ukan zezan klinikatik. Ondorioz, ainitz emazte Baionarat edo Oloronerat joaiten dira haur ukaiterat.

 

SPAVIA

        Horrela zeritzon, Donapaleuko hiltegier datxikola egina izan zen haragi pikatzeko lantegi ultramodernoari. SPAVIA hor plantatu aintzin, beste bi sozietatek lan egin zuten hor berean, eta hain segur, gaur beste izen berri bat hartuko du. 1985an muntatu zen lantegia, SEPA Sozietatearen jabegoaren pean. SEPA dugu Kontseilu Orokorrak finantziatzen duen erakunde bat. Amikuzeko Kontseilari Jenerala da horren lehendakaria. Donapaleuko herria berme plantaturik, SODIVIAM izan zen lantegia baliatu zuen lehen Sozietatea, 46 langiletaraino enpleatuz. Garruzeko ardi eta axuri tratulant ezagun batek muntatu SODIVIAMa, 88ko maiatzean ezeztatu zen. Ondotik Beljikano batek SOVIPA sortzen du 20 langile gutiagorekin. Ez luzazko, zeren 90eko abenduan lekutzen da eta Boumelalatarren SPAVIAri uzten du bere lekua. Bainan arrahartze horrek sortu esperantzak laster airatu ziren. 91eko martxorako, ja ez baitzen gehiago lanik lantegian. Maiatza arte, horgo 24 langileak, lanian ari gabe pagatiak dira hala ere, lana gelditu aintzineko saltzapenen mozkiner esker. Ordutik, langileak azkar mugitzen dira, CFDT sindikatua eta «Avenir du Canton» taldearen laguntzarekin: lantegi okupatze, sustengu gau, eta nagusi auzitegiratze... Uztailan lantegia likidatzeko manua heldu da auzitegitik eta arrahartzale litaizkeneri dei egiten zaie. Bizpahiru proiektu agertzen dira, eta horietan langile ohi multxo batena berriz abiatzeko prest dena. Beren proiektuak du gehienik enpleguren segurtatzeko xedea. Hala ere, Donapaleuko auzapezaren sustengua ez dohakie bereri, eta Paueko Sozietate batek du irabazten lehen mantxa. Langilek mobilizaturik diraute eta dei egiten auzitegian. Afera hein hortan zen Toberak eman zirenian.

 

Urtatzea

        Agro-industriak manatzen baitu arto azitakoaren merkatua, laborariek hunen legeri obeditu behar dute. Azken urte hauetan, urtatzean sartu dira buruz behera. Kalitatezko betebehar tinkiagoak, uzten berdintasuna... horren aldeko arrazoinak ez dira falta. Alta, ez ginena Europako gune euritsuenetarik batean?... Bainan horrek ez du honekin deus ikustekorik, eta gaurko laborantxak Naturaren eta jendeen beharretaz beste betebeharrik dauka. Zonbaitzuk dioten bezala, bi mailetako laborantxa behar badira, pentsa arto azitakoa zointan izanen den.

 

Zikitatu

        Arto landaria arra eta emia da ber denboran. Arrarena kukulak egiten du eta emiarena arto buriak bere bizarrarekin. Arto azia, bi arto mota desberdinen kurutzamenaren ondorioa da. Hortakotz, azitakoan, arto mota batek arra egiten du. Horri kukula uzten zaio. Bigarren arto motak, emia egin behar du. Huni zaio kukula kentzen. Horrengatik da «emia zikitatu» erranmolde bitxia erabiltzen.

 

Zinema

        «Saint Louis» zinema sala parropiarena da. 1990ko ekaina arte, pribatu batek erabiltzen zuen zinema, sala parropiako elkarteari alokatuz. Ekainaren 30an, zinema hesten da ordu arteko erabiltzaleak aktibitate hori uzten baitu. Huts hori betatzeko, elkarte bat sortzen da: «Argitze». Bere helburua da zinema idekitzea. Pentsaketa lan bat ibili ondoan, kultur proiektu bat presentatzen dute. Kultur proiektu horren ardatz nagusia zinema gelditzen bazen, beste kultur espresabide batzueri ere ateak zabalik uzten ziren (antzerki, erakusketa, kontzertu...)

        Apezen inguruko elkarteak proposamen hori errefustazen zuen seko, elkarteak zinemaz zuela arduratu behar bakarrik eta kultur proiekturik ez zutela nahi entzun. Ordutik datorkigu «Kulturaren terrorisma» ateraldi polita. Geroztik proiektua blokatua zen eta urte bat pasatzen da zinemarik gabe.

        1991eko udan, kultur astea prestatzen ari da Haize Berri Kultur Etxearen inguruan. Argitze elkartea partaide da eta bi zinema emanaldi programatuak dira. Tobera batzu prestatzen ari direlako zurrumurruak ere badabiltza...

        Eta bat batean, Herriko Etxea iratzartzen da. Parropia eta Argitze elkartearen ararteko bezala jarririk, komenio bat proposatzen du Argitzeri. Sino gutiz, akordio batetara heltzen dira. Urriaren 23an «Argitze» zinema sala idekitzen da ofizialki, oraino zineman ibiltzea maite dutenen bozkario eta esku zarten pean. Hilabete bat lehenago, Kultur Astekari, lehen ate idekitzea egina zuen zinemak. Batek bestea ekarri ote dia? Jainkoak daki! (eta kasu hortan, erran ditaike Jainkoak dakiela!).

 

 

Bethi gibelekoz aintzina
Mattin Irigoien

Maiatz, Uhargi 23, 1991ko abendua