www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Itz-lauz
Xabier Lizardi
1934

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen jatorria: http://www.jazzfree.com/jazz9/arrain/

 

aurrekoa hurrengoa

ATARI-JARDUNA

 

        Ume berria du «Ayanbe» antzerkigille saiatuak: berria ta agian, mardulena, adiskide.

 

«EUSKAL-EGUNA»...

 

        Amaika oroitzapen gazi-gozo astindu dizkit gogoan antzerki bizkor ori irakurtzeak! Euskozaleentzat etorri bait ziran zazpi bei makal, leenetan bazidurigun ezin-urtuzko odei-sabelean geundela ta ez zitekela guretzat geiago eguzkiaren dirdai bizigarririk. Guzia eragozpen, guzia oztasun, guzia etsi-bear ituna zan, ta neke-nekea ta adorerik eza.

        Joan leenengo beia, igaro bigarrena; iru-bat lauek aldegin —zein baño zein zitalagoak, zein baño zein idorberriagoak, zein baño zein ezur-nabariagoak— eta asi ziran, orraatik urrengoak gizentxeago agertzen. Bere exkasean ere, bazirudian saiets-ezur-tarteak betexeago zituztela. Agian, ez berak mardulagoak izanda, baizikan gu lauso-arintzen asiak giñalako.

        Mutrikuko, Elgoibarko ta Arrasateko euskozale apalak, badute besteongandik zer-artzekoa. Aiek ez ziran ikasiak, aiek ez ziran aundiak; aiek «Erri» ziran, erri xee; biotza, orde bizkorra izaki ta etsi naiezkoa. Munduaren aurrean beren buruak ezaugarri batez nabarbendu nai-izan balitute, auxe zuteken egokiena: «Ez etsiko»!

        Bejondiela!... Zenbatek uste baño zirika biziagoa artu zuan besteon euskozaletasun txepelduak, aien baikortasun akuIluarengandik. Giro otzaren eta goikoien ezin-ikusi ta zital-aginte aren gañetik, edo azpitik, edo, tartetik, arkitu zuten aiek euskal-gurdia nola berbideratu; ta jai aien bitartez asi giñan antziñako gogakideak arpegia elkar-berrzkusten ta odola elkar-berotzen.

        Irizar-etik Iriberrirako bidea, «Ayanbe» nerea, ordun lanbropean zuritzen asi zalako zalantza diat.

        Arrasatekoaren otsak berbiztu. nindun, ni beñipein. Arrezkero euskal-egunetan egotzi zitzaidan zeregiñik aski. Argatik, «Ayanbe»ren lana irakurbetetzeak bete dit iduri zaarrez oroimena.

 

* * *

 

        «Euskal eguna»...

        Goizean goizetik eguzki. Erria, zazpiretako mezetan, jauna artuz, ta Aita Agirreren itzaldi mamia entzunez.

        Kalez-kale tuntuna. Bultziak, goitik eta beetik arrotz-mordoak jaulkiz. Zenbat «Txorlero», zenbat «Akullu» aien artean.

        —Kaxo, «Zera»!

        —Bizi aiz, «Olako»!?

        —Ieeeupp! Bagerala?

        Euskal-idazleak... Guziek izenordea bai. Ta nolako arrotasunez esaten zizuten, ezagun berrikoak egiterakoan: Ni «Alako» nazu!

        Izenorde ez baita izengoiti. Izengoitia, ezizena, iñork jarria dezu, ta bear bada irribide gaiztoz; izenordea, berriz, norberak, eta ez izena ukatzekoan, jantziagotzekoan baizik.

        An zetorren, ixilik aspaldian egon ta euskal-egunek luma erdoietatik begiratua.

        Or bestea, euskal-egunen beroak sortu-berria. Ez zan bakan baserritar jatorrik arkitzea, atxurketa-ondoan idazteari tajuz ekiten zekianik... Ori ez al da erri-bizkundea?

        Baiña garraikion. Meza nagusia. Gain-gañeko sermoia. Ondoren erriko enparatitza margo nabariez pilpiltzen. Euskel-idazti erostea: alper gaiztoan, autsaren mende zetzaten libururik asko eguzkitara jartzen bait genitun, salgai, ol zatarrezko txaboletan. Ona non datozen Litzartzako dantzari nabar apainduak. Bitartean, Udaletxeko areto aundian, inguru-errietako nexka-mutiko aztertu-gaiak dute aldi. Ta ondo bazkari alai ura?... Zabalean, lareun bat lagun, bai, danok sarbide ederrekoak, arraioak ezpa du! Azkenerako irten bear iñoizko abesti ausartaen batzuk, «gobernadore» otxan aien gogorako ez baziran ere.

        Arratsaldean... ura gauzez!: tuntuna dantzariari tarte eskeka. Bertsolariak, aurreskulariak. Berrizko ezpata-dantzariak. Baldaxar eta Gabino palankalariak, pillotariak, dantza-aspertua, nik al dakit!

        Azkenik gaueko antzerkiketa: bi millek ikusi nai ta millerdik ez ikusi bear. Bai. Ori guzia ederra zan. Batez ere, erbestetik lasa-lasa etorriak ala zerizkion. Baiña aurretiko nekeak?... Zenbat eskutitz! Zenbat joan-etorri, ta itzul-inguru, ta diru-biltze ta bizkar-ezur biguntze ta amorrazio latz!

        Beti, agintarien azken-erabakia zer izango. Baimenik iritxiko bazan, zirauna lurrean baño areago ibilli bear. Uriko batzorde-osatzea ere lanbide irristagarria zan. jakiña, alderdi ta margo guzietatik bear, ta agintarien aldekorik, berriz, ez dago zer esanik: batzorde burugoa eman oi genion. Bai berak ere iñoizka lan larriak guri! Arik eta jatetxe-jabea bazan, noski, aran-ko dantzarien bazkarien gora-bera eske arte, ez genduen lo onik izaten. Batzutan Alkatea, bestetan Sekretario biurria, urrena auzo-errien arteko ezin-ikusia, apaizak ere atera oi zituzten aldizka beren maratiltxoak —geienetan laguntzalle sutsuenak arren—: zana zala, korapilloa ta burruka bear ez aña. Burruka, isilla ori bai: ezpañetako irriparre biguñez ezkerreko eskuan biltze aal zenduan zuurtasun apurrez irabazi-bearrekoa.

 

* * *

 

«EUSKAL-EGUNA»

 

        Oiek guziak gogorazten ditu «Ayanbe»ren antzerkiak. jaiekoak eta jai-aurrekoak: auek batez ere.

        Esku antzetsuz tajututako lana da. Egintzen banaketa txit egoki: badute zeñek bere nortasuna, gaiez, garaiez ta notiñez ere. lkuslearen gagoa tenka dagoke aspertzeka.

        Elkar-izketa, jario errezekoa ta ateraldi gazi ugariez maniatua. Irria noiz-nai datorzu ezpañetara ustegabean.

        Ene adiskide onek badu ziñez (ongi ezagutzen baitet) urkoa ta urkoarena begi jostalariz ikusteko aalmena. Eusko aldarte onekoa da.

        Sagardo bikañak ere bear izaten ditu alako bunbulo bakan «ttipitto» batzu, beetik gora ta ontzi garbiari itsasiak.

        Bizitzaren gozoa, munduaren alaia, ongi sumatzen ta ematen daki gure gizonak. Barka dezaidala, baiña, ikusi batean zalantza naiz ez al-digun euskal-egun irrikoitxoegia eman.

        Izkera erreza du, ta gizena ere maiz. Onako apur oni begira. Mutilzar zuurraren esana da:

        «—Len ala, orain ola, Gero... ez andre, ez diru ta ez adore. Au da okerrena. Maitasun eta biozkadak, lore eta igaliak bezela udaberri ta udan izan oi dira onenak: gorrixka, eze, gozoak. Udazkenean... mixpirak besterik ez, ta aiek ustelak»

        Orra bizkorki-samar erakutsi ere, bizitza ta bizitzarekikoa oberen aldetik artzeko gai danak, nai ta ez bear dula «pilosopo» eder.

        Orren zuurki mintzatutakoak merezi luke mutilzaar geldituaren saria.

        Baiña, barkatu: aldegin dit ariak. Aitari buruz ari nazute ta umearekiko etsia nuen eman bearra.

        Notiñak, gizakiak, egitazko-askiak ditu ta taiuz ebakiak: bizpairu ez gañerakoak irrimar antzean. (irrimar = caricatura (Neol)).

        Alkate, tripazai alenak, «apaizkume» latinzaleak Sekretario biurri-nabarmenak, senide ugari dituzte Euskalerriko bazterretan. Zer esanik ez Joxepantoni, ta aren anai Jonixio bertsolariari buruz.

        Au batez ere, bertsolaria, gatz-ozpin biziez dago maniatua; ez al ditu bere aotik egi makalak ateratzen, andre ta andrakumei dagokiela.

        Egilleak badakarzki tartera, maiz, ezur eta mamizko gizaki ezagunen izenak, gertari izuna egiantzago dedin.

        Maitasun-korapilloak ondotxo lotu ta obeto askatu egiten ditu, aien askatzea lotzeago oi bada ere, Maltzurkeri zuurrez darabiltzi, gañera, ta urliarekikoa ikusleak uste zuanean, berendiarekiko eztaiak gertatzen zaizka. Ongi erakarria deritzait Mikelen maitasun-aitorpena: eraz eta garaiez ongi. Ordun ere, mutil gizaxoa begiak lurrera ta masailla piperra baño gorriago ari dalarik, neskaren pozak eta «Ayanbe»ren aldarte bikañak, bat eginda, sagardo gardenaren ondotik askatzen dizute puzpillo «ttipitto» gazi aietarik bat. Sekretarioak jasotako «kuiatoa» ustegabean azia, biribilki emana ta ongi irabazia du.

        Elkarraldi irritsuak, onak eta maiz. Gogoan ditut: batzorde-eratzearena. Sekretario-apaizgaien jarduna ta dantza. Jonixiorena euskeltzaleekin; Jonixio ta Joxepantonirena alargunarekin, eta abar. Ta arako gobernadorearen urrutizki edo telefonemak azkenarteraño dauka urduri ikuslea.

 

* * *

 

        Baiña aski al-degu. Euskel-antzertiak orrenbesterik gutxi du. Otoi, irakurri ezazute, gazteok; eta irakurri ez ezik, antzeztu; antzeztu bazterrik-bazter. Artara, ez al digu «Ayanbek» ukatzen emaitz berri ta gero ta gozoagoen poza.

        Ta azken-itzok iretzat, adiskide. Euzkadirentzat egun berriak, agian, zetoztek. Gure Erria gero ta ernaiago ziak bere mendian gora. Leengo egoitzari zegokion antzerkia egin dek: egin berriei dagokiona asi zak. Eorren itzak jasoaz: IRIZAR piztu dek, oa IRI-BERRI piztutzera.

 

1931

 

aurrekoa hurrengoa