www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Murtuts eta bertze
Piarres Lafitte
1945

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Adame. Murtuts eta Bertze..., J.B. Elissamburu, Piarres Lafitte. Elkar, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

DENDARIAK

 

        Gaztain-ondo zabal baten itzalpe goxoan, dendari gazte moltxo bat baziren, dar-dar-dar, langile bezain kalakariak segurik.

        Arratsaldea hauta zuten: iguzkia kuku-mikuka ari hedoien artetik; haize hotxkara eztiño bat itsas-aldetik heldu, eskuen eta mihien akulatzaile.

        Bazen ele. Bazen irri.

        Errege-bidetik iragaile guziak nola ez zituzten jorratzen? Hau sakatrapua bezala jauntzia zela; harek antzara mainguaren urratsa zuela; bertze horrek gazteriarekin sekulako auzia izanki, galarrotsen ondotik; holakoak holako nahaskeria egin, eta hau eta hura...

        Orratzetik hari, aixtur-ukaldi zonbait ere emanik protsimo-lagunari, huntarat erori zitzaioten solasa: ea guziek beharko zuten bada goiz edo berant ezkondu...

        —Badea nehor hemen, mutzurdin egon nahi lukeenik? zuen galdegin irri maltzur batekin Intxauspeko alaba gehienak.

        —Mutzurdin?

        Karkailaz hasi zitzaizkon lagunak.

        —Ai, ei, ai! Mutzurdin? Ez nik segurik. Ez nun ikusiko ez ni, xapel urdin ttipitto bat buruan, dena otoitz eta arrosario, arrunt xoxotua, Me Marie bezalakatua! Gaixo sintsa! Barda ere gatuekin ari zen katitximan.

        Horrela mintzatu zena zen Oihanburuko Matilda. Katalinek aldiz erran zion:

        —Ez, ez, Jana-Mari, ezkondu nahi gitun, ezkondu. Hik Beñado bezala, mutiko gisako bat atzemaiten badinat nik ere, zer ezteiak! Oraitik gomit zirezte oro!

        —Milesker, ihardetsi zion etxekandereak. Bainan oro ezkont-nahiak zireztenaz geroz, nun kausi senargeiak?

        —Diren tokian, gaixoa!

        —Egia hori! Bainan, haurkeriak utzirik, erradazue zonbat neskatoko zirezten herrian? Hasteko, kongregazionean zonbat?

        —Andra-dena Mariaz, hogoi-ta-hamabortz mantalin xuri baziren. Zonbait beharbada eroriko: zer nahuzu? Apezekilako betiko tehenta... Dantza ez haizu, eta pestetan nahi ala ez...

        —Xo! ez dun gure egitekoa hori. Beraz hogoi-ta-hamabortz orotarat. Kongregazionekoez bertzalde baditun zonbait oraino: Burguko bi ahizpak. Etxegoineko Graxi, gero Madalen, gero Mariaño...

        —Dolores.

        —Eta François Dumay!

        —Alta Melani, jandarmek ez ahantzia, ez dugu guk ere ahantzi behar.

        —Paulina ere hor dun bai!

        —Hots! berrogoi-ta-lau segurik bazirezte, neskatokoak. Eta zonbat uste dun mutiko badela, Kattalin? Igandean atera dinat kondua: jauregiko mutilak barne, hogoi-ta-bereratzi ditun guziak!

        —Zer! hamabortzek beharko dutela beraz ezkondu gabe egon?

        —Ez dakit bada! Auzo herrietan mentura zerbait balitz oraino! Bainan ez. Orotan gizon eskasia, eta gu, emaztekiak, sobera bezala, orotan!

        —Ho!

        Gaitzituarena egin zuten guziek, etxekandereak hitz horiek erraitearekin. Alegia irriz ere hasi ziren.

        Bainan parra eta josteta horien gatik, lano bat jautsi zitzaioten begietarat nola bihotzetarat. Bet-betan ez ote zitzaizkoten histu zonbaiti, geroko egin zituzten amets ederrak? Ametsetarik musu emaiterat zoazkoten haur pollitak histu eta itzali, hoik ere.

        Ixilik zauden. Gogoeta zauden guziak, erdi etsiturik. Matilda ere buruari hazka, Mlle Marie-ren xapelurdina ileetan senti balu bezala. Nehork haatik deus ez aitortzen.

        Anartean aintzina ari ziren jos eta jos eta jos. Memento batez ez zen mekanikaren arrabotsaz bertzerik adituko. Eta horra nin hixtu legun hurrisko bat altxatzen den, bihotz guziak hartzen eta betetzen bezala dituelarik, xaramelan.

        —Mayi, zer dun aire hori?

        —Umexurtxaren kantua.

        —Ea hitzak kantazkin!

        Boz ezti batez Mayi hasi zen berehala:

 

                Goizik egin daut zori-gaixtoak

                bihotzean zarrapoa,

                Zazpi urtetan betikotz joan zait

                nigarrik gabeko loa.

                Beti eskas dut oherakoan

                amaren musu beroa.

                O zoin beltza den ama iresten

                daukun hil-herri ziloa!

 

                Zonbait egunen buruan aitak

                umexurtx ninduen utzi:

                Eritasunak uste gabean

                hobirat zuen iraitzi.

                Geroztik, Jainko Jaunari esker,

                Komentu huntan naiz bizi

                Serorek beren alaba gisa

                nute orai arte hazi.

 

                Ama samur bat izan zait beti

                hemen edozoin serora,

                Nahiz ez naizen zorigaitzeko

                umexurtz gaixo bakarra.

                Ni bezalako berrogoi nexka

                elgarrekilan bagira,

                Gure berrogoi amak zerutik

                ama-serorei begira!

 

                Ondikotz, ama berri hauk ere

                bertzen ganat zaizku joaiten.

                Eta nehor heien ordaintzerat

                etxe huntarat ez jiten.

                Ondar neguan zortzi hilentzat

                Bi gazte baizik ez aurten.

                Umexurtxak, bai, berriz umexurtx!

                Asma zer pena ez duten!

 

        Kantu horrek dituen hameka koblak eman artean, asko matel-hezur gorritu ziren eta asko begi argitu.

        Bihotzetan zer gertatu zen? Nik ez dakit. Beti Matildak ez dun egungo egunean Mlle Marie-ren xapel urdinaren beldurrik. Angelun serora sartu omen da udaberrian.

        Aditzea badut kattalin ere holako zerbait egitekotan dela.

        Alo! Jainko maiteak eman dezotela heieri eta holakoeri bertzen haurren ama bilakatzeko bihotz zabal amultsua!

 

aurrekoa hurrengoa