www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Itz-lauz
Xabier Lizardi
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

aurrekoa hurrengoa

ARRASATEKOA
 

1930gko. Deun Iñaki egunean

 

EUSKELTZALEAK

 

        Arrasatearrok: Zuen aurrean ta euskalzaletasunaren alde itz-egiteko aukera nautelarik, ezin aaztu dezaket iñola orain iru urte zuen erri eder onexek zuzperrarazi ginduzula euskaltzaleok.

        Nere agurra, bada, leen-leenik. Arrasateri; nere biotzetiko agurra, anaikiro ta euskaldunki elkartu ta alako ikasbide bikaiña eman zenigutenoi.

        Euskalerri-zaleok garai artan kikilduta bizi giñan, orduko gure egoitzari bizitzea esan aal-balezaio. Geure erriari, geure izaerari, geure izkuntza biguñoni maiterik agertzea, pekatu zala ia sinistarazita geunden. Arri astun batek azpian arturik bezela, itxaropen-begiez etorkizunari begiratzeko ez giñan gauza. Gureak eta gure amets zaarrarenak egin zulako ustean... Euskalerriak geiago burua yasoko etzulako etsian... Zenbaitetarañoko indarra duan, yaunak, giroak erderazko «ambiente»-ak, gure ingurura yo duan aizeak!

        Gau beltz artan, Elgoibar-ek eta Mutrikuk ixar bana izeki zuten... Dardarrez izeki, argi-emateko ere lotsa. Baña, urrena, emen, zuen erri ontan, Arrasaten, ilbeteak (iIlargi beteak) illunpea zillarrez yantzi zun; goiz berri baten itxaropena, eguzki berri baten uste gozoa biotzetara zekarkigularik.

        Fede aundia bear zan, enetxoak, ordun ala yokatzeko; ta fede aundi aren yabe, ez beste zereginik gabeko aundikiren batzuk, ez gizon buru-yantzi ta korbata apaindunek, baizik gizon lau batzuk, bekokiari izerdia atereaz bizi diran langille batzuk izan ziran. Ta fede gori bat beti baita azi ernegarri, gu, orduko lotiok, lagun bizkor aien deadarrak esnarazi ginduzen.

        Ni, nerez ari naiz, neure buruaz diarduzutet; loti aien artean bainengoan. Ainbestetaraño eze, ezpainintzan etorri ere egin Arrasateko euskal-egunera. Gerota, entzutez ta irakurtzez, ikasi nitun emengo gorabera pozgarriak; ta barrupean argixka mee bat biztu zitzaidan... Euskalerriak burua yasotze aal-ote-zuan oraindik?... Ez al-zegoan guzia ustel, guzia galdua?...

        Izan ere, gizakumea baño exkaxagorik ezta ezer munduan. Aize-aldi batek etzinarazten gaitu; bultzakarik txikienak amilduarazten; katilluka, bat uretan itotzen gera. Iru urte txar, lau urte txar, sei urte txar, Yainkoak eskuan lezazken urte ta asti guzien ondarra deritzaigu. Ez gogora ekartzen, alegia, errien bizitza, luze dala; are mendeen ta gizaldien buruan ere, erriaren odola beti diyoala gorri, beti bero diyoala. Ta Euskalerria, iñork noizdanikoa, dan eztakigun erri au, eztutela, ez zarraren sitsak yango, ez aizeen indarrak botako, ez-eta ere irentsiko itxaso amorratuak!

        Leen aitatutako aldi txar ark, orraatik, zerbait on ere erakutsi zigun. Alegia, Euskaldunok anaitasunera, ta ez alkarren arteko ezin-ikusira, yo-bearrik geundela: gutxitxo izanik, maitezko lokarriz bildu bear giñala, ta ez burruka makillez sakabanatu.

        Ta ordun, Arrasateko euskal-egunez, orain gauden areto ontan bertan, txiki ta aul, ume axal-gorri, «Euskaltzaleak» deritzan elkartea sortu zan. Gaur, iru urtez-gero, Euskalerri osora egunero bere otsa zabaltzen du; ta eznizuteke gezurrik esan nai, laister Euskalerriko lagun-arterik ugarien eta indartsuena izango dala adiraziaz.

 

* * *

 

        Zer gera, bada, «Euskaltzaleak», ta zer eskatzen diogu euskaldun izatea ukatu nai eztuan guziri?

        Zuekin, arrasatearrokin, eztet ori adirazten luzaro yardun bearrik.

        Zer egin zenduten orain iru urte yai bikain aiek gertutzeko? Nik esango dizutet. Erriko seme guziek, nornolako zan begiratzeka, nor-nondik zetorren gogoan artu gabe, alkarri eskua eman ta etxe garbiko senide zintzoak bezela yokatu zenduten. Ta zuen elkartze ori zertarako izan zan?... Euskaldunen ezagungarri guziak goratzeko ta edertzeko: gure kristautasuna, gure oitura ta yolasak, gure euskera berdingabea goratzeko ta edertzeko. Itz batez: amari egun eder bat opa izan zenioten, ta amaren begiek egun artan Arrasaten etzuten seme-alaba onik baizik ikusi.

        Bada, orra beste azalpenik gabe, Euskaltzaleak-en izaera osoa. Egun bakar batez ordun egiña, orain egun askotarako, bizi zeraten arteko agintzea eskatzen dizutegu. Gu geu izateaz ez gaiteala lotsa, baizik bidezki arrotu; lurbira osoan euskalduna euskaldun agertu izan duten ezaugarriak ez ditzagula oinperatu, ez galdu; goratu ditzagun, ta gure aurren biotz gurietan iltze gorituz yosi.

 

* * *

 

        Are Aitor-etxeetan ere (etxe nobleetan, alegia) sortzen baitira ume ergelak, badezukete onelatsu mintzako zaitzuen euskaldunik asko: Zertan gure izaera zañagotu ta nabarbenagotu bear degu, zertan gure izkera gorde ta landu? Ez al-litzake, bada, aurrerapen aundi bat guziok gizadian, izatez naiz izkeraz, batasunera yotzea?...

        Gizagaxoak! Eztakite ezgerala munduan guzkek beñere bat izango, Yainkoak ala nai izan dulako, ta ongi nai-izaki ere, ludiaren edertasuna ezberdin orretxek geien yazten baitu!

        Utzi dezaiegun euskaldunok euskaldun izateari, urtu gaitean eta naasi inguruko erbesteekin... Besteek ere guk bezela yokatuko lutekela uste al-dezute?... Ederki eman ere! Gaur, beraz? Mundu bazterretako erri txiki guziek gero ta areago beren burua zaintzen ta indartzen diarduten garaion? Orain gu ezereztu, orain guk geren buruok ondatu, gizadia berdintzen asi dedin? Ori egitea ainbatsu litzake nik orain zuei esatea: «Yaunak, munduan yende geitxo gatxegok, askoz obeto bizitze aal-giñekek bakantxeago izanda; beraz, nondik-bait asi bear da-ta, nere burua bota dezadan leiotik beera...» Zer esango zenduteke? Badakit aurki ninduzetela Santa Agedan sartua. Ta ori egitea eskatzen diguten euskaldunak ote dira, bada, euskaldun zuurrenak, euskaldun buru-yantzienak, euskaldun gurenak? Bada, nik, (yaun oiek astotzat yoko banaute ere), naiago det ibai txiki izan, baña ene urak neronek itsasora eramateko yabe; ta ez nere izena ta nere izana galdu, ibai aziago bati nere burua eman bearrez.

        Zertan gorde gure izkuntza?, esango dizuete. Zertan gizon guziok era batez ez itz-egin bear?... Bada, Yainkoak gure artean Babelgo torre bat izatea agindu dulako: Yainkoak gizon ongi-azi guzien biotzetan norbere izkerarenganako maitetasun gori bat itsatsi dulako.

        Zergatik —galde-egiten det nik orain— lanbide ortan ez dira asten oraingo izkera yantzienak, oraingo izkera arroenak? Bildu bitez batzarre batean ingelera ta prantzera ta gaztelera, ta alemanera, ta italiera, ta abar. Ta elkarri esan bezakie: Nor degu geren artean zabalduen, nor ederren? Olako? Bada, bedi orixe gaurtandik munduko izkera bakar: geren buruok il ditzagun gañerakook... Zer? Berriro ere Santa Ageda-bidean yarri nai nazute...

        Asma dezagun, ordea, zerbait errezagorik, bidezkoagorik. Iñor iltzen ibilli gabe, izkera oietarik bat aukera dezagun errien arteko artu-emanetarako. Iraun bezate besteak, nor-bere mugapean, ta nork-gerea erabil dezagun etxerako, lagun-arterako, muga-barrengo arazoetan, eta elerti edo literaturan. Yakin-gai sakonetan, erbestearteko saldu-erosketa ta abarretarako bestea: guziekiko izkuntza, edo «lengua universal» dalakoa. Nork ukatu dezake auxe litzakela elebitza edo «bilingüismo» zuzena ta bidezkoa, guzientzat berdiña?... Bada, izkuntza aundiek, izkuntza landuek, izkuntza aipatuek ori ere eztute nai... norbera nagusi izatekotan ezpa-da.

        Baña, zertan ari naiz, oraintxe esan dedan elebitza edo «bilingüismo» ori ezagutu izan baita munduan, ta izkera oietxek, gaur apañen bezela agertzen zaizkigun izkuntza oietxek, «bilingüismo» zuzen ura galazi baitute! Bai, enetxoak, bai. Orain irureun urte oraindik latiña zegoan munduan nagusi yakin-gai guziak ikasteko ta erabiltzeko. Uraxe zan (gaur Elizarentzat dan ere bezela) leen esandako gain-izkera, guziekiko izkera, «lengua universala» itz batez. Nortzuk ondatu dute, nork-bere izkera maitatu ta landu bearrez?... Bada, gaztelerak, ingelerak, prantzerak, eta abarrek; ta ori euskera baño arloteagoak ziran garaiean; ta ori beren artekorik geienak latiña ama zutelarik!!

        Beste bide bat asmatu nzki izan da geroago. Izkuntza-izun bat sumatu («esperanto»-aren aditzera guziok dezute) ta uraxe guzioi irakatsi,.. Baña,... ori ere ez izan atsegin izkuntza aundientzat, ta orra asmo eder ori ere poto egiñik.

        Ta orain badiotsutet nik: «lzkuntza aien aldeko maitetasun gori ura eder bazan ta begiragarri, nola diteke itsusi ta txaldan guk gerea maite-izatea?»

        Ez, yaunak. Gure burua ibaira botatzeko bagaude, ikus dezagun aurrena ongi inguruko beste guziek ere geurekin batean botako alduten. Eztezagun egin, guk bota geurea ta besteai parrebidea eman. Eztezala iñork Euskalerriatzaz esan bear-izan: «Emen datza bere burua il zuan erria, are bizi-izateko diña kemen izan etzuan erri-ergel-lotsagarria!»

 

* * *

 

        Eztet askorik geiago luzatu nai.

        Soil-soilki, obeto ikusi dezazuten zertzuk egiten laguntzeko zeren izenak eman bear dizkiguzuten, esan dezagun laburki, «Euskaltzaleak» emen yaio-ezkeroztik egin dutenaren berri.

        Zumarragako euskal-egun oroigarria, Andoaingoa, Segurakoa, Errenderikoa, laster Bergarakoa ere ta Otxandiokoa: bertan gure yolas garbiak —dantza dala, pelota dala, palanka, bertsolariak, eta abar— eder-agertu: bertan euskera goratu ta umeai maitarazi.

        Euskel-ldazle-Batza deritzan euskerazko eskribatzaleen elkartea irasi edo fundatu. Betirako sari bat asmatu ta bildu-arazi, urteko euskerazko artikulorik onena sariztatzeko edo premiatzeko.

        Euskerazko Poesia edo Euskel-Olertiari egoak luzatu, olerkariek berotu izan baitute erria bizkunde guzietan.

        Euskerazko Teatroa, edo Euskel-Antzertia (oraindik gutxi bederik) xuxperrarazi, ta Euskel-Txontxongiloak edo «guignol»-a yarri.

        Euskerazko liburu salketak eratu.

        Euskerazko eguneroko periodikoa nola ta zenbatez egin diteken aztertu, ta asmo aundi au egin-bidean sartu.

        Ta azkenik ez luzatzeko: oraindik ere eranegun, badakizute zer besterik egin degun?... Donostiko antzokirik ederrenean, udaaren gorrienean, yendea abea yotzeraño erakarri, ta Euskalerriko neskatx aundiki sorta ugari bati (are markesak ere tartean baibaitziran) euskera utsez yardun arazi, Euskerari Emakumeen Maite-Agurra eskeñi arazi, bertakoei ta erbestetarrei oso goitik auxe esanaz: euskeraz itz-egitea, alegia, eztala emendik aurrera izango baserritarren eginbearra: goi-goieneko alabak ere arrokiro, erabili nai dutela ezpañetan, gurasoengandiko ots eztia dutelako, ta, bear bada, euskeraz ari diranean bezin eder ta laztan iñoiz beren buruak agertu izan eztitutelako.

        Zer eskatzen dizutegu gauz eder oiek egiten laguntzeko, zer, zeuen ta nere erria il eztedin?... Borondate on apurtxo bat eta eguneroko xentimoa!... Eguneroko xentimoa Euskalerriaren alde ematea eskatzen dizutegu bai, zineari, ardandegiari ta yolasari ez bat baizik eun ere ematen diezuten garaion.

        Euskaldun on guziek dute gure elkarte ontan sarbiderik. Iñori etzaio galdetzen zein politika aldekoa dan, ezta ere politika zer dan badakian. Bi esi bakarrak ditugu: Yainkoa ta bere lege zuzenak ez oinperatu: Euskalerria biotzean euki.

 

* * *

 

        Ta bitez nere azken-itzak bereizki emakumezkoentzat. Gizasemeok bakarrik ez goazke urrutira, zuen bear gera edozertarako. Ta edozertarako baño bearrago zaitutegu geure erri au yasotzeko.

        Zuek zaitutegu asegarri, zuek atseden, zuek akullu, zuek artizar eta eguzki. Ta zuek zaitutegu (auxe ez aaztu beñere) zuek zaitutegu gere aurren ama ala amagai. Zuen eskuek taiutu ta azi bezelakoxeak izango dira biar gure aurrak... izango dira biar Euskaldun berriak. Aintza aundia, glori aundia zuena ontan ongi yokatzen badezute; lotsari ta erantzunbear larria ere, ordea, eginbearrari gibel-ematen badiozute.

        Entzun itz auxe soilki. Asaba zaarren gogoaz elkartzen gaituan urreko kate zaarra, etzazute, arren, emakumeok, esku laztankor oiekin betirako eten eta apurtu.

        Agur guzioi.

        Ta guziok otoitz bat zuzendu dezaiogun Iñaki Deun, euskaldunen Zaindariari: Euskalerriak iraun dezala, kristau ta euskaldun, mendeen eta gizaldien ondarreraño!

        Ala bedi.

 

aurrekoa hurrengoa