www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Itz-lauz
Xabier Lizardi
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

aurrekoa hurrengoa

ELKAR-BIDEAN

        Bizkor-askia dator Urlia yauna «Euskera Aundiki-Soñekoz» nere bi idazkietarik leenbizikoari erantzunaz.

        Badirudi egiazki gu bietarik bat, ala agian biok, aserre-samar ote giñan nork-gere idaz-lanak egiterakoan. Eta ori, egian esan, ezta ongi gizon egiñentzat. Baretu gaiten, bada. Edo neri burua pitin bat naasi zitzaidan, nai ez nuna esateko, edo-ta nere erantzule yaioari begiak lausotu zaizka zertxobait etzegoana ikusteko.

        Urli yauna, otoi. Berriro nere idazkia ikusazu, eskura badezu beintzat, eta igerriko aal-diozu nik eztedala iñon, ez «Aitzol» yaunak esana egiazki itzuli etzendunik esan, ez-ta ere zure zindotasunik, zure onusterik, auzitara ekarri.

        Begira nik zer esan dedan, mamiz: «Zure yarduna egiaren ingurukako izketa dirudit, ala oi-baitegu, aurrez-aurre ari begiratzeko ausarta ez geranean. Ta, neretzako, auxe da arazo orrekiko egia: erderaz mintzatzea errezago degula, erderaren bidez geren buruok, batzarretan-eta, ederragotu egiten ditugula; erderaz ari-bearra bidezkotzeko asmatzen ditugun guziak, maratil uts dirala ta ez arrazoi».

        Argi-samar agiri ote-dan ta nago, zein egiren ingurukako izketa iruditu zitzaidan zurea, ta «Aitzol» adiskidearen eskaria zuk zuzen ala oker adirazirik eztala or ezertarakoxe aitatzen.

        Baña, besterik zerbaitxo ere badarie itz oiei, ta Urlia yaunari etzaio oartu. Etzaio oartu, naiz gordegailluaren oso inguru ibilli: «bero-bero», arako aur-yolasean esan oi-genduna,

        Alegia, arako egi aren ingurukako izketak, ez Urlia yaunak bakarrik, baizik-eta euskeItzale guztiok egin oi-ditugula, «Lizardi» berbera «barne» dalarik. Alegia, batzarre baten erdera utsez aritzeko tarteko erdeldunei, gere oi-ezari, gaiaren zallari ta abarreri errua egotzi izan diegunean, ez oiek baña gure epelkeria, gure eroso-bera soil-soilki ziran errudun.

        Argatik, bada, zuk diozun batzarre artan Lizardik erderaz itz-egin zun, bai; baña ez zure esanak indar aundirik egin da, baizikan... epelkeriz, errezago-zalez, koldarkeriz. Otra egi bat, ingurukako izketa uts politarik gabea. Antz-emate aal-diozu onenbestez, zenbateraño artzen ditudan edertzat eta ontzat, zure erantzupenaren azken-itzak: on dala, alegia, egia uts-utsik esatea

        Batzarre artan berean, oker ezpa-nago, Intza yaun agurgarriak ere itzegin zun, ta —«gizarteko lege» diralakoak zapalduz, agian— euskeraz aritu zan, ta puskaka-puskaka, euskeraren ondoan, erderaz ziarduan leena berriz esaten. Ta Lizardik kolkorako ziona: «Ik duk bizar, adiskide, ta ik egiari aurrez-aurre begiratzeko bekoki». Bada, arena gaur agirian txalokatzen dedan bezin egiazki ta minki, gaitzetsi ere egiten det Lizardiren eginbidea.

 

* * *

 

        Goazen aurrera.

        Erdi-akarrean ari gera —ez al-da parregarri?— ta guziok iritzi berberako izan.

        Zer dio Urliak? Zer dio F. Berendia yaunak? Zer diote biok, mamiz nik neronek diodana ezpada?...

        Bizkor-samarki zukutzen nau, ori bai, ta auts xee biurtzen Urli yaun zoliak, ene koIkoko F. Berendia gabitzat darabilkielarik. Baña, txautzeak txautze ta zukutzeak zukutze dirala, Berendia-ek eta nik berbera diotsagu. Ark bigunki ta esku atseginez. Nik zakarki, erri xeeak bere arteko oi-duan izkeraz, zeatzago esateko: «Eusko-Ikaskuntza»ko zenbait eta zenbait bazkideek elkarrekin noiznai oi-duten mintzairaz.

        Ori da, agi danez, nere okerra. Baña, gauzak gordinki esateak ere baditu alderdi onak: Urlia berak dionez. Adiskide artean ez berunezko baizik illaunezko tiroa bear dala uste izaten dute askoek; nik bestera, baña adiskidetasuna ezertarako galdu, ez-ta ere otzitu gaberik.

        Berendia-ren iritziz, are elkarte ta gizarterik garaienetan ere zerbait euskera erabiltzen asi bearrak gera.

        Ta zuk zerorrek, Urli yator orrek, zer diozu?... Bear zenduna. Zuk ere «Eusko-Ikaskuntza»ren euskel-lana eztezula askitzat yotzen. Ortan, beti aurrera ekin bear diogula, eten-gaberik eta azkarki. Aundiki euskeItzaleok aal-oroetan euskeraz ari bear degula.

        Zer beaztopa gogoratzen zaizkizu?... Baiezko eder aien aldean ezer gutxi balio duten batzuk. Onaa bat: aurrera yo, bai, eten-gabe ta azkarki orratik; baña, poliki, ez yauzika. Onaa bestea: aundiki euskeItzaleok mintza gaitean, bai, euskeraz; baña... gauza geranok bakarrik, ez erdeldunek; et auek, ainbeste balio-ta, baztertu egin bear al-ditugu?

        Ez, gizona, ez. Oso muin urrikotzat yotzen nazu, gero! Euskeraz dakigunok ari bear degula euskeraz, ez erdeldunek... Bai, enetxoa, bai! Ez genduke besterik bear. Esan bear nuanik ere ez neri eman buruak.

        Ortan, beraz, batera etorriak gaude. Ea urrena. Aurrera yo bear degu, ta poliki yo; au da, ez beti leengo tokian egon, ez al-da ala? Arako Peru Kurrillo arraio ark ez yaio bear berriro! poliki aurrera, ta euskeldunok euskeraz?... Oraintxe zearo elkarri eskua eman-bearrak gera.

        Begira. Egin zagun kontu sei illabete barruku izparringi bat eskuetan degula. «Eusko-Ikaskuntza»ko Bazkintza-batzarren agiria dakar. Ta onaa bertarik zer irakurtzen ari nazun:

        «Batzarre-azkeneruntz Lendakari yaunak, eguneko yardungaiak agortuak zirala esan ondorean, auxe ots-egin zun: «Orain, yaun euskeldunek euskeraz». Ta gañeratu zun bereala: «Gaurkoa leenbizikoa dala-ta, EuskeItzale-Batza dalakoaren Buru yaun Berendik beza aldi». Ordun, Berendi yaunak berebiziko euskera samurrez, leen erderaz yardundako guztia labur-bildu zun. Gañerako batzarkide euskeldunak, bat orain gero bestea, guziek sartu ziran tartean, elkar galdeka ta zirika. Batzarkide erdeldunetarik batek bederik etzun aldegin: guziek antxe aoa zabalik, euskeldunei begira txoraturik. Yardun ortan ordu-laurdentxo bat egin-ondoren, Lendakariak batzarre-itxitzea yo zun. Altxatzerakoan, guziek zioten elkarri batzarretik batzarrera errezago garaituko ditutela gai zallak, eta ontara irixteko eztagoala gaur asitako beste biderik. Batzarkide erdeldunek ziotenez, berriz, bekaitz egiñik omen dira, ta egin bear omen ditute alegiñak euskera ikasten, ta berak gauza ezpa-lira, beren aurrak euskeldunduko omen-ditute beintzat, bai alegia!. Orrela, euskera berberaren suak guzien euskeIzaletasuna gori-gori egiñik zirala, elkarri agur egin zioten urrengorarte».

        Au poliki yoatea al-da, aurrerunz eta azkarki ibilli-bear bide ortan?... Bada, ordun, Berendi yauna, eztago geiago eztabai-biderik gu bion artean.

 

* * *

 

        Gañontzekoak oso axaletik ikutu-bearra naiz, tokirik ezaz.

        Euskaltzaindikoa. Oso bide zuzenetik nekiala uste nun, ango berri. Ez ni sartu, noski, batzarre tartera, baña orren urrengo. Argatik, egia zalakoan nengoan. Ezpa-da, ni pozen. Barka bekidate irainduak, iñor bada.

        Azkenik. «Eusko-lkaskuntza»ko batzarkide egin nautela-ta, «gizarte onari dagozkion legeak» aitatzen dituzu. Leenengo begiraldian, nik aiek ongi beteko ez ditudanen beldur ote-zeran iruditu zait. Ala balitz ez geiegi estutu. Mutiko beldurtiek, illun-une baten barrena ibilli bear dutenean, badakizu zer egin oi-duten. Zarata aundia. Alaxe atera dizut nik ere onako au. Nere bizarragan geiegi ez sinisten ta, zarata orren bidez, nere burua iñorena baño leenago eginbearrera lotu nai izan det.

        Bestalde, nere gogaraz, laisterrik asko, ta laister ere baño pozikago utziko diot nik, nai duanari, irabaziz gañeko dedan yarleku ura. Beste eginkizunik badet, alegia, ta euskerari nondik laguntza eskeñi ere bai, nere burua bear baño aundiago ikusi gabe.

        Alaz guztiaz ere, alkar artuko aal-degu adiskide onak bezela. Osotoro batera etorriak gerala badirudi beñipein...

 

aurrekoa hurrengoa