www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kresala
Domingo Agirre
1906

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

V

ATSEDEN ORDUAK

 

        Agorraren erdian gagoz. Arranondotarrak, bi edo iru illabetean erbestetik atunetan ibillita, irabazi politagaz etorri dira etxe aldera, ta euren itxasoko nekeak oso azturik, zoro zoro dabiltz geienak, erriko jaiak daukien alaitasun esnagarriagaz azkortuta.

        Jaiak edonun dira jai, baña iñun ez legez arrantzalien artean.

        Baserritarrak, euren erriko Donearen eguna datorrenerako, ondo gertaurik egoten dira beti. Etxean txalen bat il ezpadabe, jai aurreko egunean okela zati ederrak eruaten ditue arategitik etxera; zaragitxuren bat edo edarrakada ardaoa ardantegitik, eta gozotegian be izaten dira gozagarri batzuen eske; bada eztago gure artean urdail betekada bageko erri-jai onik. Egun ori eldutakoan, meza nagusia entzun da laster, inguruetako aide, adiskide ta bazkarraldoakaz maian jarten diranean, eragin mutillak jan edanari. Lenengo ogi zukoa, nai aña; urrengo lapiko biak, arroa erdi urdai, odoleste, lukainka ta aragi barruan dituela; gero okelea piper andiakaz, ardaotan ondo bustita, ito arte; ta esne-arroz gozotua gañean, aotik atzamarra sartu ezkero ikututeraño. «Ekin, mutillak, —esan oi daroe— egunari berea emon bear jakota».

        Ori izaten da, geienetan, erriko Donearen eguneko baserri-bazkari luzea, guztizko luzea. Askotan, jardun da jan, jan da jardun, aspertu barik, amabietatik irurak edo laurak artean maian egoten dira. Olangoxe bazkarietarako izaten da bakotxak bere lagun edo ondo nai jakoen ezagunai deitutea: «etorri gero San Juanetan, edo San Pedroetan, edo Andre Marietan gurera, bazkari on bat emongo deutsuguta».

        Arrantzaleak baserritarrak baño estutxoago bizi izan oi dira ta eztabie ain ugari gauzea etxera eruaten; bada, diru-aldi dabenean be, ogi zorrak kitutu ta praka-jaka mengel batzuk egin ezkero, ezjakoe gauza andirik zizkoetan geldituten. Ez, eztabe diru askorik izaten egundo; baña bai dauken apurra gogoz da laster erein da zabaldu! Bana bai jai eguna gozatu iñok ez bestean! Orixe bai!

        Ezin izaten dabie beti. Jai egun asko igaro bear izaten ditue itxasoan arrisku andiko zeregiñen artean, goizean goizago mezatxoa entzunda, ogi zati bat janda, ur dsangada bi edan da beste barik; eta legorrean diranean (da legorrean izaten dira beti erriko jai nagusirako) orduan izaten da euren eguna.

        Arranondotarrak, mendi gañean, errira begira daukie, erriaren zaintzallea data, Ama Mariaren irudi eder bat, baseliza polit politean ondo gordeta. Guztiz da maitegarria ta oso dabie maite arrantzaleak: bera da euren artizarra, euren itxaropen, argi ta poza, euren biotzeko Ama Kutuna. Ama orren jaia da Arranondoko egunik andiena, ta egun orretarako, lurbirearen azkenengo mugarrietatik bada be, ta naiz zerbait irabazteko ereti bat galdu, arranondotar guztiak inguratuten dira euren errian.

        Ikustekoa egoten da orduantxe Arranondo. Iri edo kaleak garbi, etxeak zuri, suburuak ketan, gizon da emakumeak dituen soñekorik onenak jantzita; erbestetarren batzuk baselizaruntz, Antiguako Andre Mariari eskintzeko argizariak eskuetan daroezala; Mendaroko edo Ispasterko opil-gozo saltzalleak enparantzan, elizondoan edo gizategirik geien dabillen irietan jarrita, balotzara zabalak aurrean dituela; ta erriko neskato mutikoak, adurra dariuela ta otzaretako gozoak begiakaz jaten, euren ortz da agiñen zindotasuna erakusteko txanpon zarren baten jabe ezpadira.

        Amar-amarretan, kanpaiak dilin dolon atsegintsuan da zotz-egalariak, goietara igonda, tipi-tapaka asten diranean, urteten dabie abade guztiak baselizaruntz urre-zidarrezko jantzirik ederrenakaz apainduta, Ave maris stella gozoro erestuten; abadien aurretik, errenkada bikotx naikoa bardiñean jarten dira arrantzaleak; abadien urrengo, erriko buru edo alkatea ta beste udaletxeko gizonak, uriko soñularien aldrea edo Armonía de Arranondo, mutiko batek gora jasoten daben sedazko oial zuriak erderaz diñoanez, bada erderea Aitorren izkuntza garbia baño polit eta andikiagotzat dauke Euskalerrian bizi diran sedazko oialzaleak.

        Baselizara abadeak eldu orduko, ezta txikia baña barru ta landa ondo betea egoten da guztia, ta udaletxeko gizonak euren aulkiraño sartutakoan, berealaxe asten da mezea. Ta ez gero bertanberakoa. Andre Maria egunerako ia illabetean ibilten dira meza barriren bat ikasten Arranondoko ereslari guztiak, erbestetarren aurrean zerbait badirala erakusteko gurariagaz alkarganaturik, eta egia esateko, ondo erakusten dabie urtero. Itzaldi edo sermoia barriz onenetakoa izaten da, bada egun orretarako inguruetan danik itz leun da garbieneko abadea billatu oi daroe. Izerditan da lurrunetan egoten dira elizeak artu aldituan gizaldrak eta geiago, zutiñik, begi ta belarriak esna dituela, mezeari begira ta erestokikoen deadarrak eta irakastegikoaren esanak gogoz entzuten.

        —Mutillak —esaten daue, piperra baño gorriago ta buruko ule guztiak tente dituela elizatik urtetean,— axe da eztarria, eztul bat be eztau egin.

        Ezta izaten arranondotarrak zeñegaitik diñoen itandu bearrik, danak eukiten dabie gogoan gauza bat: erbestetik erakarri dan sermoegillea.

        —Eztauka jakituria makala, areik gauza guztiak buruan gordeteko.

        —Ta eztul bat bez, gizona, eztul bat be eztau egin.

        Au izaten da gauzarik onena Arranondoko izlaria izateko: eztulik ez egin bear.

        Baserritarrak ostera, danari irizten dautsie ondo, baña batez be eresi edo kantuari.

        —A! Zer soñu ederrak jo dituen! —izaten da euren lenengo esan bearra.

        Elizkizuna amaitu ondorean, gazteak aldazberan akitika, toki guztietan oi dabien legez; emakumeak buruko oial baltzak tolostuten; gizonak taketa baño gogorragoko atzamarren artean zigarro bat egiñaz; da guztiak ikusi daben elizjaiaren gañeko jardunean, jaxten dira arranondotarrak euren etxietara. Etxean beti geldituten da norbait meza nagusitara barik, etxeko andrea geinetan, sukaldeko topiña lapikoari begira, ta, elizatik datozenok zamau zuria mai gañean zabaldurik, ogi andi bat egal batean, ardao bonbil da ur txangilla ogiaren ondoan edo lurrean da burdiñazko lauortzekoak eta kollarak mai-jira danean ipiñita billatuten ditue. Jarri ta jan baño besterik eztaue, bada, izaten. Batek ebagiten dau ogia, beste batek ardaoa emon, da ogi errotadak aidean da edanontzia eskutik eskura ibilten dira. Iñok eztau auzoko jatunen nazkatasunik eukiten, bada eskutur maukiagaz ezpanak igortzi ezkero. garbi doa gauzea.

        Ta olantxe, janaz da edanaz, algaraz da barrez, da antxiñetako ipuñen batzuk alkarri gogoratu eragiñaz, joaten jakoez Arranondoko arrantzaleai atsedeneko ordu zorionekoak. baserritarrai eurenetan joaten jakoezan legez.

        Baña, len be esan dot eta, batzuetatik bestietara beti dago bardineztasun andia. Itxas errikoak, gitxiago jan da be, geiago jan dabiela esan leike, eurak agertuten daben pozari begiratu ezkero: euren miña, olango jaietan batez be, baserritarrena baño azkarragoa da ta... lotsagaldukotxuagoa, zoliagoak euren beso ta ankak, garbiagoa euren begiradea, andiagoa euren emon naia, sakonagoa euren barruko poza: koipea ataraten deutsie jai egunari, eurak diñoen legez esateko. Baserritarrak patxada geiagokoak dira jaten, edaten da izketan; eztira ain lotsabageak, eztirudie ain argiak, eztirudie ain emonkorrak, askotan argiagoak eta emonkorragoak izanda be. Baña danak alkar ondo artzen dakie ta adiskidetasun onean igaroten ditue alkarregaz ordu luzeak.

        Juan be luze joaten dira gaztientzat, bada gazteak maian baño kaleko soñu ta olgeta edo jolasetan geiago euki daroe euren gogoa. Jolasak arpegi bi badaukaz gitxienez: gaztearentzat, gozo, bigun, maitegarrizko, dizdirazi, beti kiñuka ta deiezka dagokona; zarrarentzat, epel, motel, ganora ta erakarde bagekoa; gazteari jolasaren atzetik joaten jakoz irudimena, burua ta biotza; zarrak ezteutsie jaramonik egiten; jolasa baño ardao ona gurago dabie; lagun artean egoteagaitik askotan dakie jolasaren deadar zoro barregarriari entzungor egiten; gazteak, bero ta sutsu, jolasaren atzetik oidabiltz; zarrak, aren bada-ezpadako kiñuari lepoa emon edo erakutsi oi dautsie geienetan.

        Luze iritxi eutsen Mañasik be amabietatik eta iru ta erdietako bitarteari Arranondoko Andre Mariaren jai egunean. Etzan Mañasi buru ariña; etzan ibilkaria; maratza zan, ganoraduna, zentzun andikoa; baña gaztea, ta gazteak, landako jolas aizearen durundia belarrira jatorkonean, barruko urduritasunen bat edo arimako irakite bizi gozoren bat izaten dau ta ezin deiteke orduan geldirik egon.

        Bazkarraldoak zituen etxean, da areiri begira astiune azitxoa galdu eban, da gero, etxetik urten baño lenago, ontziak jaso gura, eskaratza txukundu nai; uleai ikututxu bat emon, eskuak ondo garbitu ta jantzi barria ipiñi bear, da onetan da orretan luzatu egiñ jakon. Bere zeregiñetan ebillen artean, esku bustiak amantalpean gordeta edo erratza bazter batean itxirik, amarren bat bidar atara eban leiotik burua. Bein tanboliña beko kalean alboradea joten egoala, beste bein kanpaiak bezperetara deiez ziarduela; gero, aurreko etxean erbestekoa baebiela norbait; ostera, kalean zear eioala urlia, betekada ederra egin ondorean... dapa beti leiora, ta auzora begiradatxu bat beti, ta beti gogamen bat bere buruan: «eztau oraindaño Anjelek etxetik urten». Da zer eutsan gero berari Anjelegaitik? Ezer bere ez, baña... orixe dago ba.

        Soñeko barria jantzi ta gero, paparrean sedazko idun-zapi edo pañuelo urdin polit bat orratzagaz katigau nairik ebillela, etorri jakon deadarrez Josepa laguna.

        —Zetan zagoz, emakumia? Gaur bezperetara barik eta...

        —Eztakizu ba maikideak daukaguzala? —Bai, baña danerako artu leike astia. Eztozu txarra galdu. Gaur kantau dan lango Manificat-ik... Gure Gaiarrek egin ditu garrasiak!... Ene! (paparreko orratzari begiraka) Noiztik eta ona?

        —Nasa ondoko enparantzan tutulu mundin alboan dagon saltzalle ezkel bati erosi deutsat.

        —Ondo polita da berau. Zenbatean erosi dozu?

        —Erreal bian.

        —Orduan au be asko geiago ezta izango —esan eban Josepak eskua, Manasiri, begien aurrean ipiñita.

        —Eraztuna! Nori erosi deutsazu?

        —Nik eztot erosi.

        —Zeñek ba?

        —Artoberok.

        —Aitaren, Semearen...

        —Ja jaii... Tira, tira, goazen arin, onezkero estropadia asiko zan da.

        Lagun biak urten ebien etxetik nasaruntz. Kalean zear eioazala,

        —Agur, gure kaleko neskatilla gazte ederra! —deitu eutsan Tramanak Mañasiri. —Eskerrikasko Prantziska —erantzun eban arek, gorri gorri egin da.

        —Ta neu, Prantziska, neu? —itandu eban Josepak, olgetan.

        —Zu be bai, baña geurea da lenengoa, lumero uno!

        Ezeiozu jaramonik egin: —zirautsan lagunak Josepari— olangoxea dozu ori beti.

        —Egia baño eztau esan: ikustekoa zagoz gero zu oraintxe, Mañasi.

        —Ixillik egongo zara, gangarrori!

        Olango autuetan joan ziran nasaruntz lagun biak.

 

aurrekoa hurrengoa