www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ioan-etorri bat Erromara
Domingo Agirre
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ioan-etorri bat Erromara, Agirre-ko Domingo. Euskalzale, 1899, XXII-XXXV. zenbakiak.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BARZELONAN

 

        Barzelona da Kataluniako lurren erdi-aldera Mediterraneo itxasoaren ertzean iarrita dagoan uri eder, galant, biargille bat, Kataluniaren Burutzat ezagutua, saldu-erostzaille aberatsa, duikin [industrial] argia, Españiako urietatik egokidakoena.

        Bere sortuerea, gizaldi antxiñakoen laiño-tartean eskutaua, ezta ezagutzen noiz da zelan izan zan.— Bere kondaira da erri guztien kondaira: gaur guda, biar bake, goizean nagusi, arratsaldean morroi, atzera ta aurrera, milla gora-bera izan ditu sortueratik gaur arteraiñoko eunkida luzeetan.— 874-ko urtean Konde Wifredo el Velloso esaten deutsenak egin eban esekigobagea [independiente]; XV-garren eunkidan asten dira agintzen erbesteko erregeak; geroago, bere lokabeak [libertades, inmunidades] zutiñik eukiteagaitik, gerra askotan nastaua ibilli da...

        Gaur dago baketsua, guztiz asia, barritua eta denpora onenetatik bere asko aurreratuagoa. Daukaz zati bi, zarra bata, bestea urte gitxitik ona egiña. Alde zarrean ikusten dira, antxiñako uri guztietan legez, kale estuak, billunkiak, arriz txarto jantziak batzuk, denda pobre zikoitz itxurakoak eta euretan gauza merke-erdi galduak saltzeko, etxe arpegi loi ta umillak, iauregi arri-landuzko eskutudunen aldamenean. Alde barrian dagoz kale luze zuzen argitsuak, etxe andi eder bardiñak, iauregi kostu andikoak, denda ikusgarri aberastasunez beteak, plaza eta boastitz edo ibiltegi aurrenengokoak; erakusten dabela danen artean, zeinbat irabazi daben uri onek denpora batetik onara gauza gaiezkoetan [materiales], arimakoetan ainbeste, menturaz, irabazi ezpadau bere.

        Eskerrak adiskide on batzuen maitagarritasunari [D. Luis eta D. Juan Marsans-ek merezi ditue ezin esan dan beste esker, bada Barzelonan sartu nintzanetik urten arteraiño izan dira nire lagun da gidari on eta jakintsuak] ikusi ditut aida batean uri onek gordeten dituan gauzarik mirezgarri eta oneenak. Sartu-urten bat egin dogu katedral santu edertasunez beterikako andi-goian; begiraka egon gara San Ibo-ren ateari, sarrera barri godoetar egitada gizako apainduaren aurrean (katedral guztia godoetarren gisan egindakoa da) eta dorre leio luzedun panparroiari. Ikusi doguz Arzedianoa-ren etxe kondairabea, ikasleku guztirako edo nagusia, [universidad] Zerbantes eskribatzaille illezkorra bizi izan zan etxea, Parke izeneko pasea-leku bardinbagea, erromatarren denporako dorre ta arri ezkribidutakoak, Birjaiotzako [renacimiento] murru zatiak, musaga [museo] eta elkargoe [sociedad] batzuk, naiz da gauza guztiak itxi baditut bere, naigabe andiagaz, bear zan beste iaramonik egin baga...

        Gero ioan gara Kristobal Kolon-en oroikarri oiñtsu egindakoa (1888-an) ikustera. Oroikarri au Buigas iaunak asmau eta arteztua da: daukaz mugaisi [plataforma] bat, neurtoski [metro] 1 goruntz eta 26 marrerdi edo girau dituana, eta beste iru zati edo gorputz alde.— Lenengoa, arri landuzkoa, gurpill andi baten erara inguruan biribildua, goialdera meetuten duana; ditu goruntz 3,50 neurtoski eta 18 jiran, eta dago apaindua brontzezko iduri mee ondo egiñakaz Kolonen bizitzako gertaerarik andienak aurkeztetan dituala.— Bigarren zatia kurutzearen itxurakoa da eta amar neurtoski daukaz goialdera: gurutzearen besoetan dagoz lau etxekoandre, Katalunia, Aragoia, Gastelua eta Leoia probintzien senadien; txokeskietan [ángulos] Boil, Santangel, Margarit eta Blanes-ko Ferrer-en irudiak; eta alboetatik beera brontzezko medaillatzarrak Isabel I., Fernando V., A. Juan Flores da Andrés Kabrera, A. Martxena eta Markes de Moya, Martin da Bizente Pinzon-en buruntzakaz. Irugarren zatia beste bien gaiñean dago eta daukaz irozpeko [zócalo] andi bat, 40 neurtoski, inguruko metarri luzea, kondien koroe bat onen gaiñean, eta gorago boillos [esfera] txukun urreztua, non dagoan Kristobal Kolon-en irudi beñargia.

        Oroikarri au egiten gastau ziran milloi bat peseta.

        Kanpotik ikustea amaitu ta bereala sartu gara barrutik daukan igotokian [Eztakit zelan esan leikian euskeraz eurdaldunen berbia ascensor] koroia egoan lekutik Barzelonari begiratzearren. Giñan nire gidari on biak, beste kalean batu iakuzan erromeri-zale bi eta ni bostgarrengo. Goruntz asi garanean igo-tokiko ateak iregi deuskuez begiratu daigun zelan goiazan gora, eta orduan, erromeri zale batek, gauza bat bestien alboan doianean izaten dan irudiak begitandurik, esan deusku erderaz: El tubo en donde estamos va bajando. Eta beste bere lagun piska bat argiagoak erantzun dau: No hombre, subir porque hasemos, nongoa zan garbiro ezagutzen emoten ebala.

        Bein koroera ezkero ikusleku atatik agiri dan saill andi zabaltsua zoragarrienetakoa da. Alde batetik Barzelona-ko ezin kontau ala teillatu eta beretan argi-zulo kristalezkoak dizdiz egiten eguzkiaren erraiñuakaz; kalien ari luzeak arontz-onontzko jentez eta burdi lasterkariz beteak; danen gaiñetik eleiza eta komentuetako dorreak lurretik zerurontz iasoten diran buru Jaungoikozkoak dirudiela; Parke-ko Egunsentia-ren burdi erreztua zaldi sutsuak aidean daroela uste dana eta ekintza edo fabriketako tximini batzuk kee matasa baltzez zikintzen egun argia... Beste aldetik Portua, erri mueta guztietako ontzi desbardiñez iosia eta itxas zabala berezko anditasun bakar eta neurribageagaz... A! Zer gauza eder goitandi ta zoragarria dan au!...— Bai, andia da Barzelona bere edertasunagaitik... bere kondaira, leñargia, aberastasun eta iakindiagaitik, duikiñ indartsua daukalako, eskribu ta liburu-zalea dalako, Kataluniatarren iskuntza gorde ta aberasten egin dabenagaitik andia dan modura.

        Kataluniatarren izkuntza aitatu dot! Guk Euskal-errikoa baiño zenbat geiago landu daben emengo jenteak! Orain berrogetamar urte berba bat etzan ezkribiduten Kataluniatar, eta gaur, iakin dodanez, badira izkuntz onetan eskribiduta bi eguneroko paper, amabost edo geiago astean-beingoak eta beste onenbeste amar egunetik amarrera, amabostetik amabostera eta illetik illera-koak, eta guztiak erbestietan argitaratzen diranak aiñakoak gitxienez, eta danak Kataluniatar egiñik. Eta zenbat liburu? Eundak eta eundak, kondairaleak, bertsoetakoak, belarren ezagurakoak, lur langintzakoak, aski iakindekoak, [filológicas] errelijiozkoak, iritarau edo politika-ren gañean egiñak: itz iostaldietan saristautako lanakaz bakarrik batzen dira ogetaamarretik gora. Eta, azkenez, Atlántida deritzaion liburu doagarai, miragarri eta entzuera andikoa Kataluniatar eskribiduta dago eta oraindik ez antxiña...

        Arratsaldeko seiretan Merzedeko Eleizan euki dogu iai errelijiozko bat. Lenengo kantau da errosario santua eta gero egin dau berbaldia Iesusen Lagundi-ko Aita batek. Esan deusku: «Doetxuak garala santuen, batez bere gaztien Patroi San Luisen autseen aurrean, Eta Aita Santu Leon XIII garrenaren oiñetan belaunikatutera goiazalako. Pozez beterik begiratuko deuskuela Zeruetatik aingeruak eta enbidiaz beterik munduan ainbeste katoliko gugaz etorri naiko leukeenak; eta andia izango dala gure saria, iñoiz baiño biarrago danean, fede-bagakoak euren eskola guzurrezkoak egiazko eskolen kontra ipinten dituenean, agertzen dogulako biziro biotzean gordeta geunkan fede Santuak».

        Gero egin deuskuez oarkera batzuk, erromeria-ren gaiñean eta amaitueran mun egin deutsagu erromeri zale guztiok banaka banaka Merzed-eko Ama Birjiñaari eskatuagaz laguntasuna gure ibillerarako.

 

aurrekoa hurrengoa