www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Giristino legea laburzki
Laurent Diharasarri
1892

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Giristino legea laburzki, Laurent Diharassarry. Lasserre Baithan, 1892.

 

 

aurrekoa hurrengoa

Aita Agustin Bastidako Beneditanoen abadeak,
Katixima hunen egileari egorri izan diozkan
laudoriozko hitz onak

 

JAUN ERROTOR ETA ADISKIDE MAITEA,

 

        Huna beraz non ematen daukuzun, oino ere eskualduneri, liburu berri eta on bat.

        Yadanik eman dauzkigutzunak hainitz onak ziren, oraiko hunek ez diote bada izanen lehenagokoei zorrik.

        Iduri du, zenbeit azken urthe hautan, yaun aphez zenbeiten artean, gutieskua saindu bat eman dela nork eginen eta emanen darotzkigun libururik hoberenak, eskuararik garbienean.

        Ez dakogu guri erratea zein diren hoberenak eta ederrenak; guziak, bakhotxa bere gisan eta bere heinian, onak eta ederrak baitire.

        Bainan orai artero liburuez dena dela, orai agertzen duzun katixima edo giristino lege hau izanen da hein bat ona arimen argitzeko eta irakaspen zuzenak eta segurak emateko.

        Ez dut uste badugun katiximarik eskuara garbiagoz eginik, ez eta ere gauzak errexkiago aditzeko gisan erranez.

        Eskuara garbia ez diren hitz guziak ahalaz bazterrerat utzi ditutzu, ezin bertzezko bakhar batzu hartuz. Gauzak gogoan hartzeko maiz errexago bihurtu ditutzu; galdea eta ihardestea hitz berez emanez, halako gisaz non, askotan, aski baita bai eta ez, galdeari ihardestearen emaiteko.

        Gogoz nekez gauzak ikhasten dituztenek ere zure katixima errexki, edo bederen errexkiago ikhasiko dute.

        Bertze alde denbora bakhotxa, mende bakhotxak baditu bere behar bereziak, eta gure denborak ez ttikiagoak.

        Gure mendean eta oraiko egunetan baitezpada yakin behar diren gauza eta egia batzu hainitz laburzki eta funtski xehatu eta argitu ditutzu.

        Oxala katixima ttiki hau, jainko lege hau giristinoen esku-liburua egiten balitz! maiz irakurtua balitz! Oxala liburu ttiki hau ez balitz, bertze zenbeit bezala alhase mail batean edo armario zokho batean utzia! armiarmoz estalia.

        Giristinoek gogoz behar lukete ikhasi español eskualdunek beren katixima ttikia ela ederra dakiten bezala.

        Zure katixima, jaun erretora, aski laburra da, arras adi errexa, eta bizkitartean aski hedatua egia yakin beharrenen gainean. Zenbat giristino ez da kausitzen bazter guzietan gure erlisione sainduko egia nausiak eta beharrenak ahantziak baitituzte? Egia batzu badire baitezpada jakin behar direnak salbatzeko, eta bertze batzu jakitea manatuak garenak.

        Egia horiek ongi jakinen ditu zure liburu ttikia noizean behin irakurtzen duenak; eta bada liburu hori irakur diteke ezti eztia, eta hatsa hartuz, hiru edo lau orenez. Balinba ez ahal da nihor irakurtu nahiko ez duenik pixkaka bederen eta noizetik noizera!

        Katixima, erraten zuen aphezpiku saindu eta jakintsun batek, zeruko gakhoa da.

        Erabil dezagun eskuetan gakho hori, atxik dezagun izpirituan katixima hori; eta zeruko gakhoak idekiko dagoku zerua.

        Oi! zer lastima! Urria eta zilharra baino gehiago balio duen liburua zokhorat emana eta utzia! Ez dugu urria eta zilharra hola sokho batean herdoiltzerat uzten! Idek detzagun arimako begiak arimako ontasunen gainean, gorphutzeko begiak gorphutzeko ontasunen gainean idekiak ditugun bezala!

        Zutaz den bezenbatean, jaun errotora eta adixkide maitea, Jainkoak eman dezazula agindu duen saria!

        Qui ad justitiam erudiunt multos fulgebunt quasi stellae ad perpetuas eternitates. (Dan. 12. 3.) Bertziak erlisioneko egiez argitzen dituztenek, argituko dute berek eta distiatuko izarrek bezala menderen mendetan.

Bastidan egina,
buruilaren 17an 1892an

 

AITA AGUSTIN,

Beneditanoen Abadea

 

aurrekoa hurrengoa