www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Murtuts eta bertze
Piarres Lafitte
1945

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Adame. Murtuts eta Bertze..., J.B. Elissamburu, Piarres Lafitte. Elkar, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

LARGO

 

        «Largo» erraiten zioten Garaibordako Isteberi. Hirian egonik guti edo aski, bere buruaz frango hartua zen. Haren gostuko ez zen ingurumenetan gizonik, bera bezain ederrik eta zentzudunik. Kopeta gora bazabilan, haro handi batekin, bazter guziak iretsi nahi izan balitu bezala.

        Denek egiten zioten irri, bainan gaizoak uste zuen denak hartaz agradatuak zirela, guziz herriko neskatxa eta andereñoak.

        Egun batez Peru, zubi ondoko mahaxturi gaztea heldu zaio, iluntxean:

        —Agur, adixkidea!

        —Adio, Peru! Zer da berri?

        —Huna! Nola erranen dut? Mezulari helduz niz... Hots, norbaitek aipatu dauzkit niri, baizik-eta zure ezagutzak egin nahi lituzkeela!

        —Ha! Zer kariaz? Tratuz ala...

        —Ez, ezkontzaz!

        —Ezkontzaz? Badea posible? Eta nor duzu xoria?

        —Huna zer den funtsa: eguberriz Jauregiko nausiak ez dira etxen izanen. Haurren ganat ba omen doatzi pestaegun horren pasatzerat. Gau hartan, Jauregiko bi neskatoek gurekin egin lezakete gogotik krakadaño bat, zuk nahi bazinu segurik; eta jan-edan artean solasta gintezke Janeta eta Mariunekin ea zerbait antolamendu egin ditaken ala ez...

        —Ba, bainan zoinek igortzen daut mezua?

        —Biek.

        —Zaude ixilik.

        —Hala baita ordean! Biak zure gomendio daude, zuhauk hautatuko duzula zure esposgeia.

        —Ah! Eta zuk?

        —Bo, eni berdin zait edozoin: utziko duzuna hautatuko dut, nahi banu segurik...

        —Bueno! Ez da berri txarra! Eta krakada hori nola behar dugu muntatu?

        —Zuk bixkotxak ekaitzu, nik arnoak ekarriko ditut. Hamar orenetan hurbil zaite aterat... hiru ukaldi emaitzu eta segidan egitzu hiru huxtu... Idekiko dautzut eta denak biziki ontsan joanen dira!

        —Ederki, adixkidea! Beraz ondoko egunak arte...

        —Ez adiorik.

        Eguberri jin zen, bertze egunak oro jiten diren bezala. Largo gaizoa ez zagoken bere baitan. Pentsa! Bi izar betan, haren grazien gaoait! Lore baten orde, biga!

        —Ez da haratik ez hunatik; Jainko maiteak maite nu.

        Eta gure gizona, pollit baino pollitago agertu nahiz mustatxak ur-azukretan bustitu zituen, xut egon ziten floka berri bat erosi, soinekoak oro usain onez bete, uliak ere ondotik joanen baitzaizkion, ez balitz negua izan.

        Hots, Largo hamar orenak jo aintzin, han zen, Jauregiko atean, bixkotx zamaño bat eskutik dilindan.

        Hiru ukaldi eman zituen eta hiru huxtu ere egin.

        Berehala ideki zion Peru delako harek eta sukaldean sartu zen.

        Agur eta agur, denborarik galdu gabe basoak ezarri dituzte mahainean, botoilak ere, eta Largoren bixkotx ederrak, urre-kolore, bafada gozo bat dariotela...

        Hura non bet-betean Peru xutitzen den, harritua bere kaderatik.

        —Jesus! norbait badugu bortan!

        Badoa zangoen punttan, eta berehala itzultzen da begitarte desegin batekin. Ahapetik erraiten die:

        —Xahu gira! Nausiak! Goazen hemendik!

        Leihoa zabaltzen du eta Largori keinu egiten diolarik:

        —Pasa zite lehenik!

        Largok jauzi egiten du eta ximixta bezala ihesari emaiten...

        Hortan Peruk leihoa hesten du berriz ere, karkailaka irriz, eta hiruek egin omen zuten Largoren gostuz krakada bat ederra.

        Ontsa bizi izan baziren, ontsa hil ziren. Hortan fini da ixtorioa.

 

aurrekoa hurrengoa