www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kresala
Domingo Agirre
1906

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

VII

LENGO BIDETIK

 

        Erritxoetako jaialdiak irukotxak izaten dira. Orregaitik, bigarren egunean be bazirauen Arranondoko jaiak; baña lenengoan baño askozaz motelago ta otzago. Elizan etzan gauza barri andirik izan; erbesteko ezagun, adiskide ta odolekorik geienak alde egin eben euren errietara; erritar mutil asko, aurreguneko jan edan geitxoagaitik eta lo gitxitxo egin ebielako, guztiz zurbildurik egozan; emakumeak ez ain ederto ta apain jantzita; gizonik langillienak asi ziran euren zeregiñetan. Gazteak eta edari zaletxuak egozan oindiño irme iru egunak amaitu artean.

        Goizeko amarrak aldean urten eben saliña saliñak egiten. Alkondara ta praka zuri ta gerriko ta txapel gorriakaz, tanboliña aurretik ebiela amasei mutil ziran; da euren erdian, gona zarrakaz barregarriro jantzitako ta arpegia kedarrez baltzituriko gizon bi, lepoan zaragi bana eukiezala, auspezturik eroiezan. Eritxuen tokietan gelditurik, artajorran bebiltzan legez, artajorrako atxurtxuakaz, tuntunak egiten eban neurrian, aztertuten ebien kalea, ta azkenean, atxur kirtenakaz, dsartada galantak emoten eutsiezen erdiko zaragidunei... zaragi gañean. Eztago esanbearrik aizez puzturik egozala zaragiok. Gizonen atzetik ebiltzan mutiko neskatoak baziarduen, bitartean, antxiñatxuko eta zentzunbageko eresi au erestuten:

 

                «Saliñetatik etorriko da

                Gure eskola maixua,

                Ai saliña, saliña saliña,

                Ai saliña gaixua!»

 

        Olantxe ibilli ziran kalerik kale eguardi arte guztian. Arratsaldean antzarrari burua kentzea egin eben, ibaian; da gero aurresko barregarri bat agure zoro ta ganorabageko atsoen artean.

        Irugarren egunean jai itxurarik ezeukan erriak: pelota jokoa izan zan jolasketarik ikusgarriena. Tuntunera ia etzan iñor joan.

        Igaro ziran, bada, Arranondoko jaiak. Entzute andia ekarri eben euren aurretik, gizate guztiaren jaun da jabe izan balira lez etorri ziran kanpai ots zindo ta kalerik kaleko soñuen zarata bizigarriakaz arimetarañoko sarrakioa ta bizitasuna sartzen ebiela; baña laugarren egunerako iñok ezeutsien jaramonik egiten, da kanpai, tuntun da beste soñu bage, ixil ixilik, lotsatuta legez joan ziran barriro bere bidetan zear. Ona da jolasa, jolas ona danean, gizonari arnasea ta atseden bat emoteko; baña betiko, bein be ezta ona. Betiko jolasak betiko lanak baño geiago nekatuten dau edozein, da geiago lanetik bizi bear dabena bada edozein ori. Ta Arranondotarrak, guztizko jolas zaleak izanda be, lanetik bizi bear dabenak dira gizagaixoak eta ezin izaten dabie jaso luzaroan jolasaren astuntasuna.

        Asi ziran, bada, lengo bidetik. Eta zein zabala dan itxasoetako bidea, ta zein estu, larri ta keixu ibilten diran bide orretan arrantzaleak! Egunak ekatxerako dagozan garaietan, goibel da illun billatu oi daroe sarri zerua, odei baltzez jantzia, odeien artean ezkutaurik dagozan tximista erregarriz betea, ta ur gañean barriz bizi, ibilkor, erabilkor, indartsu ta itotzallea; egualdia onerako dagoanean, eder da izartsu idoroten dabe goi aldea, gabaz; eguzkiaren errañu sutsuakaz itxas gain dana ikusgarriro zidarturik egunaz; baña beti da andi ta bildurgarria itxasoa, beti aurkituten dau gizonak argal, ziztrin, uts da ezereza bere burua itxasoko zabaltasun aulgarriaren altzoan.

        Baña arrantzaleak badakie, an, itxasoaren barruan dagoala euren da etxeko guztien janaria, ta jan bearrak saiatu eragiten deutsie ikusi barik siñistuko ezlitzatekean ausardi, neke ta arriskoagaz. Deituten deutsie goizean goiz, gaberditik laster; jagiten dira berealako baten; jazten ditue zirezko soñak, euria bada; ipinten dabie besapean otzaratxu bat, arraña artzeko tresnakaz da jaki apurren bategaz, da badoiaz euren kaletara... Ta kalan, euri truxu zaparradetan beratuten, aize otzetan gogortuten edo eguzki berotan kiskaltzen luzaroko orduetan egon da gero, etxera datozenean badatoz, zerbait dakarrenean badakarre: bada ezta gauza ziurra beti atzera etortea ta arraña ekartea gitxiago.

        Jaiak igaro ta lenengo itxasora joan ziran egunean, betozan arranondotarrok etxeruntz, arratsalde erdi inguruan. Garbi garbi egoan zerua; urdin urdin, bare bare ta baketsu ur zelai galant ederra. Marboillaren azkenengo arian, zeru ta itxasoak alkarturik egozan tokian, oial zuri batzuk agertu zirean, emen, an da aruntzago guztiz polito banakaturik; danak bardiñak izan arren, batzuk andi ta besteak txiki zirudien; egoak zabaldurik, geldi geldi, patxada onean leorreruntz igari etozan egazti aldra begiragarrikotzat artu eikezan; geroago, askozaz geroago, txalopen baltzuneak ego zurien azpian ikusten zirean, azkartxuago etozala; geiago urreratueran, edozeñek ezagutu eikean alkarren atzetik txalopak ekarren abiadea ta aparra, etxerago ta ariñago, bakotxak bere atzean bitsezko ari zuri luze biurri bat itxiaz; ta azkenean, noizbaiten be, txalopetako gizonen arpegi baltzeran legentsuak ezagutu zirean banan banan da garbiro.

        Beste iñok baño lenago ta obeto ezagutu zituen gizonok eta txalopok Arranondoko mutil sostorrak. An ebiltzan ikastetxera barik, askotxu, (bada ezta izaten gauza gozo ta gogozkoa jolas egunaren ondorean ikastetxean sartuta orduak igarotea) batzuk iskiratan, atx zuloetako osintxoetan besuak sartuta

 

                «izkira izkirea

                dame la bizarra»

 

        deituaz; beste batzuk urertzean, «txipli txapla», olatuakaz jolastuten, anketatik gora zelanbait jasoriko praka zar barrenak bustiaz; bat edo beste, urak gora igoeran egindako zakar-aritik zear, lau oñean, narras, itxasoak ekarririko pitxien billa; geienak ondarrean etzinda, ondar goria gañera boteaz soñeko bustia etxera baño lenago legortu naian; ia danak orpozik eta muskillea erioela.

        Txalopak urriñean agertu orduko eztabaidan asi ziran mutiltxuok.

        —Lenengo datorrena Moskorrondorena da.

        —Ezta.

        —Baida... Neuk eztot ezagututen?

        —Nun gero?

        —Nausian dakarren izarrean.

        —Guzurra: orrek eztauka izarrik, txaplata bat dauka orrek; Pipertsurena da ori.

        —Ezta Pipertsurena. Ariña be bada ta...

        —Ariña? Zuena baño geiago.

        —Guria baño? Ezta... Nai dozu kalatik ona zeñek ariñago egin? Lenagokoan be atzian itxi eban gero.

        —Guzurra. Gurerik ezta egundo zuenaren atzetik etorri, batera urten ezkero. Gutarrak zuentarrak baño geiago dira edozetan.

        —Edozetan?

        —Bai. Urten gura badozu arrika, gura badozu auskan (burruka), gura badozu gartzan.

        —Goazen pelotara.

        —Goazen. Zer egingo dogu?

        —Txakur txiki bat... daukagunean emotekotan. Baña egon piska baten, gurerik agiri etedan, aitari otzarea eruan bear deutsat eta.

        Onetan egozala, sartu zan egiñalean ondarrera mutikotxu ule-gorri arpegi zuridun bat, paper da liburuentzako zorrotxua lepotik bera ebala, urriñetik deadarka, bestien gañera jausi bear eban zigorkadeaz aurrez pozturik, eta surretik bera etorkon erionari zurrustada batean gorutz eragiñaz, lenengo bere aurrean billatu ebanari esan eutsan:

        —Txo, emongo deutsue maixuak. Eskolara bez zeuek.

        —Ostikoaz popan (atzean) joten bazaitut u... —erantzun eutsan besteak— lenago be koasta (sudurra) ausita daukazu gero.

        Euren esan bear da egin bear guztiok itxita, inguratu ebien ikastetxetik etorren ori itxas ondoan ebiltzan mutikotxo danak, bada jakin gura eukien ikastetxean zer igaro ete zan.

        —Zer esan dau, zer esan dau Bizardok? —itandu eutsien— izenik artu dau?

        —Bai, izenak artu ditu, ta esan dau eze biar dantzan egin bearko dozuela.

        —Ni eznaz juango, lenagakoan be irizillagaz zanbroak atara eustazan da, esan eban pelotarako gertau ziranetatik batek.

        —Ni bez —besteak— moskaranak euki nituanean, ia eskua zatitu eustan da.

        Baña beste gauza bat geratuten jakoen barruan. Bekien lengo bidetik asi bear zala ta amaren aurretik joan bearko ebiela ikastetxeko ateraño, bada gurasoak, lenengo susmau, gero itandu ta gero jakin egingo eben euren semeak non ibilli ziran, da urrengo egunean, esan dana, zapladak artuaz joan bearko...

        Au gogoratu jakonean, lenengokoak esan eban:

        —Gure amari ezer esaten deutsan txotxin ozkil barritxuari zaputzak atarako deutsadaz.

        —Da nik —besteak— maixuak (irakasleak) ikuturik egiten badeust, bere bizarrak atara.

        —Ez be —erantzun eutsan ule-gorridun mutikotxoak, beste zurrustadatxu bat egiñaz.

 

aurrekoa hurrengoa