www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kresala
Domingo Agirre
1906

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio informatiko honen egilea: Josu Lavin; Urkiola, 1-1C 48990 - Getxo (Bizkaia)

 

aurrekoa hurrengoa

XI

KITOLIS

 

        Gizon txiki polit makur bat zan au, bere sorbaldetan larogeta bi urte andi jasoten zituan gizona. Iru edo lau uletxu zuri-baltz eukazan buru soil zetakaz betean, zutin zutiñik; askozaz geiago ta zuri kiskur kirikolauak garondoan, bildots edo arkume baten irudira; bepuru luze betien azpian begi urdin-abar bigun bigunak; arpegi baltzeran guztiz zimurtua; oial lodi zakar arabakinduagaz egiñiko jaka zarra soñean; praka urdin zengle batzuei eusteko gerriko tendeltxu bat mokor gañean, ontzi-soka lodi sendoaren antzera biurtua; ta olezko zapata, oinzorro edo trauskoak oiñazpian.

        Jaiegunetan obeto jazten zan, elizarako. Urdai zatiagaz, krusalloko orioagaz edo izurdearen zaiñagaz noizean bein bigundu oi zirean narruzko oñetakoak, alkondara zuri garbia, zarra bazan be, ta txintxonezko jaka-prakak: orixe zan jaiegunetako jantzia.

        Itxasorako gauza etzala gelditu zan ezkerotik, egunero entzuten eban mezatxu bat, egunero izaten zan illuntzeko errosarioan; gaixoren bati Jauna eruan bear jakonean, an joango zan Kitolis, argi bategaz; Jaunaren aurretik elizjiran ibilli bear zanean, an urtengo eban Jaun estalkiaren makilla bat jasoten; elizkizun guztietan, an egongo zan Kitolis alkate-aulkidaren atzean, belauniko.

        Erritar danak gura eutsien: ain zan bera zintzoa, apala, baketsua ta mendu onekoa.

        —«Ni eznaz izan, Peru ta Mikol legez, urandiko arraña —asi zan esaten beren aterpeko lagunai—. Toleta baño andiago enintzala, bederatzi urte neukazanean, eruan nituan lenengo neure aitak masira: neguko izotzak gogortu eustazan azurrak, orekan; udako eguzki beroak baltzitu eustan azala; besigu ta atun tatoakaz azi ta loditu ninduen; ni be, Mikolen antzera, itxasoan bizi izan naz legorretan baizen geiago; baña ontzi andietan eznaz egundo ibilli ta Kantauriko uretatik eztot urten, nai ta naiezean edo arribadaren baten izan ezik. Alanbe naikoa neke igaro dot itxas orretan.

        «Iru aldiz egin dot tirabira. Lenengoan, Arno atzean, besigutan gengozala; bigarrenean, aortxe (ara ortxe) erriko sarreran; da bietan berialaxe artu genduezan erritar lagunak. Baña irugarrengoa!, itzala ta ikaragarrizkoa izan zan irugarren ori. Ain zuzen, ibaian zear kanporuntz giñoiazanean, uragea edo erramua zala ta etzala, beste txalopa batekoakaz aserratu giñan; deadarka, zarataka ta arrokerizko berbak alkarri esanaz urten genduan ur-zelaira, ta iñori etxakon gogoratu Antiguako Amari beti esaten jakon Agur edo Salbea esatea.

        «Gabon aurretxoa zan. Bagagoz, bagagoz illunabarrean, potin txiki baten lau laguntxu, berdeletan, Orioko aurrean. Bakarrik gelditu giñanian a, berandu be bazala ta, otz be begoala ta, arrain piska bat be bageukala ta... asi giñan etxeruntz. Terraltxoa egoan, legorretik datorren aizea. Jaso genduan triketa, ta bagetozan kezka barik, atzekoak eskuak besapean berotuten zituan bitartean, eskota tosta bati lotuta genkarrela... ta, alako baten, brast, joten gaitu aize bunbada gogor batek, eta dsaust danok itxasora, txalopa barruko arrain, otzara, soka ta tresna guztiakaz batera ta nastean. Alan be urten genduan urazpitik, or batak eta emen besteak, danok otzak ikaraz; inguratu giñan, igarian, popaz gora egoan txalopara, ta itandu geuntzan alkarri: «gizonak, zer izan da au?» Baña iñok erantzun bearrik ezegoan, guztiok genkian da. Ardurabagekeritxu bat, ustekida geiegia. Zeñi baña otuko jakon alangorik, itxasoa bare bare baegoan?...

        «Egundo alango negargarririk iñok eztau ikusi. Gure urrean etzan iñor, da antxe egon bearko genduan ur gañean, goizerarte. Goizerarte! Ta oraindiño, geienez be, etziran seirak izango!... Otzak eta bildurrak dardaraka geunkazan, ta amabi, amairu edo amalau orduan egon bear alantxe! Ta, gañera, goizean iñor etorriko jakun ez jakin!... «Ia, mutillak, —esan euskun atzekoak, gu pitin bat azkortuteagaitik— eskeñi daiogun Antiguako Amari, danok orpozik eta erramoak lepoan ditugula bere elizatxora joatea, emendik onean urteten badogu, ta asi gaitean orain errosarioa esaten»... Ipiñi neban neuk Ikomes (Nikomedes) neure amabi urteko seme ederra, killa gañean auspez, da asi giñan arrenetan... Jaungoikoak badaki guk zenbat arren egin genduan. Errosarioaz ostean, zeruko done guztiai Aitagurea ta Agur Maria ta milla biotzeko eskari luze ta labur egin geuntsezan, alde batera ta bestera geure gorputz minberatua biratuteko utsunetxu batzuk artuaz... Onetan gengozala, amarrak aldean, aizeak ekarren indarrean da txalopearen zabunetan igarri genduan itxasoak irakin bear ebala ta gure urrean ebillela eriotzea. Illun egoan; belarrietara etorkigun aizearen txistuari destañazkoa neritxon; Getariako ta Zumayako itxas-argiak agiri ziran lurrean, da niri, illen argiak iruditu jatazan. Geu gengozan ilten osasun guztiagaz!... «Ze ordu ete da?» —itandu euskun Matxin zarrak, eriotzondoko soñuagaz! —«Amarretatik amaiketara» —esan geuntsan. Da berak, oraindiño belarrietan daukatan esateko erarik illunenagaz —«Zein luzea dan gaba! —jarraitu eban— zein luzea! Nik ezin neike iraun, laster amaitu bear dot, eta zuek ikusten badozue gurekorik»... Ezeban geiago esateko astirik izan, bada olatuaren bultzada batek kendu euskun albotik. Orratiño ekarri genduan atzera ta esondu geuntsan oratu eiola gogor karelari; baña ezertarako ezeukan adorerik eta aotik bitsa eriola, damu dot Jauna, damu dot Jauna esanaz, an joan zan ondora... Itxasoa geroago ta andiagoa etorren, olatuak geroago ta indartsuagoak, geroago ta mekotuagoak gengozan gu. Neke gitxiagoko egoera bat billatu naian, ain laster ipinten genduan gorputzaren astuntasuna esku baten gañean, ain laster bestearenean, orain igoten genduan killa gañera, orain karelera jatsi, gañean ezin egonda. . . Gau luzia zala esan eban Matxiñek. Bai ondo luzea! Ta zer ete da betikotasuna, samiñetan egon ezkero?... Neure semetxua, neure Ikomestxu, otzikara andiak artu eban, da negar muxinga, inkesaka ta zotiñez, aita bai aita asi jatan deiezka ta deiezka... Axe zan errukigarritasuna! Aitak ezin ezer egin bere seme kutunaren alde, biotzeko negar goria baño besterik; aitak ezin goiza ta laguntasuna erakarri, bere bizitzea emonda be... Etsi genduan, ezkiñan luzarorako. Jo genduzan beste baga batek burutik bera, kendu euskun txalopea esku artetik, eta aldebanatu giñan irurok barriro. Urpetik azalera urten nebanean, asi nintzan igarian semearen billa. Ez neukan neuk orduantxe indar askorik eta arrokeri andirik bez! Idoro neban semea, ta txaloparaño eruan be bai, ta esan neutsan txalopeari gogotik eutsi eiola; baña alperrik. «Ezin, aita —ziñoan— ezin!» Artu neban orduan neure bularraren ondora, potiñaren da neure gorputzaren bitartean ipiñi neban, da bere soñari ta potiñari alegiñakaz elduten gelditu nintzan... Ixillik gengozan danok, bildurgarrizko ixiltasunean. Ikomestxu —deitu neutsan andik apur batera— Ikomestxu, ondo zagoz? Ezeustan ezer erantzun. Zelan ba, ilda egoan da!»

        Negar malko lodia erion Kitolisi bere arrigarrizko jazoerea malla onetaraño eldu jakonean, da entzuten egozanak be ezeben urriñean negarra.

        «Nik eztakit ze ordu inguru izango zan —jarraitu eban— beste olatu batek txalopea ta semea besartetik kendu eustazanean, eztakit zelan oratu neutsan ostera be txalopeari, eztakit zelan egon nintzan goizeko zazpi ta erdietan Getariako potin batek artu genduzan arteraño. Azkenerako, sena ta konorta galdu jakuzan, taket batzuk giñan atzekoa ta ni, zoraturik gengozan, zer egiten genduan ezgenkiala eutsiten geuntsan txalopeari, lapeak atxari baño gogorrago, atzamarretatik odola eriogula... Gaixorik egon nintzan gero ia illabetean, da sendatu nintzanerako... itxasora barriro. Baña ez geiago Agur edo Salbea esan barik».

        Isil aldi bat egin ondorean, Kitolisi biotzeko naigabea kentzearren, asi ziran aterpeko gazteak eresian, da etziran geiago isildu euren lan guztia amaitu arte.

 

aurrekoa hurrengoa