www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Murtuts eta bertze
Piarres Lafitte
1945

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Adame. Murtuts eta Bertze..., J.B. Elissamburu, Piarres Lafitte. Elkar, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

MATALAS (1661)

 

        Ordukotz larrazkena hozten hasia, hilen ilabete hitsa abiatua hura ere, Mauleko presondegiaren ateari zagon Herio beltza, sega bizkarrean, norbaiti aiher... Nehork ez zuen ikusten, bainan auzoko zakurraren pleinua entzun lukeenak aise sumatuko zuen, hain zen dolumenez betea...

        Ate hortan, erne-erneak, baziren Bordaletik jinak, hiru soldado frantses, erregeren zaldunetarik, zonbait egun hortan preso zaukaten eskualdun baten zain.

        Alta, iduri guzien arabera, eskualdun gaizoak ez zukeen ihes joaiterik: harri-has etzana zen presondegian, eskuzangoak tinki-tinkia burdin gatez estekatuak. Bainan Ziberotarrak jazarri baitziren Frantziako gobernuaren kontra, ez nahiz behar gabeko zergatik, heien buruzagietarik omen zen presoner hura, eta frantsesak beldur ziren lagunak etor zakizkon indarka libratzerat. Hortako zuten bada hain artoski eta hertsiki begiratzen.

        Hainbertzenarekin heldu zaiote Mus de Calvo aintzindari nausiaren manu hau: «Burdinetan daukazuen gizona eremazue hamar orenetan auzitegirat. Kasu ez dadin bidenabar nahasmendurik gerta. Maulen egina hazilaren bortzean. Calvo».

        Bederatzi et erdiak ziren.

        Berehala zabaltzen dute zerrakua.

        —Asa, xuti hadi.

        Ahal bezala xutitzen zaiote gizon mehar bat.

        Hunen itxura hitsa! Galtzak doi-doia soinean.

        Bertze fitsik ez... ez eta etorrarik ere!

        —Ea, atera hadi!

        —Nola nahuzue bada jal nadin?

        Egia! zangoak estekaturik ez zitaken higi. Barreatzen diozkate bada oinetako lokarriak.

        —Alo; goazen!

        —Jaunak, hunat bildu nutenean, ez nintzen hola buluzia. Ene arropak nahi nituzke. Soinekoek erakutsiko dute nor eta zer nizen... Ala ahalge zirezte zuen lanaz?

        —Hago ixilik, arnegatua ez bertzea: aipu dukan arropa ez hukeen behin ere ekarri behar.

        Eta haren erraneri batera kasurik eman gabe, hamar zaintzalek inguraturik, bidez-bide baderamaten etxe handi batetarat.

        Barne nasai baten, mahain luze bat. Mahainaren haraindian jaun elemenia, oro Luis XIV-garrenari atxikiak, erregetiar suharrak, Xuberotar jazarrien etsai errabiatuak.

        Halere burua gora badatorkiote eskualdun presonera. Begitartea, hala da, askitto akitua du: zonbait ilabetez lo guti egina, alabainan; usu gose egona, eta zer nahi ikusia: lan, gudu eta neke. Bizkitartean zerbaitek emaiten dio argidura berezi bat. Handi emaiten du, bere larruhasean; eta arimaren garrak hedatzen bezala dio gizonaz goragoko baten aldartea.

        Nornahi urrikalduko zen hain jende gisakoa estatu hortan ikusiz. Etsaiak ez. Hor dira, itsutuak, herra bihotzean, irri gaixto bat ezpainetan, odol ixuri nahiak.

        Erregeren salataria edo inperkadorea xutitzen zaiote, eta bipilki hasten, gora-gora:

        —«Jaunak, huna gure aintzinean hobendun handi bat Goienetxeko Beñat du izena, izengoitia Matalas, eta (nahiz erraiteak halako bat egiten dautan) apeza da, Mitikileko erretora.

        »Atzo eta heren-egun joan nitzaio xeheyasun galdez. Dohakabeak ez du deus ere ukatzen haren gain emanak diren gaixtakerietarik. Aitor du lañoki erregeren kontra jazari dela eta bazterrak bere alde harrotu dituela gerla luze bati buruz.

        »Ba, jaunak, ekainetik hunat nausi jarria dugu eskualde huntan: ororen nausale eta nahasle.

        »Sohütan, Bordaleko Biltzarrari nolako laidoa ez dio egin? Biltzar horrek manu bat igorri baitzuen, jazarleak prso altxatu behar zirela lehen-bai-lehen, manu hori herriko plazan irri-karkailaka erre du.

        Montorin zorrozkiago jokatu da, higenauten eliza errez, heien haurrak tortxoak eskuan mezalat hertsatuz.

        »Mauleko hiri eder hau ere sutan eman nahia zuen, erregeren alde beroegi kausiturik. Beharrik Jaun apezpiku Maiti suharrak bere hitzñoa erran baitzion!

        »Oroit bide zirezte hiri huni eta Olorongo jaun apezpikuari kendu diruaz; eta ez duzue ahantzia nola nahi izan zaukun hemengo merkatua Bildozerat ereman...

        »Ai Goienetxe, erregez baduzu erraiteko hainitz: idor eta bihotzgabea daukazu, bere eginbidea betetzen duelakotz. Zu, zer zira bada?».

        Apeza dohakabearen begia orduan, eta ihardespenaren laburra:

        —Nik ez diot ohointzari «eginbidea» erraiten. Gu zuzenaren alde ari gira, bortizki ari izanik ere. Etsaiaren gudukatzea eta haren adixkideen gaztigatzea ez da egundaino gaizki izan. Emazu aintzina. Gero mintzatuko nuzu!

        Harritu ziren aditzale guziak apez «herresta» horren bekokiaz, eta bihotz-mamiraino sartu zitzaioten «eginbidea» erraitearekilako irri-erkatxa.

        Berriz hasi zen bada erregeren salataria:

        —«Jaunak, horra gizonaren gogoa! Bainan irriak sartuko zaizko ixtantean: ixuri duen odolaren gatik, erre dituen etxe eta mozkinen gatik, herri guzian erain duen desohorearen gatik garazki behar duzue gaztigatu.

        »Errana dautzuet hastean: apeza dugu hobenduna. Nehork ez bide du nik bezanbat apezgoa onesten. Bainan apezen alderat dutan jauspen hunek berak garrazten, gogortzen eta burdintzen daut besoa! Apezak badu argi: hobendunago da beraz makur dabilanean. Apezak behar du bide ona erakutsi; gaizkirat doanean, uko egiten dio bere arropari eta uko bere arimari.

        »Arropa kendu diogu. Ez da aski. Nahasleen buruzagia, Beñat Goienetxe, jo zazue barkamendurik gabe eta igor zazue lehen-bai-lehen hiltzerat».

        Hitz hoik aditzearekin, Matalasek zimeltzerat egin zuen lehenik. Bainan laster nausitu zen zaineri eta soa piztu zitzaion sekulan ez bezala.

        Eta huna non Calvok gomitatzen duen mintzatzerat:

        —Balinbaduzu zerbait erraiteko, orai duzu ordua. Sarri berantegi lizateke!

        Giza-gaizoak ez zioten hitz-aldi luzea egin:

        —«Jaunak, garraitu nuzue; eta ene solas ederrenek ez nute zuen aztaparretarik salbatuko. Eneak egin du.Jainkoaren aintzinerat agertu beharra niz egungo iguzkia sartu gabe. Ez niz hiltzerakoan gezur erraiten hasiko.

        »Bai hala da: jazarri nitzaio Luis erregeari. Erranen dautzuet, hasteko, Frantziak Eskualduneri eman daukun uztarria ez dutala behin ere hanbat onartu. Auzoen lurretan nausi paratzea ez zait eder. Harma eskuan bertzen ontasunez jabetzea nik segurik ohointza deitzen dut. Badakit, jaunak, aspaldiko ohointza dela; bi mende huntan ohoinaren meneko dira Xuberotarrak, eta gehienak ez dira oroitzen ere gertatu zaioten bidegabeaz. Etsaiak emeki-emeki bildu ditu eta lokar-arazi; ni bezalako zahar batzuez kanpo nehork ez ditu aipatzen ere, Eskual-herria bere legekin bizi zen mende ederrak.Bai, Eskualdunak jarri dira arrotzen legeri,e ta Frantziako erregeak ez balu halako diru gose izigarria erakutsi, uste dut eskualde huntan ez zela ikusi denik ikusiko. Bainan soberakina sobera da.

        »Luis erregeak bazituen Iruritan jauregi bat eta lur eremu pollit bat. Nola ukanak? Ez niz hortan sartzen.Esku tzarretan emanik galdu dituela eta orai, berriz kobratzeko, 150000 libera behar dituela, zertako behar diozkagu, guk, Xiberotarrek, diru horiek oro eman? Frantziaren jabeak zertako nahi luke eskualde ttipi hau bipildu? Zer gira bada harentzat ala nunbaiko jende gaixo batzu, larrutzen ahal dituen arrotz trixte batzu? Arrotz balinbagira, Frantziako erregearentzat, ez gira batere frantsesak, eta gure gain jartzea hobe dugu! Horra zer pentsatu duten Xuberotar hainitzek; buruzagi hautatu nute; eta elgarrekin jazarri gira:gure lurra gure!

        »Jaunak, nik gudua bururatua dut, hemen nizenaz geroz. Bainan eskerrak zor diozkatet ene laguneri. Lehoinaren pare ari izan dira. Zuen soldadoak guduan irakasiak ziren; eneak batere ez. Zuenak gehiago ziren; eneak gehiago baziren. Gogoan bazuten, eta badute sort-herriaren salbatzeko xede handi bezain saindua. Xede horrek eman diozkate indarrak. Undurañeko eiheran setiatu baininduzuen, heiek libratu; eta gutik egin du Gotañeko jauregitik ere ez bainute atera. Jarraik bitez bideari, heriotzaren beldurrik gabe. Hobe dute hiltzea ni bezala, etsaien peko izaitea baino.

        »Egia erran, ez dakit azken oreneko lanbroek iluntzen dautaten gogoa; bainan etorkizuna biziki itsusia agertzen zait... Beharbada auzo-erresumek menduko dute bortxaz gure Eskual-herri xume maitea. Bainan kasu, miru tzarrak! Zuek xitoak bezala, arranoek sarraskituko zituztete! Populu basa batzuek jauzi eginen dautzuete gainerat, zuek guri bezala. Nork bere aldi, horra munduko legea. Jainkoaz otoi, Eskual herriari utz-ozue edo emozue bakea, ez baduzue erain nahi zuen ondokoentzat gerlaren hazi pozoindatua.

        »Gauden hortan! Eta orai goazen hiltzerat. Girixtiño gisa barkatzen dautzuet ene heriotzea, bainan ez dautzuet barkamendurik galdatzen. Gaikizaren kontra jazarri niz. Berriz haste balitz, bardin jazar nindaiteke. Gora Xubero! GHOra Eskual-herria!».

        Goienetxe apeza ixildu zen. Hastean erran baitzuen solas ederrenek ez zutela salbatuko, hola-hola gertatu zitzaion. Hiltzerat kondenatu zuten: 1661-eko hazilaren 8-an moztu zioten burua eta alderdiak zehakatu...

        Auhen handi bat hedatu zen Ziberotik Eskual-herri guzietarat. Auhen hori ez zen bakarrik bihotzminaren oihua. Bazaukan eskualdun egoiteko xede zin bat, nahikari abre bat...

        Gure herri bazterretako oiharzunek jadanik eta betikotz galdua ote daukute auhen hori? Otoi, otoi, pizt dakigula orotan Matalas handiaren oroitzapena!

        Harek Eskual-Herria sobera maite zuela bazaitzue, guk ez dugula aski maitatzen, ez zaitzueia iduri?

 

aurrekoa hurrengoa