www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ioan-etorri bat Erromara
Domingo Agirre
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ioan-etorri bat Erromara, Agirre-ko Domingo. Euskalzale, 1899, XXII-XXXV. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERROMA-N

 

SAN PEDRO-KO ELEIZEA.— BATIKANOA

 

        Erroman sartzen dan biajari baten pentsamentua, eta askozaz geiago biajari au bada katolikoa da Batikano deritzaion eliz goitandi, aberats, munduan dagonik andiena ikustea. Eta ez bere andiedertasunagaitik bakarrik eroana, ezpada eze an dagolako gure Erlijio santuaren sustraia, Eleiza santuaren lenengo arria, Iesu-Kristoren Ordeazko beneragarriaren bizilekua, kristiñau danen guraso maitea. Da biotzak deitzen deuskulako gure Aitagana. Nor da guraso baten errira eldu ezkero, gurasoari agur maitasunezko bat lenengo egiten ezteutsana edo besterik ezin bada, bere osasunagaitik itauntzen eztabena?

        Ori izan da beintzat nire aurrenengo irudidea, Aita Santua ikusi ezpadot bere. Iagi orduko sartu naz manurgatxu batean. Alla Chiesa di Santo Pietro esan deutsat gidariari. Igarri baga, uste baiño lenago, gauza bati eta besteari begira, aurkitu naz San Pedro-ko Plazan. Gelditu naz piska batean begiraka plazeari eta jiran egozan arroin [columna] eta tailluai: zar itxuria artu deutset, ez deuste egiñ uste neban aiña mugidalda. Igo ditut Eleiz aurreko eskillera mailla zabalak; sartu naz eleiz barruan iakinnaidan; begiratu dot bat-batean alde guztietara; aurreratu naz sentikorra erdi erdiraño... eta an marmolezko metarri sendoakaz beteikita [sustentar], lurrean dagon boillerdirik andienaren azpian, San Pedro eta San Pablo Apostoluen auts aurrean umill belaunikaturik, erregutu dot apur batean biziro Aita Santu Leon XIII garrenagaitik, Iaungoikoak librau deian bere presondegi gaiztakiñetik.

        Neure oraziñotxua amaitu dodanean asi naz alderdi guztietara begira barriro, bost otoigope zabaletan jiraka, gelditzen nazala izuturik metarri, altara, pintura, taillu, oroikarri bakoitzaren aurrean; begiraka gora, bera, alboetara, lurreko arri nabartxoz egindako ziamarrei, boillerdi urreztuari, gauza bakoitzaren atalei, Eleiza guztiak daukan andientziari [majestad] nire begiak neketan eta biotza artega daukadala, ezin adituan nabillela zelan dagozan baturik ainbeste marmol, zillar, urre ta arri piñ.

        Naskidatuta gelditu naz lenengo begirunean, eta orregaitik neure zentzun argira etorri nazanean asi naz ostera dana obeto eta manerauro [ordenadamente] ikusteko asmoetan.

        Iarri naz ate-ondoan. Askotan irakurri izan dot lenengo begirunean eztala igarten Eleiz onen anditasun guztia: alan dirudi. Toki onetatik ikusten dana esan leike eztala gauza arrigarria. Baiña nire buru gaiñeko urtaitziña goi dago; bai, guztiz goian: eta zabala da; bai, oso zabala: luzea, egiaz luze: ederra, eztot ederragorik ikusi. Emen alboan daukadazan metarriak andi ta sendoak dira ezin geiagoan; eztaukat dudarik: metarri batetik bestera pauso asko dago; asko benetan: metarri gaiñ eta txokeskietan dagozan santuen tailluak ondo amaituak dagoz; baita. Eta bost otoigope daukaz olakoak, 88 metarri bardiñak, altara asko ikusgarriak, eztakit zenbat oroikarri gaikeran egiñak, eta an ikusten dodan iendeari txiki deritxot, eta... bai, bai, andia da, ederra da eleiza au; baiña añ dago ondo neurtua dana... Egin daigun beste jiratxu bat. Ai; ene! Orain ezagutzen dot obeto andiedertasuna, nekatua nago, baiña ez gogaitua. Goazen ostera, egin daidan beste jirabira...

        Zeiñek esan ikusi dodan edertasun ugari guztiai! Ezin neike. Bakarrik ziabestetuko dot egonazala bigarrenean begira boillerdiaren azpian bedeinkatuten Migel Anjel-en izena; Klemente XIII-garrenari egindako oroikarriaren aurrean, siñistu eziñik tailluaren beian dagozan leoiak arrizkoak dirala eta bildur antzean ikutzeko, eta beondastuten [contemplando] brontzezko altara-nausia, non aidatuten dabeen San Pedro-ren sillea edo iarrilekua, Berninik apaindua, lau Eleizako gurasok. (San Atanasio, San Juan Krisostomo, San Ambrosio eta San Agustin dirala uste dot). Iakiñ egizu, irakurlea, Erroman, San Pedro-ren eleizan billatuko dabela ekidari [arquitecto] eta mane zaleak zer ikusi eta zer ikasi asko; biajari iaungoikozkoak gauza donekarriak ugari; baiña ni ez nazala duiñ ainbeste edertasunen barririk ondo emoteko.

        Templo goitandi au betik ikusi ta igon dot boillerdiko galeri bietara obeto urretik ikusteagaitik bertan dagozan arri nabartxuakaz egiñiko ziamarrak eta eleizan egoan iendeari goitik begiratzearren. Bildurtzekoa da balkoi aretatik bera begiratzea, ikusgarria andik ikusita eleizan dabillen iendeak dauken itxurea...

        Kanpoko-aldetik boillerdiaren goien goienera igon dot gero. Andik ikusi dot neure gustora Erroma dana. Etxeak zirudien euren Nagusiaren deira millaka-millaka batuta egozan gerralariak; esan zeikean Nagusia zala Batikanoa eta beste eleizak nagusi beragokoak, Iaungoikoaren etxeak zireala, Selgas-ek esan eban moduan gizonen etxeen buru ta zuzenlari. Egiaz, munduan bizi garean bitartean gerralariak izan biar dogu [Militia est vita hominis super terram] eta, zeiñ izango da gure gidari obea Eleiza santea baiño?

        Zer goratua nagon, niñoan, goiante onen buru gaiñean! Mendean daukadaz etxe ta iende guztiak iñoren laguntasunagaz igoten daben gizon txikitxuen antzera. Baiña ez naz ni andiagoa nagoan lekuan nagolako eta ezta iñoren sorbaldetan dabiltzanak bere, uste izan arren euren burua besteena baiño geiago dala, nik orain uste dodan legez San Pedroko plazan dagozan guztiak nanoak direala. Baiña, zetara iatorkidaz olako pentsamentuak? Velay, esaten ei dabe Gaztelanian.

        Ordua da ta iatsi daidazan 138 neurtoskiak [Au irakurri dot ala etxonpetik kurutzera daguan goiendea] eta noian bazkaitara. Sei ordu igaro ditut Batikanoan... Al Campo Marzio, Hôtel Sopranzi.

        Bazkalondoan urten dot bigarrenean Batikanora, Iauregietara. An igaro dot arratsalde on bat gozarokiro. Plazako gauzak bere obeto oartu ditut. Benetan da andi San Pedro-ko plazea. Galeri bi okertuak bata bestearen aurrez aurre baiña urriñ, eztakit zenbat metarri ioniko arrakaz [del orden jónico], eta gaiñean taillu andiak... eta zarrak. Plazearen erdian beste metarri 140 neurtoski goruntz dituana aurrean, eskillera mailla zabal batzun gaiñean, elizpe andi bat arroin sendoakaz; onen gaiñean balkoi eder luzea eta taillu geiago oraindik, eleizara sartzeko bost ate zabaltxuak, bat bakarrik iragita. Au da plazan oartu dodana.

        Eleizperaiño sartu barik artzen da eskerretaruntz Iauregietara igoteko. Atean billatu ditut Iauregi eta Aita Santuaren zaintzaileak, zuzen, mena, alabardeak eskuetan dituela iantzi pintanuakaz; (ori-gorri-baltzak biñakidauta) txapelak daukez batzuk luma bategaz, kosketaldi galtzaiduzkoak beste batzuk.

        Lenengo ikustamena Sixtoren elitxoka [Capilla Sixtina] edo kapillara egin dot. An egozan ingeles gizon ta emakuma batzuk iarrilekuetan erdi etzanik, betaurreak eskuan zituela, gora eta alderdietako ormetara begira. Iarri naz neu bere eta ioan iataz Asken erabagia-ri [juicio final] eta beste Migel Anjelen gai askori begira ordu bete ta geiago. Zer egia dan pintura au! Gizonaren gorputzeko atalak zeiñ ondo ezagutuak agertzen diran! Zeiñ soma andia ziamartzan! Zer gaikera Migel Anjel-ena, zer gaikera! [habilidad].

        Sixtoren kapillatik Errafaelen Ganbaretara noiala pentsetan ioanaz zelako indarra eta erakardera daukan maneak, gizon andien egintzeak. Or egon gara, pentsetan neban, alkarren ondoan ingelesak, beste eztakit nungoak eta ni, Euskalerriko semea, danok gauza bateri begiraka mireztiturik, batzuk mena, besteak esan bearraren esan bearrez ia lertuan. Egun batzuk barru nik erabilliko dot Migel Anjel-en izena neure mendi-tartean, eta bardin egingo dabe orreek Ingalatierra edo beste errietan. Zabalduko litzateke bada laster Buonaroti-ren izena alderdi guztietan, ondo zabaldua ezpalego. Eta au, zenbat bidar gertauko zan onezkero!

        Ganbaretan dagoz, mundu guztiak dakian legez, Sakramentuen egarkia [disputa], Parnasoa, San Leon Atila gelditzen Erromako atetan, Bolsenako miraria, Konstantinoren gudua eta beste gai asko Urbinoko semeari daukan izen andia emon deutseenak.

        Pinturen Musagan billatu ditut ainbeste bidar izentautako Iaunaren Bestiruditzea [La Transfiguración del Señor] Madonna di Foligno ondo entzuna, Ama Birjiñearen Koroierea, etcétera, etc. Errafaelenak, eta baita bere Dominikinok egindako San Jeronimoren askenengo Komuniñoia, goizean, San Pedro-n aiñ ederto arriakaz erabestetuta ikusi dodana.

        Nik eztot izer esango egintza maisuar oneen gaiñean. Ainbeste esan da! Ainbeste eskribatu da! Eta gaiñera, ni zeiñ naz?

        Musaga onetako pinturak antxiñakoak dira geienak, baiña danak balio andikoak: barrien artean deitzen deust begirunera Viena-ko irabaskida-k [La conquista de Viena]. Poloniatarrak Leon XIII-garrenari eskeiñia da. Iakintsuak diñoe utsaldi andiak daukazala: izango da, baiña, nire iritxiz, ezta nonnaikoa egintza au. E? Zer esan dot?... Nagoan ixillik.

        Eztakit zerk nakarren ostera Batikanora, Iauregietara, beste Erromak daukazan ikuskizunak geroko itxirik. Ez naz bakarra: beste erromeri-zale asko dakustaz gora-bera, batera eta bestera, emengo eskillera maila zabaletan. Ez naz bakarra, baiña bakarrik nabill eta neure gizara, onezkero ezagutuko zenduan, irakurlea. Beti dabill nigaz lagunen bat, baiña ez beti bat: bakoitzak bere gustoko gauzak daukaz eta nik neureak: bakoitzak bere ekidaraua [método] eta nik neurea. Orregaitik banakatuten gara.

        Zelan etorri ez Batikanora emengo ikusgarriak bein bere amaituten ezpadira? Esan daiela au egia ezpada Tilau Musagako galerietan dabiltzanak. Galeri oneek erri bat dira edo arrizko iendedi andi bat, Españiako biajari batek esan eban legez [D. Pedro A. de Alarcón. De Madrid á Nápoles, t. II].

        Emen bai artista ikasinaikoak daukala zer ikasi! Zeinbat gizon, zeinbat emakume, zeinbat animali, zeinbat buru, zeinbat zati, zelako itxurakoak, zelako esagerleak.— Egiaz, Greziatarrak ondo artikasi eben gizonaren gorputza!— Eta zeinbat obi antziñako, zeinbat ontzi, zeinbat izkirotaillu nork daki nongoak! Amaika gauza eder badago!... Aurrera, ezin geinkez geratu danei begira.

        Azkenerako itxi dot gauzarik ederrenetako bat. Oraindik oso gazte nintzala egoten nintzan pintatzailleen ikasleku modestitxu batean, Laokoonte-ren aldra paperetan ziamartuari eta lurragaz egindakoari begira. Emen daukat orain marmolezkoa, lenengokoa, greziatarren atsaparretatik urten eban modura. Bein bere ikusi eztodala esan leike, ain mugidalda barria egiten deust. Guztiz erakidara eta nik ezin esan neikean legez dagolako emen ipiñiko dot Alarkon-ek aldra onegaitik diñoana: «¡Oh prodigio! No basta conocerlo, como lo conoce todo el mundo, por el vaciado, por el grabado, por la fotografía. Acontece con estas obras maestras que, después de serle á uno familiares por las muchas y excelentes copias de ellas que hay en todos los grandes museos de Europa, todavía cree verlas por primera vez cuando examina el original. ¡Y es que ni el vaciado ni la copia tendrán nunca la morbidez del Páros ó del Carrara, modelado por aquellos magos del arte y bruñido por miles de años! Quien no haya visto estos modelos insuperables, asombro de generaciones de artistas, no sabrá jamás hasta qué punto puede animarse la piedra bajo la mano del escultor, ni cómo una forma precisa y dura adquiere el indeciso contorno de la carne y la suave vaguedad del movimiento... Ved, si no, á Laokoonte: vedlo pugnar con las serpientes que lo ahogan, y ahogan al par á sus hijos; ved la infinita angustia del rostro del padre; ved sus atléticos esfuerzos, sus miembros crispados, su desesperada actitud, y decid si aquello es materia inerte; si aquella boca no se queja; si aquellos brazos no luchan; si aquellos ojos no lloran lágrimas de sangre!».

        Ori da, benetan.

        Noiz amaitzen dira galeri oneek? Oraindik ikusteko daukadaz Ejipto-ko Musaga eta Liburutegia.

        Liburutegian gordeten dira 25.000 baiño eskuskribu eta geiago ezagutzen diran izkera guztietakoak, eta 30.000 liburu moldizkirauak, eta gaiñera eztakit zeinbat pintura, medailla, taillu, guzurrezko iaungoikotxo... Alakoak dira tokiak! Sala batek milla oin daukaz luze. Esan leike alde batetik bestera goiazanean beste erri batera goiazala. Oso nago nekatua.

        Aita Santu Leon XIII-garrenari urrezko ezteguen erakaian eskiñitako gauzak begiraka nabillela billatu dot euskerazko liburu bat Euskalerriko berba neurtzaille anaiak biraldua. Pozkida andi bat artu dot ainbeste moduko izkereen ondoan, Erroman, Batikanoan, neure euskera billatzeagaz.

        Ejiptoko Musaga bete beterik dago gauza onkarrizkoz eta aberatsez, egokaira Faraonen erriko kondaira ikasi izan nai ezkeroan.

        Errazoiagaz esan giñaike katolikuok guzurra dala Erlijio santuaren etsaiak diñoena, au da, Eleiza santea dagola argiaren eta iarraikintziaren kontra. Emen daukagu kristiñau katolikuen erdian Aita Santuen bizilekua; birtaratu [recorrer] daizala edozeiñek bertako sala ta galeri luzeak, antxiñako egintza zarrez, manez eta izkirazko aberastasunez beteak, eta fede onekoa bada, esan bearko dau: guzurra da Eleiza argi eta aurrekuntza egiazkoen etsaia dala; Eleizak maite, gorde eta bedeinkatzen ditu iakindeak, letrak eta maneak; Batikanoa da iakindeen, letreen eta maneen gordeleku maitagarria.

 

 

ELEIZ FESTA SAN LUIS-EN ONOREAN.—
ERROMA BARRIA.— IZKIRA JAIA.—
ESKUSKRIBUZKO LIBURUA.

 

        Ikusmiñsamarra nazalako leku askotan ibilli banaz eta, askaturik neure miñgaiñ zerbait luzia, barritxukeria ganorabagakoan iardun badeutzut bere, gogoan daukat, irakurlea, eta zuk bere eukiko dozu geien geienez etorri nazala Erromara San Luis-en eunkida ospatutera, obi aurrean belaunikatu eta erregutzera Eleizagaitik, Leon XIII-garrenagaitik eta neure aparteko premiakgaitik.

        Ez naz aztu. Ni San Luis-egaz aztutia, ainbeste zor deutzadazala, izango litzake eskergabetasun neurribagea, eta, beste edozer gauza banaz bere, eskergabea ez nazala uste dot: gauzarik txarrenak bere zati onenbat izaten oi dau. Goizean goiztxo, bakarrik edo lagunen bategaz, zelan gertetan zan, ioaten izanaz San Iñazio-ren eleizara (Chiesa del Gesú uste dot esaten deutzela Erroman). Denpora askoan zai egon da bada bere, iritxi dot San Luis-en gorputzaren gaiñean dagon altaran Meza santua esatea bi bidar [beste bi bidar esan dot neure iaioteguneko Santiaren gorputz gaiñeko altaran]. Eta erregutu dot mezatan, meza-aurrean eta ondorean. Zelan? Zeru goietan bakarrik eranzun leikee zelakua izan zan nire eskari indarbagea, Gertau deikiola Iaunaren iargoi [trono] aurrera eldutea San Luis maitatuaren bitartez.

        Ni aztu ezpanaz gitxiago aztu leikezan gure erromeriko gidariak zer erakaitik [causa, motivo] etorri giñan Erromara. Erabagi eben, illaren 20-an, San Iñazioren eleizan, eukitea eleiz-iaia. Eta alan, egun onetako goizeko zortziretan, Tortosa-ko Apezpiku iauna asi zan meza santua esaten San Luis-en illobi gaiñean. Errromeri-zale guztiok eta beste Erroman bizi diran espaiñatar asko belaunikatuta gengozan altara aurrean, Zeruarriaren [lapislázuli; onetariko arri urdiñ izartsuagaz dagoz estalduta San Luis-en azurrak] ziar ikusi nairik barruan Luis santuaren gorputza, bere birtuteen likurt gozoak usaintzen bagenduzan legez, auzpez eta erreguka lurrean Zeruetan dontsu ta zorioneko izateagaitik betikotasun amaibagean. Danok geunkan andinai neurribageko bat: San Luis-en antzera zerutar izateko andinaia. Komuniñoirako sasoia etorri zanean jira zan gore aldera Apezpiku iauna eta egin eban itzaldi labur bat esaten euskula: ainbeste atsekabe eta eruankizun euki genduzan ezkero Erromaraiñoko ibillera luzean, gaistoen irribarre burlaskoari beste irribarre errukior bategaz eranzun geuntzan ezkeroan, igaroteko beti indartsu, sendo ta biziro gure fede santuan. Beriala, beste sermoitxu bat egin euskun abade iaun batek komuniñoirako gertagarritzat, eta banan banan, abiau ziran erromeri zale sekular danak Iaun eta Iaungoikoa deboziñoi andiagaz artzen euren bularretan [abadiak ordurako esan genduzan mesak] eta sendoturik zerutarren ianari bedeinkatuagaz urten genduan eleizatik, eskerrak emon da gero.

        Artsaldean,barriro San Iñazion, Iauna agirian zala, euki genduan Trisajio esaten deutsen deboziñoia. Ai! Nik eztakit zer neukan artsalde orretan. Iaungoikoa diadarka bedeinkatuteko premia sartu iatan, erraietatik ziar etorkidan koruko soiñua, iragita nenguan eta samurtua, arimako arizpirik [fibra] bigunenak aidian neukazan. Zeiñ gozoro ziñuan korutik Balenziatar tenoreak [kantatzaille guztiak ziran españatarrak]; Santo, Santo, Santo, Señor Dios de los ejércitos; llenos están los cielos y la tierra de vuestra gloria: eta, zeiñ gogorik! eranzuten genduan guztiok eleiza bete-betean: Santo, Santo, Santo... etc. Oiñaze andi bat artu dot amaitu danean, luzaroago nai neban iraun zeiala, ez nintzan aspertuko ni beingoan: gogo geiago einda geratu nintzan, eztia aotik kendu eustela uste neban.

        Iarraituan asi zan sermoia. Sermoilaria zan Lorkako Erretoria, beretitza [texto] Laudate Dominum in sanctis ejus, laudate eum in firmamento virtutis ejus [Pslm. 150, 1.]... Baziarduan gogor, su ta gar, erakusten iñoiz baiño geiago bedeinkatu bear genduala Iaungoikoa bere santuetan. Sarritan, ziñoan, gizona gomutetan ezpada bere, zeru urdinak eta lur loratsuak erakusten eutzala bedeinkatu bearra... eta ni, bitartean, sermoilariari ainbeste arreta emon baga, neure belarrietan gelditu iatan soiñuaren durundia kendu eziñik, berez nengoan kantetan ixill-ixilltxo:

 

                llenos estan los cielos y la tierra

                de vuestra gloria.

 

        Gero igo eban sermoitegira abade iaun batek eta irakurri euskun paper bat, nun ipinten zirean zelako bainandeakaz [condiciones] emoten genduan San Luis-en altararako zillarrezko kandelazai andi eder besoaskodun bat. Gomendau euskun gaiñera ez geiala biba diadadarrik egin Aita Santuak, andik egun bira, gure aurrian esango eban Meza-bitartean edo lenago: gorde geiala atsegin ori azkeneko ikustamenerako.

        Onegaz amaitu zan eleiz-iaia, eta urten genduan San Iñaziotik.

        Egun onetan ospatuten eben italiatar Aita Santuaren etsaiak Porta Pia iregi ebeneko oroipena, urten ebelako mende uztarrizkotik. Orregaitik, bada, esan iakun ona izango zala illunabarrerako bakotxa bere ostatuan egotea, ez zedilla gertau errinaikuen narrikatasun zitalak gu tropeliatea... libertadiaren izenean. Baiña kalietan zer ebillen ikusteko gogoa neukan, ez neukan iñork ezer egingo eustan ardurarik baketsu ibilli ezkero, oi dodan legez, eta lagun bati esan neutzan: —Ioango algara Korso alderontz? —Goazen, eranzun eustan. Batu neban neure manteoa eskerreko besoan, eta baniñoian lagunagaz, aopean kantetan belarronduan iosita gelditu iatan soiñua; santo, santo, sant... ito deustanean estarrian neure kantua beste musika ospetsu barallidun batek, gure urretik txin, txin, tan tabaran, tan tabaran, bon, bon eiuala, diadar, garraxi, ulua luziakaz lagundua. Gaurko festaren agerzaliak izango dira, pentsau genduan. Asi giñan begiraka; antxe urrian zan, beste kalean, ingurukoren baten, baiña ez genduan ezer ikusi.

        Askartu genduan pausua Korson edo Via Nazionale-n zerbait ikusiko gendualakoan, baiña ez egoan esateko gauzarik. Beti legez, gisa eta mueta guztietako ientea ebillen boasti edo paseuan; gudarik egin bagako gudari [militares] batzuek iai andietako iantzirik onenakaz, eiztariak [cazadores] esaten deutzenak kapela zabal batetik lepoan bera luma pillo andi bat ebela; emakume gazteak edergarri panparroi askogaz beteta, alogereko manurgaetan, gora ta bera kalean euren buru utsak erakutsi nairik. Plaza batzuetan egozan musika ioten, guztien etxiak [edificios públicos] argituak, naikoa urriru, suertez bere.

        Erromak gau onetan eukan itxurea zan edozeiñ irugarren klaseko Urik iaiegunetan daukana. Ez geiago eta ez gitxiago. Gaurko Erroma ezta elduten, zer diñot! ezta urreratu bere zati barrian, nire iritxiz, orain Europako Dierri batzuen buru diran Uri eginbarriko batzuetara, eta uste dot eztaukala bearrik bere. Naikoa dau kristandade guztiaren Erdiyo [centro] eta Nagusi izatea, Aita Santuen uria: asko dau bere barruan eukitea ainbeste gauza eta leku kristauentzako donekarriak, ainbeste oroikarri eta ekida mundu guztian bardiñik ez daukenak ainbeste deseigo [ruinas] kondairar beti ikustamenduak izango diranak mane eta gauzaon zaleakgandik.

        Aita Santuak bere olan pentsau bear izan dabe. Oroikarri askotan ikusi ditut murru eukitzailleak eta beste lan batzuk Aita Santuen aginduz egiñak iausi ez daitezen ekida zarrak; baiña oraiñ, Umberto-ren alboko agintariak beste iritzi batekoak izango dira Erroma barritu naian dabiltzanean beste edozeiñ erri legez, kentzen deutseela bere iatorrizko izate zarraren zigillua.

        Badauke zeregiña Umberto-ren adiskideak erria eta erritarrak barristetan. Bada emen, esanak esan, Aita Santua da lenengoa, beragana datoz mundu guztitik, beragaitik bizi dira ienteak, eta bera ezpalitz au juntzan. Alegiña egiten dabe Batikanoaren etsaiak Aitasantutarren izen onaren kontra; ori bai: eztago eguneroko paperak irakurtea baiño. Edonun ikusten dira eleiz-gizonen kontra eta batez bere Kristordea-ren kontra euren itxura barregarriro kale eskina eta plazetan erakusten daben paperak; ikusi dot, irribarrez, españatar erromeri zaleak zelan ziamartu gaituen bere: danok lodi, danok zatar, danok sur luze eta legatz baten antzeko auakaz; (Zeñ polit eta txistetsuak diran gure etsaiak!) irakurri ditut zuri, gorri, baltz, mueta guztietako paperak Voce della Veritá-tik Il Diritto-raño, eta, esan neike zerbait Erroma barriagaitik...! Batez bere Il Diritto-k daukan berbeta modua, gure Erromako sarrera ipinten dabenean, irakurgarria da, eta eranzungarria... barregarria ezpalitz.

        Illaren 22-ko gauan, Ballestra-rena esaten deutsen iauregi baten euki dogu izkira-iai bat [gaztelaniaz fiesta edo velada literaria]. Iente andia giñan festa onetan eta prestau euskuen lekua estutxua. Alan bada, ate ondotik eta zutiñik nengoala, alderdi guztietatik estutua eta izerditan egosten, erdi entzun nituan itzaldi batzuk eta itzneurtuetan San Luisentzat esaten zituen alabantzak. Deustu-ko ikasle batzuenak onak izan bear izan dabe. Itzaldietatik onenetakoak iruditu iatazan Erromako zaldun batek erderaz irakurri ebana eta azkenean franziskotar praille A. Panaderok egin dabena, azkatua, garbia, ondo esana, sutsua. Euskaldun bik alkarregaz egin eben euskeraz berbaldi bat, eta danok kantau dogu San Iñazioren martxa.

        Azkenez San Luisen onorean itxi dogu San Iñazioren eleizan eskuskribuz geuk, beterikako liburu bat. Nik eskari labur au bakarrik ipiñi dot, euskeraz:

        «Luis Santua! Zaindu naizu neure lurreko pausu guztietan eta lagundu eidazu eriotzako ordu larrian».

        Eskari onen azpian, besterik baga, nire lagun batzuek ipiñi ditue euren izenak nireagaz batera.

        Bai, lagun gaizala San Luisek, Iaunaren baimenagaz.

 

 

AITA SANTUA!

 

        Katoliko batentzat Erromarren gomuteak, Erromaren izenak bakarrik dakar burura aitatu ez arren, an, laiñu tartean, ondo ondoan, gauza guztien azkena legez, beste izen maite bat, beste gomuta eder bat: Aita Santuarena. Erromako edozer gauzaren gaiñean berba egin danean, naiz da Aita Santuagaz zer ikusirik euki ez, nire irudesleak [imaginación] beti ikusi izan dau, erri onetako izate guztiak baiño gorago, odeiak lurraren gaiñean dagozan gisara, izate andi mirarizko maitagarri bat, erdi-lurrekoa erdi-zerutarra, gauza danak bere mendean daukazana Iaungoiko Egillearen izenean.

        Niri beti gertau iatana beste danai gertau izango iakoela deitzat. Orregaitik, ziartu nagola uste dot esatean eztagola emen, Españako erromeri zale guztietan, bat bakarrik, Erromara etorteko pentsamentua artu eban unean bertan gogoratu ez ebanik Leon XIII garrenaren irudia, poztu etzanik bereala Kristordea ikusi bear ebalako bere begiakaz; ziartu nagola deitzot esatean pentsamentu onegaz indartu giñala danok ibillera luzerako, eta gure biotzaren erdian ordurik dontsuenentzat daukagula Aita Santua, Pedroren ondorengoa, Zeruetako giltzak bere eskuan daukazan Kristordea ikusteko ordu bedeinkatua.

        Ezagun dogu danok arpegi ta ibilleretan. Batikano-ko iauregian gagoz erromeri zaleok eta beste españatar uri onetan bizi diranak, daukaguzan iantzirik onenakaz, barruko atsegiña arpegian agiri iakula, pairezagaz [con la impaciencia] urduriturik.

        Egun andia guretzat gaurkoa. Zortziretan esango dau Mezea Aita Santuak gure aurrean Duke sala [sala ducal] edo tarbean, amabietan etartuko gaitu eskumunerako Sala Klementina esaten deutsen gelaan.

        Sartu gaitue Mezea entzun biar dogun lekura, eta zain gagoz geroago ta urduriago. Sala onen erdian dakuzguz lerden gordelariak, alabardak besoan dituela; euren agintari bat gora ta bera dabill alderdi guztietara begiraka. Mezatarako gertu ein daben altarea guztiz da polita: seda gorrizko dosel bat gaiñean, brontzezko kurutze bat eta sei kandela altaran, etzinkai [reclinatorio] bat aurrean eta beste bat ebanjelioko aldean ikusten dira... Oraintxe datoz korura Sixtoren Kapillako kantariak.

        Pazienziarik-eza geroago eta geiagora doa gugan. Emendik ikusiko da obeto, ortik etorriko da, andik urtengo dau, diñoe nun-nai. —Emen dator!... Lenengo sartzen dira gordelariak, gero zaldun sekular batzuk, gero Obispo edo Kardenalak (eztakit ziartu zer diran) eta azkenez ikusten da ate zuloan, santu bat nitxoan legez, irudi gozo bat zuri zuria, megopearra [espiritual] irribarrerik maitagarrienagaz bedeinkatuten errespetoz beterik belauniko iarri dan iente guztia: Leon XIII-garrena da. Begiak gara guztiok Aita Santuaren mugidarik txikienak ikusteko, mutik ezta entzuten, arnasa otsik bere ez dantzut, arpegi askotatik bera malko gozo ugariak ikusten dira lurreraiño.

        Altara aurrera etorrita erregua egin dau Aita Santuak, ipiñi deutsez Mezatarako iantzi bedeinkatuak, Meza santua asten da eta koruan Sixtoren kapilleak musika soiñurik eztitsuenak kantetan ditu.

        O zer laurka! Betor ona luma iakitun urrezko liraiñ bat eta agertu bei itzik eder ta egokienakaz laurka miragarri au. Belauniko nagon lekutik kana batzuk aurrerago daukat Iaungoiko Altsuaren Ordeazkoa bera Sakrifiziorik ikaragarriena ospatuten; kantua dantzut gozotsua ta garbia, bigun ta leuna batzuetan, sendo ta orroetsua bestetan, baiña beti zoragarri ta ondo neurtua maisu iakitunaren eskuagaz; nire inguruan milla arima samurtuak gozozko negarretan dagoz; zeruko zoriontasunaren apurren bat daukagula emen esan leike...

        Amaitu da Mezea eta urten dogu salatik. Neure biotza eztot iñoiz samurrago euki, eztakit konortean egon banaz barruan egon nazan arte guztian, eztakit arnasarik artu badot Leon XIII-garrenaren iantzi zuria urten daben atetik barrera sartu dan artean. Artu daidan arnasa orain: atseden bat emon daiodan neure arimeari.

        Amabietako ordua zan izentaua Aita Santuaren ikustamen eta eskumunerako. Asko lenago gagoz zan danok.

        Sala Klementina-ra sartzeko agindu deuskuenean, nok gelditu gu? Alperrik zalako atean egozan gordelariak deitzen euskuen piano, piano; zarrak eta gazteak egudunak giñala uste zan eta bakoitzari iruditu iakon lekurik onenak artu ditugu aida batean.

        Amabi amabietan agertu da eskusilla baten, aidean, len ikusi dogun irudi zuri maitagarria. Goizean eleizari zor geuntzan errespetoak gorde eragin deuskun otsare [entusiasmo] maitasunezkoak urratu ditu bere lokarriak, Aita Santua ikusteagaz batera urten deusku arima arimatik bularretan geunkan indar guztiagaz oso berezko deadarrak: Biba Aita Santu erregea! Biba Leon XIII-garrena!

        Deadar onek iraun dau durunditsua A.S. tronura eldu dan artean. Orduan isildu gaitue nekez, aurreratu da Tortosa-ko Obispo iauna eta irakurri dau itzaldi bat gure izenean, esanaz Aita Santuari zelako españatarrak giñan gu eta zer dan Españia oraindik; eranzun deutsa Obispo edo Kardenal batek [Leon XIII-garrena oso egoan nekatua aurreragoko egunetako prantzesen ikustamenakaz, eta orregaitik, osagillearen aginduz, itxi eban berak itzaldia esatea] latin ederrean iazoten ebala españatarren fedea: gero asi da eskumuna bana banaka.

        Bearleku luzea da Leon XIII-garrenak gure menekioagaitik [obsequio] beregan artu dabena eta bitartean asi gara euskaldunok San Iñazioren martxea kantetan. Eztakit zer iritxiko iakon kanta au Aita Santuari, baiña bai españatar euskaldunak eztiran batzuei, bada kantetan gagozala eldu iako nire lagun bati kataluniatar andre bat eta esan deutsa gaztelaniaz: —¿Ha visto usted estos franeeses? —¿Cuáles, señora? —Estos que cantan en francés en la recepción española. —Pero, señora, si somos bascongados y cantamos en bascuence. —Bascuence?... ¡ah!... Eta alboko bati esan ei deutsa: Es que cantan bascuence.

        Bitartean baeiuazan belaunikatzen eta eskua munegiten erromeri zaleak, eta ikusten genduan Aita Santuak danentzat eukala itz gozoren batzuk. Noizbaitean eldu iat niri bere Aita Santuagana ioateko txanda. Bai, iarri naz belauniko Aita Santuaren oiñetan, berba egin dot Aita Santuagaz, Aita Santuaren, zeruko giltzak daukazanaren eskua euki dot neure buru gaiñean, Aita Santuaren esku leun, otz ta azursua euki dot neure esku artean, neure eskua estutu dau Aita Santuak! O nire bizitzako unerik dontsuena, etzaitut aztuko!

        Guztiz zoriondua urten dot Batikanotik ia ordu bi ta erdietan esaten eztakit zeinbat garrenean: Biba Aita Santu erregea!

 

aurrekoa hurrengoa