www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kresala
Domingo Agirre
1906

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

XXV

ELIZKARIAK EDO ELIZ-ARRENAK

 

        Bere konortera etorri zaneko jagi ta jantzi zan Mañasi, ta etxekoandra errukitsu ta nagusi onaren esanei jaramon barik, buruko uleak bekokian bera zituala, anpolaiak baño begi gorriagoakaz, zoro baten irudira, zotinga ta negarrez, Arranondorako zalpurdia artu ta urten eban, Bilbotik orduan urteten zan lez, Atxurin gora, Miraflores-tik zear, Zubi-barriruntz.

        Zalpurdi atan joiazan beste bidezkoak bekien nunbait zetatik etorren neskatillearen naigabea, bada baziarduen euren artean, ixiltxu, baña itz bakar bat ezeutsen esaten Mañasiri. Ondo egiten ebien: atsekabearen lagunik onena errukizko ixiltasuna da.

        Ezeban gura be Mañasik iñogaz elean jardun: naikoa zer esan da zer entzun baeukan bere barruan.

        Ezeutsan iñori arpegirik emon be. Zalpurdi-leiotik begira joian solo, zelai, mendi ta erriak ikusiaz.

        Egualdi ederra egoan. Larrain zabaletan ekusan aguratxoak, azmantarrak ipinten edo abarka zarrai txopitea josten; lur langintzan nekazariak, idi buztartuakaz aidaka; solo ertzean jarrita, edo errekastoaren ondoan auspez, ume sostorrak, lora sortatxoak egiñaz; ordeka erdian bei gorriak bedarra jaten mana edo patxadarik andienagaz; mendi egaletan artzañak euren artaldetxoai begira, ta mendi goi gañean zaldi ta beor askatuak irrintzika... Dana egoan bakean, dana Mañasiren arimea izan ezik, eta bestien bakeak berak min barria emoten eutsan neskatilleari. Idiak atzetik eroien golde ortza biotzaren erdian sartzen jakon burdiñea zala esango eukean...

        Zornotza aldeko baserritarrak ezeutsien garrauzi andirik emoten arrantzalien ondamenari, edo ezebien oraindik ezer jakingo... Ez, ezeuen jakingo; baña jakindakoan be, orduantxe ziarduen legez jardungo euen lanean... Bearrak eragin. Itxasaldeko ondamena gora bera, gauza guztiak euren bidean joango ziran. Bestien naigabeak min emonarren bakotxak geure arretak izan daroaguz...

        An ikusten eban Mañasik, aurreratxoago, Anbotoko atxa, gogorra, legorra, arrizko biotzduna, gizonen gauzakaitik ardurarik ezeutsana... Ta olantxe egongo ziran ajolagabe urriñaldeko gizadiak, ez euren zeregiñetan bakarrik, baita euren jolasetan be. Egunerokoa da norbaitzuk negarrez dagozanean beste asko barrez egotea...

        An agiri zan, gañera, Urkiolako baselizea. Baseliza orretan, Done Antonio miragillearen bitartez, ainbat euskaldunen zauriak sendatu zirean, ainbat samiñak ezti biurtu... Egingo eukion Doneari bederatziurren beroa Mañasik, onen gurariko mirari barri baten ordez. . . Bai, ta ez Done Antoniori bakarrik, baita Antiguako Amari, Iziarkoari ta Begoñakori be...

        Durango aldean bekien nunbait albiste dongea, zerren erri atako gizadi onak izu ta baltz egozan, aldratxoetan, iñoiz ez legezko jardun bizi arduratsuan...

        Arrangiz gañean negarrez ikusi euen gure zalpurdikuok bide-ostatuko andrakumetxo bat, ostatu orretan sarri gelditu oizan astodun baten semeak ito ziralata..,

        Markiñan barriz guztizko kerizpe ta illuntasun andia idoro ebien; bada Markiñarrak Arranondotarren lagun andiak eidira beti.

        Zenbat eta itxasotik urrerago, ainbat eta atsekabe andiagoa ikusten zan, baña ez Arranondon langoa. Ai! An berbertakoa zan naigabea, oso egiazkoa, bene benetan sakona.

        Mañasi Arranondon sartu zanean, uri maite onek illerri andi bat zirudian. Aizearen izpirik etzan iñondik sortuten; itxasoa, bere egikereagaz damuturik legez, bare ta baketsu agiri zan; ontzitegiak langille barik ikusten zirean; potiñak alkarren ondoan tolostuta; dendak itxita; gizonak, jankar da nakar, soñeko baltzak jantzirik; emakumeak, indarga ta zurbil, buruko oialak jazten elizarako; biotz guztiak egozan minbereak, aoak ixil ixillik, begiak malkoa erioela...

        Itandu be ezeutsan iñok egin, Mañasiri, errialdera zetara joan zan: ezegoan itandu bearrik.

        Iñok ezeutsan ondamenaren geiagoko zerzeladarik esan be. Zetarako?

        Gure neskatillea ikusteaz batera negar egin eben gurasoak, negar aideak, negar adiskideak, negar ezagunak. Negarra bera da naikoa esale.

        Danak joiazan elizara, itoen onerako elizkariak orduantxe asten ziran da...

        Eliza guztia atietaraño bete ta gero, udaletxeko agintariak euren betiko aulki luzean jarri ziranean, Eliz-gizonak, bigun, illun, astiro ta samur, Regem cui omnia vivunt, erestu eben, Regem cui omnia vivunt, venite adoremus, da Arranondotar guztiak, elizmai aurrean belaunikoturik, otzan, apal da makur, zigorkada mingarria artuta egonarren, Jaungoikoaren neurribageko anditasun, gauza guztien gañeko eskubide, itxasoetako agintaritza ta etorkirik oneneko Jaubetasuna autortuten euen.

        Abadien esana osoro ulertu ezarren, danak egozan, arima arimatik, arein esanagaz batean, danak gurari ta eskari bardiñekoak, danak zirautsien biotz barruan Jaungoikoari: «errukitu zaite, Jauna, gure gaixotasunagaz; sendatu gaizuz, bada azurretaraño gagoz ikaraz. Requiem aeternam dona eis Domine, et lux perpetua luceat eis, ziñoen gerotxuago abadeak, eta eliz barruko guztiak ziñoen biotzean orixe bera: bai, emoeiezu, Jauna, ito diran guztiai, beti betiko nekerik eza, atsedena, atsegiña, Zure argia ta arpegi ederra ikustea.

        Onetan egoan gure Mañasitxu, auspez bera, armiñez gaixoa, larritasunik baltzenagaz, urtu bearrean, arako baten, begi malkotuakaz elizmaira begira egoala, ikusi ebanean aurrez aurre, erri-agintarien ondoko aulkian gizon bat, gizon bakarra, bada beretzat ezegoan beste gizonik iñor: Anjel... Jesus! Jesus maitea! Jesus ona! —esan eban berarengo, begiak igortziaz—. Zeruko agermena da? Irudimen utsa? Ames barria?... Geundurik ete daukadaz begiak? Lausoturik ete nago?... Ez, ez, ezta irudimena, eznago lausoturik, egia dakust, Anjel da! O! Antiguako Ama kutuna, Aita San Antonio errukitsua, zelan erantzun neikizue?

        Baña ezaltzan ondatu Sardinzarren potiña? Nondik etorren bada Anjel elizan egotea?

        Gero jakin eban Mañasik jazoera miragarrizko au.

        Ekatxa, igarri barik, arrantzalien gañean sartu zanean, lenengo joteagaz batera ipiñi eban azpikoaz gora Sardinzarren txalopea, ta barruko gizonak, ur azalean alegiñak egiten oso mekotuta gero, ito egin ziran, Anjel da Sardinzar izan ezik besteak. Sardinzar, semeak atara eieban bizirik.

        Seme orrek orduan egin ebana ezeidau egungo iñok egin. Ezegoan arrantzaleai entzutea baño. Lenago be zerbaitekotzat baeuken Anjel bere errian, baña une atatik aurrerantzean, aren egikerea zabaldu zan ezkerotik geiago, beste iñor ez legezkotzat daukie.

        Elea zirudian. Gure mutil ori, bere burua, zelan ezekiela, itxasoan idoro ebanetik naikoa laster, aita zarra beragaz eroiala, eldu eizan zearretaruntz, ekatxaren igesik joian potin bateraño, guztiz unaturik, eta potin barruan sartu be bai, Jaunari eskerrak emonaz; baña ikusi ebanean aitak ezeutsala sokeari ondo eutsi ta itxas gañean gelditzen zala bagaen jolaserako ta arrañen janaritzat, geiagoko barik, lagunen esanei belarriak itxi, oratu gura eutsien adiskideak tostapera jaurti ta murgildu eizan barriro gurasoaren eske Kantauri aserratuaren erdian.

        Geiegizkoa iruditu jakoen Anjelen lagunai aren egitadea. «Jakin berak —ziñoen— potiñaren abiadea ezin geinkeala gelditu, jakin iñungo laguntasunik eztaukiela, ta alan be uretara. Orixe da norbere bizia ez maite izatea».

        Txalopakoen begietatik beingoan ezkutau eiziran aita-semeak, eta orduan asi eizan bien arteko eztabaidarik eziñizgarriena.

        —Astakeri andi bat egin dozu Anjel —eizirautsan aitak.

        —Alperrik da orain ezer esatea —semeak.

        —Itxi eidazu, seme; joan zakidaz emendik norabait, indarra daukazun artean.

        —Ez olangorik.

        —Biok galduko gara.

        —Ez, aita, ez bildurtu. Jarri neure bizkarrean neuk jasoko dot eta.

        —Zeure bizkarrean! Zeu ondatuteko!

        —Ni ondatu? Ezta... ezta... Egundo baño sendoagoa nago. Eruango neuke nik orain lepoan geure etxea be. Ta zetako dot sendotasuna berori eriotzatik atarateko ezpada?

        —Sendoa bazara, sendotasuna nun emon badaukazu. Eznazu zurituko... Iges egidazu, Anjel, maite zaitut eta.

        —Egia diñotala, aita. Nik gaur daukatan indarra...! Eztau ikusten emoten dotan besakada zolia? Aufa! Auxe da gaztetasuna! Auxe da sasoia! Tira, aita, ipiñi eskuak neure samatik, sorbalden gañean ezarri ondo, ta betor aizea, betor erausia, betoz olatuak.

        —Antiguako Amak lagundu dakigula.

        —Bai, aita; beragan daukat neure itxaropena, ondo daki berak, sarri esan deutsat eta.

        Ordu bi osoan ibilli zan gure gazte umantkorra bere gurasoagaz zamaturik, itxaso aserratuaren erdian, bakartaderik itzalenean, izatekorik trebe, zail, zoli, ta zimelen, ausardi ta gaitasunik andienean; atuna baño azkarrago, izurdea baño gogorrago, balea baño adoretsuago; ona ta orra, gora ta bera, azpira ta azalera; ekin da otoitz, arren da igari, saiatu ta esetsi; bagen erditik bideak edegiak, ekatxari betondo baltza ipiñiaz, gesala galanto iruntsiaz, aotik birikak boteaz; neketik indarrak atara guran, ur barruan must egin bearrean, ur gañean arnasarik artu ezinda; eriotzeagaz burruka, bernadaka, besadaka, ukabilka; noiz etengo, noiz lertuko, noiz amaituko, noiz ondatuko; baña irme beti, burua gora ebala, laguntasunik etorren ikusi guran, ur geiago aoan sartu etxakion, aita gizagaixoak etsi ezeian... arako baten, ia albetan egoala, Jaungoikoak ala naita, nunbaitetik agertu zan txalopa batek aita semeok bizirik artu zituan artean.

        O! Zer ikusteko goitandia Sardinzarrek eta semeak Kantauriko itxasoan euki eroena! Zer eredua, zer adibide jakingarria, Anjelek, gurasoari zor jakon maitetasuna erakusteko, egun orretan erakutsi ebana! Zein andia, zein neurribage ona ta txalogarria zan mutil au!

        Ta alan be, ezer egin ezpaleu lez ebillen Arranondoko iri edo kalietan.

        Kantauriko umant apalak! Uskeri baten euki daroezu, batzuetan, zuen arrotasuntxoa, ta egitadarik andienak eztituzue aintzakotzat artzen. Iñok eztitu itxas barruetako zuen lanbide garratzak eta ibilbide leñargiak ikusten ondo, ta gitxik goratuten zaitue bear dozuen añan; baña Jaungoikoak dakus zeru goietatik eta berak goratuko zaitue egunen baten. Berak dauka zuentzat gordeta azkensari ederra, ez erramuetan, igarian edo arraña joten dakizuelako, ezpada eruapen andiko ta biotz oneko kristiñau zintzo ta egiazkoak zarielako baizen.

        Jaungoikoagaz batera jaso nai zeunsket nik neure aldetik, eta ara emen orretarako geienbat egin dotan KRESALA.

        KRESALA zuek jasoteko, zuek ezagutuagoak, errukituagoak eta maitetuagoak izan zaitezen sortutako liburutxoa da.

 

aurrekoa hurrengoa