www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Murtuts eta bertze
Piarres Lafitte
1945

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Adame. Murtuts eta Bertze..., J.B. Elissamburu, Piarres Lafitte. Elkar, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

ETXEKO BORTA

 

        Ixtorio hau bertze orduz, Biarnon gertatu omen da. Izenak eta oro emaiten dauzkutenaz geroz, zertako behar ginuke den gutieneko duda ere begiratu?

        Beraz Jakulet, Asat-ondoetako laborari batek bere ama-ginarreba, Marianne gaixoa, biziki eria zuen eta ohatua. Zonbait egun hartan beti mehatzen ari zen emazteki tristea, eta indarrak ere bazoazkion. Ikaran zagon ez ote zuenetz fin-gaixto eginen, suhiak mirikua ekar-arazi gabe.

        Bainan, adixkidek erranik, azkenean deliberatu zen gure gizona auzoko miriku baten ekar-arazterat.

        Jaun dotorra tiroa bezain fite heldu da etxerat. Eriaren mihiari behako bat, foltsuak mia, beharria bizkarrari kontra eman, betespal eroria begiaren ikusteko altxa, zonbait xehetasun galda, eta horra nun bet-betan erraiten dion Jakuleti:

        —Otoi, Jakulet, emadazu berehala paper xuri bat, ordonantza egin dezadan!

        —Paper xuri bat? Hau ixtorioa! Zer uste duzu, Jaun mirikua! Gure etxean paper xuria atxikitzen digula? Ai, ei, ama! auzotegi huntan guzian ere ez duzu eta paper xuririk atxemanen! Laborariak gira gu hemen gaindi, eta ez notariak!

        —Biban de biban! hasten zaio sakreka miriku gaizoa. Oraino goait egoiten ahal bagine! Jakizu kasu presatua dela gero, gure eri hune kasua.

        —Ez zitela hora samur, jaun mirikua. Zaude! Huna zer eginen dugun. Ikusten duzu etxeko borta handi hori? Hartan izkiriatuko duzu ikaz beltzez!

        Nahiala ez ditakenean egin, egiten da ahal-ara.

        Beraz Jakuletek erran bezala egin zuten.

        Bainan nola ekar Pauerat ordonantza alimale hura? Bizpahiru kintal pisu zituzken...

        Auzoak bildu ziren elgarretarat, eta asko eleren buruan, deliberatu zuten azkenean beharko zutela borta-kankail hura orgetan kargatu.

        Ez zen lan ttipia: zer nahi gostarik, hupatu zuten, palanka, sokak eta oro baliatuz. Oren erdi bederen eman zuten, eta huna non Maturin xaharrak, bi besoak airean, oihu egiten baitiote bere boz erlastuaz:

        —Debruen semeak! zeri ari-izan gira? Ez duzue ikusten ordonantza, bisaia zeruari dagola? Sekulan uria has baladi, zer irakurriko du botikarioak?

        —Egia zuk, ihardetsi zion serios-seriosa Jakuletek...

        —Beraz itzul dezagun gure borta, erran zuen Bernat maltzurrak: horrela ez duke gure ordonantza balios hunek bustitzeko perilik!

        Hala egin zuten.

        Azkenean idiak uztarturik joan zen joan Jakulet gaizoa erregebidez erremedioketa bere abere maltsoen urratsean.

        Pauerat-eta, lanak izan ziren borta horren itzultzeko eta botikarioak ahal zuen bezala irakurtu zuen ordonantza.

        Gero jaun hunek Jakuleti bere botigako flaskorik ttipiena eman baitzion, ikustekoa zen Jakulet, zehe bat aho idekiz, tontoarena egiten zuela:

        —Balio zuen segurki hain mustra ederreko ordonantzaren muntatzea, sendagailu ñimiño hunen ukaiteko.

        Orgetan ezarri zuen dena ere, eta erreposki abiatu zen etxeari buruz, idien tankari jarraikiz. Sei orenen buruan, etxeko keretari hurbiltzearekin, auzoak jin zitzaizkon biderat begitarte triste batzuekin:

        —Gaixo Jakulet! Berantegi heldu zira; Marianne gaixoa Jainkoa baitan pausatu da!

        —Alo! Aldi huntan bederen ez dut galdu ene Pauerako bidaia!

        —Zer mintzo zira, gizona?

        —Ah! gaixoak! Ez dakit haren hiltzen ikusteak ez ninduenetz nihaur hil-hotza aurdikiko!

        Harritu ziren auzoak. Ez ziren orainokoan ohartu Jakulet hainbertzetaraino atxikia zaitziola bere ama-ginarreba zenari!

        Ontsa bizi izan baziren, ontsa hil ziren. Hortan, fini da ixtorioa.

 

aurrekoa hurrengoa