www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Murtuts eta bertze
Piarres Lafitte
1945

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Adame. Murtuts eta Bertze..., J.B. Elissamburu, Piarres Lafitte. Elkar, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

KONKORRA

 

        Gure jaun mera bi plegu egina, arrunt konkortua dugu, (erran zion Kattalinek andere-serorari). Bai, etxetik ateratzen ikusi dut egun goizean makil bati bermatuz...

        —Jesus! Hau da berria! Atzo akulua bezain xut pasatu baita karrikan, zer gertatu zaio bada?

        —Airea sartu menturaz! Sasoin nahasi hauiekin zer nahi biltzen da!

        —Zuk errazu!

        Pentsa, berriak ez zuenetz kurritu herri guzian.

        Jaun mera bera harritua zagon, arrazoinekin: bezperan biziki ontsa afaldurik, loa ere ona izan zuen; gogoa arin, alegerarik jeiki zen, nehun deusik senditu gabe, ez errainetan, ez junturetan; eta horra nun bet-betan, beztitzean, krak! konkortua gelditzen den!

        Xutitzerat behin entsea, berriz entsea... eta ezin!

        Nor harritu, hura harritu...

        Bitxikeria, ez zagon orainokoan ere nehundik minez: bakarrik ezin erranezko ez-ontsa batek hartua zaukan, sahets-hezurrak guti edo aski hertsatzen ziozkala!

        Pentsa nola gogoetatua zitakeen!

        Ez zela hola egoiten ahal, hobe zuela zer gerta ere mirikuaren ganat joaitea, joan zen bada herrestan jaun auzapez dohakabea, bazter guziak harrituak zauzkala!

 

* * *

 

        Agur eta agur!

        —Horra jaun mirikua, arras kaliherratua naiz, egun goizetik hunat; nehundik ez dut bizkarra xuxen atxikitzen ahal!

        —Ah! ea mihia? Mihia biziki garbia duzu. Badakizu, zonbait aldiz estomakak ere egiten du. Odola loditzen delarik, gerruntzeak gaixtatzen dira, eta hortik gerta ditake, minez eta dolorez konkortzea...

        —Konprenitzen dut ba, jaun mirikua: bainan aitortu behar dautzut ez dutala ez minik ez dolorerik...

        —Alo! zertaz pleini zira bada?

        —Halako hezur-debeku bat badutalakotz, poxolu bat bezala, parasol gider baten pare ahoz beheiti bainauka!

        —Ea, jaun mera, erradazu egia: ez zira nunbait erori? Behaztopaturik, edo lerraturik, edo nik dakita?

        —Ez, jauna, ez!

        —Lehenago ere ez?

        —Ttipian ba, behin baino gehiagotan: bizikletan ikasten nuelarik, badut itzulipurdi ederrik eginik!

        —Bizkar-hezurretan ez duzu orduan deusik senditu?

        —Ez naiz batere oroit?

        —Alo! Alo! Hori aipatzen nautzun, zeren eta gerta baititake lehenagoko zauri batek bere gerokoa izaitea! Ene aita zenak beti erraiten zion Etxebesteko Piarresi, pippatzeak hilen zuela; Piarresek ezetz: eta badakizu zer gertatu den? Joan den astean hil zait eskuen artean lauetan hogoi eta hemezortzi urtetan. Horri gazte danikako eritasun baten ondorioa!

        —Ba, jauna, konprenitzen dut; bainan ez dut nik behin ere pipatu!

        —Hobe duzu! Bainan zaude... gure liburuek erakusten daukute ttipitik baino urrunago danik heldu direla askotan gure ezinbertzeak.

        —Bekatu orisinaletik?

        —Ba, ba, segurki; bainan hain arrun ibili gabe, ez ote duzu izan zure familian konkorrik edo erromatismadunik?

        —Zaude... Aitaren aldetik, ez dut uste: pilotari famatua izan da bere denboran... Alta ama ere, zaharrek ziotenaz, kurritzale lehena...

        —Aitaso? Amaso?

        —Ez dut egundaino aditu ni orai bezala izan direla. Urteko ilobaño bat badut haatik, paralysie infantile delakoarekin. Ez ahal daut harek kutsua eman?

        —Ez dut uste, jaun mera! Orizu, asmuka eta amen-omenka artzeko orde, hobe dugu naski min horren ikustea eta haztatzea... Beharbada berak erranen dauku nundik heldu den eta nola senda ditakeen. Ea, erauz-azu paltoa lehenik. Ez dautzut minik egiten?

        —Ez, ez, batere!

        —Debrien bisaia! Hau pollita dugu?

        —Zer duzu bada, jaun mirikua?

        —Hi, hi, hi! ha, ha!... galtz-aintzineko botoina barneko-motxeko botoin-xiloan emana duzu eta! Damurik, hola konkortua baitzira!...

 

* * *

 

        Botoina bere xiloan ezarri zuten, eta jaun mera sendoturik ateratu zen mirikuaren etxetik.

        Jende guzia miretsia zagon, eta jaun merak erraiten zioten orori: «Gaitzeko gizon habila dugu herriko mirikua; mina berehala kausitu daut eta berehala sendatu!».

        Ordutik konfientzia handia izan zuten denek miriku horren baitan.

 

aurrekoa hurrengoa