www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Itz-lauz
Xabier Lizardi
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

aurrekoa hurrengoa

EGUNKARIA

 

        Gai ontaz zenbait idazlek agertu dute iritzia. Asko dira, ordea, ixilik.

        Ori bezelako arloetan, orratik, ezer baño lenago, artarakoxe «giroa» sortu arazi bear-izaten da, asmoak loreztu ditezen ta, loreztuz gero, igali mardulik ekarri al-dezaten. Ta giro on orretaratzeko, zabala yo ta yo bear, aizea astindu, esku beteka eltxoak atxitzen bagenbiltza bezela... Aize-astintze artarako berriz, yardun ta yardun, mintza ta mintza, ekin ta ekin berritsukerian, atsoak —eztabaida emen, murmuxeta an— ari oi bezela...

        Orrelakoxea bear du; gogo-lurra ur asegarria artzeko gertutzen duan atxurketak. Euskel-egunkaria oso urruti ta eziña dakustenak, esanaren esanaz ta ausnartuaren ausnartuz bertago ta errezago etsi dezaten.

        Otoi, bada —eskabide au iñola ezpa-dagokit ere— idazkortza kertenetik artzen dakizuten guztiok, naiz txiki naiz aundi, euskel egunkari gaiaz zenbait idazlan biali ditzazute «Euzkel-Atal» ontara, «Argia»ra, ta abar.

        Zuk ere, «Orixe» adiskidea, ekin gogoz arloari zere euskera mamiaz.

        Euskel-egunerokoatzaz badakar idazlan bat «Euzkerea»k. Gaia erabilli utsagatik ere eskar-gatzaie arazo ori ari degunok; areago berriz, gure azterketan eskeintzen diguten laguntzarengatik.

        Eder zait, batez ere —ta ontan, bada-ezpada aitor dezadan, nere aoz, ez iñorenez, diardut— euskeItzale alderdien arteko elkar-artu-nai apurrenik sumatzea. Ontan, nik uste, gauz guzien gañetik alkar-lagundu-bearra yarri bear degu; iritzitxoen gañetik IRITZIA, euskeraren ona. Euskeraren ona ezpaiditeke euskotasun osozalearen kaltegarri.

        «Euzkerea»koak egunkarietzaz dakizkiten goraberak zeatz erakustea eskeintzen digute. Eskarrik-asko. Eskutartean darabilgun ikasketa ontan orixe nai degu, askoen iritzi ta onuak, al danik egiena izan dedin. Xetasun oien eske, beraz, etorriko gatzaizute noizbait.

        «Euzkerea»k dionez, euskel-egunkariak urte-mordoska aundi-samarrean urteroko berrogei bat milla laurleko galdu bear lituzke. Ori ala bada, obe degu ezertan ez astea. Egia, bai, euskeItzale aberatsak laguntza zabala emanezkero, orrek ez ginduzkela izutu bear. Baña... Arlo auetan, biotzean, sakelean ez-ezik, bear litzake urrea euki. Ta biotzean, sakelean-ezik, txiroak oi-dute; sakelean, biotzean gabe, berriz, aberatsak. Bat bestetan erabat gutxik: orixe txarra... Ortatik baitator gure arloteria. Ni ere etsita nago, bai, noizpait aberastuko banintz, ezetz sasi-arte latz auetan oñik sartu!

        Baña, aria etena det...

        Lengora gerala, irakurle: guk eztakusgu arloa «Euzkerea»k bezin illun; gaurdañoan beintzat, baikorxeago gaituzu.

        Ori bai: ari-mutur guziak lotu bear dira len-lenetik. Ibiltzen asi baño lenago, oñazpian lur ibilkorra ala geldia degun ikusi bear. Zerbait egiñenean, dirurik ez galtzeko, porrot ez egiteko ziurtasunez ari bear da.

        Gure lan-asmoa auxe da. Lenbizi, al-dan zeatzenik —arloa argi ikusi, zenbaiten iritzi ta aolkuak entzunaz. Ontan «Euzkadi»k ere, ta «Argia»k, asko lagunduko al-diguten ustea badegu.

        Egunkaria berriro-berrirotik egin, lankiñak eta abar erosiaz? Ala, iñoren babesean?... Iñoren babesean, noski, amets dana amets izana iñoiz biurtuko bada. Artara, zenbat diru bear?... Zenbat eta, nolako otseñak?... Auetxek ere aurre-aurretik begiz yo ta itzartu bear dira. Gero, zenbat arpidedun eta zenbat iragarki gutxienez bear ditugu, lenengo egunetik galdu gabe, ala oso gutxi galtzen, asteko?...

        Ona, egin-bearreko azterketaren zati nagusitxoenak.

        Azterketa ori oso egiña danean, euskeItzale guztiok, eta batez ere bazkun euskeltzaleen ordezkariak, batzar batera deituko zaituztegu. Agian, «Euzko-Ikaskuntza»ren aurtengo uda-ikastaroko euskel-izketaldietara? Elitzake txarki...

        Antxe egin diteke, guzien iritzi ta eztabaida anaikorraz, azken-azterketa. Bertatik baiezko erabakia baletor, bazkun guziek, norbere lurraldean, asi bitez erriz-erriko lanean, diru-arpide-iragarki aginduak yasotzen.

        Orrela yakin genezake egunkaria egin diteken ala ez; ta orra, yakinlarri orretxek eraso gaitu oraingo aldian.

        Yarrai gatzakion, bada, len baño ere baikorrago, lan asiari. Astindu dezagun aizea, eltxoak esku-beteka atxitzen bageniardu bezela, ta Yainkoak nai-izango al-du eltxo baño zerbait mamiagorik, alako batean, eskuratzea.

        Listorra eztedilla izan orratik!

 

1929-gko. Yorraila 26-g.

 

aurrekoa hurrengoa