Bethi gibelekoz aintzina
Mattin Irigoien

Maiatz, Uhargi 23, 1991ko abendua

 

Prologoa

 

Herriko Mutilak irakurtzen du

 

«Décret Ministériel» Parisen, 1991ko otsailaren 31an.

— Ikusirik Amikuzeko kantonamenduko sozial eta ekonomiko egoera larria,

— Ikusirik toki hortan berean, den beno gehio enplegu badela galdurik deia,

— Ikusirik 1991ko urtarrilaren 18ko manifestaldia,

— 1500 jendeko multzoxka bat Donapaleuko karriketan bildia

— Ikusirik «Golfe»ko gerla bezperan zela piztia,

— Ikusirik 2 CV gorri-blu bat, badela parkinian gaizki garatia,

— 19 - 91 - RF - 75 imatrikulatia,

— Emaiten dugu ordrea,

— Amikuzeko ekonomiaren alde zerbait egitea!

— Eta tobera batzu lehen bai lehen muntatzea...

— Donapaleuko plaza nagusian agertu beharko dute, finitu gabe urtea!

Sinatua: Filipe Martxant eta Jakes Lang, Barne eta Kultur Ministroak,

Euskal Herriaz ez okupatziaz gehienik okupatzen direnak...

N.B.: Letra hau euskararat itzulia izan da Amikuzeko Euskal Herrian Euskaraz taldearen laguntzarekin,

Gelditzen zitzaien tindu undar zonbaitzuekin.

Balin bada dokumentu hunen authentizitatia dudan ezartzen dutenik

—  Nahiz hein hortako izpiritu bihurririk ez dugun uste badagonik - Donapaleuko «Baxe Nafarroko Erakustokian» ikusten ahalko da bihar danik. Duela bi ilabete, Jakes Lang bera, Etorri da hunara.

Huna

Erran daukuna:

«Ikusirik Euskal Kultur Erakundea,

—Institut Culturel Basque delakoa—

Ikusirik Martxuta Xut Xuta elkartearekin nola dabilan lanpetua,

Hartu dut delibero

Nihaurek hunarat jiteko,

Inkognito,

Manatu toberen muntatzeko.

Osa bedi beraz laster taldea

Buruilean baita Kultur Astea

Nahi dut Toberak ordian emaitea».

Harek manatu eta guk egin,

Hainbeste aipatu egun hori undarrian zauku jin.

Agur Jaunak, agur Anderiak,

Toberazale guzier agur.

Tinki ditutzuen gunien largatzeaz ez izan beldur.

Agur zuer pobriak, ttipi eta itsusiak

Agur zueri ere aberatsak, eder eta haundiak.

Agurtzen ditugu denak

Berdin xuriak,

Gorriak,

Ala berdiak,

Ahantzi gabe hiru tindiak batian dituztenak...

Agur lana maite duten langiliak,

Berdin agur lanik ez dutenak.

Eta sustut, agur beren jitez alferrak direnak...

Maleruski lanian artzerat bortxatiak!

Agur aristokratak eta burges zaharrak,

Hainbeste eremuen jabe izanak, gure arrantierrak...

Agur ere neo-burgesak,

Irriño gosaio baten gibelean dituztenak hortz luze espresak!

Agur zuer, tradizionia eta usantxa zaharra errauts pean nahiago ditutzuenak

Eta agur zuek, kultur berritzale, ideologo, zuen ustez jakintsunak...

Agurtzen ditugu gaur gure arterat gustian direnak jinak,

Eta berdin kikigordaka guri beha direnak...

Izan ziten bizardun,

Ala matela lehun...

Izan ziten petentadun,

Ala Zuhaur izan petenta gau ta egun...

Gaur, arrangura duzun lekuan ar zite hazka!!!

Agian plaza huntan izanen da denen doia bazka...

Agurt ditzagun orai,

Beren ustez, gure jostarazteko direnak gai...

Agur zueri musikariak,

Joiten hasi orduko zireztenak usienian akitiak.

Gaurkoan ahantz zkitzue zuen kontabilitatiak...

Agur zuri ere zonoa,

Lana untsa egin dezan, hunek ere behar bere ohoreñoa.

Agur zuer dantzariak,

Burgaintzi kaskotik punpeka etorriak,

Gaur permis ditutzie bakarrik antrexant dobliak!

Agur zuer bertsolariak,

Zuen bertsoek errespeta bezazte izariak,

Bestaldi batendako utziz usatuko larrikeriak...

Eta agur zuer jokolariak,

Tribunal berezi hunen muntatzaliak.

Nehor ez dadin zuen erranekin ofentsa,

Hala direnetaz kanpo, ez zaiteztela mintza!

Gaur hurbildu badira ainitz beharri kurios,

Eta berdin urrunetik zonbeit jende kuraios,

Ez uste ukan, sartzian, gogotik eman dutenik hainbeste sos.

Hortakotz,

Zuen gain dago, publikoa etxerat igortzea satifos...

Eta bihar, ez dadin sortu herra edo aharra,

Egiaz eta zuzentasunez mintzatzea izanen da zuen arrangura bakarra...

Hasi aintzin, kontseilu horiekin egin bezak bakotxak bere etsamina.

Arte hortan, dantzariek emanen dute dantza jauzi bat arin arina...

 

Burgaintzi taldeak dantza jauzia emaiten duela, jokolariak lekuratzen dira bakotxa bere egin beharretarat. Bertsulariak hurbiltzen dira...

 

Mattin: Anai arrebak, arratsalde on, etorririk gaur eskerrak

        Hunaraino gu, hurbildu gira, ez baigirade alferrak

        Agurtzen tugu, jende guziak, agurtzen Amikuztarrak

        Deliaturik, jinak baigira, izanen dira pindarrak.

 

Jojo: Mattini omenaldi gaur dago Ahetzen

        Bertsulari haundiak han dira metatzen

        Hemen alegiazkoak hortakotz agertzen

        Toberekilan dugu guk Mattin omentzen.

 

Jeannot: Donapaleun dira gaur egiten Toberak

        Zerbait balio baitu holako aferak

        Zuek egizkitzue karkaila ederrak

        Zimurtzen badira're zonbaiten muturrak.

 

Beñat: Ez zitezten enea, orai gure gatik

        Guk erranak ez baitu hain segur inportik

        Ixilduko girade bai gure partetik

        Tobera hok abia ditezen engoitik.

 

 

Bethi gibelekoz aintzina
Mattin Irigoien

Maiatz, Uhargi 23, 1991ko abendua