www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Itz-lauz
Xabier Lizardi
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

aurrekoa hurrengoa

GURE BARATZATXOA

 

        Gure baratzatxoa! Txiki, baña emankor; yori ta eguzkitsu. Ugaldu bitez zure landareak; gero ta arnari mardulagoa bekarte.

        Ludia zoroki aurrera dabillelarik —aurrera?— askoek eztakite, are Euskal-Errian bertan, zure orma-arteko berri: euskera gauza zaarren adur gaiztoak daramala uste.

        Bitartean, zuek, euskel idazleok, gure baratzatxoko zuaitz berri, euskera eztala zaar; euskera ludiko ele kemendun-gazteenetakorik bat dala diozute: aurgintzaren nekeak ezpaitu abaildu, ez-eta igatu erabilli luzeak. Zuek, ixilka —biotza su-uts, burua sinispen gori, begietan ernai itxaropena— euskera lantzen, etorribear-urteetako gurendarako bideak urratzen ari zerate. Bejondeizutela! Eusko-pizkundeak ezer ekarri badu. indardunik, iraunkorrik, onaa zuek.

 

* * *

 

        Orrengatik, idazle berri baten agertzeak —batez-ere gazteen yoera ain oker-bideetara etziña dagon aro makal ontan— bularrean alako ikara gozoa —ikara bero bat— eragiten digu.

        Bestalde, berriak naiz zaarrak, ezeren eztigarririk gabe ari gera, ta askotan itz gozo bat naiko sari genduke... Ziñez esan diteke, siniste-utsezko ekintza bati loturik gerala.

        Euskaldunok ain baigera alkar-zurikatzeari ez-emanak, gutxitan iñork eskeñiko digu, emen nekatuaren xuxpergarritzat, ederretsi-iztxo baten gozoa bederik. Izaera ori, bada, beingoz-betirako gure baratzatxoaten atean utz dezagun; alkar-gogoberotuz ari gaitean, sutsuak suagotuz, gogo-urriak eraikiz.

        Ta orretarako gaien enaizelarik, norbaitek asibidea eman bear-ta, banatorkizute. Gure baratzatxoan barrena gaur egin-nai ibilliaren leenbiziko urratsa zuaitz berri batengana yo dezadan.

 

* * *

 

        «J. Aiberdi».— Nor zaitugu?... Nongoa?... Zumaiarra, agian?... Ala baziña, euskeltzaleaz-gañeko alkarbiderik badegu zuk eta nik. Zure itsaso berberaren orroak lo-autsia bainazu, neguz, amaika bider; ta aren apar zuriak —uin arroen gandor aratz— begi-lilluratua.

        Baditeke ukalondoa sartzea idazle berritzat edo ez-aritzat yotzen zaitudala. Bana, zerorrek baitiozu illunpetik zatozela. Egia bada, ongi-etorri; ta, gañera bizar-berri bazaitugu, ongi ta obeki etorria.

        Azkenengo «Argia»n zure «Urteberri» irakurri det. «Año nuevo, vida nueva», «Urte berri, gogo berri»... Zuur-itz orrek baño, ez nau ezerk iguiñagotzen. Ain baitago eskukatua, alperreko aitatzez ain andeatua!... Baña zurea gogoz irakurri det: berriki erabillia dezu, ta, gutxik oi-dutena, badakartzu zuzendu-asmo zeatzik eta, dirudienez, egiazko garbairik ere.

        Idazteko, nere iritziz, badezu asmamena ta zaña. Etzera illunpean egon-bearrekoa. Euskerak, zuk ainbat dezaketenak argitara-bearrekoak zaitute. Nere aolkurik ezertakotzat badezu, eragin maiz lumari, otoi ez illunpera itzul.

        «Urte berri, «Argia» berri», «Urte berri, baratza-berritze»... Orra eskeiñi arako esakunaren ordezkai politak.

 

* * *

 

        Ta orain zaar bat edo beste agurka dezagun.

 

        «Otxolua».— Onaa,ezin polikiago ari dan idazle bat.

        Asteazkenero, uts-egin gabe, arki dezakezute «Euzkadi»ko «Euzkel-Atala»n «Otxolua»ren idazki mamia, Mundakako berriez ta zenbait goxoki geiagoz ornitua.

        Maiz berebiziko ipui irakurgarriak ingeleratik txukun-askirik itzuli oi-ditu. Oiek bilduz noizpait: idaztitxo bat osatze aal-bazeneza, elitzake makala aldarte beltza argitzeko.

        Bizkaiera giartsu-egokia oi-darabil, ta itz-aukeratze ta are asmagintzan ere zolia da. Euskerak Bizkaia-aldean ditun idazle bikañenetakorik irudi zait.

 

        «Iparralde».— Noizik-beinka zure idazki ederren bat gureganañotu oi-da, «Argia»ren bidez; bakantxo, ordea. Nik orain eztet bat baizik gogoan, zaar-samarra bera, nere lagun on bati eskeñia. Zure gogamenaren ale mardulak artuko genituke pozik, maiztxeago.

        Lurralde urrun ortan egonagatik —euskaldun zaarrek odol-kutsu yoriaz zeindutako Chile- ez aaztu gure baratza txikiko lau ormen arteko barrutikoa zaitugula, ez-ta zure ekarrien begira gaudenik.

 

        «Gireuya».— Ez, yauna; ez orrelakorik uste. Enatorkizu gorapen berriez belarriak eztiagotzera: naikoak entzunik aal-zera.

        Ikasi det, ordea, izneurgintzaz-atekako lan sakon bati burua lotzen dezula. Ekin ortik gogor: zuk bezelakoak baitute lanerako astirik eta abagunerik.

 

        «Dunixi».— Euskel-idazlea «Dunixi»?... Ta ez badaezpadakoa. Igaro-udaberriz entzun genion itzaldi eder-askoa Donostian.

        Baña, erderaz batez-ere eman oi-digu bere gogamen zoli-meearen berri.

        Eztaki nornaik gaztelera ain apain ta biziki erabiltzen. Esaera ta itzak aukerako ditu, ezetsu, mami; ta adiraz-gaiari ain dagokie zeazki, uste baitet, ez bera ez gu oar gatzaiola norbaitek eskutik idazkortza ken ta erraztilla, (brotxa) ipiñiko balio, aldapena igerri gaberik baietz yarraitu margoz lan itzez-asiari, ta are gu ere, leen-arian, «margozkia irakurtzen».

        Orain, bada, adiskide-antxean, galde txiki bat. Zuk, «Dunixi», barruan alako idazle yatorra daramazun orrek, euskera ere bikainki dakizularik, zer legikezu euskel-elertiaren alde, tarteka-tarteka, erderaz aritzeari utzi gabe, gure baratzatxora egonaldi batzuek egitera bazentoz?...

        Ez aal-zinduket alperrik zirika!

 

1930-gko. Otsailla 1-g.

 

aurrekoa hurrengoa