www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Murtuts eta bertze
Piarres Lafitte
1945

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Adame. Murtuts eta Bertze..., J.B. Elissamburu, Piarres Lafitte. Elkar, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

EGIA ETA GEZURRA

 

        Askotan bezala, bazen behin emazte bat, gazterik ezkondu zena, handik laster alargundu, eta berriz ere ezkondu: tutak egin ziozkatenetz, ixtoriak ez du aipu.

        Dena dela, Joanes bere senar berria lanean zuen batez, gizon bat jin zitzaion etxe-bazterrerat. Galdegin zion nundik heldu zen, eta ihardetsi zion: «Bertze mundutik!».

        —Ah! orduan ba ahal dakizu gure Piarres zena zer bilakatu den?

        Harek baietz: Piarres biziki ontsa zela osagarriz, bainan horra... zapata eta arropa miseria gorrian zela, eta bertzalde pipa baten gizentzeko tabakorik ere ezin eros, denbora pasa...

        Arrunt penatua zen gaixo emaztekia, eta berehala erran zion arrotzari:

        —Nahi ziniozkeia ene partez ekarri zonbait sos eta arropa?

        —Baietz segurki! Eta horra nun lauetakoa egiten dion puskak bil-artean: xingar eta arroltze, ardi-gasna gorritu arno on, kafe eta ondoko.

        Gizona, ahamenik galdu gabe, ez zen atertzen xehetasun emaitetik: hain segur zeruko berriak oro bazakizkeen tiletez-tilet.

        Azkenean partitzeko tenorea jin baitzen, emazteak eman ziozkan, ontsa antolaturik bi alportxetan, ereman beharrak oro.

        Eta gizona joan zen alegerarik, alportxak lepotik eta sosak sakelan. Keretatik azken agur bat, ahal zitakeen graziosena, eta hortan itzali zen...

 

* * *

 

        Senarra lanetik itzuli zenean, andreak erran zion:

        —Joanes, ez dakizu? Piarres zenaren berriak badira. Norbait izan zait oixtion haren berriekin!

        —Gaixo inuxenta, zu! Nork trufatu zaitu berriz ere?

        —Ez dakit! Ez zuen bada gezurtia iduri!

        —Eta zer eman diozu?

        —Alportxa pare bat puska!

        —Alportxak? Preseski bidean kurutzatu dut alportxadun bat... Ikusiko dugu ea bizkar-hezurra ene makila bezain azkarra duen! Madarikatua!

        Zaldia hartzen du, eta joan ahala joan badoa jin bidetik, makila ukaretik dilindan.

        Emaztea kadira apal batean jarri zen, nigarrez eta ahalgez urtua! Bai orai aitor zuen ahulegi izan zela sobera fite onartu zituela ohoinaren erranak! Egia erran, ez zena hain polliki mintzatu ohoina? Nori fida engoitik? Oraino, beharrik ez baitziozkan alportxak baizik aipatu senarrari. Zer behar zuen erran, sosa eta lauetakoa aipatu baliozka?

 

* * *

 

        Anartean, zaldia haizearen pare badoa, eta han urrun gizona bide-bazterrean jarria da, alportxak ondo-ondoan.

        Zaldiaren arrabotsa entzutearekin, alportxak brau!

        Aurdikitzen ditu sasirat, eta hor berean gelditzen du bideari beha, eskuak belaunari.

        Zalduna heldu zaio eta galdegiten dio:

        —Barkatu, jauna! Ikusi duzuia gizon bat hemendik pasatzen, alportxak lepotik?

        —Ba, jauna, ba: hortxeko oihan hortan orai-orai sartua da, iduri norbaiten ihesi...

        —Nahi dautazu, fagorez, zaldi hau atxiki ixtant bat, nik frikun hori atxeman artean.

        —Gogotik.

        Eta horra Joanes oihan-pean sartua, berroz-berro, otarrez-otar, ohoinaren ondotik joaki, makila airean, errabia bihotzean, sudurra xixtuz, emaztearen kontra zer nahi erranka... zaldia, hantxet, aintzineko on baten gomendio utzirik.

        Bainan aintzineko on horrek ez du denborarik galtzen: alportxak biltzen ditu, zaldiaren gainerat jauzi egiten du, eta frixt, horra nun joan den ximixta bezala deus oroitzapenik utzi gabe!

 

* * *

 

        Bila eta bila ari-izanik, Joanes ateratzen da azkenean oihanetik.

        —Jesus! Nun dut ene zaldia?

        Ez zen gehiago ez zaldirik, ez gizonik, ez alportxarik.

        Joanesen hasarrea!

        Itzuli zen etxerat, eta gosturik handienean erran zion emazteari, alegia deus-ez:

        —Orizu, ez baita egia bezalakorik, bertze mundutik heldu zen, gero, zure delako gizon hura! Elgarrekin mintzatu gira, gizonez-gizon, eta ene zaldia eman diot, zure alportxak ahal bezain fite ekar dietzon Piarres gaixo zenari!

        Eta emazteak ihardetsi zion:

        —Hobe segurki! oixtion aipatu ez dauzkitzutan sosño zonbait ere hola fiteago izanen ditu!

        —Zer! dirua ere eman baitiozu?

        —Bai, tabako-saria: berrehun bat libera doi-doia!

        —Doi-doia! Aise ari zira zu! Brien ariña, karako!

        —Ez zitela hola kexa, gizona: zaldia igortzeraz geroz, ez ginuen pegesa batekin igortzen ahal!

        —Bon! Bon! Bainan jakizu hemendik goiti ez dutala berriz ikusi nahi etxe huntan bertze munduko nehor! behin onegi izatea, paso; bigarren aldian astoak gintazke.

        Andre gaixoak ez zuen deusik konprenitu; bainan ontsa bizi izan baziren, ontsa hil ziren. Hortan fini da ixtorioa!

 

aurrekoa hurrengoa