www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristino legea laburzki
Laurent Diharasarri
1892

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Giristino legea laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre Baithan, 1892.

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIRUGARREN PHARTEA

 

Giristino batek galdetu
eta errezebitu behar dituenak

 

 

GRAZIA

 

§ I. Zer den

 

        Gure indar xoilez hel gitazke zerura?

        Ez, grazia gabe, ez gitazke hel zerura.

 

        Zer da grazia?

        Grazia da: kreaturek beren indar xoilez ardiets ez dezaketen dohain bat, Jainkoak zerurat helarazteko emaiten daukuna.

 

        Zer da dohaina?

        Urririk emana den gauza.

 

        Urririk emaiten dauku beraz Jainkoak grazia?

        Lehenbiziko grazia, bai beti; bainan harrekin, bertzeak merezi ditazke.

 

        Zeri esker emaiten dauku Jainkoak grazia?

        Jesu-Kristoren odolari esker.

 

 

§ II. Bi grazia

 

        Zenbat grazia dire?

        Bia: bat, gu baitan egoiten dena; eta bertzea, egoiten ez dena.

 

        Nola deitzen dire bi grazia horiek?

        Lehena: saindutzen gaituen grazia; bigarrena, saindu izaiteko laguntzen gaituen grazia.

 

* * *

 

        Beraz gu baitan dagon graziak saindu egiten gaitu?

        Bai, gu baitan dagon graziak saindu egiten gaitu.

 

        Beraz, graziazko estatuan izaitea, eta saindu izaitea, horiek biak bat dire?

        Bai, graziazko estatuan izaitea eta saindu izaitea, horiek biak bat dire.

 

        Nola gaitu graziak saindu egiten?

        Gure ariman ezarriz, eta kasik xertatuz, bigarren bizi bat.

 

        Zer bizi?

        Jesusen beraren bizia.

 

        Beraz graziazko estatuan den giristinoa Jesusekin bat egina da?

        Bai, hala da; eta hala delakotz, Jainkoaren adixkide da.

 

        Eta hala delarik hiltzen bada, nora doha?

        Badoha adixkide duen Jainkoarengana, zerura.

 

        Graziazko estatuak, bertze zer on dakharke?

        Orduan eginikako obra on guziek beren saria izanen dutela zeruan.

 

        Zer! obra on guziak ez dire zeruan saristatuak?

        Ez, graziazko estatutik kanpo egin obra onak ez dire zeruan saristatuak.

 

        Osoki galduak othe dire bada obra on hek?

        Ez, balia ditazke graziazko estaturat heltzeko.

 

* * *

 

        Noiz emana izan zaiku lehen lehenik saindu egiten duen grazia?

        Emana izan zaiku bathaioan.

 

        Zerk khentzen dauku grazia hori?

        Khentzen dauku bekhatu mortalak.

 

* * *

 

        Bertze grazia, gu baitan egoiten ez dena, Jainkoak zertako emaiten dauku?

        Emaiten dauku saindutasunaren ardiesteko, begiratzeko eta emendatzeko.

 

        Jainkoak noiz emaiten dauku grazia hori?

        Emaiten dauku behar edo on dugunean.

 

        Grazia hori da beraz, Jainkoak arimari saindu izaiteko emaiten dion laguntza bat?

        Bai, halaxet da: Jainkoak arimari saindu izaiteko emaiten dion laguntza bat.

 

        Eta grazia horrek nola laguntzen du arima?

        Emanez gaizkitik urruntzeko eta ongiaren egiteko gogoa eta indarra.

 

        Gauza beharra da beraz grazia hori?

        Bai, osoki beharra: grazia hori gabe, adimendua duenik ez ditake salba [Grazia hori gabe zerura badohatzi bathaiaturik hiltzen diren haur ttikiak].

 

* * *

 

        Grazia nola ardiesten da?

        Ardiesten da bereziki othoitzaz eta sakramenduetan.

 

 

OTHOITZA

 

§ I. Zer den

 

        Zer da othoitza?

        Othoitza da: Jainkoari bihotzetik mintzatzea.

 

        Zeren erraiteko?

        Adoratzeko eta laudatzeko, eskerren bihurtzeko, barkhamendu eskatzeko, eta bereziki haren laguntzaren galdetzeko.

 

        Othoitza xoilki bihotzez egiten da?

        Ez, egin ditake, edo xoilki bihotzez, edo bihotzez eta ahoz.

 

        Zer diozu xoilki ahoz egiten den othoitzaz?

        Diot hura ez dela othoitza; othoitzak bihotzetik behar du ethorri.

 

* * *

 

        Zoin da othoitzetan hoberena?

        Jesu-Kristok berak irakutsi othoitza: Gure Aita, eta harrekin, arrosorioa.

 

 

§ II. Zer galde ditaken othoitzean

 

        Zer galde ditake Jainkoari?

        Galde ditazke on diren gauzak guziak, nahiz arimakoak, nahiz gorphutzekoak.

 

        Gorphutzeko gauzak arimakoak bezala galdetzen dire?

        Ez, arimaren salbatzeko behar direnak galdetzen dire ausarki, hek beti on baitire.

 

        Eta gorphutzeko gauzak?

        Gorphutzeko gauzak galdetu behar dire, arimareni kaltetan izanen ez diren negurrian.

 

        Jainkoak beti entzuten ditu gure othoitzak?

        Salbatzeko behar diren gauzetan, bai beti, ongi eginak direlarik.

 

        Eta bertzetan?

        Bertzetan ere, othoitz ongi egina ez da sekulan galdua [Jainkoak ez dauku beharbada emanen galdetzen diogun hura, bainan bai bertze zerbeit hain onik edo hoberik].

 

 

§ III. Othoitza nola egin behar den

 

        Othoitza nola egin behar da?

        Othoitza egin behar da: zer hari den ohartuz, humiltasunekin eta fidantziarekin.

 

* * *

 

        Zergatik, zer hari den ohartuz?

        Burla bat bezala baita jaunen Jaunari ez-axolatuki, gogoa barraiaturik mintzatzea.

 

        Bekhatu da beraz othoitza gogoa barraiaturik egitea?

        Ohartuz eta nahitarat hala egiten ba da, bai; bertzenaz, ez.

 

        Zer egin behar da, gogoa barraiatua dela ohartzen denean?

        Gogoa bildu, eta othoitza aintzinat egin.

 

        Othoitza zergatik egin behar da humiltasunekin?

        Jainkoa zeru lurren Nausia delakotz, eta gu aldiz ez deus batzu, bekhatoros batzu.

 

        Zergatik fidantziarekin?

        Jainkoa gure Aita guziz ona delakotz.

 

* * *

 

        Othoitzaren behar den bezala egiteko, zer da hoberenik?

        Hasterakoan orhoitzea, Jainkoari mintzatzera dohala.

 

        Gure othoitzari nola emanen diogu indarrik handiena?

        Jesusen izenean, Jesusekin batasunean eginez.

 

        On da elgarrekin othoitz egitea?

        Bai arras on, nahiz elizan, nahiz etxetan.

 

        Zergatik?

        Jesusek errana baita: Bi edo hiru lagun bilduak direnean nere othoizteko, han naiz heiekin.

 

 

§ IV. Noiz, non, eta norentzat
egin behar den othoitz

 

        Othoitz ez egitea noiz da bekhatu?

        Hori erraitea, ez da errex; bainan gauza segura da, othoitzeko lazo dena laster bekhatuan eroriko dela.

 

        Noiz da bada on othoitz egitea?

        Giristino on izan nahi dutenek maiz eta ardura othoitz egiten dute.

 

        Zergatik?

        Zeren Jainkoari beti zor baitiogu amodioa eta ohorea, eta zeren beti Jainkoaren beharretan baigare.

 

        Giristino onek noiz bereziki egiten dute othoitz?

        Hasteko, tentazionetan, erran nahi da debruak gaizkirat ekharri nahi dituenean.

 

        Gero?

        Gero: goizetan, arratsetan, lanaren hastean, eta lanen artetik ere batzuetan.

 

* * *

 

        Non egin behar da othoitz?

        Othoitza non nahi on da; bainan elizan, bere etxean, du Jainkoak hobekienik entzuten.

 

* * *

 

        Norentzat behar dugu othoitz egin?

        Othoitz egin behar dugu geronentzat, eta bertzentzat, bai bizientzat, bai hilentzat.

 

        Gauza ona da bertzentzat othoitz egitea?

        Bai, arras ona, bereziki bekhatorosentzat eta purgatoriotako arimentzat.

 

 

§ V. Aingeruen eta sainduen othoiztea

 

        Jainkoaz bertzerik othoitz ditake?

        Bai, aingeruak, sainduak, eta guziz aingeruen eta sainduen erregina, Andredena Maria, othoiztea arras on da.

 

        Aingeruak eta sainduak Jainkoa bezala othoizten dire?

        Ez, Jainkoari erraiten zaio: eman diezaguzu holako grazia; aingerueri eta saindueri aldiz: ardiets diezaguzue grazia hura.

 

        Zergatik hori?

        Zeren Jainkoarenganik heldu baitire grazia guziak, ithurritik ura bezala.

 

        Zoin saindu eta aingeru behar dugu bereziki othoiztu?

        Guzien gainetik, Birjina Maria Saindua; gero San Josep, gure aingeru begiralea, eta patroin saindua.

 

 

SAKRAMENDUAK

 

        Zer da Sakramendua?

        Sakramendua da: ageri den seinale bat Jesu-Kristok hautatua, guri graziaren emaiteko.

 

        Zer da ageri den seinalea?

        Ageri den zerbeit, bertze zerbeit ageri ez denik ezagutarazten duena.

 

        Zer ezagutarazten du sakramenduetan ageri den seinaleak?

        Ezagutarazten du sakramendu bakotxak zer grazia berezi emaiten dion arimari.

 

        Zenbeit xehetasun emazkitzu, gauza horren argitan ezartzeko?

        Huna: bathaioan ageri den urak ezagutarazten du, sakramendu horrek arima garbitzen duela; halaber, gorphutz-sainduan ageri diren ogi eta arno itxurek ezagutarazten dute, sakramendu horrek arima hazten duela.

 

        Zenbat sakramendu dire?

        Badire zazpi: bathaioa, konfirmazionea, gorphutz-saindua, penitentzia, anontzioa, ordena, eta ezkontza.

 

        Nola berexten dire sakramenduak?

        Berexten dire bi multxutan: badire hilen sakramenduak, eta badire bizienak.

 

        Zoin dire hilen sakramenduak?

        Bathaioa eta penitentzia.

 

        Zergatik deitzen dire bathaioa eta penitentzia hilen sakramenduak?

        Eginak direlakotz bereziki, graziaren bizia emaiteko bizi hura ez duten arimeri.

 

        Zergatik diozu hortako eginak direla bereziki?

        Zeren sakramendu horiek errezebi baititazke graziazko estatuan delarik ere [Hala nola bekhatu mortalik izan gabe kofesatzen denean].

 

* * *

 

        Bertze bortz sakramenduak, zergatik deitzen dire bizien sakramenduak?

        Zeren, heien ongi errezebitzeko, arimak izan behar baitu bere egiazko bizia grazia.

 

        Bizien sakramenduek ez diote beraz arimari graziaren bizia emaiten?

        Ez, maizenik bederen; bainan bai jadanik duen bizia hazkartzen; eta bertzalde, sakramendu bakotxak bere grazia emaiten dio.

 

        Zergatik diozu: maizenik bederen?

        Zeren batzuetan bizien sakramenduek bekhatu mortala khentzen baitute arimatik.

 

        Noiz hori?

        Bekhatu mortalean delarik errezebitzen badire, ustez graziazko estatuan den.

 

* * *

 

        Sakramenduak ongi errezebitzen dituzten guziek bardin grazia izaiten dute?

        Ez, sakramendu bat hobekienik errezebitzen duenak, graziarik gehiena izaiten du.

 

* * *

 

        Sakramendu guziak behin baino gehiagotan errezebi ditazke?

        Ez, badire hiru, behin baizik errezebi ez ditazkenak: bathaioa, konfirmazionea eta ordena.

 

        Zergatik ez ditazke behin baizik errezebi?

        Zeren ezartzen baitute ariman marka bat ezin khendua.

 

        Zoin marka?

        Bathaioak, Jesusen haurraren marka; konfirmazioneak, Jesusen soldadoarena; ordenak, Jesusen ministroarena.

 

 

BATHAIOKO SAKRAMENDUA

 

        Zer da bathaioa?

        Bathaioa da: sakramendu bat, bekhatu orisinala khentzen duena, eta egiten Jainkoaren eta Elizaren ume.

 

        Zerekin bathaiatzen da?

        Egiazko urarekin.

 

        Bathaiatzeko zer egin behar da?

        Ura ixuri bathaiatu nahi denaren buruaren gainera, denbora berean erraiten delarik:

        Bathaiatzen haut Aitaren, eta Semearen, eta Izpiritu-Sainduaren izenean.

 

        Ura ixurtzen duenak berak behar ditu baitezpada hitzak erran?

        Bai, ura ixurtzen duenak berak behar ditu baitezpada hitzak erran.

 

        Nork bathaia dezake?

        Nor-nahik eman bathaioa beti ona da; bainan, behar orduz kanpo, ez zaio nornahiri bathaiatzea haizu.

 

        Behar orduz kanpo, non egin behar du bathaioak?

        Elizan, aphezaren eskutik.

 

* * *

 

        Bathaiatua izan gabe salba ditake?

        Ez, bathaiatua izan gabe ez ditake salba, bi kasuz kanpo.

 

        Zoin dire bi kasu hek?

        Lehena: Jesu-Kristorentzat bere odolaren emaitea; bigarrena: karitatezko akta bat bihotzetik egitea.

 

        Bainan, bigarren kasu hortan, behar da gero ahal denean bathaioa errezebitu?

        Bai, segurki: bertzenaz ez da salbamendurik.

 

* * *

 

        Zer dire aitabitxia eta amabitxia?

        Hek dire bathaiatua denarentzat arimako aita eta ama bezala.

 

        Zer egiten dute bathaioan?

        Haurra bathaio-harrian atxikitzen, eta haren orde debruari ukho egiten.

 

        Zer eginbide dute aitabitxi-amabitxiek?

        Burhasoen eskasean, behar diozkate bathaioan atxiki dituzteneri salbatzeko behar direnak irakatsi.

 

 

KONFIRMAZIONEKO SAKRAMENDUA

 

        Zer da konfirmazionea?

        Konfirmazionea da: sakramendu bat, Izpiritu-Saindua emaiten duena grazia frangorekin.

 

        Zer grazia berezi emaiten du konfirmazioneak?

        Erlisioneko egiak hazkarki sinhesteko, eta heien alde beldurrik gabe agertzeko grazia.

 

        Nork emaiten du konfirmazioneko sakramendua?

        Maizenik Jaun Aphezpikuak.

 

        Zergatik diozu: maizenik?

        Zeren aphez xoil batek eman baitezake, Aita Sainduaren baiarekin.

 

        Nola emaiten da konfirmazionea?

        Konfirmatzen denaren kopetan gurutzearen seinalea eginez, krisma sainduarekin, eta denbora berean hitz batzu erranez.

 

        Zer da krisma saindua?

        Olio usain oneko bat, aphezpikuak ortzegun sainduz kontsekratzen duena.

 

        Zoin hitz erraiten dire?

        Hitz hauk: Markatzen zaitut gurutzearen seinaleaz, eta hazkartzen Krisma salbagarriaz, Aitaren, eta Semearen, eta Izpiritu Sainduaren izenean.

 

        Zer diozu konfirmazionea, ahal dutelarik, errezebitzen ez dutenez?

        Diot: lazo batzu direla, beren arima hainitz graziaz gabetzen dutenak.

 

        Zer behar da konfirmazionearen ongi errezebitzeko?

        Bathaiatua delarik, erlisioneko egia beharrenak jakin.

 

 

GORPHUTZ-SAINDUA

 

        Zer da gorphutz-saindua?

        Jesu-Kristo oso osoa, ogiaren eta arnoaren itxuran.

 

* * *

 

        Zertarik egiten da gorphutz-saindua?

        Ogitik eta arnotik.

 

        Noiz eta nola?

        Meza sainduan, aphezak kontsekrazioneko hitzak erran dituen bezen laster.

 

        Zoin dire hitz hek?

        Aphezak ogiaren gainean erraiten du: hau da nere gorphutza; arnoaren gainean: hau da nere odola.

 

        Zer gertatzen da, aphezak hitz horiek erraitearekin?

        Ogi guzia bilhakatzen da Jesusen gorphutz, arno guzia Jesusen odol.

 

        Ez da bada ogitik eta arnotik deus gelditzen?

        Deus, itxura edo iduria baizik.

 

        Zer dire ogiaren eta arnoaren itxura eta iduria?

        Ogian eta arnoan ageri direnak, nola kolorea, usaina, gustua.

 

        Lehen ogi zena, nola deitzen da kontsekratu ondoan?

        Ostia saindua.

 

        Ostian bada batere ogirik?

        Ez, batere.

 

        Bizkitartean ogia iduri du, ogiaren itxura du?

        Iduri, bai; itxura, bai; bainan ez baita hala.

 

        Zer da bada?

        Jesus, ogiaren itxuran.

 

* * *

 

        Jesusen gorphutza da xoilki ogiaren itxuran, eta Jesusen odola arnoaren itxuran?

        Ez, Jesus oso osoa da, bai ogiaren, bai arnoaren itxuran.

 

        Nola hori?

        Jesus beti bizi baita, eta, jende bizian, ez baititake gorphutza ez odoletik ez arimatik berex.

 

        Jesusen Jainkotasuna ere gorphutz-sainduan da?

        Bai, segurki: ezen Jesusen gizontasuna ez da haren Jainkotasunetik berexten.

 

* * *

 

        Jesus Jaunak zerua uzten du, ostia sainduan aurkhitzeko?

        Ez, Jesus betan aurkhitzen da, bai zeruan, bai munduko ostia saindu guzietan.

 

* * *

 

        Gorphutz-saindua adoratu behar dugu?

        Bai, gorphutz-saindua adoratu behar dugu.

 

        Ostia sainduan, ogiaren itxura zatikatzen denean, Jesus Jauna ere zatikatzen da?

        Ez, Jesus oso osoa aurkhitzen da ageri den zati bakotxean.

 

        Zergatik?

        Gorphutz-saindua delakotz Jesus gure Jainkoa.

 

        Jesus Jauna zertako egiten da gorphutz-saindu?

        Gure arimen hazteko, eta bere Aita Jainkoari sakrifikatzeko.

 

        Sakramendu eta sakrifizio da beraz gorphutz-saindua?

        Bai hala da: sakramendu da, gure arimen hazteko delarik, eta sakrifizio, meza sainduan.

 

 

GORPHUTZ-SAINDUKO SAKRAMENDUA

 

§ I. Zer den

 

        Zer da gorphutz-sainduko sakramendua?

        Hura da: sakramendu bat, Jesu-Kristo oso osoa daukana ogiaren eta arnoaren itxuran, gure arimen hazteko.

 

 

§ II. Komunione saindua

 

        Jesus Jaunak noiz hazten gaitu gorphutz-sainduaz?

        Komuniatzen dugunean.

 

        Zer da komuniatzea?

        Gorphutz-sainduaren errezebitzea.

 

        Beraz komuniatzen duenak Jesus oso osoa bere baitan errezebitzen du?

        Bai, komuniatzen duenak Jesus oso osoa bere baitan errezebitzen du.

 

        Eta Jesus haren arimaren hazkurri egiten da?

        Bai, Jesus haren arimaren hazkurri egiten da.

 

        Nondik dakigu hori?

        Jesus Jaunak berak erranik: Nere haragia egiazko janari da, nere odola egiazko edari; har zazue eta jan, har zazue eta edan [Hiltzeko bezperan, apostoluekin egin zuen azken afarian, Jesus Jaunak hartu zuen ogia, eta apostolueri eman, ziolarik: Har zazue eta jan, hau da nere gorphutza. Hartu zuen gero arnoa, eta erran: Har zazue eta edan, hau da nere odola. HAU EGIZUE ene orhoitzapenetan.— Azkeneko hitz horiez: Hau egizue ene orhoitzapenetan, Jesus Jaunak apostolueri, eta hek bezala aphez izanen zireneri, eman zioten gauza beraren, erran nahi da gorphutz-sainduaren, egiteko ahala].

 

        Hazkurri horrek zer indar du gure baitan?

        Hasteko, Jesusekin osoki bat egiten gaitu.

 

        Eta bertzerik zer egiten du?

        Bekhatu benialak khentzen, jaidura tzarrak ezeztatzen, eta ongirako errextasun handia emaiten.

 

 

§ III. Noiz behar den komuniatu

 

        Noiz behar da komuniatu?

        Komuniatu behar da urthean behin bederen, Bazko denboran, eta gero hiltzeko menean.

 

        Bazko denboran ez komuniatzea bekhatu handia da?

        Bai, Bazko denboran ez komuniatzea bekhatu handia da.

 

        Bekhatu da Bazko denboraz kanpo ez komuniatzea?

        Ez, ez da bekhatu; bainan hainitz on da maizago komuniatzea.

 

* * *

 

        Norentzat da on maizago komuniatzea?

        Guzientzat, bainan bereziki gaztentzat.

 

        Zergatik?

        Zeren gehiago nekhatzen denak, gehiago jan behar baitu.

 

        Eta uste duzu, arimako gauzetan, gaztek bertzek baino nekhe gehiago dutela?

        Bai, segurki, gaztek nekhe gehiago dute graziazko estatuan bizitzeko.

 

        Nola hori?

        Zeren gaztek gogoa arin baitute eta odola bero: indar handia behar dute beren jaidura tzarren garhaitzeko, eta galbidetarik urruntzeko.

 

        Eta zerk emanen diote indar handi hori?

        Zerutikako janariak, komunione sainduak.

 

        Beraz, giristinoki bizi nahi duten gaztek, behar dute maiz eta ardura komuniatu?

        Bai, giristinoki bizi nahi duten gaztek behar dute maiz eta ardura komuniatu.

 

 

§ IV. Nola den ongi komuniatzen

 

        Zer behar da ongi komuniatzeko?

        Arimaz bezenbatean, izan behar da bekhatu mortalik gabe.

 

        Eta arras ongi komuniatzeko, zer behar da?

        Behar da bekhatu benialen uzteko nahia izan, eta hartarako grazia Gorphutz-sainduari bihotzetik galdegin.

 

        Zer komunione egiten du bekhatu mortala duenak?

        Komunione gaxtoa.

 

        Bekhatu handia da komunione gaxtoa?

        Bai, sakrileio bat ikharagarria, adimendua itsutzen eta bihotza gogortzen duena.

 

* * *

 

        Gorphutza nola behar da, ongi kornuniatzeko?

        Barur, erran nahi da: gauerdiz geroz ez jana ez edana.

 

        Beti barur behar da komuniatzeko?

        Bai, beti, non ez den eri delarik komuniatzen.

 

        Barura hausten da hortzen artean gelditu purruxkak, edo hobietarik ethorri odol xortak iretsiz?

        Ez; bainan hobe da horiek guziak ahalaz kanporat artikitzea.

 

        Soineko berezirik behar da komuniatzeko?

        Ez; izan behar da xoilki garbiki eta onheski emana.

 

 

§ IV. Komuniatu aintzinean

 

        Bada komuniatu aintzinean egin beharrikako othoitz berezirik?

        Ez, nahi duenak nahi dituen othoitzak egin detzazke.

 

        Zoin dire bizkitartean orduan egitea arras on diren othoitzak edo aktak?

        Hek dire: fedezko, adorazionezko, humiltasunezko, esperantzazko, urrikizko, amodiozko eta gutiziazko aktak.

        Egizkitzu akta horiek:

 

* * *

 

        Fedezko akta.— Jesus Jauna, gorphutzeko begiez ikusten bazintut baino hobeki sinhesten dut, oso osoa aurkhitzen zarela ostia sainduan, eta zu behar zaitudala errezebitu.

        Adorazionezko akta.— Jesus Jauna, adoratzen zaitut ogiaren iduriaren pean gordea; zu zare egiazki nere Jainkoa.

        Humiltasunezko akta.— Jesus Jauna, ez naiz gai nere bihotzean sar zaiten, hanbat bekhatu egin dudan ondoan; bainan errazu xoilki hitz bat, eta nere bihotza sendatua izanen da.

        Esperantzazko akta.— Jesus Jauna, esperantza dut, ni baitan egoitera ethorriz nere arima garbituko duzula, eta betheko zure graziaz eta zure amodioz.

        Urrikizko akta.— Jesus Jauna, handizki damu dut nere bekhatuez egin dauzkitzudan laidoez, zeren zaren osoki ona eta maitagarria; zin-zinez hitz dautzut, zure graziarekin batean, beti eta gauza guzietan eginen dudala zure nahi saindua.

        Amodiozko akta.— Jesus Jauna, zenbat maite naizun! Nahi naizu zure haragiaz eta odolaz hazi. A! nik ere maite zaitut, maite nere bihotz guziaz, nere arima guziaz, nere indar guziez. Nahi naiz bizi eta hil zure amodioan.

        Gutiziazko akta.— Zato beraz, Jesus Jauna, zato neregana; zato, egon zaite ni baitan, eta egin zazu nitaz nahi duzuna. Zurea naiz, zuri gogotik emaiten natzaitzu, osoki eta betikotz.

 

 

§ VI. Komuniatu ondoan

 

        Komuniatu ondoan, zer egin behar da?

        Bildutasunean egon, gogoa eta bihotza Jesusekin.

 

        Noiz artio?

        Bederen, ostia sainduak ogiaren itxura galdu artio.

 

        Zergatik?

        Zeren, ordu artio, Jesus Jauna gure bihotzean baitago.

 

        Zenbatsu denbora heldu da hori?

        Oren laurdentto baten heina.

 

        Ez da beraz komuniatu eta berehala elizatik ilki behar, ez eta ere meza erran den bezen laster?

        Ez, segurki; Jesusentzat errespetuz eta gure onetan, ez dugu hala ilki behar.

 

        Zergatik diozu: gure onetan?

        Zeren ez baita denbora hoberik, Jesusenganik behar direnen ardiesteko.

 

        Zer othoitz egin behar zaio orduan Jesus Jaunari?

        On da bakotxak, bere behar edo xede berezien araberako othoitzak egin detzon.

 

        Hortaz kanpo, zoin dire komuniatu ondoan egitea on diren othoitzak edo aktak?

        Hek dire bereziki: adorazionezko, esker-onezko, emaitzazko, amodiozko, galdezko eta xede-zinezko aktak.

        Egizkitzu akta horiek?

 

* * *

 

        Adorazionezko akta.— Jesus Jauna, adoratzen zaitut nere bihotzean, adoratzen aingeruekin, eta zeruko eta lurreko sainduekin batean, adoratzen bereziki Andre dena Mariarekin batean.

        Esker-onezko akta.— Jesus Jauna, eskerrik minenak dauzkitzut, niganat ethorri nahi izan duzulakotz komunione sainduan. Ordainez, zer egin dezaket zuretzat?

        Emaitzazko akta.— Jesus Jauna, emaiten natzaitzu osoki eta naizen guzia, zu niri eman zaren bezala; egidazu grazia zuretzat baizik ez bizitzeko.

        Amodiozko akta.— Jesus Jauna, nahi zaitut ahalaz khartsuki maitatu; pitz zazu zeronek ni baitan zure amodioa, eta amodio garbi horren suak bero, erre, suntsi beza nere bihotza.

        Galdezko akta.— Jesus Jauna, emadatzu, othoi, zure manamendu sainduen begiratzeko behar ditudan grazia guziak.

        Xede-zinezko akta.— Jesus Jauna, hartzen dut xede zin-zina, zuk hastio ditutzun gauza guzietarik begiratzeko, eta egiteko nereganik galdegiten ditutzun guziak. Egidazu zure maitatzeko grazia, bai bizi naizeno mundu huntan, bai hil ondoan zeruan, betiereko zorionean. Halabiz.

 

* * *

 

        On da akta horien behin baino gehiagotan egitea?

        Bai, arras on, bildutasunekin eta khartsuki egiten balin-badire.

 

 

MEZAKO SAKRIFIZIOA

 

§ I. Zer den

 

        Zer da mezako sakrifizioa?

        Mezako sakrifizioa da: Jesu-Kristoren gorphutzaren eta odolaren sakrifizioa, ogiaren eta arnoaren itxuran.

 

        Mezako sakrifizioa gurutzeko sakrifizioa ber-bera da?

        Bai, mezako sakrifizioa gurutzeko sakrifizio ber-bera da, bainan bertzela egina.

 

        Nola da sakrifizio bera?

        Mezan eta gurutzean bitima bera delakotz, eta sakrifikatzaile bera.

 

        Gurutzean zoin zen bitima?

        Jesu-Kristo gure Jauna.

 

        Eta mezan zoin da?

        Mezan ere, Jesu-Kristo gure Jauna.

 

        Gurutzean nor zen sakrifikatzaile?

        Jesu-Kristo gure Jauna: hala dio garbiki Jon Doni Paulo Apostoluak: maitatu nau, eta bere burua eman du neretzat.

 

        Eta mezan, nor da sakrifikatzaile?

        Mezan ere, Jesu-Kristo gure Jauna.

 

        Aphezak du bizkitartean meza emaiten?

        Bai, bainan Jesusen ordain bezala, eta haren izenean.

 

        Nondik dakigu hori?

        Mezako hitzetarik beretarik: aphezak, kontsekrazionean, ez du erraiten: hau da Jesusen gorphutza, hau da Jesusen odola; bainan bai: hau da nere gorphutza, hau da nere odola.

 

* * *

 

        Bainan diozu mezako sakrifizioa, nahiz gurutzeko sakrifizio ber-bera den, bizkitartean bertzela egina dela?

        Bai, hala da: gurutzean, bere odola ixuriz, Jesus egiazki hil zen; aldarean aldiz gurutzeko heriotzea, orduan ixuri odola, diozka bere Aita zerukoari eskaintzen.

 

        Gurutzean bezala, aldarean ere Jesus Jaunak graziak merezitzen dauzkigu?

        Ez; bainan, mezan eta mezaren bidez, emaiten dauzkigu gurutzean merezitu graziak.

 

 

§ II. Nola behar den meza entzun

 

        Gauza saindua eta baliosa da beraz mezako sakrifizioa?

        Bai, ditaken sainduena eta baliosena; ez lurrean, ez zeruan, ez da sainduagorik eta baliosagorik.

 

        Zergatik?

        Zeren meza baita Jesusen gorphutzaren eta odolaren sakrifizioa, oroz gaineko sakrifizioa.

 

        Ez da beraz meza balio duen othoitzik eta debozionerik?

        Ez, hurbiltzeko ere; deusek ez du, nola mezak, Jainkoa ohoratzen; deusek ez dio arimari hain nasaiki Jainkoaren laguntza ardiesten.

 

        Beraz, giristinoek lehia handia behar lukete mezan aurkitzeko?

        Bai, segurki, giristinoek lehia handia behar lukete mezan aurkhitzeko, meza sainduaren maiz eta ardura entzuteko.

 

* * *

 

        Nola egon behar da mezan?

        Gurutzearen aintzinean egonen ginen bezala; ezen sakrifizio bera da.

 

        Nola egonen ginen gurutzearen aintzinean?

        Hasteko, kanpoz, errespetu handienarekin.

 

        Eta barnez?

        Barnez, amodioa eta urrikia bihotzean.

 

        Zergatik amodioa?

        Zeren Jesus Jauna guretzat amodioz hil baita, eta amodioari amodioa zor baitzaio.

 

        Zergatik urrikia?

        Zeren gure bekhatuek baitute Jesus Jauna gurutzean itzatu eta hilarazi.

 

* * *

 

        Norentzat emaiten da meza saindua, bizientzat ala hilentzat?

        Meza saindua eman ditake, bai bizientzat, bai hilentzat.

 

 

PENITENTZIAKO SAKRAMENDUA

 

§ I. Zer den

 

        Zer da Penitentziako sakramendua?

        Hura da: bathaiatuz geroz egin bekhatuak barkhatzen dituen sakramendua.

 

        Noiz errezebitzen da Penitentziako sakramendua?

        Kofesatzen denean.

 

        Zer da kofesatzea?

        Kofesatzea da: bere bekhatuen aphez bati aithortzea, barkhamenduaren izaiteko [Bekhatuen kofesatzea, akusatzea, deklaratzea, erraitea, aithortzea, horiek guziak bat dire].

 

        Edozoin aphezek bekhatuak barkha detzazke?

        Hiltzera dohatzineri, bai; bertzenaz, aphezak behar du aphezpikuaren baia.

 

        Nola deitzen da aphezak emaiten duen barkhamendua?

        Deitzen da: absoluzionea.

 

* * *

 

        Zer behar da absoluzionearen ongi errezebitzeko, edo, batetara dohana, kofesio on baten egiteko?

        Hiru gauza; bekhatuak erran, hetaz urrikitu, eta penitentzia egiteko xedea izan.

 

        Hola kofesatzeko, zer egin behar da lehenik?

        Othoitz khartsu batez Jainkoari galdegin bekhatuen ezagutzeko, erraiteko, eta hetaz urrikitzeko grazia [Xede hortarat on litake arrosoriotik hamarreko bat edo bertze erraitea].

 

 

§ II. Kontzientziako etsamina

 

        Bekhatuen erraiteko zer behar da?

        Behar dire ezagutu.

 

        Eta ezagutzeko?

        Ezagutzeko, behar dire bere baitan bilhatu.

 

        Nola bilhatzen dire?

        Hoberena da, manamenduz manamendu ikustea, bakotxari buruz zer huts egin den.

 

        Eta nola ikusiko da hori?

        Ahalaz orhoituz non, norekin, eta zertan ibili den; zer den egin, egiteko utzi, erran, gutiziatu edo gogoan erabili.

 

        Artharekin egin behar da bekhatuen bilhatze hori?

        Bai artharekin egin behar da, eta ez axaletik eta arinki.

 

        Nola deitzen da bekhatuen bilhatze hori?

        Deitzen da: kontzientziako etsamina.

 

        Zer da hoberenik kofesioko etsamina ongi eta errexki egiteko?

        Arrats guziez kontzientziaren etsaminatzea.

 

 

§ III. Erran behar diren bekhatuak

 

        Zoin dire, kofesio on baten egiteko, baitezpada erran behar diren bekhatuak?

        Kofesio on baten egiteko, baitezpada erran behar dire: segurki ariman diren bekhatu mortal guziak.

 

        Noiz da bekhatu mortal bat segurki ariman?

        Segur denean egin dela, eta segur ez dela kofesatu.

 

        Eta diozu bekhatu mortal segur guziak baitezpada erran behar direla?

        Bai, guziak erran behar dire; eta bat bakharra bere nahitarat uzten balitz, kofesio tzarra litake.

 

* * *

 

        Aski da bekhatu mortal guziak betan emanez, xehetasun gehiago gabe erraitea: Egin dut hunenbertze bekhatu mortal?

        Ez, erran behar da zoin bekhatu mortal egin den, eta bakotxetik zenbat.

 

* * *

 

        Manamendu bat baino gehiago hauts ditake betan?

        Bai segurki: hala nola eliza batean ebasten duenak bi manamendu hausten baititu: zazpigarrena eta lehena.

 

        Bada orduan manamendu hausten den bezenbat bekhatu?

        Bai, bada manamendu hausten den bezenbat bekhatu.

 

        Eta behar dire guziak kofesioan erran?

        Mortalak direnean, bai, guziak.

 

        Beraz, axtiko ebaskoarentzat, handia balin bazen, ez zen askiko erraitea: Ebasko handi bat egin dut?

        Ez, ez zen askiko; erran beharko zen ebasko handi bat egin dut eliza batean.

 

* * *

 

        Bekhatu mortal bat ahantzirik uzten bada erraiteko, zer kofesio egiten da?

        Kofesio ona, eta bekhatu hura ere barkhatua da bertzekin; bainan gero, orhoitzen delarik, erran beharko da.

 

 

§ IV. Erraitea on diren bekhatuak

 

        Bekhatu mortal segurez kanpo, bada bertze bekhaturik baitezpada kofesioan erran beharrik?

        Ez, bekhatu mortal segurez kanpo, ez da bertze bekhaturik baitezpada kofesioan erran beharrik.

 

        Beraz, bertze bekhatu guziak nahitarat utzirik ere, kofesioa ona litake?

        Bai, bertze bekhatu guziak nahitarat utzirik ere, kofesioa ona litake [Erran gabe doha, bekhatu mortalik ez balin bada, behar dela bertze zerbeit bekhatu kofesatu, nahi bada absoluzionea izan. Bertzenaz, zeri buruz eman litake absoluzionea?].

 

        On da bizkitartean bertze bekhaturik ere erraitea?

        Bai, on da eta arras on.

 

        Zoin dire erraitea on diren bekhatuak?

        Dudazko bekhatu mortalak; bekhatu benialak, eta jadanik kofesatu bekhatuak.

 

* * *

 

        Noiz da bekhatu mortal bat dudazkoa?

        Segur ez denean, edo egin dela, edo mortala zela, edo kofesatu dela.

 

        Halako bekhatuak nola erraiten dire: dudazko bezala, ala segur bezala?

        Dudazko bezala.

 

* * *

 

        Zergatik da on bekhatu benialen kofesatzea?

        Errexkiago eta hobeki barkhatuak baitire; eta aphezak argitzen baitu arima, eta sakramenduak hazkartzen.

 

        Zergatik diozu kofesioan bekhatu benialak barkhatuak direla errexkiago eta hobeki?

        Zeren, kofesiotik kanpo ere, ardiets baititake bekhatu benialen barkhamendua.

 

        Nola bada ardiets ditake?

        Asko gisaz, nola: ur benedikatuarekin zeinatuz, Gure Aita erranez, eta bereziki, karitatezko aktak eginez.

 

* * *

 

        Jadanik kofesatu bekhatuak nola erraiten dire: xeheki, bakharka, ala guziak betan?

        Guziak betan, erranez: akusatzen ditut nere bizi guziko bekhatuak.

 

        Eta, noiz erraiten da hori: kofesioaren hastean, erditan, edo akabantzan?

        Nahi denean; bainan maizenik bertze bekhatuak erran ondoan.

 

        Norentzat da bereziki on lehengo bekhatuen hola erraitea?

        Azken kofesioaz geroz bekhatu ttikirik baizik ez dutenentzat.

 

        Zergatik?

        Askotan errexago baita lehengo zerbeit bekhatuz urrikitzea, ezen-ez bekhatu ttiki hetaz; eta hala absoluzione on bat seguratzen baita.

 

 

§ V. Urrikia

 

        Zer da bekhatuaz urrikitzea?

        Bekhatuaz urrikitzea da: bekhatuaren higuintzea edo hastiatzea.

 

        Zenbat gauza sartzen dire urrikian?

        Bi gauza: egin bekhatuaz damua [Atsegabea], eta berritz ez egiteko xedea.

 

        Izan ditake egin bekhatuaz egiazko damurik, berritz ez egiteko xederik gabe?

        Ez: gauza bat eginik egiazki damu bada, ez da nahiko gauza hura berritz egin.

 

* * *

 

        Zoin bekhatuen barkhamenduarentzat behar da urrikia?

        Guzientzat, ala handientzat, ala ttikientzat.

 

        Zer! urrikirik gabe, ez ditake sekulan bekhatu baten barkhamendua izan?

        Ez, urrikirik gabe, ez ditake sekulan bekhatu baten barkhamendua izan.

 

        Eta bizkitartean, kofesatu gabe izan ditake batzuetan barkhamendua [Hala nola eri batek ezagutza galtzen duenean, apheza ethorri baino lehen]?

        Kofesatu gabe bai; bainan urrikitu gabe, ez, sekulan.

 

        Beraz behar den urrikia ez denean, absoluzionea gaizki errezebitzen da?

        Bai, behar den urrikia ez denean, absoluzionea gaizki errezebitzen da.

 

* * *

 

        Nolako urrikia behar da kofesio on baten egiteko?

        Urrikia behar da: 1. zin-zinezkoa, 2. Jainkoarenganikakoa.

 

 

§ VI. Urriki zin-zinezkoa

 

        Noiz da urrikia zin-zinezkoa?

        Bihotzetik hastiatzen direnean bekhatu mortal guziak bederen, sekulan gehiago ez egiteko xedearekin.

 

        Beraz, bekhatuak ez badire hitzez eta ezpainez baizik hastiatzen, urrikia ez da zin-zinezkoa?

        Ez, ez da hala; ezpainetan baizik ez den urrikia gezurrezko urrikia da.

 

        Beraz bekhatu mortal bakhar bat oraino maite denean, utzi nahi ez denean, urrikia ez da zin-zinezkoa?

        Ez, ez da hala; eta, ez bekhatu hura, ez eta ere, bertze bihirik, ez da, barkhatua.

 

        Beraz, zenbeit denboraz baizik bekhatua utzi nahi ez denean, urrikia ez da zin-zinezkoa?

        Ez, ez da hala: zenbeit denboraren buruan ez da bekhatua lehen baino haizuago.

 

        Bainan, bihotzetik delarik bekhatuaren uzteko xedea, beldur balin bada bizkitartean berritz ere eroriko dela, orduan urrikia zin-zinezkoa da?

        Bai, beldur horrengatik, hala da, egiazki bihotzetik balin bada bekhatuaren uzteko xedea.

 

* * *

 

        Izan ditake bekhatuaren uzteko xede zin-zinezkorik, ez balin bada okasione hurbilen uzteko xedea?

        Ez, bekhatuzko okasione hurbilen uzteko xederik gabe, ez ditake izan bekhatuen uzteko xede zin-zinezkorik.

 

        Zer da bekhatuzko okasione hurbila?

        Norbeitekin egoiteak, norapeit gateak, hau edo hura egiteak, maiz bekhatuan erorrarazten badu, hura da okasione hurbila.

 

        Eta diozu ez dela bekhatuen urriki zin-zinezkorik, ez badire utzi nahi okasione hurbilak?

        Bai, hala diot; buzti nahi ez dena, ez da urean sartzen.

 

        Beraz, okasionea utzi nahi ez duenak ez du absoluzionea merezi?

        Ez, okasionea utzi nahi ez duenak ez du absoluzionea merezi.

 

        Bainan, ez baditake utz? Nahi-eta-ez han egon behar bada?

        Hori bertzerik da; orduan, kofesoraren erranak egin nahi balin badire, barkhamendua ardietsiko da.

 

 

§ VII. Urriki Jainkoarenganikakoa

 

        Zer erran nahi du, urrikiak izan behar duela Jainkoarenganikakoa?

        Erran nahi du, ez dezakegula egiazko urrikia izan gure baitarik, graziaren laguntza gabe.

 

        Urrikitzeko grazia behar zaio beraz Jainkoari galdetu?

        Bai, jadanik erran den bezala, urrikitzeko grazia behar zaio khartsuki Jainkoari galdetu.

 

* * *

 

        Bainan, urrikitzeko, aski da grazia horren galdetzea?

        Ez, ez da aski.

 

        Zer behar da bada bertzerik?

        Bakotxak behar du ahalaz urrikia bere baitan sorrarazi.

 

        Eta urrikiaren bere baitan sorrarazteko, zer egin behar da?

        Orhoitu eta gogoan erabili, bekhatua zoin gauza ahalkegarria den, eta bereziki zoin gauza tzarra.

 

        Norentzat da bekhatua gauza tzarra?

        Jainkoarentzat eta gure arimarentzat.

 

        Jainkoarentzat nola da gauza tzarra? Jainkoa gutiesten [Erran nahi da: gutitzat hartzen] eta laidoztatzen duelakotz; Jesus gure Jainkoa jo, pairarazi, gurutzean itzatu eta hilarazi duelakotz.

 

        Eta guretzat nola da bekhatua gauza tzarra?

        Grazia eta zerua galarazten dauzkigulakotz, ifernua edo purgatorioa merezitzen.

 

        Hainitz giristinoek uste dute, Jainkoak ariman urrikia sorrarazten duela larrean honddoak bezala, batere gizonaren laguntzarik eta lanik gabe. Ez da hala.

        Maizenik bederen, ariman urrikia heldu da, ez larrean honddoak bezala, bainan bai alhorrean artoa bezala.— Jainkoak ez badu laguntzen, Jainkoak ez badio behar den iguzkia eta uria emaiten, laborariak, zer-nahi eginikan ere, ez du artorik alhorrean bilduko. Halaber, Jainkoaren grazia gabe, giristinoak ez dezake izan bere bekhatuen egiazko urrikirik; eta horra zergatik urriki hori behar zaion Jainkoari othoitzaz galdetu.— Bainan, Jainkoak behar den iguzkia eta uria emanagatik, laborariak ez badu berak ere zerbeit egiten, ez badu lurra iraultzen, aphaintzen, ez badu hazia eraiten, ez du artorik izanen; artoa ez da ethorriko Jainkoaren laguntzari eta laboriaren lanari esker baizik. Halaber, maizenik bederen, ez da aski bekhatuen urrikiaren izaiteko, Jainkoari galdetzea, othoitz egitea: gutarik bakotxak bertze zerbeit egin behar du urrikiaren bere bihotzean sorrarazteko. Eta zer eginen dugu? Zer?... Orhoituko, gogoan erabiliko, zoin gauza tzarra den bekhatua, tzarra Jainkoarentzat, tzarra guretzat. Alainanbada, gauza tzarrak hastiatzen dire, hetaz da urrikitzen... Bada, ongi ezagutzeko zoin gauza tzarra den bekhatua, gogoz eta bihotzez gazen GURUTZEAREN AINTZINERA, gazen IFERNURA, PURGATORIOTARA, ZERURA; gauden han aphur bat: han ikusiko dugu, alde batetik, bekhatuak zoin izigarriki pairarazi duen Jesu-Kristo gure Jainkoa; bertze aldetik, geroniri zer gaztigu merezitzen eta zer zorion galarazten dauzkigun; eta, hori ikustearekin, batere federik eta adimendurik balin badugu, egin bekhatuez urrikitan sarturik, hartuko dugu gehiago ez egiteko xede zina.

        Oxala urrikia hola bildurik kofesatzen bagine beti! Bertzelako giristinorik gintazke.

 

* * *

 

        Ez da aski, barkhamenduaren ardiesteko, bekhatuaz urrikitzea gure ohorea edo ontasunak ttikitzen dituelakotz?

        Ez, ez da aski; holako urrikian ez da Jainkoa deusetan ere sartzen; Jainkoak ez dezoke holako urrikiari barkha.

 

 

§ VIII. Bi egiazko urriki

 

        Zenbat egiazko urriki dire?

        Badire bia: ona, eta ezin hobea.

 

        Bertze zer izen dute urriki horiek?

        Ona deitzen da: atrizionea; eta ezin hobea: kontrizionea.

 

        Zer da atrizionea?

        Atrizionea da: bekhatua hastiatzea, guretzat gauza tzarra delakotz.

 

        Eta kontrizionea, zer da?

        Kontrizionea da: bekhatua hastiatzea Jainkoarentzat gauza tzarra delakotz.

 

* * *

 

        Aski da atrizionea bekhatuen barkhamenduaren izaiteko?

        Absoluzionearekin, bai; absoluzionerik gabe, ez, bederen bekhatu mortalentzat.

 

        Eta kontrizionea aski da, absoluzionerik gabe ere?

        Bai, aski da; kontrizioneak, izaiten den bezen laster, bekhatuak khentzen ditu arimatik [Kontrizionea duena bekhatuaz urrikitzen da Jainkoaren amoreagatik; kontrizionean sartzen da beraz karitatea. Eta horra zergatik kontrizioneak, izaiten den bezen laster, bekhatu mortala khentzen duen arimatik].

 

        Behar da bizkitartean bekhatu mortalen kofesatzeko xedea?

        Orhoitzen bada, bai; bertzalde, xede hori sartzen da beti kontrizionean.

 

        Nola hori?

        Zeren kontrizionea duenak baitu Jainkoak manatu guzien egiteko xedea bada, Jainkoak manatzen du bekhatu mortal guzien kofesatzea.

 

        On da beraz maiz bere baitan piztea kontrizionea?

        Bai, on da eta arras on [Huna nola egin ditaken kontrizionezko akta: Ene Jainkoa, handizki damu dut zu ofentsaturik, zeren guziz ona eta guziz maitagarria zaren, eta zeren bekhatua hastio duzun. Barkha zadazu Jesu-Kristoren merezimenduen berthutez; hartzen dut borondate fermu bat, zure graziarekin batean, zu gehiago ez ofentsatzeko, eta penitentzia egiteko].

 

 

§ IX. Penitentzia

 

        Zer da penitentzia?

        Penitentzia da: kofesatzen denari aphezak manatzen dion zerbeit, edo othoitz, edo obra on, edo bertze.

 

        Aphezak eman penitentzia egin behar da?

        Bai, egin behar da; eta ahalaz, laster.

 

        Penitentzia zertako emaiten du aphezak?

        Emaiten du, bai bekhatuaren gaztigutzat, bai bekhatuan berritz erortzetik begiratzeko.

 

* * *

 

        Beraz, bekhatu bat kofesioan barkhatua denean, hari zor zaion gaztigua ez da osoki barkhatua?

        Osoki, ez; ttikitua xoilki; non ez den urriki hainitz bizia.

 

        Aphezak eman penitentzia da bekhatuari zor zaion gaztigu guzia?

        Ez; eta horra zergatik, penitentzia hura egin ondoan ere, bertzerik egin behar den, nahi bada zerura xuxen heldu.

 

* * *

 

        Beraz penitentzia mundu huntan egiten ez duena, ez da xuxen zerurako?

        Ez, ganen da purgatoriotara.

 

        Zer da hobe, mundu huntan ala purgatoriotan penitentzia egitea?

        Mundu huntan: ezen, hemengo penitentziak, purgatoriotakoak baino hainitzez laburrago eta arinago dire.

 

        Nola egin ditake mundu huntan penitentzia?

        Bere nekeak eta nahigabeak eztitasunekin jasanez eta Jainkoari eskainiz; haizu diren atseginak ere guziak ez hartuz; obra onak eginez, indulientziak irabaziz.

 

 

INDULIENTZIAK

 

        Zer da indulientzia?

        Indulientzia da: bekhatu barkhatuari zor zaion gaztiguaren barkhamendua.

 

        Nork emaiten du barkhamendu hori?

        Elizak.

 

        Nori emaiten dio Elizak barkhamendu hori?

        Merezitzen duenari.

 

        Zer behar da barkhamendu horren merezitzeko, erran nahi da indulientzia baten irabazteko?

 

        Bi gauza: 1. Elizak hartarakotz manatzen dituenak egin; 2. graziazko estatuan izan.

 

        Zer manatzen du maizenik Elizak?

        Zerbeit othoitz, barura, kofesioa, komunionea, obra onak.

 

* * *

 

        Elizak gauza bat baino gehiago manatzen duenean, noiz irabazten da indulientzia?

        Gauza hetarik azkena egiten denean.

 

        Aski da beraz orduan izaitea graziazko estatuan?

        Bai, aski da orduan izaitea graziazko estatuan.

 

* * *

 

        Zenbat indulientzia mota dire?

        Bia: osoa, eta osoa ez dena.

 

        Zer da indulientzia osoa?

        Bekhatuari zor zaion gaztigu guzia barkhatzen duen indulientzia.

 

        Eta osoa ez dena?

        Gaztigu haren pharte bat baizik barkhatzen ez duena.

 

        Indulientzia osoa beti osoki irabazten da?

        Ez, irabaz ditake indulientzia osotik xoilki pharte bat.

 

        Zergatik deitzen da bada osoa?

        Zeren Elizak osoa eskaintzen baitauku; guk ez dugu guzia hartzen.

 

        Zer behar da indulientzia osoaren osoki irabazteko?

        Izan behar da bekhatu benialik ere batere gabe.

 

* * *

 

        Norentzat irabaz detzazkegu indulientziak?

        Irabaz detzazkegu bai guretzat, bai bertzentzat, ala bizientzat, ala hilentzat [Elizak erraiten du zoin indulientzia irabaz ditazken hilentzat].

 

        Hilentzat irabazi nahi diren indulientzientzat ere, graziazko estatuan izan behar da?

        Askok ezetz diote; bainan segurago da hala izaitea.

 

* * *

 

        Elizak nondik emaiten dauzku indulientziak?

        Jesu-Kristoren merezimendu negurri gabekoetarik, eta frango sainduek berentzat behar zutenetik goiti egin dituzten penitentzietarik.

 

        Eta merezimendu hek, penitentzia hek, Elizaren eskuko dire?

        Bai, hala dire.

 

 

ANONTZIOKO SAKRAMENDUA

 

        Zer da anontzioa?

        Anontzioa da: eri gaizki denari, arimako eta gorphutzeko ona emaiten dion sakramendua.

 

        Noiz da norbeit eri gaizki?

        Bere eritasunetik laster hilen dela beldur izaiteko denean.

 

        Eri gaizki izan behar da beraz anontzioaren errezebitzeko?

        Bai, hala izan behar da.

 

        On da bizkitartean azken hatsetaraino igurikatzea?

        Ez, ez da on, ez eta ere haizu; ahalaz lehenago, hainitz lehenago, behar da anontzioa hartu eta harrarasi.

 

* * *

 

        Anontzioak nola emaiten du arimako ona?

        Bekhatuen ondarrak khenduz, eta asko laguntza emanez bai gaitzaren eta herioaren ongi hartzeko, bai debruaren urruntzeko.

 

        Anontzioak gorphutzeko osagarria noiz emaiten du?

        Arimarentzat on izan behar denean; bainan orduan ere, ez beti.

 

* * *

 

        Nork emaiten du anontzio saindua?

        Aphezak.

 

        Nola?

        Olio benedikatuarekin gantzudura batzu eginez, zenbeit hitz erraiten dituelarik.

 

        Non egiten dire gantzudurak?

        Begietan, beharrietan, sudurrean, ezpainetan, eskuetan eta oinetan.

 

        Zer hitz erraiten du aphezak?

        Hitz hauk: Gantzudura saindu hunen bidez, Jainkoak barkha dietzatzula-begiz-beharriz-sudurrez-ezpainez-eskuz-oinez-egin bekhatu guziak.

 

        Nola hartu behar da anontzioa?

        Sinheste bizi eta fidantzia handi batekin.

 

 

ORDENAKO SAKRAMENDUA

 

        Zer da ordena?

        Ordena da: sakramendu bat, aphezak egiten dituena, eta emaiten diotena beren eginbiden ongi bethetzeko grazia.

 

        Nork emaiten du sakramendu hori?

        Aphezpikuak.

 

* * *

 

        Zoin dire aphezen eginbideak?

        Aphezek badituzte bi eginbide: Jainkoaren ohoratzea, eta arimen salbatzea.

 

        Aphezek nola dute Jainkoa ohoratzen?

        Ohoratzen dute bereziki meza saindua emanez, eta ofizioa erranez.

 

        Zer da ofizioa?

        Ofizioa deitzen dire: aphezek egun oroz, giristino guzien izenean, egiten dituzten othoitz eder luze batzu.

 

        Eta arimak, nola salbatzen dituzte aphezek?

        Jainkoaren hitza adiaraziz, sakramenduak emanez, eta, bai mezan, bai ofizioan, heientzat othoitz eginez.

 

* * *

 

        Gauza handia da apheztasuna?

        Bai, munduan den handiena: apheza Jainkoaren gizona da, eta Jainkoak eman diozka harritzeko ahalak.

 

        Zoin dire aphezaren ahalik harrigarrienak?

        Gorphutz-sainduaren egiteko, eta bekhatuen barkhatzeko ahala.

 

        Gauza ona da apheztasuna?

        Bai, munduan den hoberena: aphezen eskuak graziazko ithurri ezin agortu batzu dire.

 

        Aphezak behar dire beraz ohoratu eta maitatu?

        Bai, aphezak behar dire ohoratu eta maitatu.

 

* * *

 

        Nor nahi aphez egin ditake?

        Bai, Jainkoak deitzen duelarik, eta behar diren urhatsak atxikitzen dituelarik.

 

        Haur batek aphezteko gutizia duenean, zer egin behar dute burhasoek?

        Utzi, eta ahalaz lagundu; bertzenaz gaizki egin lezakete.

 

        Zergatik?

        Zeren Jainkoak norbeiti erraiten dioenean: aphez nahi zaitut, nihork ez baitu zuzenik erraiteko: nik ez zaitut aphez nahi [Ez dute zuzen gehiago, beren haurrak komentuan sartzerat utzi nahi ez dituzten burhasoak].

 

 

EZKONTZAKO SAKRAMENDUA

 

        Zer da ezkontza?

        Ezkontza da: gizonaren eta emaztearen arteko batasuna saindutzen duen sakramendua.

 

        Sakramendu horrek zer grazia emaiten diote senhar-emazteri?

        Beren eginbiden ongi bethetzeko behar dituzten grazia guziak.

 

        Zoin dire senhar-emazten eginbideak?

        Elgarrekin bizitzea, elgar maitatzea, elgar laguntzea; beren haurren giristinoki altxatzea.

 

* * *

 

        Zenbat denborarentzat ezkontzen da?

        Betikotz.

 

        Beraz, gizonen legek ez dezakete ezkontza hauts?

        Ez, nihork, ez eta Aita Sainduak ere, ez dezake hauts giristinoen arteko ezkontza.

 

        Eta senhar-emastek berek?

        Senhar-emaztek berek ere, ez.

 

* * *

 

        Noren aintzinean eskontzen da?

        Herriko erretoraren, edo haren baia duen bertze aphez baten aintzinean.

 

        Ez da beraz herriko-etxean, hauz-aphezaren aintzinean ezkontzen?

        Ez eta hasten ere: herrikoetxetik ateratzean, ez da batere sartzean baino ezkonduago izaiten.

 

* * *

 

        Ezkontzeko abiadurarik denean, zer egin behar da?

        Jainkoari khartsuki galdetu garbi egoiteko grazia; eta hoberena gero, burhasoen eta kofesoraren mintzatzea, eta hek erranak egitea.

 

aurrekoa hurrengoa