www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Metsikorat
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
XX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Inazio Mujika Iraola.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V

 

        Indianoek bezala, Metsikoan gaineratekoek ere fama tzarra dute. Harat joaiteko xedea hartu nuelarik, zenbatek eta zenbatek etzaudetan erran ez nezala holakorik egin, han ez nuela deus onik kausitzen ahal! Zorionez, birika bere lekuan dut eta etzautan den gutieneko izialdurarik hezurretan sartu. Guzien buruan, zer da lurrean gertatzen? Jainkoak nahi duena. Eta hura bakarrik... Nere baitan egiten nuen, bertzalde, ez ahal nuela Alemanen kontra Frantziak egin gerlan baino ikaragarrikeria handiagorik ikusiko, Eskualduna izanagatik lehen egunetik azkeneraino gerla hartan ibil-arazi bainaute Frantsesek!

        Ikusiak ikusirik, badakizue zer erraten dutan orai? Nahi duenak nahi duena erran dezala hemendik goiti, nik ehunetarik bat ez dutala sinhetsiko hango ixtorioetan! Espantuak dire segurki handienak. Bethi gerla gorrian ari direla elgarrekin Metsikanoak, bai; bainan elgarri min-ka, ez. Hango tiro eta zalaparta guziekin oraikotz itsasoak berak gorrituxea behar zukeen. Nihun ez dut Veracruz-eko portuan baino udinago kausitu! Eta sekulan orhoituko naiz nere adixkide Jean-Pierre Hiribarrenek, irri xuri batekin, behin erran zautanaz:

        —Muxas palabras, pocas obras, dituk hemen! Egun batez, hemengo egunkariek harritzeko espantuak eginik gobernamenduko soldadoek gobernamenduaren kontra altxaturikako soldadoekin egin gudu batez, Angles bat ethorri zukan ikusi beharrez.

        —Bertze egitekorik gabe?

        —Bertze egitekorik gabe, bai. Bizkitartean Metsiko huntan lotsatu zitekan guti edo aski, etzadin hurbil gudu tokirat, han kausituko zituela oraino gorphutzak, ustelduak, harrek jaten ari. Eta holako...

        Bainan hoa hi Angles bati buruan duena khentzerat! Gure Anglesa joan zukan beraz, usain tzarraren kontra zer-nahi usian-oneria harturik, joan bururaino... eta zer ikusi? Bi mando hilak.» —Eta gizonak? Hilik phiztuak dudarik gabe, azkeneko «Gure Herrian» aiphatu gizontto hura bezala-bezala!

        Sehi eta egunkari-egile, oro bardinak dire Metsikon: oro, gezurtiak. On dakiotela.

        Egia erran, nola nahuzue odol ixurtzerik izan dadien hango gudu gorrienetan? Soldadoek ez dute soldadoaren izena eta jauntzia baizik. Nola soldadotuak ere dire! Ez da han xorterik edo bertzerik, zeren ehunetarik batek ez baitu herriko etxean ageririk. Merkatu batetarat bil dadiela gazte andanatto bat, gobernamenduak «lazoan» hartzen ditu eta soldado altxatzen. Ezar-araz orori nolazpeitka doakaten jauntzi bat eta... adelante, muchacho: cargado o no cargado, fuego! Ez da gero harritzeko holako soldadoak ez badu etsaiaren ondotik zapata pare handirik higatzen... eta higatzen baditu, higatzen ditu ihes joaiteko oihan batetako gerizarat.

        Hau ere erran behar da: soldado horietarik hainitz ezkonduak direla eta miletan nahiago dutela beren emaztea alharguntzen ikusi baino... berek alhargundu. Bainan hori, bego hortan.

        Zer dire bada hainbertze denboraz Metsikotik egunkariek ekarri dauzkuten gudu-berri lotsagarriak? Ez nintzen han; ez dakit. Bainan beldurra nuke hango gerlariak etzirela ohoin batzu baizik. Milaka frogak badire: huna bat. «Novillero» deitzen den ontasun handi batean bizi da Baiones jaun gazte bat, Dorcasberro. Egun batez aditzen du etxe inguruetan ibilki zaizkola gobernamenduaren kontra ziren soldadoak. Ez du dudatzen zer xedek dabilzkan han gaindi: bainan zer egin? Handik biharamunean urrunduak zituen berritz... etxexo zaldi guziak harturik.

        Dorcasberrok gobernamenduari berehala galdetzen diozka orduan bere soldadoak zortzi bat egunentzat, bertzeek berritz itzulirik behiak ebats ez detzoten. Metsikoan gobernamenduak gisa huntan bere soldadoak prestatzen ditu, heyen pagatzeko (ordaintzeko) esku-gain duteneri zerbeit. Heldu zaizko beraz soldadoak Dorcasberrori... aintzineko egunetan han berean ebatsi zaldien gainean. Beraz... hango gerlak zer diren hortarik ageri da!

        Eta ez uste izan soldadoak direla bakarrik holakoak: aintzindariak, hobeak direla. Ez: tantiruri, orok elgar iduri. Mami beraz eginak dire nausi eta muthilak: denik ere, muthila baino ohoinago dela nausia! Huna jada aiphatu Dorcasberrori jeneral batek igorri mezu bat: froga hoberik ez da nere erranaren finkatzeko.

 

EJERCITO REVOLUCINARIO

COLUMNA VOLANTE

Señor Gerente del Ing. Novillero

        Muy señor nuestro y amigo,

        «Nos es grato participar a Usted que, encontrandonos operando por esta zona con una columna de 150 hombres y estando dispuestos a impartir garantias a todos los elementos de orden y trabajo, recurrimos a Usted con el objeto de que esa negociacion nos muestra en cantidad de 2.000 pezos por el sostenimiento de nuestras fuerzas, en la inteligencia de que dispongan de garantias amplias su persona, sus intereses y sus empleados. De no acceder a nuestra peticion no nos hacemos responsables de lo que suceda en lo futuro. La cantidad de 2.000 pesos que hoy le pedimos se servian enviarlas con el portador.

El General GANDEMO

El Coronel NARCISSO

 

        Delako Gandemo hunek ziozkan Dorcasberrori goraxago aiphatu zaldiak ebatsi. Ez dezaket finka aski kopeta izatu zuela gobernamenduko soldadoekin ethortzeko handik laster, bainan ez nintake harri. Zertaratzen den gizona lanean ari gabe bizi behar duela buruari eman diolarik!

        Nago munduan othe den gizonik Metsikanoak bezenbat harrabotsa maite duenik. Harritzeko da zer musika terrentak aditu ditudan Metsikon ilhabete batez. Urhatsik ez ditake han egin xirribit zerbeit, xirula edo guziz «phonographe» direlakoetarik entzun gabe. Bertzerik ez dela, Metsikanoa orenak eta orenak ariko zautzu barrika huts bati joka. Berritz ere diot, emozu hari harrabotsa. Hainbertzeraino nun Calles herriko buruzagia bere karguan sartu delarik aspaldisko, manua izan baita Metsikano guziek beren alegrantiza ager zezaten zerbeit gisaz, erran tenore batez, eta tenore hartan gizon, emazte, haur, agure eta atso, oro karriketarat atheratu baitire etxeko padera, pertz eta pegarrekin, heyeri jo eta jo. Hango kalapita oren batez! Eta horrengatik Metsikanoek erranen dautzute ez dutela egundaino herriaren buru holako gizon burukorik ikusi!

 

* * *

 

        Horra zer jende motarekin duten egiteko Metsikorat doazinean gure herritarrek. Erran dezaket ez direla hain gaizki heltzen halere. Eskualdunen eskuetan dire hango lantegi handiskoenak, saltegi ederskoenak, «haciendas» gizenenak. Batzu eta bertzeez hitz bat errateko xedea nuke ondoko egunetan «Gure Herriaren» irakurtzaileeri luzeegi ez bazaiote hango ibil-aldia.

 

aurrekoa hurrengoa