www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Olerkijak
Sabino Arana Goiri
1894-1903, 1919

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Sabino Arana Goiriren Olerkijak

 

aurrekoa hurrengoa

ITZ BI

 

Aita Onaindia

 

        Begien mende dozu idazti deigarri bat, geldi-geldi irakurtekoa. Ez ezelan be eliz-txorien egazkada biziz, saiaren ego-ukaldi itzal aundikoaz baiño.

        Sabiñ'en olerkiak dituzu, maisu jakintsuaren sorpenak. Arek be, ba, musaen ondi-gaiñean intzentsua erre eban. Besterenganatua ibilli zan gauza askotan, eder-lanari ekiteko asti geiegi barik; alan eta guzti, sarri aundiko bultzadak izan zituan ez gitxitan.

        Goi-gorriak jota eder-eremuan besteak ez ekusena ikustera eldu zan, ez gero obari ta interesdun zerbaiten billa, guztion aintzarako zanak eraginda baiño. Erdiune ber-berera doaz abandotarraren burutapen, biotz-erason eta birlora dan-danak: euskal erriaren ona, zuzena

ta aintza. Urduritasun orrek iruntsiko dautsa olerkariari arimea.

        Ertilari genduan Sabin. Gizona ta ertilaria, barriz, estu-estu ei dabiltz. Sabin'ek, giza-seme zanez, jaio zan sukaldean ikasi ta arturiko fede ta ekandu zuzenai ez eutsen egundo muzin egin. Aren oler-lanak onak ditugu beti, Jainkoa ta Aberria duin be duin kantatuz. Gizonak leenen gizon izan bear, eta ondoren artista; gero, jakiña, sorburu garbiak ezin daikegu ur loirik ekarri.

        Aren lirikar kopla guztiak barren-barrendik sortuak dira. Olerkia, barruan erne ta eroana, aur-aldi baten antzeko dala takean-potean entzuna dogu; labur adierazteko, ernaldi nekeza, luze, lillurazlea. Ez da, egia autortu nai da'da, edozer gauza, aizta bat, tresna bat, idazkortz bat, adibidez. Beste zerbait da, muiñetik jagia, gizonaren barne-biziak uzta eder lez emona.

        Olantxe moldatu euskuzan Arana'k bere olerkiak, espetxean, illunetan egiñak ainbat, mendi gurenetik zabal ta eder, baiña zori gaiztoko gure erria ikusiaz, biotz-taupadaka biribildutako oler-bitxiak.

        Giza-abots oro da, ziurki, zerbaiten ereile. Arana'rena aberri ereile. Aren bertsoak —esan dogu— Jainkoa ta Aberria kantatu eben. Bernanos'ek aitatu zitun iñoiz «lirikar aotxoak», emakumezkoak beti gauza bardiña abesten dabela adierazo nairik. Arana'z berebat esan bearko? Ba leiteke. Ez poesi mimikoi ta geldoak egin zitulako, bere barrua olan ustu ebalako baiño. Biotzean daroaguna errez adietan emoten. Ak maite bi eroazan, su bi, bere erraietan. Eta orrexek abesten dauskuz eten barik.

        Biotzaren intziriak, oiu bizi-garratzak, aren lanak, larogetaz urteak joanak dirala be, oraindik gogotan daukaguzanak. Olerkariaren naia, barriz, nobere bertsoak urtez urte otsegiñak izatea da, ezpairik bage. Eta Arana'k jadetsia dau gurari ori.

        Bai, nok ez ditu gaur be entzuten, euskotar eztarriak oiukatuta, aren olerkiak: «Bizkaitarrak gara», «Mendiko negarra», «Azkatasun eguzkia», «Lenago il! », «Agur, Jaunan Ama», «Goxeko Ixarra», «Otseña zara», «Ken!», «Euzko-Abendearen Ereserkia» eta gaiñerakoak? Orretarakoxe idatzi zituan, ain zuzen, kanta daiguzan; eta kantatuz euskaldun biotzak samur-azo ta zirraratu egiezan.

        Xede ori bete beizu, irakurle, gure Irakasle jatorraren biotz-intziri ta samin-oiuak.

 

Larrea, 1982-3-24

 

aurrekoa hurrengoa