www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristino legea laburzki
Laurent Diharasarri
1892

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Giristino legea laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre Baithan, 1892.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN PHARTEA

Giristino batek egin behar dituenak

 

        Zer egin behar da zerurat heltzeko?

        Behar dire Jainkoaren eta Elizaren manamenduak begiratu.

 

 

JAINKOAREN MANAMENDUAK

 

        Zenbat Jainkoaren manamendu dire?

        Badire hamar.

 

        Errazkitzu:

                1. Jainko bat adora zazu,

                Halaber maita osoki.

                2. Juramenturik zuk ez duzu,

                Ez zinik eginen banoki.

                3. Igandeak begira zatzu,

                Jauna ere zerbitza debotki.

                4. Aita eta ama ohora zatzu,

                Bizi zaitezen luzeki.

                5. Nihor obraz hilen ez duzu,

                Ez borondatez gaxtoki.

                6. Pallardiza eginen ez duzu,

                Obraz ez gogoz likhiski.

                7. Bertzena ebatsiko ez duzu,

                Ez atxikiko injustoki.

                8. Lekukotasunik ez duzu,

                Ez hitzik erranen faltsoki.

                9. Gutizia izanen ez duzu,

                Bertzen onaren gaizki.

                10. Bertzen esposik ez duzu,

                Desiratuko lizunki.

 

 

LEHEN MANAMENDUA

 

Jainko bat adora zazu

Halaber maita osoki.

 

 

§ I. Adorazionea

 

        Zer manatzen dauku Jainkoaren lehen manamenduak?

        Manatzen dauku lehenbizikorik: Jainkoaren adoratzea.

 

        Zer da Jainkoaren adoratzea?

        Hori da: Jainkoaren aintzinean aphaltzea, osoki perfeta delakotz bere baitarik, eta gauza guzien nausia.

 

        Guk deus onik badugu gure baitarik?

        Ez, ditugun guziak Jainkoarenganik ditugu; eta horrengatik gare osoki Jainkoaren eskuko.

 

        Nola hehar da Jainkoa adoratu?

        Barnez eta kanpoz.

 

        Zergatik kanpoz ere?

        Zeren gorphutza, arima hezala, Jainkoarenganik baitugu.

 

        Jainkoa nola adoratzen da kanpoz?

        Ahoz othoiztuz, belhaunikatuz, ahuspez emanez, eta bertze asko gisaz.

 

 

§ II. Sakrifizioa

 

        Nola zaio Jainkoari adoratzen dela [Erran nahi da: Gauza guzien nausitzat, ezagutzen dela] hobekienik irakusten?

        Sakrifizioaz.

 

        Zer da sakrifizioa?

        Sakrifizioa da: gauza bizi bat Jainkoaren ohoretan hiltzea.

 

        Gauza bizi bat Jainkoaren ohoretan hilez, zer aithortzen eta irakusten da?

        Aithortzen eta irakusten da, gauza hura Jainkoarena dela.

 

        Hura bai; bainan ez da irakusten, munduko gauza guziak Jainkoarenak direla?

        Bai, hori ere irakusten da.

 

        Nola bada?

        Zeren munduko gauza hoberenak Jainkoarenak balin badire, txarrenak ere hala direla bixtan baita.

 

        Eta, zoin dire munduko gauza hoberenak?

        Gauza biziak.

 

* * *

 

        Nola deitzen da sakrifizioan hiltzen den gauza bizia?

        Bitima.

 

        Eta hiltzen duena?

        Sakrifikatzailea.

 

 

§ III. Sainduen ohoratzea

 

        Jainkoaz kanpo, nor adora ditake?

        Nihor.

 

        Zergatik?

        Zeren, Jainkoaz kanpo, nihork deus onik ez baitu bere baitarik.

 

        Ez dire beraz sainduak, ez eta ere Ama Birjina, adoratzen?

        Adoratzen, ez; ohoratzen xoilki.

 

        On da sainduen ohoratzea?

        Bai, on eta behar.

 

        Zergatik?

        Sainduak baitire Jainkoaren adixkideak, eta Jainkoa hetan bizi baita.

 

* * *

 

        Birjina Maria dohatsua bertze saindu guziak baino gehiago ohoratu behar da?

        Bai, Birjina Maria dohatsua bertze saindu guziak baino hainitz gehiago ohoratu behar da.

 

        Zergatik?

        Bertze sainduak ez baitire Jainkoaren adixkideak baizik, eta Birjina Maria aldiz baita Jainkoaren ama.

 

* * *

 

        Haizu da sainduen harrizko, zurezko edo bertzelako idurien ohoratzea?

        Bai, haizu da eta arras on.

 

        Zergatik, da haizu?

        Zeren ez baita hetan batere harria edo zura ohoratzen, bainan bai hek irakusten duten saindua.

 

        Zergatik da arras on?

        Zeren, hek ikusiz, sainduez hobeki orhoitzen baita.

 

 

§ IV. Adorazionearen kontrako bekhatuak

 

        Zoin dire, gure tokietan, Jainkoari zor zaion adorazionearen kontra maizenik egiten diren bekhatuak?

        Hek dire: sakrileioa, superstizionea, eta aztietan ibiltzea.

 

        Zer da sakrileioa?

        Sakrileioa da: Jainkoari kontsekratua dena gaizki ibiltzea.

 

        Zer da Jainkoari kontsekraturik?

        Jainkoari kontsekratuak dire: jendeak, nola aphezak; tokiak, nola elizak; gauzak, nola aldareko untziak.

 

        Zoin da maizenik egiten den sakrileioa?

        Sakramenduen gaizki errezebitzea.

 

* * *

 

        Zer da superstizionea?

        Superstizionean sartzen dire bi gauza.

 

        Zoin da lehena?

        Elizak onhesten ez duen bezala Jainkoaren ohoratzea.

 

        Zoin da bigarrena?

        Uste izaitea othoitz eta debozione batzuen bidez, segurki izanen direla, segurki bederen izan ez ditazken gauzak.

 

* * *

 

        Zer dire aztiak?

        Aztiak dire: gauzarik gorderenak ezagut detzazketela irakusten duten jende batzu.

 

        Ezagut othe detzazkete bada?

        Debruaren laguntzarekin, bai, hein batetaraino; bertzenaz, ez.

 

        Aztiak dire beraz edo debruaren mutilak, edo ohoin gezurti batzu?

        Bai hala dire: edo debruaren mutil, edo ohoin gezurti batzu.

 

        Eta diozu aztietan ibiltzea bekhatu dela?

        Bai, hala diot.

 

        Zergatik?

        Zeren, aztietan ibiliz, laguntzen eta hazkartzen baitire beren tzarkerietan aztietan ibiltzailerik ez balitz, ez litake aztirik.

 

 

§ V. Fedea, Esperantza, Karitatea

 

        Bertzerik zer manatzen dauku Jainkoaren lehen manamenduak?

        Manatzen dauzku: fedea, esperantza, eta karitatea.

 

        Zer da fedea?

        Fedea da: Elizak irakatsiak osoki eta zin-zinez sinhestea.

 

        Zergatik sinhestea?

        Elizari Jainkoak erran diozkalakotz, eta Jainkoaren hitza beti egia delakotz.

 

        Fedearen kontra nola egiten da bekhatu?

        Elizak irakatsiak ez ikasiz edo ez sinhetsiz.

 

        Fedea, ondikotz, hainitz ttikitua da giristinoen artean.— Fedea da Elizak irakatsiak sinhestea. Bainan egungo egunean, nork sinhesten ditu Elizak irakatsiak, sinhesten guziak eta bihotzetik!— Eliza mintzo zaiku bai herrietaro artzainen, bai jaun aphezpikuen, bai bereziki Aita-Sainduaren ahoz. Bada herrietako artzainak, edo jaun aphezpikuak, edo Aita-Saindua bera mintzo direnean, zenbat giristino ez da, beren baitan egiten dutenik, edo bardin goraki erraiten: «Huntan xuxen mintzatu da; bertze hortan holaxet.— Hau aiphatu behar zuen, bainan bertze hura ez.— Holako gauza xuri dela dio; niri aldiz iduritzen zait beltx dela?» Eta holatsuko bertze asko.— Fede bizia izaitea da hori? Horiek egiazko giristino baten solasak dire? Ez, miletan ez.— Elizak berak daki zer irakaspen eman behar duen. Nihork ez du eskurik Elizari erraiteko: «Hau iraratsiko duzu, eta hura, ez.» Nihork, Eliza mintzo denean, ez du eskurik haren irakaspenetan berexkunderik egiteko, batzuen onhartzeko, eta bertzen arbuiatzeko. Eliza mintzo denean, giristinoen eginbidea da, giristino guziena, harek irakatsiak sinhestea ela zuzentzat atxikitzea. Hori egia da, mintzo direnean berrietako artzainak; egiago oraino, mintzo direnean jaun aphezpikuak; eta osoki egia, mintzo denean Aita-Saindua.

        Zenbat eta zenbat giristino ez da, itsumenduan bizi denik egia horri buruz! Beren ustez giristino dire, beharbada giristino on, eta izaitez kasik protestant. Bai, protestantek bezala, nahi dituztenak baizik ez dituzte onhartzen Elizaren erranetan; eta hek ere, ez batere Elizak irakasten dituelakotz, bainan bai bereri hala direla iduritzen zaiotelakotz, beren gogorakoak dituztelakotz.

        O Jainko ona, pitz eta susta zazu gure fedea!

 

* * *

 

        Zer da esperantza?

        Esperantza da: Jainkoak hitzemanak zin-zinez igurikatzea.

 

        Zergatik zin-zinez igurikatzea?

        Jainkoak bere hitza beti atxikitzen duelakotz.

 

        Zer hitzeman dauku Jainkoak?

        Berak manatuen egiteko grazia, eta, egiten baditugu, zerua.

 

        Zoin da esperantzaren kontrako bekhaturik handiena?

        Etsitzea, Jainkoak emanen daukula agindu grazia edo zerua.

 

* * *

 

        Zer da karitatea?

        Karitatea da: Jainkoaren maitatzea beregatik, eta laguna Jainkoarengatik.

 

        Jainkoa beregatik maitatzea zer da?

        Hori da Jainkoa maitatzea, zeren den berenaz osoki maitagarria.

 

        Eta nola da Jainkoa berenaz osoki maitagarria?

        Osoki perfeta delakotz.

 

        Beraz Jainkoaren maitatzea egiten daukun ongiarengatik, ez da karitatea?

        Ez, ez da karitatea, Jainkoaren maitatzea egiten daukun ongiarengatik.

 

        Gauza ona da bizkitartean amodio hori?

        Bai, arras ona eta beharra; bainan karitatea hobea.

 

        Jainkoa beregatik maite duenak zenbat du maite?

        Maite du gauza guziak baino gehiago.

 

        Nola hori?

        Zeren Jainkoak gauza guziek baino gehiago balio baitu.

 

* * *

 

        Nola egiten da bekhatu karitatearen kontra?

        Edozoin bekhatu mortalez; ezen bekhatu mortala da, Jainkoa baino bertze zerbeit nahiago izaitea.

 

        Ez ditazke beraz bekhatu mortala eta karitatea elgarrekin izan ariman?

        Ez, bekhatu mortala eta karitatea ez ditazke elgarrekin izan ariman.

 

        Beraz, karitateak bekhatu mortala arimatik khentzen du?

        Bai, khentzen du; eta horra zergatik arras on den ahalaz maiz piztea bere baitan karitatea.

 

        Hortarakotz zer egin behar da?

        Gogoan erabili Jainkoa dela munduko gauza guziak baino miletan eta miletan ederrago, aberatsago, garbiago, sainduago, hitz batez, maitagarriago [Mundu huntako gauzarik ederrenak eta maitagarrienak ez dire Jainkoaren edertasunaren eta maitagarritasunaren itzal ez-deus batzu baizik. Hortaz orhoit, eta Jainkoari berari galde karitatea].

 

 

§ VI. Lagunaren alderako amodioa

 

        Zergatik diozu karitatea duenak laguna maite duela Jainkoarengatik?

        Zeren, norbeit maite denean, haren iduria eta haurra maite izaiten baita.

 

        Eta laguna, Jainkoaren iduria eta haurra da?

        Bai, laguna Jainkoaren iduria eta haurra da.

 

        Beraz laguna maite ez duenak, ez du Jainkoa egiazki maite?

        Ez, laguna maite ez duenak, ez du Jainkoa egiazki maite.

 

        Haizu da lagunaren maitatzea egiten daukun ongiarengatik?

        Bai, arras haizu; bainan amodio hori ez da karitatea.

 

        Zer da bada karitatea lagunari buruz?

        Karitatea da lagunaren maitatzea Jainkoarengatik, Jainkoaren iduria eta haurra delakotz.

 

        Nola frogatzen da laguna maite dela? Bere behar-orduetan, bereziki arimakoetan, ahalaz lagunduz.

 

* * *

 

        Zoin dire lagunaren amodioaren kontra maizenik egiten diren bekhatuak?

        Badire bia; herra eta eskandala.

 

        Zer da herra?

        Herra da: lagunaren gaitza nahi izaitea, edo duen gaitzaz atsegin hartzea.

 

        Zer da eskandala?

        Eskandala da: zerbeit hitz edo egintza makur, laguna gaizkirat ekhar dezakena.

 

* * *

 

        Zer dire fedezko, esperantzazko, eta karitatezko aktak?

        Hek dire: bihotzeko fedea, esperantza eta karitatea irakusten dituzten othoitz batzu.

 

 

BIGARREN MANAMENDUA

 

Juramenturik zuk ez duzu

Ez zinik eginen banoki.

 

        Zer debekatzen du Jainkoaren bigarren manamenduak?

        Debekatzen ditu bereziki: blasfemioa, eta zin edo juramentu gaizki eginak.

 

        Zer da blasfemioa?

        Blasfemioa da: Jainkoaren edo sainduen kontra mintzatzea.

 

        Bekhatu handia da blasfemioa?

        Bai, ditaken handienetarik bat, guziz Jainkoaren beraren kontrako blasfemioa.

 

* * *

 

        Zer da zina edo juramentua?

        Hura da: Jainkoa bere hitzaren lekuko edo berme hartzea.

 

        Beraz zin egileak hau dio: Jainkoa nere orde mintzo balitz, nik errana erran lezake?

        Bai, zin egileak hori ber-bera dio: Jainkoa nere orde mintzo balitz, nik errana erran lezake.

 

        Zin egin ditake kheinuz, deus erran gabe?

        Bai; eta egiten da, nola besoa alxatuz, gurutzea eginez.

 

        Noiz egiten da zin gaizki?

        Gezurraren gainean, edo beharrik gabe egiten denean.

 

        Bekhatu handia da gezurraren gainean zin egitea?

        Bai bekhatu handia da gezurraren gainean zin egitea.

 

        Zergatik?

        Erraitea baita: Jainkoa mintzo balitz, ni bezala gezurrez mintza litake.

 

* * *

 

        Bertzerik zer debekatzen du Jainkoaren bigarren manamenduak?

        Jainkoaren izena arinki aiphatzea.

 

        Debruaren izena aiphatzea bekhatu da?

        Bekhatu, ez; bainan, itsusi.

 

* * *

 

        Bertze zerbeit oraino debekatzen du manamendu horrek?

        Bai: botuen nahitarat haustea.

 

        Zer da botua?

        Botua da: zerbeit onik Jainkoari, bekhatuaren pean, hitzemaitea.

 

        Gauza ona da botua?

        Bai, arras ona; bainan, bakhan egin behar litake kofesoraren baia gabe.

 

 

HIRUGARREN MANAMENDUA

 

Igandeak begira zatzu

Jauna ere zerbitza debotki.

 

        Zer manatzen dauku Jainkoaren hirugarren manamenduak?

        Igande egunen ongi begiratzea.

 

        Zer behar da igande egunen ongi begiratzeko?

        Meza entzun, eta lan debekaturik beharrik gabe ez egin.

 

* * *

 

        Bekhatu handia da igandetan meza ez entzutea?

        Bai, bekhatu handia da igandetan meza ez entzutea.

 

        Bururen buru entzun behar da meza?

        Bai, bururen buru entzun behar da meza.

 

        Bekhatu da beraz meza hasi ondoan sartzea?

        Bai, bekhatu da meza hasi ondoan sartzea.

 

        Zer adinetan hasten da meza entzuteko eginbidea?

        Zazpi urthetan.

 

        Zoin meza entzun behar da?

        Edozoin; bainan arras on da predikua den mezan aurkhitzea.

 

        Meza entzuten ahal ez duenak, behar du etxean zerbeit othoitz egin?

        Ez eginikan ere, ez da bekhaturik; bainan egitea hainitz gauza ona da.

 

        Zer diozu igandetako bezperez?

        Diot: giristino onek laket dutela bezperetan kausitzea, eta Jainkoak benedikatzen dituela.

 

* * *

 

        Zoin dire igandetan debekatu lanak?

        Nekhatzaile lanak, erran nahi da: maizenik biziaren irabazteko egiten diren esku-lanak.

 

        Izenda zatzu lan hetarik zenbeit?

        Lur lan guziak, hargintza, zurgintza, zapataintza, harozgoa, jostea.

 

        Lan horietan beharrez haritzea, zer bekhatu da?

        Batere; bainan on da, behar orduan ere, herriko erretoraren baia galdetzea.

 

        Lan horietan beharrik gabe hariz bekhatu mortala egin ditake?

        Bai segur, aski luze haritzen bada.

 

* * *

 

        Igandeak begiratzen ez dituzteneri, zer gertatzen zaiote?

        Maiz eta ardura Jainkoak, mundu huntan berean, garrazki jotzen ditu.

 

 

LAUGARREN MANAMENDUA

 

Aita eta ama ohora zatzu

Bizi zaitezen luzeki.

 

        Zer manatzen du Jainkoaren laugarren manamenduak?

        Manatzen du lehenik, nola ekhar burhasoak, eta bertze aintzindari zuzenak.

 

        Eta bertzerik zer manatzen du?

        Burhasoeri eta aintzindarieri manatzen diote nola ekhar beren haurrak eta azpikoak.

 

 

§ I. Burhasoak eta haurrak

 

        Haurrek zer eginbide dute burhasoen aldera?

        Haurrek burhasoak behar dituzte: maitatu, errespetatu, eta obeditu.

 

        Zergatik maitatu?

        Heien ongi-egileak direlakotz: haurrek burhasoenganik dute ontasunik handiena, bizia.

 

        Zergatik errespetatu?

        Burhasoak haurreri buruz Jainkoaren ordainak direlakotz.

 

        Zergatik obeditu?

        Jainkoak haurrak burhasoen eskuetan ezarri dituelakotz [Haurrak, diote Liburu Sainduek, burhasoeri obedi gauza guzietan].

 

* * *

 

        Nola behar zaiote burhasoeri maite direla irakutsi?

        Lagunduz beren behar orduetan, eritasunetan, eta bereziki hiltzeko menean.

 

        Burhasoeri nola galtzen zaiote errespetua?

        Elhe gaxtoak erranez, burlak eginez, eta gehienik, joz.

 

        Jainkoak bereziki benedikatzen ditu burhasoak ohoratzen dituzten haurrak?

        Bai, segurki, eta maiz bizi huntarik beretik.

 

* * *

 

        Burhasoek zer eginbide dute haurren aldera?

        Haurren maitatzea, eta heien gorphutzaz eta arimaz artha hartzea.

 

        Burhasoek haurrentzat zer egin behar dute gorphutzeko gauzetan?

        Hazi eta beztitu, eta ahalaz bizitzeko segida eman.

 

        Eta haurren arimentzat, zer egin behar dute burhasoek?

        1. Eskolatu edo ezkolarazi, beren heinaren arabera; 2. galbidetarik zaindu; 3. beren hitzez eta egintzez ongirat ekharri.

 

        Zer eskola bereziki eman behar diote burhasoek haurreri?

        Lehen lehenik, eta gauza guzien gainetik, burhasoek haurreri ezagutarazi eta maitarazi behar diote giristino legea.

 

        Burhasoen eginbide hertsia da beraz haurrak giristino legea funtsez irakusten den eskoletan emaitea?

        Bai, burhasoen eginbide hertsia da beren haurrak, ahal dutelarik, giristino legea funtsez irakasten den eskoletan emaitea [Legearen arabera, eskola batean ez denean othoitzik egin behar, ez eta katiximarik irakatsi, eskola hura da Jainkorik gabeko eskola. Holako eskoletarat ez ditazke haurrak igor EZIN BERTZEAN baizik. Ahal duten burhaso guziek haurrak eman BEHAR dituzte eskola giristinoetan, non ez duten bertzetan emaiteko zerbeit arrazoin aski handi.— Eta, aiphatu eskoletan othoitzak eta katixima egiten balietz ere legearen ixilik, beren haurrak ahalaz eman behar lituzkete eskola giristinoan].

 

 

§ II. Nausi etxeko-andreak eta sehiak

 

        Sehien eginbideak zoin dire?

        Nausi etxeko-andreak errespetatzea, lanari jarraikitzea, eta etxeko ona bilhatzea.

 

        Eta nausi etxeko-andrek zer eginbide dute sehien aldera?

        Onak izaitea, zuzen den saria emaitea, giristino urhatsetan ibilaraztea.

       

 

§ III. Kargudunak eta heien azpikoak.

 

        Zer eginbide dute gobernamenduko gizonek, eta bertze herrietako kargudunek?

        Behar dute: 1. Eliza lagundu edo bederen libro utzi; 2. beti zuzenari bere bidea eman; 3. ahalaz zerga guti ezarri; 4. jende xeheaz artha berezi bat izan.

 

        Zer zor zaiote gobernamenduko gizoneri, eta bertze herrietako karguduneri?

        Zor zaiote errespetua, eta obedientzia, kontzientzia kolpatzen ez duten gauzetan [Gobernamendu batek lege tzarrak, erlisionearen kontrako legeak, egiten dituenean, lege heieri jazarriz ez da batere gobernamenduari zor zaion errespetua hausten. Aitzitik, giristino guzien eginbide hertsia da halako legen ahalaz ezeztatzea eta khenaraztea].

 

        Badire bertze kargudun batzu, herrietakoak eta gobernamendukoak baino hobeki errespetatu eta obeditu behar direnak?

        Bai, Elizako kargudunak, nola erretorak, aphezpikuak, eta guziz Aita Saindua.

 

 

BORTZGARREN MANAMENDUA

 

Nihor obraz hilen ez duzu

Ez borondatez gaxtoki.

 

        Zer debekatzen dauku Jainkoaren bortzgarren manamenduak?

        Debekatzen dauku: lagunaren laidoztatzea, eta beharrik gabe jotzea, kolpatzea eta hiltzea.

 

        Noiz izan ditake norbeiten hiltzeko edo kolpatzeko beharra?

        Bertzela bere bizia, edo ontasun handi bat begira ez ditakenean.

 

        Gizonari haizu zaio bere buruaren hiltzea?

        Ez, sekulan nihori ez zaio haizu bere buruaren hiltzea.

 

 

SEIGARREN ETA
BEDERATZIGARREN MANAMENDUAK

 

Pallardiza eginen ez duzu

Obraz ez gogoz likhiski.

 

Bertzeren esposik ez duzu

Desiratuko lizunki.

 

        Zer debekatzen dute Jainkoaren seigarren eta bederatzigarren manamenduek?

        Debekatzen dituzte: lohikeriazko gogoetak, gutiziak, hitzak eta obrak.

 

* * *

 

        Gogoeta edo gutizia lohi bat izaitea bekhatu da?

        Bekhatu dela ohartzen ez bada, ez.

 

        Eta bekhatu dela ohartzen bada?

        Orduan ere ez da bekhatu, berehala khentzerat egiten bada.

 

        Beraz, bekhatu egiteko, behar da, bekhatu dela ohartzen delarik, gogoetan edo gutizian nahitarat egon?

        Bai, bekhatu egiteko, behar da, bekhatu dela ohartzen delarik, gogoetan edo gutizian nahitarat egon.

 

        Eta zenbat denbora egon behar da?

        Den gutiena aski da.

 

* * *

 

        Arima eta gorphutza lohikeriatik garbi atxikitzeko, zer egin behar da?

        Behar da lehenbizikorik: lohikeriara dakharketen gauzetarik artharekin urrundu.

 

        Gauza hetarik zenbeit izenda zatzu?

        Solas lizunak, liburu eta gazeta tzarrak, dantzak, gazten arteko nahastekak, eta bereziki buruz-buruak [Bi-biak].

 

        Garbi bizitzeko, bertzerik oraino zer behar da?

        Ez alfer bizi, negurriz edan, gorphutza ez guriki ekharri, eta aphaindurak ez sobra maitatu.

 

        Horiek aski dire, lohikeriako bekhatuetan ez erortzeko?

        Ez, ez dire aski.

 

        Zer behar da bada bertzerik?

        Ama Birjina hainitz othoiztu, eta, gazte delarik bederen, maiz eta ardura komuniatu.

 

 

ZAZPIGARREN ETA
HAMARGARREN MANAMENDUAK

 

Bertzena ebatsiko ez duzu

Ez atxikiko injustoki.

 

Gutizia izanen ez duzu

Bertzen onaren gaizki.

 

        Zer debekatzen dute Jainkoaren zazpigarren eta hamargarren manamenduek?

        Debekatzen dute: bertzen ontasuna zuzen kontra hartzea, atxikitzea, eta gutiziatzea.

 

        Zer egin behar da, bertzen ontasuna hartu edo atxiki denean?

        Behar zaio jabeari itzuli.

 

        Eta jabeari ezin itzul baditake?

        Orduan, eman behar zaiote jende beharreri.

 

        Eta itzultzekorik ez bada?

        Orduan, behar da itzultzeko xede zina hartu, eta itzultzekoa ahalaz bildu.

 

        Zer egin behar da gauza bat atzematen denean?

        Behar da jabea bilhatu, eta agertuko den-ez igurikatu.

 

        Eta ez bada agertzen?

        Orduan, gauza atzemana atxik ditake, bainan, hobe da jende beharreri emaitea.

 

        Norbeiti zerbeit bidegabe ekharri zaioenean bere ontasunetan, zer egin behar da?

        Bidegabea nahitarat ekharri bada, behar da pagatu.

 

 

ZORTZIGARREN MANAMENDUA

 

Lekukotasunik ez duzu

Ez hitzik erranen faltsoki.

 

        Zer debekatzen du Jainkoaren zortzigarren manamenduak?

        Debekatzen ditu: gezurrak, gezurrezko lekukotasunak, medisentziak eta kalomniak.

 

        Zer da gezurra?

        Gezurra da: bere ustez hala ez dena erraitea, bertzeri sinhetsarazteko.

 

        Noiz da gezurra zilhegi?

        Gezurra ez da sekulan zilhegi.

 

        Zer da gezurrezko lekukotasuna?

        Hura da: justizian lekuko denean, gezurrez mintzatzea.

 

        Bekhatu handia da hori?

        Bai, bekhatu handia da.

 

        Zer da medisentzia?

        Medisentzia da: bertzen huts gordea beharrik gabe agertzea.

 

        Zer da kalomnia?

        Kalomnia da: bertzen kontra gezurrez mintzatzea.

 

        Medisentziaz edo kalomniaz norbeiti ohorea ttikitu edo khendu zaionean, zer egin behar da?

        Ahalaz bihurtu.

 

 

ELIZAREN MANAMENDUAK

 

        Zenbat Elizaren manamendu dire?

        Badire sei.

        Errazkitzu:

                1. Meza saindua entzun zazu,

                Besta, igandetan, debotki!

                2. Bestak begira zatzu

                Manamenduzkoak sainduki.

                3. Bekhatuak kofesa zatzu

                Urthean behin osoki.

                4. Gorphutz saindua errezebi zazu

                Bazkoz bederen humilki!

                5. Garthak, Bixiliak, barur zatzu,

                Garizuma ere osoki.

                6. Ortziralean janen ez duzu

                Ez larunbatean haragi.

 

 

LEHEN ETA BIGARREN MANAMENDUAK

 

Meza saindua entzun zazu

Besta, igandetan, debotki.

 

Bestak begira zatzu

Manamenduzkoak sainduki.

 

        Zer diozu Elizaren lehen manamenduaz?

        Diot: sartzen dela Jainkoaren hirugarren manamenduan.

 

        Eta bigarrenak zer manatzen dauku?

        Manatzen dauku: zenbeit besta egun begiratzea igandeak bezala.

 

        Zoin dire besta hek?

        Frantzian badire lau: Eguberri, Jon Doni Salbatore, Andre dena Maria Aboztukoa, eta Omia-Saindu.

 

 

HIRUGARREN MANAMENDUA

 

Bekhatuak kofesa zatzu

Urthean behin osoki.

 

        Zer manatzen dauku Elizaren hirugarren manamenduak?

        Manatzen dauku: urthean behin gure bekhatuak ongi kofesatzea.

 

        Zoin adinetan hasten da eginbide hori?

        Zazpi urthe bethe direnean [Bizkitartean, zazpi urthez azpiko hain batek ere, bekhatu mortalean balin bada, behar du, hiltzeko menean bederen, kofesatu. Horra zergatik burhasoek behar lituzketen beti hiltzera dohatzin bortz sei urtheko haurrak ahalak kofesarazi; eta, hiltzeko menetik kanpo ere, haur heien kofesaraztea arras on litake].

 

        Non eta nori behar da kofesatu?

        Nahi den tokian, eta aphezpikuaren baia duen edozoin aphezi.

 

        Urtheko zoin egunetan behar da kofesatu?

        Edozoinetan.

 

 

LAUGARREN MANAMENDUA

 

Gorphutz Saindua errezebi zazu

Bazkoz bederen humilki.

 

        Zer manatzen dauku Elizaren laugarren manamenduak?

        Manatzen dauku: urthean behin, Bazko denboran, ongi komuniatzea.

 

        Non egin behar da Bazkoko komunionea?

        Bazkoko komunionea egin behar da herriko elizan.

 

        Eta, bertze nonbeit egin nahi balin bada?

        Orduan, behar da lehenik herriko artzainaren baia ardietsi.

 

 

BORTZGARREN MANAMENDUA

 

Garthak, Bixiliak, barur zatzu

Garizuma ere osoki.

 

        Zer manatzen dauku Elizaren bortzgarren manamenduak?

        Manatzen dauku barur egitea: garizuman, garthetan, eta zenbeit besta-buru bezperetan.

 

        Zer da barura?

        Barura da: egunean egiazko aphairu bat baizik ez egitea, arratsean kolazionea deitzen den aphairuxka batekin.

 

        Barur egunetan mehe egin behar da?

        Bai, non ez duen Elizak gizena sori uzten.

 

        Gizena sori denean, haizu da aphairu berean haragikia eta arrainkia nahastekatzea?

        Ez, nahasteka hori ez da haizu [Garizumako igandetan ere ez da haizu].

 

        Kolazionean zertarik jan ditake?

        Eguerditan jan zitazken guzietarik, salbo haragikia eta arroltzeak.

 

        Goizetan zerbeiten jatea haizu da?

        Bai, bainan ez untza bat edo bia baino gehiago.

 

        Edariak barura hausten du?

        Ez, edariak ez du barura hausten.

 

        Zoin adinetan hasten da barur egiteko eginbidea?

        Hogoi-ta bat urthe bethe direnean.

 

        Adinaren edo bertze zerbeitengatik barur egiten ez denean, mehe egin behar da?

        Bai, ahal delarik, beti mehe egin behar da.

 

 

SEIGARREN MANAMENDUA

 

Ortziralean janen ez duzu

Ez larunbatean haragi.

 

        Zer debekatzen du Elizaren seigarren

manamenduak?

        Debekatzen du ortzirale larunbatetan gizen egitea.

 

        Zer da gizen egitea?

        Haragikia edo urinkia jatea.

 

        Noiz hasten da mehe egiteko eginbidea?

        Zazpi urthetan.

 

        Erientzat eta pobrentzat, bekhatu da gizen egitea?

        Ez, erientzat eta pobrentzat, ez da bekhatu gizen egitea.

 

 

BEKHATUA

 

§ I. Zer den

 

        Zer da bekhatua?

        Bekhatua da: Jainkoari desobeditzea.

 

        Nola desobeditzen zaio Jainkoari?

        Harek debekatua eginez, edo harek manatua ez eginez.

 

        Non ikusten da Jainkoak zer debekatzen duen, eta zer manatzen?

        Jainkoaren eta Elizaren manamenduetan.

 

* * *

 

        Gauza bat egitean, ez bada uste Jainkoak debekatzen duela, bekhatu egiten da?

        Ez, ez da bekhatu egiten.

 

        Eta uste bada debekatua dela?

        Orduan bekhatu da, nahitarat egiten bada.

 

        Beraz, bekhatu egiteko, behar da: gauza bat nahitarat egin, Jainkoak debekatua dela uste delarik?

        Bai, bekhatu egiteko, behar da: gauza bat nahitarat egin, Jainkoak debekatua dela uste delarik.

 

 

§ II. Bi bekhatu

 

        Zenbat bekhatu mota dire?

        Badire bia: bekhatu mortala, eta bekhatu beniala.

 

        Zer erran nahi du hitz horrek: mortala?

        Erran nahi du: hiltzen duena.

 

        Zer hiltzen du bekhatu mortalak?

        Bekhatu mortalak ariman hiltzen du graziaren bizia.

 

        Zer da beraz bekhatu mortala?

        Hura da: bekhatu bat galarazten daukuna saindu egiten gaituen grazia, halaber zerua, eta merezitzen ifernua.

 

* * *

 

        Grazia dugunean, noren adixkide gare?

        Jainkoaren adixkide.

 

        Eta bekhatu mortalaz grazia galtzen dugunean?

        Debruaren adixkide.

 

        Beraz, bekhatu mortala egiten duenak Jainkoa uzten du debruarentzat?

        Bal, bekhatu mortala egiten duenak Jainkoa uzten du debruarentzat, debrua nahiago du Jainkoa baino.

 

        Mesprezio handia da beraz bekhatu mortala Jainkoarentzat?

        Bai, ditaken handiena: ezen bertze zerbeit Jainkoa baino nahiago izaitea, erraitea bezala da: Jainkoa ez dela gauza guziak baino hobea, beraz ez dela Jainko.

 

        Eta guretzat, gaitz handia da bekhatu mortala?

        Bai, ditaken handiena: ezen, galarazten dauku oroz gaineko ontasuna, Jainkoa.

 

* * *

 

        Bekhatu benialak ere galarazten ditu grazia, Jainkoaren adixkidantza, zerua?

        Ez bekhatu benialak ez ditu galarazten grazia, Jainkoaren adixkidantza, zerua.

 

        Zer kalte egiten du bada bekhatu benialak?

        Bekhatu benialak hozten du gure Jainkoarekilako adixkidantza; arima uzkurtzen du eta trabatzen zeruko bidean; merezitzen du Purgatorioa.

 

        Gaitz handia da bekhatu beniala?

        Bai, bekhatu mortalaren ondotik, ditaken gaitzik handiena.

 

 

§ III. Bekhatu mortala

 

        Nola egiten da bekhatu mortala?

        Bekhatu mortalaren egiteko, behar da Jainkoak debekatu gauza handi bat, osoki ohartuz eta osoki nahitarat egin.

 

        Gauza debekatu bat ttikia dela uste denean, zer bekhatu egiten da?

        Bekhatu beniala; ez da sekulan uste den baino bekhatu handiagoa egiten.

 

        Eta ustez gauza handia bada, bainan erdi ohartuz egiten?

        Orduan ere bekhatu beniala.

 

        Eta osoki ohartuz egiten bada, bainan nahi osoa gabe?

 

        Orduan ere bekhatu beniala (*).

 

        Bai, hala da; bainan ongi har gogoan xehetasun hauk:

        Lehenbizikorik, gauza debekatu handi bat, osoki ohartzen delarik, nahitarat egiten denean, arras nekhe da ez dadin bekhatu mortala izan.

        Bigarrenekorik, bekhatu mortalaren egiteko behar den nahia izan ditake, gauza bat frango errenkurarekin eta bihotz-minekin eginikan ere. Pilatusek, segurki, nahiago zuken alde batetik Jesus ez kondenaturik; bainan egin baitzuen! Halaber, egungo egunean, zenbat giristino ez da, dakitenak gauza bat arras gaizki dela, gauza harren egitera barneak ekhartzen ez dituenak, eta bizkitartean gauza hura egiten dutenak, zerbeiten beldurrez edo zerbeiten esperantzan. Pilatus egiazkoak! Halako giristinoek nahikeria dute xoilki bekhatuaren ez egiteko. Hekien nahia bekhaturako da; guzien buruan, bekhatua hautatzen dute, bekhatua nahi dute.

        Eta horrengatik, erran bezala gauza handia denean, nahi dute eta egiten bekhatu handia, bekhatu mortala.

 

 

§ IV. Bekhatu kapitalak

 

        Zer dire bekhatu kapitalak?

        Bekhatu kapitalak dire: bertze bekhatu guzien ithurburuak.

 

        Zer erran nahi du hitz horrek: kapitalak?

        Erran nahi du: Bertzen buru direnak.

 

        Zenbat bekhatu kapital dire?

        Badire zazpi: urguilua, zikoizkeria, lohikeria, bekaizkeria, gormandiza, kolera eta alferkeria.

 

        Zer da urguilua?

        Urguilua da: bere buruaz uste handiegia izaitea.

 

        Zoin da urguilurik gaxtoena?

        Buruzagieri ihardokitzerat ekhartzen duena.

 

        Zer da zikoizkeria?

        Zikoizkeria da: lurreko ontasunak, eta bereziki dirua, sobra maitatzea.

 

        Zer da lohikeria?

        Lohikeria da: garbitasunaren kontrako atseginak maitatzea.

 

        Zer da bekaizkeria?

        Bekaizkeria da: bertzen onaz atsegabe izaitea.

 

        Zer da gormandiza?

        Gormandiza da: jan edanak sobra maitatzea.

 

        Zer da kolera?

        Kolera da: norbeiten edo zerbeiten kontra sobra suhartzea.

 

        Zoin da kolerarik tzarrena?

        Mendekatzera dakharkena.

 

        Zer da alferkeria?

        Alferkeria da: laneko, eta bereziki giristino urhatsetako, uzkur eta nagi izaitea.

 

aurrekoa hurrengoa