www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Murtuts eta bertze
Piarres Lafitte
1945

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Adame. Murtuts eta Bertze..., J.B. Elissamburu, Piarres Lafitte. Elkar, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZKILAREN ERRANA

 

        Bertze orduz neskatxa prestu bat joan zen jaun zuhur baten gana kontseilu galdez:

        —Jauna, ezkontzeko parada badut, bainan ez dakit ontsa zer egin, ala naizen ezkonduko, ala ez?

        Jaunak erraiten dio:

        —Ezkontz zitazke!

        Neskatxak:

        —Baina, Jauna, ezkontzen baniz, ikusten dut gatibotasun eta pena handienen erdian sartzera noala. Senar duenak jaun badu eta bertzen meneko izaitea ontsa izanaren biharamuna omen da.

        Jaunak:

        —Oh! orduan, ez ezkont!

        —Bainan hola gelditzen baniz, bakar-bakarra, umezurtz bat bezala nitake, nehoren laguntza mikorik gabe, xori arlotua bezain trixte.

        —Hobe duzu beraz ezkontzea...

        —Ba segur; bainan lagun ona ez bazait gertatzen, zer bizi ikaragarria! Urka-bilurra izanen dut lepotik, eta Jainkoak daki zonbat urtez!

        —Eta, ez ezkont!

        Neskatxak:

        —Ha, Jauna! Hauxe da perdunantza! Ezkontzeak bere irriskuak, ez ezkontzeak bere tristeziak, ez dakit bada zer egin!

        Jaunak:

        —Ori, huna ene azken kontseilua. Zoazi elizara, jo zazu ezkila, bizpahiru danga; harek erranen dautzu menturaz zer egin behar duzun.

        Neskatxa joan zen elizara ahalik-eta lasterrena.

        Harat orduko tiratzen du zeinu-korda. Meza aintzineko ezkila ttipia zen:

        —Tilintin, tilintin, tilintin!

        Berehala konprenitzen du erraiten diola:

        —Balentin, Balentin, Balentin!

        Badoa beraz jaun zuhur haren gana eta erraiten dio:

        —Jauna ezkila aditu dut, eta erran daut garbiki Balentinekin ezkontzeko.

        Jaunak:

        —Beraz ezkont zaite!

        Balentinekin ezkondu zen...

        Handik denbora labur baten buruan, huna emazte hori jaun zuhurraren etxean berriz ere kontseilu beharrez:

        —Jauna, kontseilu gaixtoa eman dautazu, ezkontz nadin; senarra usu horditzen zait eta lihoa bezala jotzen nu!

        Jaunak:

        —Ez dautzut nik erran ezkontzeko; zuhaurek zinion ezkilak erran zautzula baietz: nik ezkilaren ganat igorri zintudan; menturaz ezkila gaizki konprenitu zinukeen!

        Emaztea badoa berriz ere elizara. Ezkila lehen bezala jo gogo du, ikusteko nola konprenituko duen oraikoan.

        Zeinu-korda tiratzen du:

        —Tilintin, tilintin, tilintin!

        Eta huna nun konprenitzen duen berehala:

        —Mutxurdin, mutxurdin, mutxurdin!

        Itzultzen da lasterka jaun zuhurraren ganat, nigarra begian!

        —Ah! Jauna, biziki gaizki aditu nuen lehen aldian; ezkilak erraiten zuen: «mutxurdin, mutxurdin, mutxurdin!». Ez nintzen ezkondu behar!

        Jaunak azken hitza erran zion:

        —Haur gaixoa, orai ez duzu ordu; eta zure gaitzak ez du erremediorik pazientzia baizik. Har-azu pazientzia! Eta hemendik goiti gauzak beti gogo-alde konprenitu orde, har-aitzu diren bezala. Ezkilek eta kontseilariek ez dautzute sekulan erranen ez Balentin, ez Mutxurdin, baina tilintin!

 

aurrekoa hurrengoa